Aita Imanol Murua. Oñati Abesbatzako zuzendaria: Aita Madina musikaria izateaz gain, idazle eta marrazkilaria genuen

2007-05-18

SALABERRIA, Urkiri

Aurten, Oñatin, Aita Madinaren jaiotzaren mendeurrena berebiziki ospatuko dute: Bere jaiotetxean oroimenezko plaka, liburua, kontzertuak... Horregatik Oñatira joan gara eta gure zain, paperez, argazkiz, liburuz, fotokopiaz ingurutatua Aita Muruarekin izan gara. Oñatin egon gara, Laterandar kanonigoen probintzialarekin, Aita Madina, pertsona eta ez pertsonaia, bere garaiak eta garaiko kontuak oroitzen.

Nondik, nola ezagutu zenuen Aita Madina?

Lehenik eta behin esan behar dizut biok erlijioso orden berekoak garela. Mutikoa nintzela ziur naiz ezagutu nuela, garai hartan oporretan hona etortzen baitzen. Gogoan dut 1950ean, Oñatin, “Oñati” rapsodia estreinatu zuenean, bera izan zen zuzendaria.

Geroago, nagusia izan nuen urte bat edo beste, 1957aren inguruan. Orduan estreinatu zen “Arantzazu” poema sinfoniko korala, eta ni abesbatzan nengoen, hiru emanaldi eman genituen, Oñatin, Donostian eta Bilbon.

Nagusia izanda klaserik ematen al zuen?

Bai, horixe. Gogoratzen naiz hogei urte inguru nintzelarik nola ematen zizkigun musika klaseak, ikastaro moduan, eta ikasi genuen zer diren sonatak, etab... Oso atseginak ziren klase haiek. Gainera, garai hartan abesbatzaren arduraduna nintzen eta askotan kantaren bat behar genuenean berarengana jotzen nuen eta berehala egiten zidan, gau batean.

Eta artearen inspirazio iturria?

Berezkoa zuen, nire ustez. Artista arima berezkoa zuen, musikaria izateaz gain, idazlea eta marrazkilaria ere bazen.

Ez zetorkion familiatik?

Nik dakidala ez zegoen beste inor bere familian bere dohaia zuenik. Hamaika urterekin, ni bezala, seminarioan sartu, ikasten hasi eta berak esan zuen bezala, Fernando Urkia izan zen bere lehenengo musika irakaslea. Gero Burgosen (eta ez Bordelen, uste den moduan) jarraitu zituen ikasketak, Beobide organistarekin eta... emaitza badakigu zein den.

Idazle moduan zer utzi digu Aita Madinak?

Musikari buruz asko idatzi zuen. Alde batetik, “De Música Vasca” oso liburu interesgarria dugu, non gure musikari buruzko zein ezagutza maila ona duen erakusten digun. Bestalde, ugari izan ziren bere kolaborazioak hainbat aldizkaritan, hain zuzen, “El Pueblo”, Buenos Airesekoa, “Oñate”, “Nación Vasca”, “Eusko Deya”, “Gernika”, “Euskalduna” edo “Boletin de Estudios Vascos”... Andres Irujok, “Estudios Vascos Americanos” aldizkarian bere idazle alde hori oso ondo deskribatu zuen.

Zer zioen?

(Nota batzuk hartuz, zehazki azaltzen digu). “Aita Madinak, gizon ezohikoa, bere herriaren zerbitzura jarri zituen bere balioak artista, erlijioso eta literatur egile bezala. (...) Beti izan zen aldizkariaren kolaboratzailea”. Argitaratu zuen azkenetako lan bat “Raíz Vasca en Mauricio Ravel Delouart” izan zen.

Eta marrazkilaria?

Bere partiturak ikusten badituzu harritzekoak dira alboetan egindako marrazkiak, zoragarriak!

Artista zela argi da, baina bere lan egiteko modua...

Oso langilea zen, baina musika egiteko norbaitek zirikatu beharra izaten zuen askotan. Bere lanak (apaiza, klaseak...) bete ondoren, gauetan, batez ere, kopatxo bat eta purua hartzen zituen eta musika sortzen hasten zen, baina ez edozein gauza (burutik pasatzen zitzaiona...), enkarguz eta baldintza askorekin ziren obrak.

Pertsona bezala, zer nabarmenduko zenuke?

Gauza asko esan nezake: apala, fina, artista baina “laguna-laguna” azpimarratuko dut. Hori bermatzeko hauxe duzu hainbat adibide: Bai Buenos Aireseko garaian edo New Yorkekoetan, izan zituen harremanak betirako izan ziren. Néstor Basterretxea, gazteen ikastetxean hilabeteak eman zituen. Luis Mujikak behin baino gehiagotan bisitatu zuen New-Yorken... Honek esango digu Madina hil ondoren: “Con el Padre Francisco Madina se va el 50% de la gracia y el ingenio de aquel grupo humano que hermanaba el Saski-Naski”.

Entzunda dut harrotasun puntu bat bazeukala. Hala al zen?

Bai eta ez. Komentatzen dute, New Yorken zegoela Ospitalean ingresatu zutela eta kexuka zebilen esanez “edozein gaixo bezala tratatzen naute”... baina gero errealitatean oso apala zen. Bere “De música Vasca” liburua prestatu zutenean bere erretratua marraztua jarri nahi zuten eta berak errefusatu zuen. “Zergatik?” galdetu ziotenean, berak erantzun zuen: “Begira, elkarte batean bizi naiz eta horrek egoera molestoak eta erridikuluak sortuko lituzke. Kristauen aurrean autoritatea galduko nuke. Gainera, kasu honetan, marrazkiak gehiago ematen du Hollywoodeko artista batena, erlijioso batena baino, eta ni, lehendabizi kanonigo laterandarra naiz, eta gero musikaria”.

Bukatzeko, zein da zuretzat Aita Madinaren musikarik kuttunena? Denak ez ditut ondo ezagutzen, baina oso gustukoak ditut “Concierto Vasco para orquesta y cuatro guitarras” eta “Orreaga” sinfonikoen artean. Gero ere bai, sinfoniko-korala “Arantzazu”. Hala ere, guztien gainetik, lehen mailan jarriko nituzke Abesbatzako “Agur Maria” eta “Aita Gurea”. Imanol Murua (Oñati, 1936) Hamaika urterekin sartu zen seminarioan, Aita Madina bezala, eta bertan, erlijiosoen artean eman du ia bere bizitza osoa. Apaiza izateko bidea: 15 urterekin nobizioa, 16 urterekin lehenengo botuak eta 21 urterekin “ospeko profesioa” esaten dena. 23-24 urterekin lehenengo meza ospatu zuen. Bere egunerokoa, lateranense kanonigo batena, nolakoa den galdetzen diogunean “zuena bezalakoa, pixka bat ordenatuagoa agian, sei t’erditan jaiki, meza kontuak, katekesia, lana…” erantzuten digu. Teologia eta Apaiza izateko ikasketak ditu baita Fisika karrera ere. Zientzien inguruan eman ditu klaseak, urteak eta urteak. Madinaren “Aita Gurea” Néstor Basterretxea: “Aita Madina gizon aparta, fina, azkarra eta humore handikoa zen. Harreman handia izan genuen Argentinan nengoela eta horregatik aukeratu nuen bere musika (“Aita Gure”) Amalur filmarentzat: dudarik gabe, naturaltasunez eta musikari handi bati zor zaiona emateko modu batean. Ezkontzako oparia: Iñaki Urdangarin eta Cristina de Borbón ezkondu zirenean, Eusko Jaurlaritzak egindako oparia hauxe izan zen: Orfeoi Donostiarra bidaltzea mezan abesteko besteak beste, Aita Madinaren “Aita Gurea”.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Patxi Baztarrika. Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede

 

Irakurri

Iciar Astiasaran. Nafarroako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko dekanoa: Aniztasunaren defendatzaile sutsua naiz

 

Irakurri

Enrique García Asensio. Orkestra zuzendaria: Gizakiok oroimenari esker entzun dezakegu musika

 

Irakurri

María Oianguren. Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko aztertegiaren zuzendaria: Aldaketaren, harremanaren, bestearen beldurrez irauten dute beren horretan gatazkek

 

Irakurri

Aingeru Zabala. RIEV aldizkariko zuzendaria: Gaurko RIEV ez da bere sasoiko RIEV izandakoa, baina oraindik herri honetako aldizkari enblematiko bat da

 

Irakurri