Pausu sendoak E3 egitasmoan

Proiektuak

2016/11/14

Pausu sendoak E3 egitasmoan

Eginkizun zehatzak dituen Garapen Taldeari lagun berri bat gehitu zaio, Beñat Garaio 26 urteko gasteiztarra dugu Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak (E3) taldeko kide berria.

Beñat, beste 85 pertsona bezala, Eusko Ikaskuntzak 2016ko udan zabaldu zen ikertzaile lan-poltsara aurkeztu zuen bere burua.

Heziketa Fisikoko Magisteritza lizentziatua da, baina azkenengo ikasturtean beka batekin Boisen (Idaho, AEB) egindako egonaldiak bere ibilbidea guztiz aldatu eta euskara, soziolinguistika eta hizkuntza gutxituetara bideratu zituen bere pausoak.

Geroztik, hamaika egitasmotan parte hartu du. Ikerketari dagozkionez, 2014-2015ean sona handia duen Londreseko SOAS Unibertsitatean hizkuntza gutxituak biziberritzeko master bat eta jarraian Asmoz Fundazioa eta EHUren HIZNET Hizkuntza Plangintza graduondokoa egin zituen. Lana eta ikasketak uztartu behar izan dituen arren, dagoeneko hainbat lan ditu argitaratuak eta ikerketekin jarraitzeko eta iker-lerro berriak hasteko desiatzen dago.

Datozen hilabeteetan buru-belarri izango da E3 egitasmoaren Garapen Taldearekin lanean, beraien ardura izango baita proiektuaren oinarriak finkatzea: Talde Eragilean eztabaidatutako eta adostutako kontzeptuei forma ematea, metodologia bat finkatzea metodologia bat finkatzea eta erreferente teoriko eta analitikoen azterketa egitea.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp