Manuel Lekuona Saria

2020. Jose Ramon Etxebarria

2020. Jose Ramon Etxebarria

1948an Gernikan jaioa, Jose Ramon Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1987an EHUn doktoratu zen. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan zen. EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan klaseak eman zituen, 2018an erretiroa hartu zuen arte.

Zientzia eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen aritu da bere ibilbide osoan. Ildo horretan, Manuel Lekuona 2020 Sariaren epaimahaiak Jose Ramon Etxebarriak unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua baloratu du, komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz.

Idatzi ditu gutxienez 18 liburu eta 22 liburuen kapituluak. Halaber, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu sinatu ditu, batez ere Anaitasuna aldizkarian. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, berak sorturiko 187 lan sarrera baino gehiago biltzen ditu.

Itzulpengintza eta hezkuntza- eta dibulgazio-liburuen edizioa ere landu ditu. Erretiroa hartu zuenetik, "Wikilari" gisa jardun da fisikarekin lotutako esparruan.

Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zuen, zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik. 

Manuel Lekuona Saria