Nafarroako aniztasuna lantzeko "Askoren arteko mintegia"

Proiektuak

2023/03/16

Nafarroako aniztasuna lantzeko "Askoren arteko mintegia"

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan proiektuaren baitan “Askoren arteko mintegia” egin zen pasa den martxoaren 9an.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan proiektuan zehar parte-hartutako pertsona esanguratsuekin batera, ikuspegi berritzaile eta kritiko bat eskaini zuten adituak eta eragileak batu genituen Nafarroako Unibersitate Publikoan pasa den martxoaren 9an Talde Eragileak proiektuaren hasieratik osatu dituen proposamenek izan dezaketen ibilbidea aztertzeko.

Adituak eta eragileak osatutako talde itxia izan zen eta Nafarroako lurraldearen aniztasunean eragiten duten hainbat faktore kontuan izan ziren osaketan, eta horien arteko oreka bilatu zen: lurraldea, generoa, nazio identitatea, kultura, erlijioa eta ideologia. Partaideen artean mundu akademikotik etorritako adituak izan genituen; David Thunder, Carmela Pérez-Salazar, Inés Olza, Julia Urabayen eta Cristina Tabernero, Nafarroako Unibertsitatetik, Eduardo Ruiz-Vieytez, Deustotik, Aritz Romeo, Nafarroako Unibertsitate Publikotik edo Xabier Zabaltza, Euskal Herriko Unibertsitatetik; Euskalgintzari lotutako pertsona esanguratsuak izan genituen ere, besteak beste, Mikel Arregi (Euskarabidea), Oskar Zapata (Topagunea), Izaskun Errazkin (Sakanako Euskara Mankomunitatea) edo Xabier Erize; eta, azkenik, mugimendu sozial eta politikoekin harremana zuzena duten gazteak ere batu genituen, Lur Albizu, Ion Celestino, Cristina Oses, Carlos Ainciburu eta Kevin Lucero, esatebaterako.

Mintegia Nafarroako Unibertsita Publikoko gelatokian ospatu genuen, arratsaldez, eta Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan proiektuaren Talde Eragileko kideak diren Julen Zabalok, Txoli Mateosek eta Amaia Nausiak 2019tik proiektuak izan duen garapena eta ondorioak aurkeztu zizkieten parte hartzaileei. Ondoren, talde dinamikak antolatu ziren eta hiru taldeetan –Arga, Ebro eta Irati taldeak- partaideek euskararen kudeaketaren inguruan, gizarte kohesio eta konfidantzaren inguruan eta nazio identitateen inguruan hausnartzeko aukera izan zuten. Talde bakoitzak Eusko Ikaskuntzak urte hauetan batu dituen iritzi, proposamen eta erronkak entzuteko aukera izan zuen eta hauen inguruko iritzia eman zuen.

Amaieran, Ana Ollo kontseilariaren parte-hartzearekin, osoko bilkuran talde bakoitzak izandako adostasunak, desadostasunak eta proposamenak aurkezteko aukera izan zuen. Giro abegikor batean, beste taldeek egindako hausnarketa entzun ondoren, partaideek iritziak partekatu zituzten.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan proiektuak 2023an emanen dio itxiera bere ibilbideari eta Mintegi honetan jasotako proposamenak ekainean aurkeztuko den liburuxkan jasoko dira urteetan zehar parte-hartutako beste eragile, aditu eta banakakoen ekarpenekin batera.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: askoren arteko mintegia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp