Kontseilu Errektorearen parte bat berritu eta jarduera plana onartu zituen Eusko Ikaskuntzaren Batzarrak

Berri korporatiboak

2019/06/15

Kontseilu Errektorearen parte bat berritu eta jarduera plana onartu zituen Eusko Ikaskuntzaren Batzarrak

Eusko Ikaskuntzaren urteroko Batzar Nagusia izan zen ekainaren 14an, ostiralez, Miramar Jauregian.

Bertan, 2018ko balantze ekonomikoa eta jarduerak onartu ziren bai eta 2019rako aurrekontua ere.

Iñaki Dorronsoro Lehendakariak mendeurreneko urtearen errepasoa egin zuen. Bere iritziz, Eusko Ikaskuntzak erakutsi du herria mugitu eta Euskal Herri guztiaren etorkizun luzerako lanerako gaitasuna duela. 2019-2021 epeari dagokionez, zazpi proiektu aukeratu dira. Batetik egonkortutako ikerketa alorretan sakonduko da: Euskal Herriko ongizate ereduak, Gipuzkoako herri txiki inteligenteak eta Dibertsitatearen kudeaketa demokratikoa. Bestalde, lehentasunekotzat jo diren gaiak landuko dira. Esaterako, Hezkuntza sistema aurten landuko den gaia da. Azkenik, gizartearentzat garrantzia estrategiko handiko hiru alorri buruzko eztabaida eta ekimenak bultzatuko dira: Europa eta Euskal Herriko demokratizazio prozesuko giltzak, GizarteLab eta Euskal Herriko Gazte Sarea.

Gainera, Kontseilu Errektorearen parte bat berritzea onartu zen. Hala, Anjeles Iztueta Arabako Lehendakariorde berretsi zen. Bestalde, Xabier Alkorta, Antton Maya, Juan Luis Moragues eta Mikel Aramburu Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria, Bizkaia eta Nafarroako lurralde batzordekide izango dira, hurrenez hurren. Era berean, Manuel Olariaga gipuzkoarraren bategitearen berri eman zen.

Azkenik, Kontseilu Errektoreak, maiatzaren 23an Ana Urkizaren izendapena onartu zuen Idazkari Nagusi gisa, Idoia Goikotxearen ordez. 2013tik egindako lanagatik eskerrak eman zizkion azken honi Batzarrak.

Kontseilu Errektorea: soslaiak

Anjeles Iztueta Azkue. Arabako Lehendakariordea

Matematika Zientzietan Lizentziatua. Metodologia eta estatistikan espezialista, Eusko Jaurlaritzako Sailburuorde eta Sailburu izan da 1999 eta 2005 urteetan. Arabako Lehendakariorde eta Eusko Ikaskuntzako Kontseilu Errektoreko kide 2017tik.

Xabier Alkorta Andonegi. Gipuzkoako Batzordekide

Ekonomia Zientzietan Lizentziaduna, bere bizitza profesionala Aurrezki Kutxen sektorean garatu du. XVIII. Kongresuko Batzorde  Antolatzaileko eta Eusko Ikaskuntzako Mendeurreneko Lehendakaria.

Antton Maya. Ipar Euskal Herriko Batzordekide

Zuzenbide Publikoan doktoregai eta Zuzenbide Konstituzionalean aditua. Masterra Nazioarteko eta Europako Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan. Hizlari eta argitalpen akademikoetan artikulugile.

Juan Luis Moragues. Bizkaiko Batzordekide

Abokatua eta Zuzenbide Administratiboan aditua. Deustuko Unibertsitateko Ingurugiro zuzenbidean irakasle eta ingurugiro, lurralde antolaketa eta irisgarritasunarekin harremana duten arau proposamen ugariren egile da.

Mikel Aramburu-Zudaire. Nafarroako Batzordekide

Historian Doktore eta Erlijio Zientzietan Lizentziatua, Filosofian Masterra UNEDen. Bigarren Hezkuntzako irakasle. Hiru liburu eta 20 artikulu baino gehiagoren egile da. 2015etik Kontseilu Errektoreko kide.

Manuel Olariaga. Gipuzkoa

Industria Ingeniaria eta DEA Industria Ingeniaritzan. Enpresa Kudeaketa Masterra. EHUko doktoregai. Berrikuntza, Estrategia, Gerentzia eta Marketin zuzendari enpresa zenbaitetan. “Erretiratu aktiboa” 2018tik.

Ana Urkiza. Idazkari Nagusia

Informazio Zientzietan lizentziaduna eta Linguistikan Diplomatua. Enpresa- eta Merkataritza-komunikazioan, Banka Komertzialean eta Giza Baliabideen Zuzendaritza graduondokoak gauzatu ditu. Liburu ugari eta artikuluen egile da. Egun, Bankoa Crédit Agricolen dihardu Giza Baliabideen Zuzendari.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp