Euskal Herriko gazteen sarea

Gazteen aniztasuna eta gobernantza eredu berriak: Euskal Herriko gazte lankidetzarako oinarriak finkatzen.

Eusko Ikaskuntzak 2016-2018 urteetan garatutako Geroa Elkar-Ekin prozesuaren baitan kokatzen da proiektua. Euskal Lurraldeen Liburu Berdea zein Zuriaren oinarrietan agertutako premia bati erantzuna eman nahian: Euskal Herriko lurralde ezberdinetako gazteak euren premiez eztabaidatu eta elkar aritzeko elkartu beharra. Horrela, helburu nagusia izanik Euskal Herriko gazte banako zein eragileak harremanetan jartzea eta haien arteko sarea sortzea, euren kezka eta gobernantza eredu berriak jasotzea bilatuko da.

Eremu tematikoak
Etorkizuna Irudikatu
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2019-01-01-2019-12-31

Eusko Ikaskuntzak Liburu Zuriaren oinarriak ezarri ditu 2018an, eta gazteok gure aletxoa jarri dugu oinarri horietan. Alabaina, zerbait eraikitzen jarraitzeko oinarri horiek handitu egin behar dute Liburu Zuriaren oinarriei gure begirada propioa txertatuz, hau da, gazteon adimen kolektibotik eratorriko dena gehituz. Horretarako, Euskal Herriko gazteen sistema adimentsu kolektiboa garatzea nahi da; Euskal Herriko gazte anitzen adimen kolektiboaren elkargune izango dena Gazteon begirada Liburu Zurian txertatua eta garatua izan dadin.

Aurreko prozesu kongresualak irekitako elkarlanari segida emateko helburua du. Batetik, sortutako ideia, sinergiek eta saretzeak jarraipena eta sakontzea behar dutelako; bestetik, Euskal Herriko gazteoi eragiten diguten erronkei aurre egiteko modu kolektiboan proiektu zehatzen identifikazioa beharrezkoa delako.

Hau garatzeko, lanerako premisa batzuk zehaztu nahi izan ditugu, irekiko dugun ibilbidean derrigor kontutan izan beharrekoak:

  • Parekidetasunaz gain, gure ekintza guztiak feminismoaren begiradatik abiatu behar dira. Talde barnean zein besteekin ditugun loturetan botere harreman orekatuak egoteaz arduratuko gara. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu intersekzionalitatearen ikuspegia gure jardunean txertatzea. Gizartea zuzentzen dituzten dominazio ardatz ezberdinak (arraza, generoa, klase-soziala, orientazio sexuala…) aintzat hartuko ditugu.
  • Mugaz gaindiko lankidetza eta oreka territoriala: Euskal Herria osatzen duten lurralde guztietatik ordezkaritza ziurtatzea.
  • Mentalitate irekia: aniztasun askotarikoa zaindu eta bestearekiko errekonozimendu eta errespetua.
  • Euskal Herriko hiru hizkuntzen erabilera normalizatu eta orokortua bermatzea euskal lurralde guzietan.

Helburuak

Euskal Herriko gazteen sistema adimentsu kolektiboa sortzea: Gazteok gure elkargunea garatzea, Liburu Zuriaren oinarrietatik aipatutako proposamenetan sakonduz eta helburu argi batekin: gazteon engaiamendua eta ahalduntzea. Eta, honekin batera ere, beste helburu hauek garatzeko:

  • Euskal lurraldeen gazte eragile, norbanako eta erakundeen artean sare bat osatu gazteen gabeziei aurre egin ahal izateko.
  • Gazteen parte-hartzea esparru publikoan handitu.
  • Gazteen arteko lankidetza garatu, gai desberdinetan.
  • Euskal Herri mailan dauden gazte antolakundeen artean sare bat osatzea adostuko diren helburuekin lan egiten hasteko.
  • Gazteen kontzientzia kritikoa garatzea.
  • Nazioarteko esparruetan parte hartzea sustatu; batik bat, Europar Batasuneko Gazte Foroan.

Helburu nagusi hauetaz aparte, Liburu Zurian agertutako zenbait proposamen eta helbururekin bat etorri eta gure egiten ditugu gazteon gehitzeko helburuarekin:

  • “Gizarte zibilaren antolaketa handitu”
  • “Konfiantza birsortzeko sareak ehundu”
  • “Etorkizuneko Euskal Herriaren irudi konpartitua eraiki”, “erakunde partekatuak bultzatu” eta “herri-narratiba propioa eraikitzeko ekimena”
  • “Euskararekiko atxikimendua gizartean elikatzea”
  • “Gazteei, dauden aukerak topatzen laguntzea”
  • Demokratizazioan sakontzeko, “gazteen erabakimen politikoa areagotzeko neurriak ezarri”
  • “Hiru planoen elkarlana: norbanakoak, eragileak eta instituzioak elkarrekin lan egitea beharrezkoa da.

Ekintzak eta atazak

  • Proiektuaren aurre definizioa.
  • Proiektuaren definizioa eta abian jartzea.
  • Proiektuaren lehen fasea: saretze lana eta foroaren prestaketa.
  • Proiektuaren bigarren fasea: foroa abiatu.
  • Emaitzen txostena: hurrengo urratsak zehaztu.