Agente sozio-ekonomiko eta instituzional nagusienek bat egiten dute Eusko Ikaskuntzarekin bere mendeurrenean

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/09/13

Agente sozio-ekonomiko eta instituzional nagusienek bat egiten dute Eusko Ikaskuntzarekin bere mendeurrenean

Tabakaleran ospatu zen ekitaldi batean aitortza publikoa egin zitzaien bere babesa azaldu duten erakundeei eta XVIII. Kongresuaren programa ofiziala aurkeztu zen.

Eusko Ikaskuntzaren jarduna mendeurrenean babestu eta bultzatzen duten erakunde nagusienak bildu dira Tabakalerako Kutxa Kultura Plazan, Donostian. Ekitaldian, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok eta XVIII. Kongresuko batzorde antolatzaileko lehendakari Xabier Alkortak hitza hartu dute, urte berezia duten horretan izaera estrategikoa izango duen XVIII. Kongresua aurkeztuz. Halaber, kongresua osatzen duen bost ikerketa-lerro estrategikoen Zuzendari Zientifikoak saio bakoitzaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte.

Bertaratuen artean, babesleak ordezkatzen dituzten izen ezagun ugari ikusi ahal izan dira: Jesús Loza, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria; Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Joseba Koldo Perez de Heredia, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol zuzendaria;  Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia; Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantzako diputatua; Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea;  Isabel Martínez eta Iñaki Prusilla, Gasteizko udaletxeko Partaidetza eta Gizarte etxeen zinegotzi ordezkaria, eta Euskara, Gazteria eta Nekazaritza Eremuaren zinegotzi ordezkaria, hurrenez hurren; Gotzone Sagardui, Bilboko Udaleko alkatetzako zinegotzi eta alkate ordea; Miren Azkarate, Donostiako Udaletxeko Euskara eta Hezkuntza zinegotzi ordezkaria; Maider Beloki, Iruñeako Udaletxeko Kultur eta Hezkuntza zinegotzi ordezkaria; Mikel Biain, Oñatiko alkatea.

Banku fundazioetatik Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria; Ana Urkiza, Bankoa Crédit Agricoleko Prestakuntza eta Barne Komunikazioaren zuzendaria; Javier Martínez, Rural Kutxako Harreman Instituzionaletarako zuzendaria; Javier Miranda, Fundación Caja Navarrako presidentea; Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako Komunikazio zuzendaria; Gaxpar Guembe, CaixaBank-en Gipuzkoako Erakunde zuzendaria; eta Josune Albizu, Vital fundazioko zuzendaria egon dira.

Enpresak eta bestelako erakundeetatik Itziar Sabas, Bilboko Portuko Agintarintzako giza baliabideen zuzendaria; Kristina Elkoro, Elayko kontseilari delegatua; Francisco Olarreaga, Iberdrolako ordezkaritza instituzionalaren burua EAEn; Jesús Losada, Ihobeko zuzendaria; Raúl García, ULMA taldeko lehendakaria; Iñigo Marquet Beldarrain, Orona Fundazioaren Garapen zuzendaria; Odile Kruzeta, EiTB irratien eta koordinazio editorialaren zuzendaria ekitaldira gerturatu dira ere.

Era berean, Eusko Ikaskuntzak bere esker ona adierazi dio Euskal Hirigune Elkargoari eta Baionako Udaletxeari, ekitaldian egon ezin izan arren, azaltzen duten babesagatik.

XVIII. Kongresuaren aurkezpena Tabakaleran

XVIII. Kongresua

‘Euskal Herriko gizarte iraunkorra XXI. mendean’ ortzimuga estrategikoa izanik, datorren hilabetean hasiko da Geroa Elkar-Ekin XVIII. Kongresua. Horren programa bost alor nagusietan banatzen da, Eusko Ikaskuntzak 2015ean abiatutako hausnarketa kolektiborako proiektuak, alegia.

Herritar, gizarte-eragile, eragile politiko, aditu eta erakundeen parte hartzea izan duten bost proiektuen abiapuntua Liburu Berdea izan da, hots, garatzen ari diren kontzeptu eta ideien inguruko gakoak eta diagnostiko orokorra. Hortik abiatuta, kongresuan aurkeztuko den Liburu Zuriak erantzun aukerak edo proposamenak jasoko ditu.

Etorkizuna irudikatuz

Baionan hasiko da Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua, urriaren 5ean. Etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, edukiko dugun gizartea programaren baitan azken bost urteotan landutako lanen emaitzak aurkeztuko dira. Ponentzia nagusia Jean-Pierre Claverannek eskainiko du, osasun eta gizarte erakundeen formazio eta ikerketa institutuaren (IFROSS) sortzaile eta katedradunak. Arratsaldez, "Zahartzea, ezagutza eta lurraldetasuna" izenburuko mahai-ingurua antolatuko da, partaideen artean Juliette Bergougnan, Michel Berhokoirigoin eta Javier Echeverria adituak izango direlarik.

Euskararen etorkizuneko eszenatokiak eraikitzea

Euskara izango da urriaren 19ko saioko ardatza, Gasteizen, hain justu, Eusko Ikaskuntzak 2015ean abian jarritako e5: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen proiektua.

University of Massachusetts in Amherst-eko Antropologia irakasle Jacqueline Urlak ponentzia bat aurkeztuko du. Jarraian, hizlari eta gazte sustatzaileek hiru alorretan (gizarte eta kultura kapitala; kapital politiko eta kapital ekonomikoa; eta (azpi)egitura kapitala eta gizarte kapitala) egindako proposamenak bilduko dira. Azkenik, Gizarte Akordio Adierazpena aurkeztuko da.

Gizartea: aniztasuna eta kohesioa

Gizartea: aniztasuna eta kohesioa buruzko saioa izango da urriaren 26an Iruñean. Mundu globalizatu eta digitalean euskal gizartearen dibertsitatea, elkarbizitza eta kohesioa indartzeko gogoetak azalaraziko dira.

Salvador Cardús (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eta David Thunderrek (Nafarroako Unibertsitatea) parte hartuko dute lehen zatian, gizarte kohesioaz aritzeko. Arratsaldean, komunikabideak kohesio faktore gisa aztertuko dira. Ekarpen nagusiak Ramón Zallo (EHU), Mirentxu Purroy (kazetaria) eta Argitxu Camus (EKE) egingo dituzte. Eguna bukatzeko Euskal Herria, komunikazio herria?izenburua duen solasaldia izango da.

Garapen sozio-ekonomikoa: euskal gizartea eta enpresa

Maila sozio-ekonomikoan, demografikoan eta lanaren alorrean gertatzen ari diren aldaketen aurrean, lurralde, enpresa eta sozio-ekonomiaren alorrean dauden ereduak eta garapen kontzeptua aztertzea, proposamen konstruktiboak egiteko: hori da Garapen sozio-ekonomikoa proiektuaren helburua eta azaroaren 9an izango da kongresua, Bilbon.

Miguel Laparra (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) soziologoak egingo du hasiera hitzaldia. Ongizate eredua, lurralde estrategia eta estrategia iraunkorrak, eta enpresa eta lan harreman ereduak izango dira, hurrenez hurren, Joseba  Zalakain (SIIS – Dokumentazio eta Ikasketa Zentroa), Imanol Esnaola (Gaindegia) eta Tomás Arrietaren (Lan Harremanen Euskal Kontseilua) hitzaldien ardatz. Hiru gaiak eztabaidagai izango dira, ondoren, ondorioak ateratzeko.

Gobernantza demokratikoa

Azaroaren 16an, Donostian Gobernantza Demokratikoari buruzko saioa izango da. Bi gai nagusitan banatuko da programa. Lehenengoak, Euskal lurraldeak munduan, Europan eta estatuetan landuko du, Bruno De Witte (European University Institute), Ander Errasti (Instituto Globernance) eta Mercè Barcelóren (Universitat Autonoma de Barcelona) eskutik.

Bigarren zatian Euskal lurraldeen kohesio eta demokratizazioa aztertuko dituzte Joan Subirats (Bartzelonako Udala), Jule Goikoetxea (EHU) eta Argitxu Etxandi (Udalbiltza) adituek. Ondoren, bi mahai-inguru izango dira, lehenengoak gai librea izango du eta bigarrena euskal erakundeen gogoetara bideratuko da.

Itxiera eta Mendeurrena

Bost saioen batuketa eta Kongresuaren Ondorio Nagusiak Oñatin azalduko dira azaroaren 23an. Bertan, saioka parte hartutakoek jardun-ardatzen arteko harremana eta geroari abagune eta erronka berriak ezagutzara emango dira ahal izango dituzte. 

Itxiera moduan, azaroaren 24ean Oñatin, Eusko Ikaskuntzaren 100 urteak gogora ekarriko dira euskal lurraldeetako ordezkari instituzional, Eusko Ikaskuntzako bazkide, kongresuko partaide eta herritarren parte hartzearekin. Efemeride historikoaren lekuko bizia izateko gonbitea luzatzen du Eusko Ikaskuntzak interesa izan dezaken orori.

Izen emateak eta egitaraua

XVIII. Kongresuan edonork izena eman dezake, osotasunean edo saioka, Eusko Ikaskuntzaren web gunearen bidez. Era berean, Eusko Ikaskuntzaren web orrialdean kontsultatu daiteke programa ofiziala.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp