Intersekzionalitatea: mugimendu sozialak eta politika publikoak aniztasunaren kudeaketarako

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2019/11/28

Intersekzionalitatea: mugimendu sozialak eta politika publikoak aniztasunaren kudeaketarako

Eusko Ikaskuntzak Intersekzionalitateari heldu zion "Intersekzionalitatea: identitate anitzak" sinposioan, Bilboko Udalaren laguntza eta Emakunderen babesarekin.

Berdintasuna helburu, "Intersekzionalitatea: identitate anitzak" sinposioan Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udalak 70 aditu inguru bildu zituen. Bertaratutakoak Intersekzionalitateari buruz hausnarketa egin zuten tresna hau mugimendu sozialen dinamiken baitan eta politika publikoen aplikazioan nola landu ezagutzeko. Emakunderen babesa jaso zuen ekitaldi honek Bilboko Ibaiondoko udaltegian aurkezpen hitzaldiak eta mahai-inguruak tartekatu zituen, joan zirenen artean eztabaida bizia sortuz.

Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariorde Rosa Miren Pagola eta Emakundeko idazkari nagusi Zuriñe Elordi izan ziren sinposioari irekiera eman ziotenak. Biek intersekzionalitateak eskaintzen duen begiradaren beharra azpimarratu zuten bereizkeria motak eta desabantailak mahaigaineratzeko eta gizartean hausnarketa bultzatu eta azaleratzeko. Eusko Ikaskuntzak, gainera, aurkeztu berri duen Berdintasun Planaren baitan kokatu du, erakundearen berdintasunarekiko konpromisoa handitu eta ikusarazteko helburuz.

Uxue Zugazak (EHU) intersekzionalitatearen ibilbideak eta tresnak aurkeztu zituen. “Ikuspuntu kritiko eta konplexu baten bitartez zapalkuntzak aztertzeko tresna analitikoa da Intersekzionalitatea”, plazaratu zuen Zugazak. Feminismo beltzen kritika abiagune epistemologiko zentrala izan zuen, bai intersekzionalitatearen irismen eraldatzailea azpimarratzeko, baita garatze akritiko batek eragin ditzakeen arriskuen inguruan eztabaidatzeko ere.

Ondoren, mugimendu sozialak atala landu zen. Itziar Gandariasek (Deustuko Unibertsitatea) intersekzionalitatea aliantza feministak eraikitzeko tresna gisa aurkeztu zuen. Bere hitzaldian, intersekzionalitatearen ekarpenak aztertu zituen borroka desberdinen arteko aliantzak sortzeko bidean. Horretarako, zehazki, euskal feministen eta emakume etorkinen arteko artikulazio politikoen zailtasunak eta poztasunak azaldu zituen.

Jarraian mahai-ingurua izan zen, Lorea Agirrek (Jakin) moderatuta. Bertan, parte hartu zuten Naia Torrealdaik (Bilgune Feminista), Cony Carranzak (Asociación Mujeres del Mundo) eta Cristina Ruedak (Aldarte). Besteak beste, hurrengoaz hitz egin zen: nork bere burua berrikusi eta dagozkion ardurak bereganatzea, eraldaketaren partaide aktibo izatea, borroken aliantza bilatzea, enpatia martxan jartzea… Entzute aktiboa aplikatu eta historia feminismotik eta intersekzionalitatearen ikuspegitik berridaztera animatu zuten partaideek.

Politika publikoen atalean murgildu zen Marta Cruels (Universitat Autònoma de Barcelona). Intersekzionalitate-desberdinkeriari aurre egiteko hiru ardatz nagusietan jarri zuen azpimarra: zer nolako berdintasun politikak bultzatu behar dira, zein aldaketak egin politika-zikloan zehar eta nola aurre egin erresistentzia gakoei. Azkenengo hauen artean segmentazioa, berdintasun-ardatzeetako estalduran desorekak, edo identitateetan jartzen den gehiegizko garrantzia nabarmendu zituen.

Ekitaldiari itxiera eman zitzaion bigarren mahai-inguruarekin. Zelai Nikolasek (Eusko Legebiltzarra) moderatuta, politika publikoak hizpide izan zuten Maggi Barrererek (EHU), Amaia Domingok (Bilboko Udaleko Berdintasun departamentua) eta Sonia Gonzálezek (Emakunde). Intersekzionalitatea aplikatzeko dauden arazo eta erronkak jorratu zituzten: legislazioak berak botere harremanak ez dituela aintzat hartzen desberdinkeriez hitzegiten dutenean, erakundeen egitura segmentatu eta jerarkizatuak, baliabideak... Proposatu zen erakunde eta herritarren arteko harreman, elkarrizketa eta elkarentzute permanentea, legislazioaan ikuspuntu feminista sartzea eta intersekzionalitatea nola aplikatuko den hausnartzeko mahai intersekzionalak sortzea.


Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp