XVIII. Kongresuaren liburuaren aurkezpena

Berri korporatiboak

2020/01/24

XVIII. Kongresuaren liburuaren aurkezpena

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren liburua eta ezarrita dituen lan programak aurkeztuko dira Donostian Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, otsailaren 26an.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua − Geroa Elkar-Ekin: Mendeurreneko Kongresua izeneko lanak Kongresuko ekarpenak, ondorioak eta proposamenak bildu ditu, bai eta Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko ospakizunen laburpena ere; biak 2018an izan ziren.  

Ia 600 orriko argitalpen honen aurkezpenari esker Eusko Ikaskuntzak azken urteotan egindako ibilbidea ezagutu ahal izango da, bai eta abian dauden proiektuen egoera ere. Era berean, lan programa berriak eta horien ibilbideak zein 2020rako aurreikusitako jarduera agendaren berri emango da.  

Horretarako guztirako, ekitaldian hitza hartuko dute Eusko Ikaskuntzako eta XVIII. Kongresuko eta Mendeurreneko antolakuntza batzordeko lehendakariek eta egun abian diren zazpi taldeetako arduradunek. Azken horiek azalduko dituzte 2019-2021 hirurtekorako Eusko Ikaskuntzak ezarritako lehentasunei erantzuten dieten lan ildoak, guztiak Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko gogoeta kolektiboaren ondorio. Konkretuki, gai hauek lantzen dituzte: Ongizate Eredua, Lurralde Oreka, Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa, Hezkuntza Sistema, Demokratizazio prozesuaren gakoak Europan eta Euskal Herrian, GizarteLab, Gazte lankidetzako sareak.

Ekitaldia arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta 50 minutu inguru iraungo du. Bertaratzen direnei, gainera, liburuaren ale bana oparituko zaie. Toki arazoak ekiditeko bertaratuko zaretenoi asistentzia aurrez baieztatzea eskatzen dizuegu (943 31 08 55 telefono zenbakian edo emailez).

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp