Partaidetza digitalerako sarbidea

Proiektuak

2020/04/23

Partaidetza digitalerako sarbidea

Eusko Ikaskuntzak abian dituen proiektu nagusietan parte hartzeko aukera eman du sarean, elkarri eragiteko aukera anitzak zabalduta.

Internet bitartez partaidetzara irekita dagoen plataforma martxan jarri du lehen aldiz.  Euskal Herriaren etorkizunaz gogoeta egin nahi duen pertsona konprometituentzako elkargunea izango da, tokiko zein mundu mailako erronkei bide eta irtenbide berriak proposatzeko lekua. Helburua erakundearen proiektu nagusiak elikatzeko bide berriak irekitzea da.

Zoriak nahi izan du orain dela hilabeteak lantzen ari zen gune birtuala etxealdiarekin bat argia ikustea. Edonola ere, momentuko egoerari erantzuteko aukera ematen badu ere, modu iraunkorrean planteatzen du Eusko Ikaskuntzak, proiektuen aurrez aurrekoak ez ezik, alor birtualean ere garatzeko abagunea eskainita. Hortaz, osagarriak dira modalitateak bata bestearekiko, elkarri aberastuz.

Eusko Ikaskuntzaren Barruti Pribatuan kokatuta dago partaidetzarako espazioa. Bazkide zein beste edozein erabiltzailek parte hartu ahal izango dute, gune irekia izango baita. Haatik, proiektuetan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik erregistratuta egotea (Eusko Ikaskuntzaren bazkideak dagoeneko erabiltzailea sortuta izango dute) eta parte hartu nahi den proiektua aukeratzea.


Zer egin ahal izango duzu?

Unean zabalik dauden proiektuetako kide izateko aukera dago. Nola? Interesatzen zaizkizun horiek aukeratu eta “Parte Hartu” aukera sakatu. Behin eskaera eginda, proiektu horren arduradunak agurra eman eta taldean sartzeko baimena luzatuko dizu.

Une honetan 3 modu desberdinetan parte hartu daiteke:

  • Eztabaida foroak: zabalik dauden gaien inguruan sortu daitezkeen galderen inguruan iritzi eta ikuspegi anitzak jasotzeko tokia izango da. Erantzun ahala, proiektu bakoitzeko arduradunek jaso eta argitaratuko dituzte proiektuko beste edozein kidek ikus dezaten.
  • Galdera txokoak: proiektuaren garapenean aberasgarriak izan daitezkeen itaunak planteatzeko tokia izango da. Nork bere ikuspegitik erantzuteko aukera izango du eta bere erantzuna zuzenean lan-lerro horretako arduradunak jasoko du, beraz, zure erantzuna ez da publikoa egingo web gunean.
  • Ekitaldien agenda: programatutako jarduerak bilduko ditu, bai aurrez aurreko bilera, ekitaldi edo tailerrak, baita hitzordu digitalak ere.

Era berean, proiektu bakoitzari lotutako beste atalak jasoko dira bere baitan, hala badagokio. Besteak beste, dokumentazio-atal bat izango da interesgarria izan daitekeen lan-ildo horri buruzko txostenak edo informazio-estekak partekatzeko.

Etengabe eguneratzen eta elikatzen joango da plataforma, beharretara eta hartu-emanari lotuta.

Parte hartu proiektuetako gune birtualean!

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp