Segregazioa hezkuntza sisteman: jardunaldia Bilbon

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2023/02/27

Segregazioa hezkuntza sisteman: jardunaldia Bilbon

‘Segregazioari nola erantzun hezkuntza-sistematik?’ Bilbon, martxoaren 4an, galdera horren erantzunak aztertuko dira.

Eusko Ikaskuntza eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila elkarlanean ari dira seregazioari aurre egiteko akordioak ehunduko dituen espazio bat ezartzeko. Herri erronkatzat hartzen da. 2021eko urrian egindako sinposioaren eta 2022ko partaidetza-foro banaren ondoren, Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua. Erronkak kudeatzeko proposamenak txostena egin da. Bi erakundeek martxoaren 4an Bilbon (EHUko Bizkaia Aretoa) antolatutako jardunaldi batean aurkeztuko da.

Segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? Ulermen partekatua eta erronkak kudeatzeko proposamenak izeneko jardunaldian adituek hartuko dute parte, eta taldean identifikatu diren funtsezko alderdiak jorratuko dituzte.

Xavier Bonal Sarrók (Bartzelonako Universitat Autònoma) programa irekiko du “Desberdintasun sozioespazialak hezkuntzan Euskal Autonomia Erkidegoan” txostenaren aurkezpenarekin, eta horri buruzko datuak eskainiko ditu. Begoña Pedrosa Lobatok (Eusko Jaurlaritza) aurkeztuko du Bonal, eta Gemma Zabaleta Aretak (Eusko Ikaskuntza), berriz, elkarrizketa moderatuko du.

Beatriz Akizuk (Eusko Ikaskuntza) eta Idoia Fernandez Fernandezek (UPV/EHU) Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua. Erronkak kudeatzeko proposamenak txostenaren ildo nagusien berri emango dute. Txostenaren giltzarri eta bertan mahai-gaineratzen diren arazo nagusiei buruz duten ikuspegia azalduko dute Eduardo Ruiz Vieytezek (Deustuko Unibertsitatea) eta Juanjo Falcó Monserratek (Lleidako Udala). Idoia Fernández Fernándezek moderatuko du eztabaida.

Azkenik, etorkizunari begira, “Zer ekarpen egin daiteke familietatik, komunitatetik, komunikabideetatik?”, galderaren inguruko esperientzia eta praktika zehatzak eztabaidatu eta ezagutaraziko dira.

Jardunaldiaren amaieran, Beatriz Akizu eta Begoña Pedrosa Lobatok programaren ondorioak eta etorkizunean emango dituen urratsak azalduko dituzte.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp