Kirola aztergai Eusko Folklore Urtekariaren 57. zenbakian

Berri korporatiboak

2024/01/22

Kirola aztergai Eusko Folklore Urtekariaren 57. zenbakian

Kirolaren antropologia izan da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2023an ekoiztutako Eusko Folklore Urtekariaren ardatz nagusia. Gaiarekin lotutako artikuluez gainera ekarpen libreek ere tokia dute bertan.

Abel Ariznabarreta aldizkariaren zuzendariak Kirolaren antropologia gaia hautatzearen zergatiaz mintzo da bere hitzaurrean: "Jarduera fisikoa eta kirola jatorrian eta garapenean elkarrekin lotuta egon diren bi kontzeptu dira. Oso modu sinplean, esan genezake kirola jarduera fisikoa dela, lehia-testuinguru baten barruan. Baina argi dago ikuspegi soziokulturaletik, kirola, batez ere elitekoa, gero eta urrunago dagoela jarduera fisikoaren ohiko ideiatik, hau da, egoera fisikoa edo osasuna hobetzeko helburuarekin egindako gorputz-ariketatik".

Gaineratzen du, "kirola, gaur egun, fenomeno konplexua da, hausnarketa sakonagoa merezi duena, kirolaren barruan, edo haren izenean, egunez egun gertatzen diren gertaerei, pentsamenduei eta portaerei buruzko iritzi kritikoa osatu ahal izateko". Sei artikulu biltzen ditu gaiaren inguruan Eusko Folklore Urtekariak: Kirolaren garrantzia nazio nortasuna osatzean (Patxi Xabier Fernandez Monje); What is a Bertsolari for Zidane? An Anthropologist Reports from San Mamés Stadium (Mariann Vaczi); Euskal pilotako kirol-jokoak: tradizioa eta modernitatearen artean (Oidui Usabiaga Arruabarrena); Emakume pilotarien genero identitatearen eraikuntza: nola gorpuzten da feminitatea? (Uxue Fernandez-Lasa); Proceso de emplazamiento de las mujeres en el deporte vasco en la última década (Amets Castrejana Fernández); Hamelin ez den herri bateko kirolarien dantzak. Kirol jarduera eta jarduera fisikoei begirada bat zenbait neraberen praktika eta hausnarketatik abiaturik (Jaime Altuna Ramirez).

Ekarpenen atalean, aldiz, hiru artikulu irakur daitezke liburukian: Sustabiz Fundazioa, Herri Kirolen lanketa eta transmisioa helburu (Joseba Etxebarria Elgezabal); Euskal gizabideaz: Barandiaran, Arizmendiarrieta, Azurmendi (Jon Mentxakatorre Odriozola & Oier Imaz Alias); Iluminando los secretos de las tinieblas: investigación arqueológica espacial y difusión mediante réplicas virtuales 3D de las cuevas decoradas de Santimamiñe, Altxerri y Etxeberri (Iñaki Intxaurbe Alberdi), azken hau 2022ko Barandiaran Bekaren laburpena.

Liburu fisikoaz gainera, online irakur daitezke artikuluak Fundazioaren webean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp