Jose Migel Barandiaran katedra aurkeztu da

Berri korporatiboak

2023/03/21

Jose Migel Barandiaran katedra aurkeztu da

Antropologoaren figura eta lana aldarrikatzea eta euskal kulturaren eta identitatearen hausnarketa eta transmisioa bultzatzea ditu helburu.

Martxoaren 17an, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean, Jose Migel Barandiaran katedra berria aurkeztu zen, Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean sortua.

Ekitaldi akademikoan hurrenkera honetan parte hartu zuten: Jose Antonio Mugika (Katedraren zuzendaria), Josu Ozaita, Miren Ayerdi, Ixone Fernandez de Labastida (Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa), Ana Urkiza (Eusko Ikaskuntza), Sebastián Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Martin Aramendi (Ataungo alkatea), eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira.

Katedraren helburu nagusiak dira, alde batetik, Barandiaranen figura eta lana aldarrikatzea, haren ikerketaren azterketa zientifikoa sustatzea eta haren ekarpenak onartzea; eta, bestetik, euskal kulturaren eta identitatearen hausnarketa eta transmisioa bultzatzea, gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratu zituen nortasun-oinarriak ezagutuz.

Ana Urkiza lehendakariak adierazi zuenez, Eusko Ikaskuntzak Katedrari lagunduko dio, jardueren eta emaitzen berri emanez; euskal kulturaren eta identitatearen transmisioari buruzko eztabaida-prozesuak eta guneak erraztuko ditu; hedapen-prozesu berritzaileak proposatuko ditu antropologoaren erreferentzialtasuna sozializatzeko; gogoetak espazio publikora ekarriko ditu, eta Euskal Herri osoko lurralde-ikuspegia eskainiko du ikerketarako zein transmisiorako.

Urkizaren iritziz, “Barandiaranek iragana eta oraina lotu zituen bezala, gure erantzukizuna da oraina eta etorkizuna bateratzea”.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp