Soraluzeko gazteek kultur aniztasunaren alde sukaldatu dute

Proiektuak

2019/11/18

Soraluzeko gazteek kultur aniztasunaren alde sukaldatu dute

Munduko pintxo lehiaketarekin amaitu da herriko ikasleek egin duten hiritartasun, elkarbizitza eta aniztasunari buruzko gogoeta, Eusko Ikaskuntzak bultzatuta.

Eusko Ikaskuntzak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Soraluzeko Udalaren laguntzaz, gazteak ahaldundu eta hiritartasun eredu berriari buruzko gogoeta bultzatzeko ekimena antolatu du.

Hiritartasuna, elkarbizitza edo aniztasuna, eta egungo errealitateari buruzko gogoeta egin dute, urrian zehar, Soraluze BHI institutuko DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek, Aztiker Ikerguneak zuzenduta. Lan honetan egindako hausnarketak eta lortutako helburuak txosten batean bildu eta argitaratuko da aurrerago.

Identitate aniztasuna ikusarazi eta lana bukatzeko, larunbatean, azaroaren 9an, Gaztañerre azokaren 2019ko ospakizunen baitan festa bat egin dute. 11 eta 15 urte bitarteko ikasleek osatutako hamahiru taldek lehiaketa batean parte hartu dute, munduko toki desberdinetako  pintxo txapelketan.

Goizaren amaieran, egindakoak dastatu ondoren, sariak jaso dituzte aurkeztutako pintxo hoberenek. Parte hartu duten talde guztiek izandako inplikazio eta poza azpimarratu dute antolatzaileek.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp