Ongizate politikak eta gizarte zerbitzuei buruzko mugaz gaindiko I. Mintegia

Proiektuak

2019/10/12

Ongizate politikak eta gizarte zerbitzuei buruzko mugaz gaindiko I. Mintegia

"Ongizate politikak eta gizarte zerbitzuak" mintzagai izango dira azaroaren 22an Irungo Ficoban egingo den mugaz gaindiko I. Mintegian. Euskal Herrian Ongizate Ereduei buruz abian jarriko den lan programaren hasiera izango da.

Eusko Ikaskuntzak berak Mintegia abian jartzen du iaz egin zuen XVIII. kongresuko Liburu Zurian markatutako lehentasun estrategikoekin bat eginik.

Mintegiak helburutzat du elkarlanerako erronka eta aukerak antzematea, gizarte berrikuntzako adibideetara gerturatuz eta proposamenak landuz. Halaber, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko akademia, administrazio eta gizarte eragileen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko du.

Irekiera ekitaldian, gure eremuko hiru gizarte-babes ereduak aurkeztuko dira, haien ezaugarri, erronka, indargune eta ahulguneekin batera: Ipar Euskal Herriko sistema (Euskal Hirigune Elkargoko Jean-Jacques Manterolaren eskutik), EAEkoa (Joseba Zalakain, SIIS Ikerketa Gunekoa) eta Nafarroakoa (Nafarroako Unibertsitate publikoko Lucía Martínez-Virto). Jarraian solasaldia egingo da, Ángel Toña Guenaga moderatzaile dela.

Ondoren, gizarte politiken arloan mugaz gaindiko proiektuetan diharduten erakunde desberdinen aurkezpenak izango dira. Bertan izango dira IFAS Kanboko zuzendari Maite Capdeville eta Plaiaundi Institutuko zuzendari Arantza Auzmendi, Pabe eta Adourreko herrialdeetako Unibertsitateako Stephanie Rabiller, Agintzari kooperatibatik Eduardo Díaz eta azkenik, Asociación Navarra Nuevo Futuroko kidearen aurkezpena.

Azalpenak amaitu ostean, lan taldeek lurraldeen arteko elkarlanari buruzko gogoeta egingo dute eta, horrekin batera, ikerketaren alorrean zein zerbitzuen garapenean dituzten lehentasunak mahai-gaineratuko dituzte. Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko Maite Peñaren eta Euskal Hirigune Elkargoko Beñat Cachenauten politika publikoei buruzko azalpen banarekin amaituko da.

Mugaz gaindiko "Ongizate politika eta gizarte zerbitzuak" I. Mintegia irekia dago, baina aurrez izena eman behar da.

Honekin batera, ikus-entzunezko Solasaldiak atal berrian, aipatutako Joseba Zalakainek eta Jean-Jacques Manterolak hartu dute parte.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp