Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2023 saria jaso zuen

Sariak

2024/04/11

Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2023 saria jaso zuen

Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Arabako diputatu nagusia bat egin zuten Araban euskara biziberritzeko egin duen ekarpen garrantzitsuarekin.

Eusko Ikaskuntzaren 2023ko Manuel Lekuona Saria jaso zuen Iñaki Martinez de Luna soziologo eta soziolinguista arabarrak, ostegun honetan, apirilaren 11n, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak hartu zuten hitza, José Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari Abel Ariznabarretak epaimahaiaren erabakia irakurri ondoren. Ekitaldia Edurne Begiristain kazetariak gidatu zuen.

Hitzaldian, Ana Urkizak Iñaki Martinez de Lunaren argazki gizatiar eta intelektuala atera zuen, bost alderdiren bidez: euskararekiko konpromisoa, bere ibilbide osoan zehar izan duen bokazio berritzailea, erakundeen eta proiektuen sustatzaile gisa egindako lan nagusiak, Eusko Jaurlaritzari atxikitako soziologo gisa egindako lan profesionala 1982tik erretiroa hartu zuen arte, eta irakaskuntzan mende laurden baino gehiagoan egon izana EHUn. Eta Iñaki Martinez de Luna 2023 Manuel Lekuona Sari gisa egiaztatzen duten merezimenduak laburbilduz, honela definitu zuen: “Begirada zabaleko intelektual bat, hizkuntza-egitateaz ikuskera integrala duena. Gaur egungo euskal soziolinguistikako eragile nagusietako bat, teorialari eta ikertzaile gisa. Hizkuntzaren alorreko lider eta bultzatzaile bat. Eta, gainera, erreferente baliotsua da Euskal Herriaren aurrerapen sozial, zientifiko eta kulturalaren alde lanean dihardugun guztiontzat”.

Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Iñaki Martinez de Lunak bere esker ona adierazi zuen. Gasteizen bizi izan zuen haurtzaroa gogora ekarri zuen, gazteleraz hitz egiten zuen garaikoa, bai eta nola aurkitu eta ikasi zuen euskara bere gaztaroan. Garai horretan, joan den mendeko 70ko hamarkadan, euskararen indarberritze-aroa izan zen, lehenik herri-gogoak bultzatuta eta geroago bulkada instituzionalarekin. Gaur egun, gizarte-baldintza berriek euskararen egoera aztertzea eskatzen dute, gure gizartearen erronka nagusiei erreparatuko dioten estrategiekin berrabiarazteko, hala nola globalizazioa, migrazioak edo eremu digitala. Gizarteren euskararekiko atxikimendua aktibatzea eta zabaltzea funtsezko zeregina izanik, horrekin duen konpromisoa berretsi zuen Iñaki Martinez Lunak.

Azkenik, Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Iñaki Martinez de Lunak Araban euskara biziberritzeko egin duen ekarpena azpimarratu zuen; izan ere, 1980an %4 ziren euskara ulertu eta erabiltzeko gai zirenak, eta gaur egun %50 baino gehiago dira. Sariduna “euskaltzale amorratua” dela esan zuen diputatuak, eta errealitateari buruzko ikuspegi zabal eta sakonarekin lan isil, apal eta etengabea egin duela, errespetuz eta beti positiboki. Gonzálezek berak eskertu nahi izan zion hamasei urtez Arabako Foru Aldundiko Euskararen Aholku Batzordean parte hartu izana. Eta Martinez de Lunak bere ibilbide luzean ereindako haziak fruitu ugari ematen jarraitzeko desioa agertu zuen.

Alor ezberdinetako (kultura, elkarte, hezkuntza eta instituzio) hainbat pertsona ezagun izan ziren Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Jone Berriozabal Erakundeekiko Harremanetarako diputatua eta Beatriz Artolazabal alkateordea. Halaber, ekitaldian proiektatu zen ikus-entzunezko baten bidez, euskalgintzako erakundeetako kide askok sariduna zoriondu zuten: Bat Aldizkaria (Estibaliz Amorrortu), Soziolinguistika Klusterra (Olatz Altuna, Imanol Larrea, Belén Uranga, Asier Basurto, Olatz Bengoetxea, Maialen Iñarra, Paula Laita, Isabel Godinez, Pablo Suberbiola), EHUko Gabriel Aresti Katedra eta Jakin Aldizkaria (Patxi Juaristi), Euskaltzaindia (Roberto González de Viñaspre), Gasteizko GEU Elkartea, EHU (Gidor Bilbao), Lazarraga Elkartea (Iñaki Lazkano), Mintza Lasai (Oihana Zamponi eta Uhaina Azpeitia), Topagunea (Jasone Mendizabal eta Irati Iciar), Tokikom (Iban Arantzabal, Mikel Irizar), UEU (Ane Sarasua) eta Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2023ko edizioaren irabazle Beñat Garaio.

Ekitaldia sarituaren gertuko lagunen dantza-emanaldi batekin amaitu zen. Irteeran, bertaratutakoei Iñaki Martinez de Luna jaunaren biografia eta bibliografia biltzen duen liburua eman zitzaien, Eusko Ikaskuntzaren “Manuel Lekuona Saria” bildumaren 40. alea dena.

2023ko Manuel Lekuona Saria Iñaki Martinez de Lunari emate-ekitaldia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp