Mila parte-hartzaile inguru eta goi mailako hitzaldi eta eztabaidak izan zituen Kongresutik kohesiorako ibilbide-orri berri bat atera zen.
“Etorkizuna denen artean eraiki behar dugula adierazi nahi izan dugu, errealitate eta sentsibilitate guztiak hartuta eta elkarrekin bidea egiteko nahiarekin. Gaur, hemen bilduta, bidea markatu eta etorkizuneko pausoak adostu ditugu, kohesioaren, elkarlanaren eta justiziaren aldeko konpromisoa hartuta”. Hitz horiekin, Ana Urkiza lehendakariak Gasteizko Europa Jauregira ia mila pertsona erakarri zituen hitzaldi, eztabaida eta proposamenez betetako hiru jardunaldiak itxi zituen.
Ondorioetan, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak adierazi du zeintzuk izan behar duten etorkizun kolektibo bat eraikitzeko aldaketa-palankak: balio sozio-komunitarioen indartzea eta transmisioa; komunitate-ahalduntzea eta komunitatearen eraikuntza; parte-hartzearen eta demokraziaren indartzea; hezkuntza eta prestakuntza; gizarte-hezkuntzaren garrantzia; mugaz gaindiko lankidetza eta lurraldeen arteko aliantzak indartzea; herritar guztien kultura-eskubideen bermea eta gizarte-babesa; ekonomia eta gizarte-berrikuntza. Patxi Juaristi Kongresuko presidenteak dei egin zuen “aldaketa palanka horiek modu koordinatu eta integratuan lantzera, eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztien inplikazioarekin”.
Lau lan ildo
Hortik aurrera, lau lan ildo finkatu ditu Eusko Ikaskuntzak datozen urteetarako. Lehen lanlerroak euskal kultura eta identitatea garatzea izango du helburu, bere aniztasunetik eta modu inklusiboan.
Bigarren ildoak komunitatearen ahalduntzean eragingo du, herritarren eta komunitatearen parte-hartze aktiboa bultzatuz haien beharrak eta interesak identifikatu eta asetzera bideratutako ekimenen garapenean. Hezkuntza funtsezko alderdi gisa ulertzen da arlo horretan.
Hirugarren proposamena lurraldetasunaren erronkari XXI. mendeko tresnak eta ko-eraikuntza prozesuak baliatuz aurre egitea da, lurraldeen arteko elkar- ezagutza sustatuta, lurralde kohesioaren inguruko deliberazioa bultzaturik eta aliantzak sendotuz.
Azkenik, Eusko Ikaskuntzak ongizate integraleko moduak sakon aztertzen jarraituko du, lan komunitarioan, justizia sozialean eta jasangarritasunean oinarritutako eredu sozioekonomikorantz aurrera egiteko helburuarekin. Horretarako, irtenbide sozioekonomiko berritzaileak aztertzeko espazioa ahalbidetuko du.
Hala, Eusko Ikaskuntza erabat indartuta atera da XIX. Kongresutik, eta ziklo berrirako bide zehatz batekin. Beti ere, kohesioaren erronkari begira.