Mendeurrenerako liburua: 'Euskaldunon Mendea, 1918-2018'

Mendeurrena

2018/12/14

Mendeurrenerako liburua: 'Euskaldunon Mendea, 1918-2018'

Euskal Herriko kultura, zientzia eta arteei buruzko erreferentzia lan gisa irauteko bokazioa duen liburua aurkeztu da Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenari amaiera bikaina emateko: Euskaldunon Mendea, 1918-2018 : Eusko Ikaskuntza 100 urte.

Hiru urte inguruko lanaren emaitza da. Bazkide talde bat aritu da 664 orrialde eta kolore eta zuri-beltzeko ehunka ilustrazio inguruko alea hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelera, frantsesa) prestatzen. Edukia bi zatitan banatu da. Juan Aguirre kazetariak idatzi du lehenengoa eta Eusko Ikaskuntzaren jatorri eta garapenean ibilbidea egin du, arreta berezia jarriz Eusko Ikaskuntzak egoera historiko anitzetara egokitzeko egin dituen etengabeko flexio eta gogoetei. Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenean garrantzitsu izan diren alderdi konkretuak biltzeko entresaka txikiekin josi du kontakizuna. Eusko Ikaskuntzaren testu historikoak, bibliografia eta erakundeak eman eta jaso dituen sariak bildu dira eranskinetan.

Bigarren zatia analitikoa da. Bertan, Eusko Ikaskuntzaren ekarpen garrantzitsuenak azpimarratzen dituzten hamaika lan bildu dira. “Mende bete zientziaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren garapenean” izenburuak biltzen ditu Euskal Unibertsitatea (Itziar Alkorta irakaslearen eskutik), 1931ko Estatutua (Gregorio Monreal), euskara “mende emankorrenean” (Rosa Miren Pagola), Zientzia Historikoak (Joseba Agirreazkuenaga), Antropologia, Etnografia eta Folklore mende bat (José Ignacio Homobono), Eusko Ikaskuntza eta Zuzenbide publiko eta pribatua (Gregorio Monreal), Arte eta Ondarea (Edorta Kortadi), Eusko Ikaskuntzaren musika jarduera (Jon Bagüés eta Itziar Larrinaga) eta literaturaren ikerketa eta zabalkundea (Jon Kortazar). Bukatzeko, Juan José Etxeberriaren artikulu batek azken bost belaunaldiek ezagutu dituzten errealitate sozio-ekonomiko aldakorren errealitate aldakorrak errepasatzen ditu eta Argitxu Camusen beste batek Eusko Ikaskuntzaren ikuspegi soziokulturala landu du.

Euskaldunon Mendea, 1918-2018 : Eusko Ikaskuntza 100 urte liburua salgai dago Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan (30 eurotan bazkideentzat eta 45 eurotan beste guztientzat).

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp