Agustín Azkarate. Arkeologoa: Aldaietak arabar tipologiako arma industria bat azalarazi du

2014-10-01

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua

Aldaieta (Araba)ko hilerriak sekulako ustekabea ekarri zien zientzialariei, VI. mendeko aztarna haiek historian atzera egiteaz gain historia bera beste modu batez ulertzera eraman baitzituzten aurkikuntza ikertzen aritu zirenak. Haien guztien buruan Agustin Azkarate izan genuen, EHUko katedraduna. Berarekin elkarrizketa bat izan dugu, arabar lurralde haietan VI-VIII mendeen bitartean gertatu zenaz apur bat gehiago jakin guran.

Azkarate irakaslearen ustez, aurkikuntzaren esanahi garrantzitsuena izan zen, toki hartako biztanleen bizimodua franko munduaren eraginaz kutsatuta zegoela. Eta hori frogatu ahal izan zen, hilerriko giza aztarnek erakusten zuten zehazkizunekin. Antzinako arbaso haiek bertan jaioak ziren baina Europa aldeko eragina izan zuten euren usadioetan. Horrek bereizten zituen erresuma bisigotikoaren aldekoetatik. Aldaieta aurkitu baino lehen pentsatzen zen, erromatar inperioaren desagerpenarekin kantauri ur isurialdeko bazterretan euskaldunak modu ia-ia protohistorikoan bizi zirela.

Baina Aldaieta 1987an aurkitzean eskema guztiak erori egin ziren eta nekropolis hartako giza aztarnek erakutsi zuten Pirinioez bestaldeko testuinguru baten eragina zutela. Lehen aldiz euskal arkeologian topo egin zen beste errealitate batekin. Franko eta bisigodoen arteko euskal lurraldean VI mendeko euskaldun haiek frankoen erara lurperatzen ziren, euren lanabes, bitxikeria eta armekin. Brontzezko ontziak, zeramika eta kristalezkoak, eta batez ere armak agertu ziren, bisigodoen hilobietan sekula azaldu ez dena. Hilobiratuen artean, %60 batek armak zeramatzaten, gehien bat aizkorak, “frantziska” bezala ezagututakoak, Frantzia eta Alemanian agertutakoen antzerakoak.

Aldaietan adin guztietakok pertsonak ehortzi ziren, haur eta helduak. Horrek esan nahi du inguruan herri bat zela. Giza hezurrek frogatu dute, gutxienez hiru mendez erabili zutela hilerri hura, VI-III mendeak bitartean. Ahaleginak egin dituzten arren, oraindik ez da balizko herrixka hura aurkitu eta Azkaratek dioenez, baliteke egungo urtegiaren urpean egotea.

Azkarate jaunaren esanetara, “aurkikuntza handi hark beste txiki batzuk ere ekarri zituen. Besteak beste, zilarrezko eraztun bat aurkitu genuen, inskripzio kufiko, islamiko batekin. Horrek esan nahi du, islamiarren eragina hartaraino ere heldu zela”.

EHUko katedradunak dioenez, Aldaietak aldatu egin du historia interpretatzeko era. Beraren ustez, garai hartako euskaldunak ez ziren hain basatiak eta gai ziren, Europan bezala, euren arma propioak fabrikatzeko, Aldaietan aurkitutako aizkora bat Araban eta beste inon aurkitu baita. Horrek esan nahi du Aldaietako inguruetan bazela industria bat, teknologia aurreratuarekin, altzairua lantzen zuena, oso produktu onekin. Eta Azkarate jaunaren iritziz, Aldaietatik bost bat kilometrotara dagoen Luku herrixkan aurkitutako burdin ola izan zitekeen Aldaietarako altzairua ekoizten zuena. Beraz, Araban ba omen zuen VI mendean industria teknologia aurreratu bat. Agustín Azkarate Garai-Olaun (Elorrio, 1953) Agustín Azkarate Garai-Olaun (Elorrio, 1953). Arkeologiako katedraduna, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU); Zaragozako Unibertsitatean lizentziatua, eta EHUn doktoratua. UNEDen, Mondragon Unibertsitatean eta EHUn izan da irakasle. Kultura Ondare Higiezina du ikerketa-lerro. Gasteizko Santa Maria katedrala berritzeagatik nabarmendu da. Lan horren plan zuzendariak European Union Prize for Cultural Heritage, 2002, Outstanding Studies deritzana jaso zuen. Eraikitako Ondareko Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusia da, eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiarekin (CSIC) ari den I+Gko Unitate Elkartuko (Antzinaro Berantiarreko eta Erdi Aroko Arkeologia Taldea. Arkitekturaren Arkeologia) zuzendaria. 12 libururen, 45 liburu-kapituluren eta 100 artikulu zientifikoren egile edo egilekide da.Arqueología de la Arquitecturaaldizkaria sortu eta zuzendu zuen (2002-2008). Batzorde askotako eta aldizkari zientifiko ugaritako argitalpen-kontseiluko kide da, eta nazioko eta nazioarteko batzar anitzetan hartzen du parte. 30 bat ikerketa eta beste hainbeste indusketa arkeologiko zuzendu ditu edo lagundu du zuzentzen: Aldaietako nekropolia; Labradorra egindako espedizioa; baskoien eta mundu franko-akitaniarraren inguruko ikerketak; Añanako Gatz Haraneko, Armentiako Basilikako edo Gasteizen sorreraren aurreko harresien ikerketa arkeologikoak, eta tokiko garapen alorrean Uruguain eta Argentinan egindako azterketak. Eusko Jaurlaritzako Arkeologiako eta Arkitekturako Aholku Batzordeetako kide izan da, eta Gasteizko Gizarte Kontseiluko kide. Gainera, Agustin Azkarate Jakiunde, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide osoa da. Jasoak dituen aitorpenen artean, Gasteizko Urrezko Domina (2005) aipa daiteke. Jakiunde
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Joseba Achotegui Loizate. Psikiatra eta Psikoterapeuta: Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza

 

Irakurri

Aritz Aranburu. Surflaria: Surfa bizimodu izatea errealitate bilakatutako ametsa da

 

Irakurri

Mariasun Landa. Idazlea: Utopia historiaren motorra da eta 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori

 

Irakurri

Jesus Zubiaga. Sancho el Sabio Fundazioko zuzendaria: Utz diezaiogun uharte-erakunde izateari eta goazen sare artikulatu batera

 

Irakurri

Mikel Ezkerro. Historialaria: Argentinako euskal kulturaren oinarria: sentimendua, prestakuntza, informazioa eta ezagutza

 

Irakurri