Joan Mari Torrealdai, erraldoien bizkarrean

Sariak

2016/03/22

Joan Mari Torrealdai, erraldoien bizkarrean

Joan Mari Torrealdai soziologo, idazle eta euskaltzaleak Manuel Lekuona Saria 2015 jaso zuen martxoaren 12an, Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean.

Euskara eta kulturaren alde bizitza osoa lanean emateagatik errekonozimendu publikoa izan zuen Joan Mari Torrealdaik, familia, lankide, adiskide eta lagun, zein Eusko Ikaskuntzako bazkideen babesarekin. Tribunan, aldamenean, Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria zituen. Publikoan, aldiz, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Hiritar eta Erakundeen Harremanetako sailburua eta Gobernuko bozeramailea; eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, beste hainbat pertsona ospetsu eta kultura arloko ordezkariren artean.2016.03.12 Lekuona Saria 2015eko emate ekitaldiaSarituaren laudatioan, Andres Urrutiak Torrealdairen lan oparoa, emankorra eta sakona nabarmendu zuen. Batetik, euskararen ezagutzari egindako ekarpena, idatzizko ekoizpen eta liburuen bidez eta bestetik, ezagutza ekintzetara eramateko gaitasunagatik. “Herriaren onurarako eta haren zerbitzuan” beti. Hirurogeigarren hamarkadan hasi eta gaur egunerara arte heldu den dedikazio honek hainbat omenaldi eta sari ekarri dizkio, baina hainbat atsekabe ere bai. Andrés Urrutiaren hitzetan, Torrealdairen izpirituak erabat konektatzen du Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren lelo sortzailearekin: Asmoz ta Jakitez.Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Lekuona Sariaren garrantziari buruz hitz egin zuen. 1983az geroztik, alor ofizialetatik kanpo landutako ibilbideei errekonozimendua egiten die, batez ere euskal hizkuntza eta kulturarentzat urte zailenetan aritu direnei. Eta bere buruari galdetu zion zer izango zatekeen gure herrialdeaz “erresistente” hauek izan ez bagenitu. Haren ibilbidea azkar batean errepasatu ondoren, Dorronsorok esan zuen Joan Mari Torrealdairen obra “izaki kolektibo” batena dela. Eta sarituari zuzenean hitzok esanez amaitu zuen: “Joan Mari, zu ez zara zeurea bakarrik. Jadanik ez. Hain da handia zure ibilbidearekin, bizitzarekin eta obrarekin dugun lotura, horrenbesteraino sentitzen gara zure 'katearen' barruan, ezen gurea den zerbait zarela sentiten dugu, guztiona den zerbait intimoa”.Remigio Mendiburuk diseinatutako eskultura jaso ondoren, Joan Mari Torrealdaik bere bizitzaren pasabide batzuk aipatu zituen. Esan zuen ez zuela bere burua euskara eta kulturaren erraldoi bat bezala ikusten, “ipotx bat erraldoien bizkarrean” baizik, erdi aroko metafora famatua aipatuz. Izan ere, aurretik izan dituen “erraldoien” lanetik abiatuta eraikitzen joan zen. Bere bizitzaren ezinbesteko parte izan direnen artean familia aipatzen hasi zen, ondoren Arantzazu, Jakin, Elkar, Egunkaria eta Euskaltzaindia; eta orain saritutako “obra kolektiboan” parte hartu duten bidaideekin gogorapen pertsonala izan zuen baita ere.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak itxi zuen ekitaldia. Publikoki “Joan Mariren ibilbide guztia” aldarrikatu nahi izan zuen, “salbuespenik gabe”. Espainiako sistema judizialak pairatu arazi zizkion eraso eta bidegabekeriak salatu zituen, Euskaldunon Egunkaria ixtera eraman zutenak. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat garrantzi handiko garaiak dira hauek eta Joan Mari Torrealdaik testuinguru honetan duen erreferente paper garrantzitsua azpimarratu zuen.Ekitaldia amaitzean, “Manuel Lekuona Saria” bilduman, Eusko Ikaskuntzak argitaratutako liburu bio-bibliografikoa banatu zen, Torrealdaik berak idatzia (sarean ere aurkitu daiteke). 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp