Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

2022. Teresa Catalán

2022. Teresa Catalán

Teresa Catalán Sánchez (Iruñea, 1951) Artearen Filosofian Doktore da Valentziako Unibertsitatean, Unibertsitate hartan bertan Estetika eta Sormenean Masterra eta Konposizioan eta Pianoan goi mailako tituluak ditu. Konpositore gisa egiten duen lanaz gain, Madrilgo Goi-mailako Kontserbatorio Errealean Musika Konposizio Katedradun emeritu da eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Musika eta haren zientzia eta teknologia doktorego-programako Batzorde Pedagogikoko kide.

Lan horren aurretik, Zaragozako Goi-mailako Kontserbatorioko irakasle izan zen eta horrekin batera errektoreorde (1995-97) eta Musikaren Zuzendaritza Konposizio eta Teoria Saileko buru (1997-98). 1990 eta 1992 artean, Tarazonako (Zaragoza) Estatuko Musika Kontserbatorioa zuzendu zuen.

Konpositore gisa, orkestrarako, antzerkirako, pianorako, bakarkako beste instrumentu batzuetarako, ganbera-musikarako eta korurako obrek osatzen dute bere katalogoa. Catalánek konpositore gisa egindako lana (korala, ahots-musika, ganberakoa eta orkestrakoa) jaialdi garrantzitsuenetan eta hainbat herrialdetan programatu dute (AEB, Frantzia, Alemania, Italia, Kuba eta abar). Euskadiko eta Nafarroako orkestra sinfonikoen, jaialdi ugariren, fundazioen, kontserbatorioen eta irakaskuntza-erakundeen enkarguak jaso ditu.

Teresa Catalánek era askotako jarduerak egin ditu musikaren alorrean. Hogei bat diskoren grabazioan parte hartu du, eta liburu eta aldizkari espezializatuetan argitaratutako lan zabalaren egilea da, baita hedabideen bidez musika dibulgatzaile aktiboa ere. Nabarmentzekoak dira Iruñeako Taldea Musikagileak deiturikoaren fundatzaile izan zela, zeinarekin musikaren zabalkuntzan eta sormenean lan eskerga egin zuen. Gainera, Nafarroako Gobernuko Kultura Kontseiluko, Musikako Kontseilu Nazionaleko, Kultura eta Kirol Ministerioko Kontseilu eta Teatro Realeko Kontseiluko kide da.

Lortu dituen sarien artean, hauek nabarmendu daitezke: Kulturaren Vianako Printzea Saria (2021); Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalaren ibilbide profesionalaren saria (2019); Kultura Ministerioaren Musika Sari Nazionala Konposizioaren espezialitatean (2017); Musikaren Europako Urtea Saria Nafarroako Gobernuaren Musika Konposizioan (1985); Nafarroako Gobernuaren Musika Konposizioko Remacha Saria (1984); Iruñeko Udalaren eta Pablo Sarasate Kontserbatorioaren Musika Interpretazioko Paulino Caballero Saria (1984).

http://www.teresacatalan.com

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria