Plentziako Jardunaldiek hamargarren edizioa ospatu dute

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2017/07/17

Plentziako Jardunaldiek hamargarren edizioa ospatu dute

Pasa den uztailaren 11tik 13ra Plentziako historiaren X. jardunaldiak ospatu ziren, besteak beste hamar urte hauetan ekimen honetan parte hartu duten pertsonen lana azpimarratuz.

Berezia behar zuen aurtengoak. Eta berezitasun hori nabarmendu nahi izan zuten Plentziako eta Uribe kostako historia aztertzea eta gizarteratzea helburu duten jardunaldi hauen aurkezleek. Rosa Miren Pagola, Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko Lehendakariordea, Gonzalo Duo, Jardunaldien koordinatzailea, eta David Krestelo, Plentziako alkateari egokitu zitzaien ekimenari hasiera ematea, izaera lokal eta xumearekin hasi ziren jardunaldi batzuk 10 urtetan zehar lortu duten indarra eta oihartzuna azpimarratuz, eta jardun horretan lan egin duten guztiak gogora ekarriz.

“Plentziako arte, bideak eta errituak” izenburupean, hiru egunetako egitarau mamitsuaz gozatzeko aukera izan zuten Goñi Portal kultura etxera bertaratu zirenek. Lehen egunean, asteartean, arkitektura eta arteari eman zitzaion lekua, Marije Pacho eta Javier Novoren eskutik. Asteazkenean, pinturaren hildotik jarraitu zuen Roberto Hernandezek eta errituen gaia ukitu zuen Gonzalo Duok. Amaitzeko, Plentziako Museoko Etnografia taldeak toponimia, itsas ondare eta ondare fisikoa eta aplikazio informatikoen inguruako beren ikerketak eta “Larraganena” boletina aurkeztu zituen.

Rosa Miren Pagolak azaldu zuenez, 10 urtetan antolatzaileek hartu duten eskarmentuari esker, prest daude hurrengo urteetan Eusko Ikaskuntzaren parte-hartzerik gabe modu arrakastatsuan aurrera jarraitzeko. Beraz, gure desiorik onenak hurrengo edizioetarako.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp