Euskarazko literatura Polonian ezagutzera emateko parada eskaintzen dute azken 30 urteetan euskara eta polonieraren artean egindako itzulpenek eta Posnaniako Adam Mickiewicz Unibertsitateko Euskara Irakurletzak 2011. urtean egindako lantegia jardun horren bultzatzaile nagusiena izan da. Hamarkada bat beranduago, lantegia ez, baina ikastaro apal bat eskaini zaio itzulpengintzari, ikuspuntu teoriko-praktikoa izan duena eta hasitako bideari jarraikortasuna emateko bokazioa duena.
Euskara eta polonieraren arteko itzulpengintza atzo eta gaur. Estrategiak eta erronkak
Basque-Polish translation past and present: strategies and challenges
1. Aurrekariak
2020-2021 ikasturte akademikoan itzulpengintza irakastea egokitu zitzaidan Etxepare Institutuaren izenean euskara irakurle naizen Poloniako Posnania hiriko[1] Adam Mickiewicz Unibertsitateko (aurrerantzean AMU) Etnolinguistika ikasketetako 3. mailako ikasle bakarrari.
Nire bigarren urtea zen Polonian eta oraindik ez nuen poloniera[2] menperatzen, hobeto esan, apur bat bakarrik nekien polonieraz, nahiz eta ahalegina eta denbora erruz eskaini hizkuntza ikasteari. Han ageri zen, baina, nire egitekoen artean 30 orduko itzulpengintza ikastaroa.
Ikasleak ere, prestua izan arren, hirugarren urtea baino ez zeraman euskara ikasten, beste jarduera askoren artean, gainera. Dena den, bere alde zegoen ingelesa eta alemanieraz gain, daniera eta gaztelera ere ezagutzea.
Lanari ekin nion, beraz, eta hilabete batzuetako hausnarketa eta bilaketen ondoren, azalpen honen gorputza izango den proiektua burutu nuen, nire ikasle Barbararekin batera itzulpengintza eskola orduetan praktikan jarri nuena.
Lan honen ardatza izango den itzulpengintza esperientzia hau aurkeztu baino lehen, merezi du euskaratik polonierara itzulitako literatura lanen aurkezpen txiki bat egitea, halabeharrez txikia izango dena, haatik luzeagoa alderantzizko norabidean egindakoa baino, jakina.
1.1. Euskara eta polonieraren arteko itzulpenak gaur arte
Ezin esan asko direnik polonieraz euskal idazleen lanekin egin diren argitalpenak. Autoreei erreparatzen badiegu, guk egindako bilaketan aurkitu ditugun itzulpenetatik hiru Bernardo Atxagaren eleberriak dira, hurrenez hurren, Obabakoak (1988), Gizona bere bakardadean (1993) eta Soinujolearen semea (2003)[3]. Harkaitz Canoren lanetatik bat irakur daiteke polonieraz, hain zuzen ere, Norbait dabil sute eskaileran (2001). Aukera dago halaber Rikardo Arregi Díaz de Herediaren Kartografia (1998) eta Beñat Etxepareren Linguae Vasconium Primitiae (1545) eslaviar hizkuntza honetan irakurtzeko, baita Mariasun Landaren Elefante txori-bihotza (2001). Baina, akabo! Horiek dira, zuzen baldin bagabiltza, polonieratutako obra oso bakarrak.
Hainbat esperientzia anitz.
Beste hiru argitalpen -Kasprzycki et al. (1992), Szofer eta Zawiszewski (2000) eta Sosnowska (2016) hurrenez hurren- jatorrizko sorkuntzaren zati bati dagozkio, hots, lehenengoa Obabakoak (1988) eleberriaren atal batzuk, bigarrena Aldekoa (1993), Iturbe (1995) eta Sarrionandiari (1983) hartutako zenbait ipuin eta hirugarrena Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria (1998) bildumaren lagin bat dira.
Bernardo Atxagaren Obabakoak polonieraz agertutako lehen euskal idazlana.
Bada beste egitasmo bat, gauden lekutik jakinmin eta miresmenez begiratzen dioguna, eta hori Posnaniako AMUn 2011n talde-lanean itzulitako euskal ipuinen bilduma da (Askoren artean, 2011). Proiektuaren koordinatzaileak orduan bertako euskara irakurlea zen Amaia Donés Mendia eta Bego Montorio itzultzailea izan ziren eta beraiek egin zuten ipuinen aukeraketa. Argitalpen honen bertute handietako bat -11 urte lehenago Posnanian bertan argia ikusi zuen liburuaren (Szofer, Zawiszewski, 2000) kasuan bezala- euskal literaturaren izen eta estilo anitzak erakustea da. Bi itzulpen lan horiei esker, arestian aipatutakoez gain, ondoko euskal idazleen sorkuntza irakur dezake polonierazko irakurleak: Arrate Egaña, Jon Martin Etxebeste, Julen Gabiria, Juan Garzia Garmendia, Lander Garro, Jon Gaztelumendi, Arantxa Iturbe, Koldo Izagirre, Karmele Jaio, Edorta Jimenez, Anjel Lertxundi, Jon Mirande, Inazio Mujika Iraola, Eider Rodriguez, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia eta Arantxa Urretabizkaia.
Szofer eta Zawiszewskik zuzenean euskaratik 2000. urtean.
Azkenik eta zerrenda hau amaitzeko, EIZIEk egindako itzulpen lantegien emaitzak daude. Batetik, “idazlea itzultzailearen lantegian” proiektuaren barruan burututako lanak eta Senez aldizkarian monografiko gisa kaleratu zirenak daude, hala Jokin Muñozekin egindakoa (2005), nola hiru urte beranduago Xabier Montoiarekin batera egin zena, 2011n Arantxa Iturberekin eta 2014an berriz Juan Kruz Igerabiderekin.
Era horretako beste esperientzia bat ere antolatu zuen EIZIEk 2016an, “deserria itzultzen” izenekoa eta itzuli beharreko euskal egilea oraingoan Arantxa Urretabizkaia izan zen, bere Koaderno gorriaren (1998) pasarte bat izan zelarik hautatua zeregin honetarako, lehen adierazi bezala.
Aipaturiko ekimenotan hainbat hizkuntzatara itzuli ziren jatorrizko euskarazko lanak eta haietako bat poloniera izan zen.
Polonian ere egin da horrelako esperientziarik, hain zuzen ere 2019ko udazkenean Opowiadanie aldizkariaren 9. zenbakian Wroclawen ospatu zen nazioarteko narrazio jaialdiaren ekimenez polonierara itzulitako hainbat narrazio labur argitaratu ziren eta horien artean dago Alicja Jankowiakek (lehen Alicja Wiącek) idatzitako Lustro, Karmele Jaioren Ispilua kontakizunaren itzulpena[4].
Ezin aipatu gabe utzi, 2016an bertan Donostia eta Wroclaw hiri kulturalak egitasmoen inguruan Polonian argitaratu zen beste euskal narrazio baten itzulpena, Goiatz Labandibarren Hala bazan... klixk! (2016) kontakizunarena, alegia.
Azalpen labur honi amaiera emango diogu guk dakigula euskarara eroan diren polonierazko testuez hitz eginez. Sonia Kołaczek eta Amaia Apaulazaren artean Ryszard Kapuściński (1975) eta Olga Tokarczuk (2009) itzuli dituzte euskarara eta hurrenez hurren 2019an eta 2020an kaleratu dira liburuok. Gainera, Sonia Kołaczek, Joana Anders (lehen Janiszewska) eta Alicja Jankowiakek, Amaia Donés eta Aiora Jakaren zuzenketekin, Maciej Wojtyszekek haurrentzako idatzitako Bromba i inni (1975) ipuin bildumatik bederatzi atal itzuli zituzten eta Senez 44an Aiora Jakak (2013) argitaratu zituen. 2016an, halaber, Magdalena Gazdak Wojciech Bonowiczen Poloniako bertso-ipuinen antologia (2016) euskarara itzuli zuen, aipaturiko Wrocław hiri kulturala proiektuaren baitan.
1.2. Kronologia
Euskaratik polonierarako lehen itzulpen ezaguna 1992koa da. Artur Kasprzycki, Teresa Sikora, Anna Sobolewska eta Hanna Żelaznak egin zuten, Krakovian argitaratu zen eta Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) eleberriaren zati bat da. Garai hartan laurak ziren Krakoviako Uniwersytet Jagiellońskiko ikasleak Piotr Sawickiri ikasi diogunez[5] eta itzulpen hau estreinekoa izan zen haientzat, 159 orrialdeko debuta, alajaina!
Honen argitara, ezin da ontzat hartu Joanna Markowskak mysliodwazne-aziavera.blogspot.com helbidean adierazten duena[6], “jest pierwszym opowiadaniem baskijskiej przetłumaczonym na język polski”, hau da, Mariasun Landaren Elefante txori-bihotza (2001) polonierara itzultzen den lehen euskal kontakizuna dela. Ez lehena, ezta bigarrena ere, eta gainera lehenengoa baino 20 urte beranduagokoa, gero ikusiko dugun moduan (Kurosz, 2012).
Aipaturiko 1992ko lehenengo saiakera horren ondotik zortzi urte igaro ziren 2000. urtean Alicja Szofer eta Adam Zawiszewskik euskaratik zuzenean egindako itzulpenak argitara eman ziren arte.
2005ekoa da hurrengo lana, berriro ere Adam Zawiszewkiren eskutik datorkiguna eta EIZIEk antolatutako lantegien ondorio, zeinetan Jokin Muñozen Hausturak (2005) itzuli zen.
2007ko Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) eta Soinujolearen semearen (2003) itzulpenak ezin izan ditugu baieztatu lan hau amaitzeko orduan (ik. 3 oin-oharra).
2008an Joanna Janiszewskak Xabier Montoiaren Irapuato:makurkeria nagusi (2008) itzuli zuen, berriz ere EIZIEren eskutik.
Ostean, 2011n, Posnaniako AMUko euskara-ikasleen itzulpen saiakera gertatu zen. Amaia Donés eta Bego Montoriok gidatutako tailerrean euskal ipuinen itzulpenak egin zituzten ikasleek eta lan horren ondorio izan zen Kontu-kontari. Opowiadania baskijskie (Askoren artean, 2011) liburuaren argitalpena. Proiektuan parte hartu zutenen izenak asko dira: Katarzyna Mirgos, Joanna Janiszewska, Paulina Bank, Sonia Kołaczek, Alicja Wiącek, Marta Kopińska, Magdalena Gazda, Natalia Stolarska eta Monika Czerny itzultzaile lanetan jardun ziren; eta Marta Buszkiewicz, Monika Glińska, Karolina Kononowicz, Monika Młodnicka eta Alicja Wiącek bera zuzentzaile gisa.
2011n bertan argitaratu zen Senez 42 aldizkaria, Monika Czernyren Aitarekin bidaian (Iturbe, Intxaurraga, 2009) antzezlanaren itzulpenarekin.
2012an Weronika Kuroszek Słoń o ptasim sercu izenaz argitaratu zuen lehen aipatutako Mariasun Landaren Elefante txori-bihotza (2001).
2013an, AMUn Etxepareko irakurletzatik antolatutako beste ekitaldi baten ondorioz, Kołaczek, Anders eta Jankowiakek (Wiącek) Macjei Wojtyszeken ipuinak (1975) ekarri zituzten euskarara.
2014an EIZIEk Juan Kruz Igerabiderekin egindako tailerrean Monika Czernyk hartu zuen parte polonierarako itzultzaile lez.
Urte bete geroago, 2015ean, etorri zen Dorota Krajewskaren Linguae Vasconum Primitiae (1545) lehen euskarazko liburu argitaratuaren itzulpena polonierara.
Hurrengo urtearen emari oparoak euskarazko literaturaren polonierazko itzulpengintzari azken bost urteetan emandako abiadaren bizkortzea ekar ziezaiokeen, urte horretan, guk dakigula, bost argitalpen egin baitziren. Barbara Stawicka-Pireckak Rikardo Arregiren Kartografia (1998) eta Harkaitz Canoren Norbait dabil sute eskaileran (2001) ekarri zituen Poloniako irakurleentzat, biak ala biak gaztelania bitarteko hizkuntzatzat erabilita. Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorriaren (1998) lagina ere urte hartan bertan itzuli zuen Katarzyna Sosnowskak[7] eta Magdalena Gazdaren I ja tam bylam... pstryk! ere 2016koa da, baita itzultzaile berak euskarara ekarritako Bonowiczen Poloniako bertso-ipuinen (2016) antologia ere.
Katarzyna Sosnowska izan da 2019an Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean itzuli duena[8]. Eta 2019koa da halaber, aurrerago aurkeztutako A. Jankowiaken Karmele Jaioren (2016) itzulpen laburra. 2019 eta 2020 urteek, bestalde, Apalauza eta Kołaczeken euskararako itzulpenak ekarri dituzte, aurreko atalean azaldu bezala.
Poloniar egile handiak euskaraz bitarteko hizkuntzarik gabe.
2. Gure ikastaroaren egitasmoa
Egia esango badut, guri egokitutako itzulpen-ikastaroa emateko orduan oraindik ez nekien zein zen euskal itzulpengintzak Polonian egindako ibilbidea, aurreko datuak beraz, gerora bildutakoak dira. Hemendik aurrera, 2021 urteko martxoa eta ekainaren artean egindako 30 orduko itzulpen esperientzia praktiko eta teorikoa aurkeztutako da, argitalpen honen helburuari egokitzeko komenigarriak iritzitako arloak azalduz; hemen eta han xehetasunak gehituz edo kenduz.
Helburuak:
- Itzultzeko estrategien lanketa teorikoa eta praktikoa.
- Euskaratik polonierara itzulitako hitz eta esapideen bilduma bat sortzea, estrategiaz estrategia sailkatuz.
Landuko diren gaitasunak:
- Irakurketa ulerkorra.
- Hausnarketa semantikoa, morfologikoa eta sintaktikoa.
- Azterketa etimologikoa.
- Hizkuntzen berezko izaera eta egituraren inguruko gogoeta.
Lortu nahi diren emaitzak:
- Ikasleak itzultzeko teknikak ezagutzea.
- Ikaslea itzultzeko teknikak erabiltzen trebatzea.
Ekintzaren deskribapena:
Itzultzeko teknika eta estrategien ezagutza teorikoa eta praktikoa eskutik joango dira ikastaro honetan. Horretarako, itzulpen-estrategiei lotutako kontzeptuak ulertzearekin batera, ezagutzak barneratzeko ariketa espezifikoak egingo dira, estrategiaz estrategia.
Unitate didaktiko hau sortzeko erabilitako oinarrizko euskarriak Joana Loyo Cabezudoren Itzulpen-estrategiak. Irizpide nagusiak (2013) artikulua eta euskarazkontrolatuz blogetik hartutako itzulpen-ariketak izan dira. Ariketok euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpenerako adibideak direnez, polonierazko adibideekin osatuko ditugu ikasle-irakaslearen artean. Horrela, hainbat helburu beteko ditugu, batetik ikaslearen gaztelaniaren ezagutza aprobetxatuz, itzulpen-estrategia zehatzen adibideak lantzea; bestetik, ikasleak teknika horiek bere ama-hizkuntzan praktikan jartzea, horrela haiek erabiltzen ikasteko; eta amaitzeko, irakaskuntza eta ikerketarako material berriak sortzea, euskaratik polonierarako itzulpenen adibide zehatzekin lagin bat sortuz.
Azkenik, B1 mailako testu labur batzuk erabiliko dira bai euskaratik polonierara eta bai kontrako norabidean ere itzultzeko. Testuak narratiboak izango dira, biografia eta albisteen gisakoak. Jarduera honetan aurretik landutako teknikez hausnartzeaz gainera, erabili ere egingo dira.
3. Hastera goaz!
3.1. Lehenengo zatia: jakingai teorikoak
3.1.1. Mezuari zintzo eutsi
Oinarri teorikoak, esan bezala, Loyorengandik geureganatu ditugu. Aipatutako artikuluaren hasieran, itzulpena zer den eta nola egin behar den adierazten da eta geuk ere azalpen horiekin hasi genuen ikastaroa.
Itzulpena mezuak hizkuntza batetik (sorburu hizkuntza, SH) beste batera (xede-hizkuntza, XH) pasatzeko bidea da eta Loyok García Yebrari[9] jarraituz ezaugarri hauek egozten dizkio:
- Abiapuntuko testuak dioen guztia esatea.
- Ez dioen ezer ez esatea.
- Esaten dena ahalik eta hizkera natural eta jatorrenean adieraztea.
Argitasuna, naturaltasuna eta arintasuna, horiexek dira itzultzailearen helburuak, edukia erraz eta arazorik gabe hartzailearengana helarazteko. Izan ere, itzultzaileak egokitu egin behar du XHra SHko testua.
Esateko moduak moldatu behar ditu, Loyoren hitzak erabiliz, “formulazioa borobildu, adieraziak argitu eta adierazpena modu orekatuan egin”.
Ezin da besterik gabe hizkuntza batetik bestera kopiatu, jakina baita, hizkuntza bakoitzak berezkoak zaizkion eta besteengandik berezitzen dituen joskerak, erabilerak eta egitura propioak dituela.
Itzultzeko jarraitu beharreko urratsak zeintzuk diren ere argi uzten digu Joana Loyok artikuluan, hona hemen labur-labur agertuta:
- Jatorrizko testua ondo irakurri eta ulertu.
- Mezuaren hartzailea kontuan hartu.
- Sortzen dugun lehenengo testuak ez du zertan amaierakoa izan behar.
- Amaierako testuak ulergarria izan behar du eta, ahal den heinean, irakurtzeko erraza.
3.1.2. Mezuari kale egiteko arrazoiak
3.1.2.1. Adibide unibertsalak
Paco Lema itzultzaileak (2017) historian mezuari traizio egin dioten itzulpenen arrazoiak zerrendatzen ditu, hauek erlijiozkoak, politikoak, modari lotutakoak, zentsurak eragindakoak, gezurrezko itzulpenak edota testuaren ulermen okerraren kariaz burututakoak izan daitezkeela aipatuz.
Erlijiozko itzulpen iruzurtien adibidetzat jartzen du Testamentu Zaharreko pasarte batekin egindakoa. Bertan hebreeraz agertzen zen “neska batek” haur bat ernaldu eta hartaz erdituko zela eta ume hura Jainkoaren semea izango zela (Isaías 7, 14). Aitzitik, testu zati hori grekerara itzultzearen arduradunek “neska”ren itzulpentzat “birjina” aukeratu zuten. Bai hebreeraz, bai grekeraz, hitz biek ala biek daukate “emakume gazte” esanahia, baina une hartatik aurrera, “birjina” hitza erabiltzearen konnotazio eta ondorioak oso bestelakoak izan ziren. Nahita ala nahigabe izan zen? Akatsa ala manipulazioa egin zuten itzultzaileek?
Arrazoi politikoetan oinarritutako itzulpen iruzurtiez edo itzultzaileen balizko zitalkeriaz diharduelarik, otomandar inperioan “dragoman handia”ren kargua zegoela diosku Lemak. Bere egitekoa zen kultur-bitartekari eta interpretari ofizialari zegozkion lanak aurrera eramatea. Stavrachi Aristarchi izan ei zen azken greziar dragomana, XIX. mendearen lehen laurdenean traizio egiteagatik urkatua izan zena, agintariek Greziako independentziako gerran errebeldeekin lankidetzan aritu izana leporatu eta gero. Al Mayal arabierazko interprete irakiarraren kasua ere argitara ematen da artikulu honetan, 2004an atxilotu zutena, 2003ko Espainiako Inteligentziaren Zentro Nazionaleko zazpi kideren heriotza eragin zuen atentatuan laguntzearen salaketapean.
Modak ere eragin ditu itzulpen ez jatorrak. Berpizkundea eta XIX. mendearen amaiera bitartean, itzultzailearen lana zen jatorrizko testuak zuzendu eta hobetzea. Izan ere, XVII-XVIII. mendeetako Frantzian “eder desleial” izendatzen ziren sorkuntza lanok.
Zentsura eta nork bere buruari eragindako zentsuraz zer ez ote dakigu euskaldunok? Lemak Frankismoa dakargu gogora:
“Un buen ejemplo es la censura de traducciones literarias en la España franquista, donde durante cuarenta años la censura fue estricta y sistemática. Su objetivo era proteger la moral, la religión y el régimen, por lo que se censuraba y cortaba de raíz cualquier contenido que pudiera considerarse contrario a esos principios. No es de extrañar que esta censura llevase a la autocensura, ya que los traductores, editores y autores intentaban curarse en salud para evitar males mayores y represalias”.
Frankismoa baino askoz aurreragokoa da, baina, zentsura, Joan Mari Torrealdaik (2000a) argi azaldu moduan:
“Aurretiazko zentsura ez da frankismoaren asmakizuna. Ez. Eliz jatorria du aurretiazko zentsurak. Inprimategia asmatu eta berehala ezarri zen, prebentziozko neurri gisa. Alejandro VI.a aita santuak liburuentzako aurretiazko zentsura zabaldu zuen, herrialde katoliko guztietan ezartzekoa, 1501eko ekainaren 1eko data daroan inprentako dekretuaren bidez. XVIII. mendera arte estatu gehienek indarrean izan zuten.
1502ko uztailaren 8ko arau baten bidez ezarri zuten Espainian Errege-erregina Katolikoek. Liburua egin edo beste erresumetatik ekarritakoa zabaldu aurretik lizentzia eskatzera behartzen zituen inprimatzaile guztiak. 1812ko Cadizko Gorteek deuseztatu arte indarrean izan zen. Fernando VII.ak berriz ezarri zuen, eta Sagastaren alderdi liberalak proposatuta ezabatu zen 1883an”.
Beste zenbaitetan, jendaurrean egiletza aitortu beharra ekiditeko, itzulpen lanaren mozorroarekin agertu izan dira jatorrizko obrak. Lemak Lettres d'amour de religieuse portugaise, Guilleraguesen fizkio-lana jartzen du adibidetzat.
Amaitzeko, itzulpen eskasak daude, jatorrizko testua ondo ez ulertzeagatik edota behar bezala birsortzen ez jakiteagatik -jatorrizkoaren erregistroa, mezua eta asmoa errespetatuz- mezuari iruzur egiten diotenak.
3.1.2.2. Euskal Herriko onomastikaren adibideak. Diglosiaren ondorioak.
Ikaslearekin eztabaidatu nahi izan nuen gai hau, euskara eta euskal komunitateari lotutako ikasketetan soziolinguistikari zor zaion garrantzia eman behar zaiolakoan bainago. Horretarako, bi ikuspuntutatik helduko diot azalpenari: batetik fonologia eta grafiaren aldetik, eta bestetik, alor semantikotik.
Batetik, fonema eta grafia sistemen artean sortutako nahasmena dela eta, itzultzaileek euskarazko antroponimo eta toponimoak paperera eroatean (eta hori gehien-gehienetan erdararen bidez egin da euskararen historian) eragindako grafia aldetiko forma anitzak zein hiperzuzenketak daude.
Lehenengoaren adibide dira: Errazti/Errasti, Ariztegi/Aristegui, Azula/Asula, Zavala/Sabala/Zabala, Etxeberri/Echeverry, Artze/Arze/Arce eta beste asko eta asko antroponimoen artean, baina, fenomeno bera gertatzen da toponimoekin ere, Ermua/Hermua, esate baterako. Aukera aparta hau, inondik inora, ikaslearekin euskal grafiaren bateratzeaz berba egiteko.
Bigarren taldean jarri ditugu hiperzuzenketaren ondorioz gure onomastikan dauzkagun forma bikoitzak, esaterako, Sarraoa/Zarraoa[10], Sarriugarte/Zarriugarte…Horrelakoetan, jatorrizko txistukari igurzkari apikaria (s grafiaz islatua), zenbaitetan, z grafiarekin islatu zuten administrazioetako langileek, eta denborarekin eta euskararen higatze prozesuaren kariaz, gaztelaniazko “zeta” soinua bezala ahoskatzera heldu da. Hiperzuzenketa honen prozesua honakoa litzateke: hasteko, ikasleari azaldu zaio mendebaldeko euskalkian ez dela bereizketarik egiten txistukari igurzkarien eta afrikatuen apikari eta lepokarien artean (sorra eta zorra modu bakarrean ahoskatzen ditu mendebaldeko hiztunak, apikariaren aldeko neutralizazioa eraginez, baita atso eta atzo, afrikarietan lepokaria hobetsiz). Horri gehitu behar zaio euskaraz gaztelaniazko “zeta” soinua ez egotea.
Eta puntu honetan euskaldun ez den fede oneko gizakiak zalantza ager lezake eta pentsatu eremu honetan (mendebaldean) ziharduten erdal itzultzaile elebakarrek euskaldunek gaztelaniazko s eta z fonemak berdin ahoskatzen zituztela ikusirik (zein alde dago bada cazar eta casar-en artean?), ez zeukatela irizpiderik erregistro eta agiri ofizialetan izenok nola idatzi erabakitzeko. Eta hortaz, pentsa liteke, iritzira egiten zutela grafiaren hautaketa, batzuetan Sarrionandia eta bestetan Zarrionandia aukeratuz. Ez da iritzi horretakoa, ostera, Torrealdai (2000b):
“Euskararen presentzia publikoa arras ezabatu nahi izan zuen frankismoak euskal lurren okupazioaren lehen unetik. Grafiari dagokionez, hainbat etxe eta toki publikotako izenak aldatu egin behar izan ziren. Jon Etxaidek luze kontatzen ditu kontu horiek, nola k guztiak kendu zituzten, tx nola bihurtu behar izan zen ch sistematikoki. Telefónicaren gida ere goitik behera arakatu zuten eta aldatu grafiaren aldetik.
Liburuetan ere r eta l azentudunak, adibidez, arazo izan ziren oso berandu arte. Rr eta ll idatzi behar zen erremedio gabe. Euskaltzaindiari aurrea eta gaina hartu zion zentsurak. Bi idazkerek bide librea zuten Euskaltzaindiaren arabera.
Bi euskara bereizten ditu frankismoak: bata «espainola», eta «separatista» bestea. Lehenengoa herritarra da, tradizionala, benetakoa, ahozko tradiziotik hurbil dago, bertsolariena da. Euskara hau ortografia espainolean idatzitakoa da, betikoan. Euskara garbia eta gardena (puro y limpio) da hau, neologismoz eta separatismoz kutsatu gabea.
Bigarren hizkuntza, aldiz, artifiziala da, Arana Goirik asmatua, ulertezina, neologismoz betea, laborategikoa. Ortografia ere berria da, «separatista» (sic). Euskara hau, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak onartua izan, edo agian horrexegatik, ez du onartzen zentsurak. Nahiz eta Euskaltzaindiak ere onartu, berdin dio. Azken batean, garai hartako hizkuntza normalizatua borrokatzen zuen frankismoak, separatista omen zelako”.
Praktika horrek, jakina, pertsona edo leku izen horien azterketa etimologikoa zailduko du eta euskal onomastikaren normalizazioaren bidean harri koxkorrak ezarri.
Onomastikaren idazkera baturako irizpideak ezartzen Euskaltzaindiak hainbeste urteko lana eta beste horrenbesteko orri idazteko beharra izan duela eta oraindik ere baduela ikasleari argi utzi zitzaion eta arestian aipatutakoak adibide txiki batzuk baino ez direla.
Bestetik, arlo semantikoari heldu genion. Ezagunak dira gure gizataldean euskaraz ez dakiten hiztunak nagusitzeak (kopuruaren zein prestigioaren ikuspegitik) eragin dituen toponimoen itzulpen okerrak. Eibarko Errainaren etxearen kasua ezaguna da gure herrian. Noizbait errainarenean bizi izan ei zen norbait eta auskalo bera ala besteren bat bizilekuari horrela deitzen hasi eta izen hori geratu zitzaion etxeari. Gaztelaniazko hiztun elebakarrak egindako itzulpena, aitzitik, la casa de la reina izan zen (erreginarena), eta hortik berriz euskaratu, Kasalarreina toponimo berria sortuz. Iruñean ere badute horrelakorik. Koldo Izagirrek dioskunez, La cuesta de la rubia izenez ezagutzen omen da Nafarroako hiriburuko leku bat; jatorrizko toponimoa Harrobia omen zen, ordea, bertan egon zen harrobia zelarik izenaren oinarrian zirauena. Urtetxo batzuk badira horrelako ipuin mordo bat kontatu zizkiguna Koldo Izagirrek Elgetako liburutegiko aretora bildu ginenoi, arratsalde pasa ahaztezina niretzat, gogoan iltzatuta geratu zaizkidan adibidez josia.
3.1.3. Itzulpen estrategiak
Loyorengana itzuliko gara berriz ere eta hark itzulpen estrategiak bi talde nagusitan sailkatzen dituela ikusiko dugu ikaslearekin batera.
Zuzeneko itzulpena:
SHko testuan emandako mezua erraz pasa dezakegu xede-testura, mezu horren egiturak berdinak direlako bi hizkuntzetan. Teknika honen barruan aipatzekoak dira: transferentzia edo mailegua, kalkoa eta sinonimia.
Zeharkako itzulpena:
Jatorrizko testuaren hizkuntzako egiturak xede-testuan erabiliko den hizkuntzan erabili ezin direnean erabiltzen den teknika da hau. Kasu honetan, honako itzulpen-prozedurak erabil ditzakegu: transposizioa, modulazioa, baliokidetasuna, zabalkuntza, egokitzapena, azalpena, ezabapena eta konpentsazioa.
3.2. Bigarren zatia: praktikaldia
Une honetatik aurrera, Loyo Cabezudoren Itzulpen-estrategiak. Irizpide nagusiak (2013) artikuluak zehaztutako estrategia batzuk ekarriko ditugu mahai gainera eta haiei lotuta, arestian aipatutako euskarazkontrolatuz interneteko orritik hartutako ariketak nola aplikatu ditugun eskolan erakutsiko dut, eta jardunetik atera ditugun ikaskuntzak eta ondorioak ere aipatuko ditut.
3.2.1. Sinonimia
Estrategia hau erabiliko da SHko hitzak XHko baliokide zehatzik ez duenean edo naturala ez denean, eta testuaren osotasunari begira informazio galerarik ez dakarrenean.
Esate baterako: El alumno, además de estudiante, debe ser un elemento activo en el aula.
Euskara idatzian, berez, alumno/a eta estudiante modu berean esaten ditugu: ikasle. Baina, kasu honetan, diskurtsoak ez digu hitz berbera erabiltzen uzten. Horregatik, lehenengo tokian ikasle izena eta bigarren tokian ikastun adjektiboa erabiltzeko aukera egiten du ariketa honen egileak.
Ikasleak, ikastuna izateaz gain, elementu aktibo izan behar du gelan.
Polonieraz egindako itzulpenean, gaztelaniazko zein euskarazko adjektiboentzat (ikastun/ estudiante) ordainik ezean, ikasleak aditz-izenaren hautua egin zuen eta uczenie się (ikastea) aukeratu zuen oprócz preposizioarekin batera ikasteaz gainen esanahia lukeen sintagmaren bidez sorburuko mezuaren ideia bera transmitituz.
Uczeń, oprócz (samego) uczenia się, musi być również aktywny w klasie.
Adibide honetan, beraz, ikasi dugu, sinonimorik ezean, beste egitura bat (kasuan preposiziodun sintagma) erabiltzea badagoela, mezuari estuki helduz. Gainera, ikasleak mezua hobeto zehazteko asmoz, elementu bat gehitu du, samego (bere kabuz, modu autonomoan ideia azpimarratzeko).
Beste adibide bat: Servicio de Atención Primaria
Atención hitzak ez du euskaraz zuzeneko ordainik eta horregatik sinonimo baten beharra dago aurrekoa itzuli ahal izateko, laguntza, alegia. Baina, mezua ulergarri izateko nahikoa izango ez delakoan, osasun hitza gehitu zaio, esparru semantikoa mugatzearren. Horrela bada:
Lehen Osasun Laguntzako Zerbitzua
Ikasleak ere pomoc (laguntza) hobetsi du, hor ez du zalantzarik egin. Baina, zein eratako laguntza den zehazki adieraztea, hori gehiago kosta zaio. Izan ere, gogoan izan behar izan du kalkoak ez direla sarri zuzenak eta bere senari entzun eta kontuan izan, bere ama hizkuntzan, polonieran, ez dela zenbatzaile ordinala erabiltzen ideia hau itzultzeko –hain zuzen ere, pierwsza pomoc esamoldearen esanahia beste bat da, lehen sorospena, alegia-. Hori dela eta, bi aukera izan ditu esku artean: pomoc dorażna ala pomoc nagła.
Dorażna izenondoaren esanahia, batez ere, denborari lotutakoa da, behin-behinekoa, noizbehinkakoa, unean unekoa... esan nahi du.
Nagła bat-batekotasunarekin lotuta dago, premiazkotasunetik edo larritasunetik hurbilago dago aurrekoa baino.
Hortaz, pomoc doraźna izan da egindako hautua.
Ez dugu ahaztu, irakurlea, hau ez zela jatorrizko itzulpen ariketak erakutsi nahi zuena, baina poloniera tartean sartzean, fokua aldatu da, esan nahi baita, kontzeptu hau polonierara itzultzean sortzen den zailtasuna ez dela gaztelania eta euskararen artean zegoena, hau da, nola zehaztu oinarrizko zerbitzu hori osasunarekin lotuta dagoela. Izan ere, lehen ariketan atención terminoak euskaraz zehaztu beharra zeukan, polonieraz aldiz ez, pomocek (laguntza) atzetik doraźna adjektiboa badarama, hiztun guztiek dakitelako laguntza horrek osasun laguntza esan nahi duela.
3.2.2. Kalkoa
Teknika hau jatorrizko testuko funtsezko adierazpide edo egitura bat xede-hizkuntzan ez dagoenean erabiltzen da. Loyok adierazpide kalkoa (“[...] xede-testuko egitura errespetatuz, ordurarte hizkuntza horretan ezezaguna zen adierazpen-modua asmatzen da.”) eta egitura-kalkoa (“[...] xede-testuan orduarte ez zegoen egitura sintaktikoa sortzean datza.”) baino aipatu ez arren, kalkoak beste hainbat motatakoak ere izan daitezke, semantikoak esate baterako, edota hitz berria sortzeko erabilitako prozedura kopiatzen dutenak.
Ez dugu ahaztu behar kalkoa baliabide bat dela eta ez dagoela zertan baztertu. Hizkuntzaren dinamikak berak erakusten du zein onartzen den eta zein baztertzen.
Ikus ditzagun guk landutako adibideak:
Movimientos feministas/Mugimendu feministak/Ruchy feministyczne
Adibide honetan baliokidetasun osoa dago hiru hizkuntzen artean. Hiruretan darabilte izen eta adjektiboz osatutako sintagma bat eta hiruretan mugimendu izendatzen da ekimena, kalko semantikoa gertatuz.
Bestetan terminoak morfemaz morfema itzultzen dira beste hizkuntza batera. Hona hemen adibide bat.
Desconocimiento/Ezjakintasun(a)/Niewiedza.
Hiru hizkuntzak jarraitzen zaizkio eratorpenaren bideari, erroaren esanahia ezeztatzen duen aurrizkia gehituz. Gaztelaniaz des-, euskaraz ez- eta polonieraz nie-.
Baina, hau ez da beti gertatzen. Begiratu zer gertatzen den gaztelaniazko “indignidad” hitz eratorriarekin. Euskaraz ezin da *ezduintasun bezala itzuli, baizik eta duintasun(ik) eza edota duintasun falta lirateke ordain zuzenak. Eta polonieraz ere, nie- aurrizkia ez da aukera egokiena, niegodności ez delako berba hain natural eta arrunta. Ikasleak brak godnościren aldeko aukera egin zuen, hitzez hitz “duintasunik gabe”, partitibo eta guzti.
Kalko sintaktikoak ere gerta daitezke, esaterako hau:
Seis menos dos igual a cuatro/Sei ken bi berdin lau/Sześć minus dwa równa się cztery.
Hiru hizkuntzetan hitzez hitzekoa hau ere.
Eta beste honetan ere egituren arteko korrespondentzia dago gaztelania eta polonieraren artean, baina ez euskararekin. Hona:
Lekeitio se encuentra en la costa. Lekeitio znajduje się na wybrzeżu. Polonieraz kalko zuzena da. Euskaraz, aldiz, ez. * Lekeitio kostaldean aurkitzen da (sic). Lekeitio kostaldean dago.
Ondoko beste adibide guztietan gaztelaniazko jatorrizko mezuei egindako kalkoak okerrak dira zein euskaraz, zein polonieraz:
Tiene más edad. * Adin gehiago du (sic). *Ma więcej wiek (sic). Itzulpen zuzenak Zaharragoa/nagusiagoa da euskaraz eta jest starszy/a dira polonieraz, gaztelaniaz es mayor esamoldearen pareko. Polonieraz Ma więcej lat ere espresio zuzena da, euskaraz (urte gehiago du), ordea, ez nago hain seguru gizakumeez hitz egiterakoan hain zuzena den. Horrelakoetan hiztun jatorrei galdetu behar diegu eta idatzizko iturri fidagarrietan oinarritu. Hori izan da beste ikaskuntza bat.
Ha aumentado en cinco euros. Ezin dugu oraingoan ere kalko sintaktikoa egin, ez euskaraz, ez polonieraz ez duelako bat egiten hizkuntzaren berezko izaerarekin. Ez dira, bada, zuzenak * Bost eurotan garestitu da (sic). *Zdrożało w pięć euro (sic). Euskaraz Bost euro garestiagoa da eta polonieraz Zdrożało o pięć euro dira itzulpen egokiak. Dena dela, polonierazko egitura sintaktikoa gaztelaniazkotik oso hurrean dago.
Adizlagun mota aldatzen da, baina egitura sintaktikoari eusten zaio.
Echar una mano. * Esku bat bota (sic). *Rzucić rękę (sic.). Esango genuke euskaraz mezu hori transmititzeko erabil dezakegun bakarra lagundu aditza dela. Polonieraz ere, pomóc aditza erabiliko dugu, nahiz eta badagoen gaztelaniazkoaren tankerako esapide bat Podać (pomocną) dłoń, hitzez hitz, esku ahurra eman.
Celebrar una reunión. * Bilera bat ospatu (sic). *Świętować spotkanie (sic). Ezin dira kalko horiek erabili ez hizkuntza batean, ez bestean. Euskaraz bildu edo bilera egin esango dugu eta polonieraz, spotykać się edo organizować spotkanie.
Hay que mojarse. *Busti egin behar da (sic). *Trzeba (z)moknąć (sic). Euskaraz Zirt edo zart egin behar da!, erabakia hartu beharra dago erabil genitzake ideia hori itzultzeko. Polonieraz Trzeba dojść do porozumienia/kompromisuren aldeko hautua egin du ikasleak.
Atal honi amaiera emateko, Polonian oso ezaguna den kalko bat ekarriko dugu gogora, mihigaiztoek, gainera, politikari ezagun bati egozten dioten itzulpen okerra.
Polonieraz idatzi bat amaitzeko eta aurrez eskerrak emateko erabiltzen den formula oso sustraitua “z góry dziękuję” da eta eskaera bat egin ondoren, agurtzeko erabiltzen da. Aitzitik, “góry” hitzak “mendiak” ere esan nahi du. Hortaz, ingelesez ari zelarik, honakoa bota omen zuen zorigaiztokoak: Thank you from the mountains!
3.2.3. Modulazioa
“[...] teknika hau erabiltzean, mezuaren kontzeptu-oinarria aldatzen da, hau da, ikuspuntua aldatzen da. Itzulpen prozedura hau hitzez hitzekoa eta transposizioa erabilita, gramatikaren aldetik esaldi zuzena lortu arren, hizkuntzaren senaren kontrako denean erabili behar da.” Loyo (2013)
¡No metas ruido!/ Ez egin zaratarik!/Nie hałasuj! Nie rób hałasu!
Esamolde hau itzultzeko euskaraz eta polonieraz, bietan, “egin” aditza behar dugu, ezin baita “zarata sartu” gure ikuspuntutik.
Hurrengo bi adibideetan gaztelaniak eta polonierak ezezkotasunetik, ukapenetik ikusiko dituzte egoerok, euskarak, aldiz, baieztapenetik.
No tiene nada de tonto./ Nie jest głupi/a. Jest niegłupi/a./ Argi-argia da hori, gero! Zera baino argiagoa da hori! Zer den argia!
No llueve/ Nie pada. Jeszcze nie pada./ Ateri dago.
Eta beste honetan ere bat datoz gaztelania eta poloniera, baina ez euskara.
No mayor del 50%/ Nie więcej niż 50%/ %50 baino gutxiago
Hurrengo adibidean -papel pintado/ horma-papera /tapeta- poloniera eta euskara bat datoz garrantzia duena horma estaltzen duen zerbait adierazi nahi dugula, gaztelaniak margotuta dagoela azpimarratzen duen artean.
Azkenik, euskararen aktibotasuna beste bi hizkuntzen pasibotasunerako joerarekin alderatuko dugu bi adibide hauekin:
Será privado de sueldo./ Zostanie (Będzie) pozbawiony/a pensji (wynagrodzenia)./ Soldata kenduko zaio.
El jefe de servicio será nombrado por el director gerente./ Szef obsługi zostanie nominowany przez dyrektora generalnego./ Zuzendari-kudeatzaileak izendatuko du zerbitzu-burua.
3.2.4. Atsotitzak
Loyok berez-berez aipatzen ez duen arren, ikaslearentzat aberasgarria izango zelakoan jorratu genuen esparru hau eta konturatu askotan bat egiten dutela bi hizkuntzek.
“Zartaginak lapikoari (esan zion)” ezagunak, esaterako, badu bere parekoa polonieraz, hots, “Przyganiał kocioł garnkowi”, “eltzeak lapikoari” aldaeraren bidez.
Gezurra hanka motza dela esaten du poloniarrak halaber (Kłamstwo ma krótkie nogi).
“Urte berri, asmo berri”ren ideia adierazteko Nowy rok, nowy/a ja esaten dute Polonian (urte berri, ni berri).
Etxean ikusia, umeak ikasia edo Nolako zura, halako ezpala erako atsotitzak ugariak dira polonieraz, adibidez: Jaki ojciec, taki syn. Jaka matka, taka córka. (Nolako aita, halako semea. Nolako ama, halako alaba) edo Niedaleko pada jabłko od jabłoni (Sagarra ez da sagar-arbolatik urruti erortzen) eta Czego się Jaś nie nauczy, tego Jan nie będzie umiał (Juanek erakusten ez diona, ezingo du Juanitok egiten jakin).
Lanaren ingurukoak:
Nahi bada jan, egin behar da lan. Poloniarrek diotena da: Bez pracy nie ma kołaczy (lanik gabe, afaririk ez).
Adiskidetasuna eta afektibitatea adierazteko:
Adiskide onekin, orduak labur. Czas szybko mija w miłym (dobrym) towarzystwie. Denbora azkar pasatzen dela, alegia, lagunarte onean.
Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman atsotitzari polonierak ematen dion esamoldeari ez zaio soinutasuna eta umorea falta: Obiecanki-cacanki.
3.2.5. Hizkera sexista ekiditeko formulak
Alor honen azterketa ere neuk gehitu nahi izan dut; nahiz eta gure artean 2008tik dugun gidaliburu bat euskararen erabilera sexista ekiditeko[11], Polonian oso gai berria eta polemika handia dakarrena baita.
Hizkera sexistarik ez erabiltzeko aholku batzuek bi hizkuntzetarako balio dute, beste batzuk espezifikoak dira, hizkuntza bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatutakoak.
Euskaraz idazterakoan gizon hitza gizonezkoa adierazteko erabiliko da. Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, pertsona, lagun, gizaki edo jende idatziko da. Oro har mintzatzeko, –lari eta –ri atzizkiak erabiliko dira, eta ez –gizon: esaterako, legelari, eta ez legegizon. Era berean jokatuko da genero marka duten beste atzizkiekin: gizon-emakumeez aritzeko, iruindar erabiliko da, eta ez iruinseme[12].
Tradiziorik gabeko hitzetan, –sa atzizkia ez da erabiliko: esaterako, aktore idatziko da, eta ez aktoresa*; dantzari, eta ez dantzarisa*.
Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, egoki euskaratzeko informazioa bildu beharra dago. Adibidez, jakin behar da children, enfants, hijos edo dzieci zer diren zehazki: seme-alabak, semeak edo alabak. Informazio hori biltzea ezinezkoa bazaigu, seme-alabak idatziko dugu, eta txikiak badira, haur eta ume ere erabil dezakegu[13]. Modu berean jokatuko da euskaraz hitz elkartuak erabiltzen diren beste kasuetan ere: neska-mutikoak, errege-erreginak, maisu-maistrak, jaun-andreak, andre-gizonak, neba-arrebak…
Polonieraz badira erabilera bitxiak eta berritzaileak alor honetan. Ikasleak azaldu zuen król (errege) bientzat, gizon-emakumeentzat, erabiltzen dela, baina forma femeninoak (królowa) erregeren emazteaz baino ez diharduela[14]. Nik ikusi dudanaren arabera, aldiz, gehienetan królowa da kasu hauetan erabiltzen dena eta sexu eta generoen arteko berdintasunaren aldeko arau berritzailetzat joko nuke nik ikasleak proposatutakoa. Euskararen kasuan ere egin ahalgo litzatekeena, bestalde.
Bestelakoetan, esan nahi baita, sexu-generoa markatua denean, euskararentzat baliagarri diren arau berak erabiltzea aholkatuko genuke, bikoizketa edota plural inklusiboak, alegia. Horrela bada, neska-mutilaken baliokideak dziewczyny i chłopcy, dzieci eta młodzież dira besteren artean, anai-arrebak esateko rodzeństwo daukagu eta gurasoak izendatzeko rodzice. Irakasleak erakoak itzultzeko ere bikoizketa erabili beharko da ikusgarritasunaren eta inklusibitatearen izenean: nauczyciele i nauczycielki.
Agurretan ekidin beharrekoa da Szanowni Państwo!, gaztelaniazko Distinguidos señores eta euskarazko Jaun agurgarriak! formulen parekoa eta andreak eta gizonak agurtu: Szanowne Panie i Szanowni Państwo. Geroz eta arruntagoak diren praktikak dira hauek, gizartean dagoean eztabaida biziaren isla.
Aipatutako kasuez gain, Berria eta EITBko estilo liburuetan argitaratutako hainbat arauri buruz mintzatu ginen, beste batzuen artean estereotipo sexistei lotutako adjektiboak ez ditugula erabiliko ezein hizkuntzatan, familia loturen aipamen alferrikakorik ez dela egingo edota emakumeez mintzatzean ez dagoela genero aldetik markatua den hitzik zer erabili.
4. Amaitzeko
Sarreran esan bezala, artikulu honetan adierazitakoa ikastaroan landutakoaren laburpen eta egokitzapen bat da. Eskola saioetan egindako sinonimoen bilaketa ariketen emaitzak eta kalko, esamolde eta atsotitzen itzulpenak modu grafikoan sistematizatuta ere badaude. Gainera, hainbat moldetako testu laburren itzulpenak ere gauzatu ziren -biografiak, azalpenak, olerkiak- bien bitartean itzulpen estrategia anitzez hausnarketa egin eta praktikan jarriz.
Poloniera eta euskararen arteko harremanari dagokionean eta estrategia eta erronkei gagozkiolarik, lerro hauek aprobetxatu nahi ditut azpimarratzeko Posnaniako Adam Mickiewicz Unibertsitateko Euskara Irakurletzak duela 20 urtetik itzulpengintzaren alde egindako lana eta esparru honetan irekitako bidea, gaur gaurkoz bitarteko hizkuntzarik erabili gabe itzultzen diharduten ia-ia guztiek (Katarzyna Sosnowskak ez) bertan ekin baitzioten bide honi. Ondotik EIZIE eta Etxepare Institutuak eman diote jarraipena ekinbideari, euskal idazleekin lantegiak antolatuz eta poloniera eta euskararen arteko itzulpen zuzena sustatuz. Eta zuzeneko itzulpengintzarena azpimarratzen dugu, beharrezkoa delako bitartekorik, iragazirik gabe, euskaldunaren begi eta ahotik artez itzultzea gure literatura munduan benetan ezagutuko bada.
Orain arteko ahaleginak gogoan, balio beza norabide berean egindako azken urrats honek kateari beste maila bat gehitzeko eta etorkizuneko egitasmoak hauspatzeko.
5. Bibliografia
5.1. Bibliografia orokorra
ASKOREN ARTEAN (2016), EITBren estilo liburua, EHU-ETB. Non: EITB [linean] [Kontsulta 2021eko otsailaren 23an]. Berreskuratua: https://www.eitb.eus/multimedia/corporativo/documentos/EiTB-Estilo-Liburua-20160929.pdf
Atsotitzak: euskararen altxorra (2021). Non: Ikasbil [linean]. [Kontsulta 2021eko otsailaren 23an]. Berreskuratua: https://www.ikasbil.eus/eu/artikuloaren-fitxa?articleId=27946699
BARQUÍN LÓPEZ, A. (2008), Euskararen erabilera ez sexista, Emakunde, Gasteiz.
Berria estilo liburua. Non: [linean] [Kontsulta 2021eko otsailaren 23an], https://www.berria.eus/estiloliburua/
Bost minutuko ikastaroa: Hizkera sexista, Naizen, eta Aitziber Garmendia (2021eko otsailaren 16a). Non: Mintzanet [linean]. [Kontsulta 2021eko otsailaren 23an]. Berreskuratua: http://mintzanet.net/bost-minutuko-ikastaroa-hizkera-sexista-naizen-eta-aitziber-garmendia/
EIZIE, Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu basea [linean] [sarritan kontsultatua], http://nordanor.eus.
GOIRIA MENDIOLEA, N. (2013ko maiatzaren 23an), Gerra sasoian abizena z-taz jarri zieten, in https://ahotsak.eus [linean], [kontsulta 2021eko urriaren 5ean]. Berreskuratua: https://ahotsak.eus/zaldibar/pasarteak/zal-010-025/
Itzulpen-teknikak (2019). Non: Euskaraz kontrolatuz [linean] [kontsulta 2021eko otsailaren 23an]. Berreskuratua: https://euskarazkontrolatuz.blogspot.com/search/label/ITZULPEN-TEKNIKAK?m=0
LEMA, P., Traductor, ¿traidor? (2017ko apirilaren 17a). Non: https://lematraductores.com [linean]. [Kontsulta 2021eko irailaren 23an]. Berreskuratua: https://www.lematraductores.com/blog/traductor-traidor/
LOYO CABEZUDO, J. (2013), Itzulpen-estrategiak_irizpide-nagusiak, in www.ehu.eus › files [linean], [kontsulta 2021eko otsailaren 23an]. Berreskuratua: http://www.ehu.eus/ehusfera/garalex/files/2013/04/Itzulpen-estrategiak_irizpide-nagusiak_Joana-Loyo.pdf
SAWICKI P. (2009), “Trydzieści lat, parę chwil- nie tylko w Krakowie. Glosa do portretu Jadwigi”, Studia iberystyczne, 8, Księga Pamiątkowa dedykowana Profesor Jadwidze Koniecznej-Twardzikowej (29-38 or.), Krakovia.
TORREALDAI, J.M., (2000a), “Zentsura ez du frankismoak asmatu”, Artaziak. Non: susa-literatura.eus [linean], [kontsulta 2021eko irailaren 23an]. Berreskuratuta: http://www.susa-literatura.eus/liburuak/best08005
TORREALDAI, J.M., (2000b), “Grafía española”, Artaziak. Non: susa-literatura.eus [linean], [kontsulta 2021eko urriaren 12an]. Berreskuratuta: http://susa-literatura.eus/liburuak/best08039
-(T)SA atzizkia. Non: EHULKUren aholkuak ordena alfabetikoan [linean]. [Kontsulta 2021eko otsailaren 23an]. Berreskuratua: https://www.ehu.eus/eu/web/euskara/ehulku-aurkibidea
5.2. Aipatutako literatur-lanak: jatorrizkoak eta itzulpenak
ALDEKOA, I. (1993). Euskal ipuinen antologia bat, Irun, Alberdania. Itz. SZOFER, A., ZAWISZEWSKI, A. (2000), Pewnej nocy w parku: opowiadania baskijskie, Poznań, Rebis (Salamandra).
APALAUZA A.,; KOŁACZEK S. (2019). Kristo fusilarekin, Iruñea, Katakrak. Jatorrizkoa: KAPUŚCIŃSKI, R. (1975). Chrystus z karabinem na ramieniu, Nowe Książki.
APALAUZA A.,; KOŁACZEK S. (2020), Erabili goldea hilen hezurren gainetik, Iruñea, Katakrak. Jatorrizkoa: TOKARCZUK, O. (2009). Prowadź swój pług przez kości umarłych, Krakovia, Wydawnictwo Literackie.
ARREGI, R. (1998). Kartografia, Irun, Alberdania. Itz. STAWICKA-PIRECKA, B. (2016). Kartografia. Wroclaw, Biuro Festiwalowe Impart. Bitarteko hizkuntza: gaztelania.
ASKOREN ARTEAN, (2011). Kontu kontari, Opowiadania Baskijskie, Wielichowo, Tipi. Testua online https://eizie.eus/eu/jarduerak/lit_itzul_sustapena/polonia_euskaraz/13denakbatera.pdf
ATXAGA, B. (1988). Obabakoak, Donostia, Erein. Itz. KASPRZYCKI A. ET AL. (1992). Obabakoak. W poszukiwaniu ostatniego słowa (zatia), Krakovia, Oficyna Literacka.
ATXAGA, B. (1993). Gizona bere bakardadean, Iruñea, Pamiela. Itz. SOSNOWSKA, K. (2019). Samotny mężczyzna, Wrocław, Książkowe klimaty.
ATXAGA, B. (2003). Soinujolearen semea, Iruñea, Pamiela.
BONOWICZ, W. (2016). Droga nie ma końca: antologia wierszowanej bajki polskiej; GAZDA, M., Bidea ez da amaitzen: Poloniako bertso-ipuinen antologia, Wroclaw, Biuro Festiwalowe IMPART 2016.
CANO, H. (2001). Norbait dabil sute eskaileran, Zarautz, Susa. Itz. STAWICKA-PIRECKA, B. (2016). Któs chodzi po drabinie przeciwpożarowej, Wrocław, Biuro Festiwalowe Impart 2016. Zeharka: bitarteko hizkuntza, gaztelania.
CZERNY, M. (2011). Podróż z ojcem, Senez 42, EIZIE, Zarautz, Itxaropena. Jatorrizkoa: ITURBE, A.; INTXAURRAGA A. (2009). Aitarekin bidaian, HIKA teatroa.
CZERNY, M. (2014). Korapiloak deskorapilatzen lantegia; J.K. IGERABIDE Senez 45, EIZIE, Zarautz, Itxaropena.
ETXEPARE, B. (1545). Linguae Vasconum Primitiae, Bordele. Itz. KRAJEWSKA, D. (2015). Linguae Vasconum Primitiae, Bilbo-Gasteiz, Euskaltzaindia-Eusko Legebiltzarra.
GAZDA, M. (2016). Bidea ez da amaitzen: Poloniako bertso-ipuinen antologia, Wroclaw, Biuro Festiwalowe IMPART 2016. Jatorrizkoa: BONOWICZ, W. (2016) Droga nie ma końca: antologia wierszowanej bajki polskiej, Wroclaw, Biuro Festiwalowe IMPART 2016.
GAZDA, M. (2016). I ja tam bylam... pstryk!, Wroclaw, WRO, Polonia. Jatorrizkoa: LABANDIBAR, G. (2016). Hala bazan... klixk!, Wroclaw, WRO, Polonia.
IGERABIDE, J.K. (2014). Korapiloak deskorapilatzen; CZERNY, M., Senez 45, EIZIE, Donostia.
ITURBE, A.; INTXAURRAGA A. (2009). Aitarekin bidaian, HIKA teatroa; CZERNY, M. (2011). Podróż z ojcem, Senez 42, EIZIE, Zarautz, Itxaropena.
ITURBE, A. (1995). Lehenago zen berandu, Alberdania. Itz. SZOFER, A.; ZAWISZEWSKI, A. (2000). Pewnej nocy w parku: opowiadania baskijskie, Poznań, Rebis (Salamandra).
JAIO, K. (2016). The mirror, Best European Fiction (2017), Dalkey Archive Press, Illinois; (2022). No soy yo, Ediciones Destino. Itz. JANKOWIAK, A. (2019). Lustro, Opowiadanie 9 (35-40 or.), Wroclaw.
JAKA, A. (2013). Polonia helmuga. Lehen geltokia. Senez 44.
JANISZEWSKA J. (2008). Irapuato: wszechobecna złowrogość, Senez 36, EIZIE, Zarautz, Itxaropena. Jatorrizkoa: MONTOIA, X. (2008). Irapuato: makurkeria nagusi, Senez 36, EIZIE, Zarautz, Itxaropena.
JANKOWIAK, A. (2019). Lustro, Opowiadanie 9 (35-40 or.), Wroclaw. Jatorrizkoa: JAIO, K. (2016). The mirror, Best European Fiction (2017), Dalkey Archive Press, Illinois; (2022). No soy yo, Ediciones Destino.
KAPUŚCIŃSKI, R. (1975). Chrystus z karabinem na ramieniu, Nowe Książki. Itz. APALAUZA A., KOŁACZEK S. (2019), Kristo fusilarekin, Iruñea, Katakrak.
KASPRZYCKI A. et al. (1992). Obabakoak. W poszukiwaniu ostatniego słowa (zatia), Krakovia, Oficyna Literacka.
KOŁACZEK S., ANDERS J. eta JANKOWIAK A., Bronba eta besteak in JAKA, A. (2013). Polonia helmuga. Lehen geltokia. Senez 44. Jatorrizkoa: WOJTYSZEK M. (1975). Bromba i inni, Varsovia, Nasza księgarnia.
KUROSZ, W. (2012). Słoń o ptasim sercu, Poznań, Zysk i S-ka Wydawnictwo. Jatorrizkoa: LANDA, M. (2001). Elefante txori-bihotza, Anaya.
KRAJEWSKA, D. (2015). Linguae Vasconum Primitiae, Bilbo-Gasteiz, Euskaltzaindia-Eusko Legebiltzarra. Jatorrizkoa: ETXEPARE, B. (1545). Linguae Vasconum Primitiae, Bordele.
LABANDIBAR, G. (2016). Hala bazan... klixk!, itz. GAZDA, M., I ja tam bylam... pstryk!, Wroclaw, WRO, Polonia. (Donostia 2016 eta Wroclaw 2016 Europako Kultur Hiriburutzen egitasmoen barruan argitaraturiko liburuxka).
LANDA, M. (2001). Elefante txori-bihotza, Anaya. Itz. KUROSZ, W. (2012). Słoń o ptasim sercu, Posnania, Zysk i S-ka Wydawnictwo. Bitarteko hizkuntza: gaztelania.
MONTOIA, X. (2008). Irapuato: makurkeria nagusi; JANISZEWSKA J., Irapuato: wszechobecna złowrogość, Senez 36, EIZIE, Zarautz, Itxaropena.
MUÑOZ, J. (2005). Hausturak; ZAWISZEWSKI, A., Coś się skończyło, Senez 29, EIZIE, Zarautz, Itxaropena.
SARRIONANDIA, J. (1983). Narrazioak, Elkar. Itz. SZOFER, A., ZAWISZEWSKI, A. (2000). Pewnej nocy w parku: opowiadania baskijskie, Poznań, Rebis (Salamandra).
SOSNOWSKA, K. (2019). Samotny mężczyzna, Wrocław, Książkowe klimaty. Jatorrizkoa: ATXAGA, B. (1993). Gizona bere bakardadean, Iruñea, Pamiela.
SZOFER, A.; ZAWISZEWSKI, A. (2000). Pewnej nocy w parku: opowiadania baskijskie, Poznań, Rebis (Salamandra). Jatorrizkoa: ALDEKOA, I. (1993). Euskal ipuinen antologia bat, Irun, Alberdania; ITURBE, A. (1995). Lehenago zen berandu, Alberdania; SARRIONANDIA, J. (1983). Narrazioak, Elkar.
STAWICKA-PIRECKA, B. (2016). Kartografia. Wroclaw, Biuro Festiwalowe Impart. Jatorrizkoa: ARREGI, R. (1998). Kartografia, Irun, Alberdania. Bitarteko hizkuntza: gaztelania.
STAWICKA-PIRECKA, B. (2016). Któs chodzi po drabinie przeciwpożarowej, Wrocław, Biuro Festiwalowe Impart 2016. Jatorrizkoa: CANO, H. (2001). Norbait dabil sute eskaileran, Zarautz, Susa. Bitarteko hizkuntza: gaztelania.
TOKARCZUK, O. (2009). Prowadź swój pług przez kości umarłych, Krakovia, Wydawnictwo Literackie. Itz. APALAUZA A., KOŁACZEK S. (2020), Erabili goldea hilen hezurren gainetik, Iruñea, Katakrak.
URRETABIZKAIA, A. (1998). Koaderno gorria, Donostia, Erein. Itz. SOSNOWSKA, K. (2016). Czerwony zeszyt (fragment), Donostia, EIZIE.
WOJTYSZEK M. (1975). Bromba i inni, Varsovia, Nasza księgarnia. Itz. Kołaczek S., Anders J. eta Jankowiak A., Amaia Donés eta Aiora Jakaren zuzenketekin Bronba eta besteak in JAKA, A. (2013), Polonia helmuga. Lehen geltokia. Senez 44.
ZAWISZEWSKI, A. (2005). Coś się skończyło, Senez 29, EIZIE, Zarautz, Itxaropena. Jatorrizkoa: MUÑOZ, J., (2005). Hausturak, Senez 29, EIZIE, Zarautz, Itxaropena.
[1] Poznań -Euskaltzaindiak EODAren bidez arautu bezala euskaraz Posnania- Poloniako mendebaldean dagoen hiria da.
[2] Poloniera eslaviarren taldeko flexio hizkuntza da, perpausaren egiturari dagokionean SVO tankerakoa. Gramatikaren ikuspuntutik eta izen sintagmari gagozkiolarik, aipagarria da ez dagoela artikulurik eta hiru generotako izenak daudela singularrean (maskulinoa, femeninoa eta neutroa) eta bi pluralean (gizatiarra eta ez gizatiarra). Adjektiboak izenarekin komunztadura egiten du, morfemak genero, zenbaki eta kasuaren arabera hautatuz. Izan ere, zazpi kasu ditu polonierak: nominatiboa, akusatiboa, genitiboa, instrumentala, lokatiboa, datiboa eta bokatiboa. Aditzaz den bezainbatean, bi aspektu daude, burutua eta ez burutua eta aldiari erreparatuz gero, orainaldia, iraganaldia eta geroaldia; moduak indikatiboa, agintera eta baldintza/subjuntiboa izan daitezke. Aditz jokatuetan subjektua eta aditzaren arteko komunztadura gertatzen da, bai pertsona, bai zenbaki, baita generoaren araberakoa.
[3] Argitu beharra dago EIZIEk (Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu basean, http://nordanor.eus) Obabakoak eta Soinujolearen semea euskaratik polonierara itzulitakoen zerrendan jarri arren (ZNAK argitaletxeari egiten dio erreferentzia bi aldietan eta 2007 urtea ematen argitalpenen urtetzat), ez dugula inon beste argibiderik aurkitu, ez bada, ZNAK interneteko liburu-saltzaile bat dela baino.
[4] Ipuina ez da euskaraz argitaratu, nahiz eta hori izan Jankowiakek erabilitako bertsioa. Ingelesezko bertsio bat Best European fiction 2017 (2016) argitalpenean agertu zen, eta gaztelerazkoa No soy yo liburuan (2022) argitaratu da.
[5] SAWICKI P. (2009), Trydzieści lat, parę chwil- nie tylko w Krakowie. Glosa do portretu Jadwigi, Studia iberystyczne, 8, Księga Pamiątkowa dedykowana Profesor Jadwidze Koniecznej-Twardzikowej (29-38 or.), Krakovia. Orain arte itzulpen honi buruzko informazio gehiago lortu ez dugun arren, zantzuek pentsarazten digute gaztelaniazko bertsioa erabili zela itzulpenerako.
[6] MARKOWSKA, J., Słoń o ptasim sercu, Mariasun Landa (2012ko martxoaren 12a, asteartea). Non: Myśli odważne [linean]. [Kontsulta 2021eko urriaren 17an]. Berreskuratua: http://mysliodwazne-aziavera.blogspot.com/2013/03/son-o-ptasim-sercu-mariasun-landa.html
[7] Etxepare Institutua eta EIZIEren artean antolatutako “Itzultzaile berriak” proiekturako bekari esker burututako lana.
[8] Sosnowskak berak adierazitakoaren arabera, euskaratiko lehenengo itzulpen honetarako gaztelaniazko eta alemanierazko bertsioak ere kontsultatu zituen.
[9] Erreferentziarik gabe jatorrizko testuan.
[10] GOIRIA MENDIOLEA, N. (2013ko maiatzaren 23an), Gerra sasoian abizena z-taz jarri zieten, in https://ahotsak.eus [linean], [kontsulta 2021eko urriaren 5ean]. Berreskuratua: https://ahotsak.eus/zaldibar/pasarteak/zal-010-025/
[11] BARQUÍN LÓPEZ, A. (2008), Euskararen erabilera ez sexista, Emakunde, Gasteiz.
[12] Eztabaida beste bat den arren, ikaslearen oharra gehitu nahi nuke hemen, alegia, “synowie i córki Poznania” (Posnaniako seme-alabak) adierazpideak handikeria kutsua izan dezakeela, konnotazio epikoa, gertaera historiko esanguratsuekin lotura. Poznanianka, Poznaniak (posnaniar hitzaren forma femeninoa eta maskulinoa) jentilizioen erabilera arruntagoa litzateke. Bestetik, jentilizioak osatzeko modu anitz daude Polonian eta ez dira erregularrak.
[13] Polonieraz dzieci seme-alaba helduekin ere erabil daiteke, nahiz eta “umeak/haurrak” esanahia izan. Euskaraz ere badaukagu horrela erabiltzerik testuinguru berean, hau da amaren edo aitaren ahotik esaten denean eta norbere seme-alabez diharduenean.
[14] Ikasleak bi adibide hauek jarri ditu: Król Jadwiga eta Król Anna. Jadwiga Andegaweńska 1384an izendatu zuten Poloniako Erresumako errege eta Anna Jagiellonka XVI. mendearen lehen erdialdean izan zen Bohemiako, Hungariako eta Alemaniako erromatarren errege.
PARTEKATU