Aingeru Zabala. RIEV aldizkariko zuzendaria: Gaurko RIEV ez da bere sasoiko RIEV izandakoa, baina oraindik herri honetako aldizkari enblematiko bat da

2007-04-13

BREA, Unai

Bizkaiko Foru Aldundian daukan bulegoan elkartu gara Aingeru Zabalarekin. Hori du ohiko lantokia, baina ez bakarra. Aspaldidanik, lapiko bat baino gehiago zaintzen du, aldi berean, eskarmentudun sukaldari honek. Batetik, Bizkaiko Artxibozaina da, hau da, Bizkaiko Foru Artxiboko zuzendaria. Bestetik, Historia irakaslea da Deustuko unibertsitatean. Oraingoan berarengana ekarri gaituen mintzagaia, ordea, RIEV da, hau da, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria. 1922tik, RIEV Eusko Ikaskuntzaren organoa da, baina haren sorrera lehenagokoa da, 1907koa. Beraz, aurten betetzen ditu ehun urte, eta baita merezi duen bezala ospatu ere. Orain dela urtebete Aingeru Zabala izendatu zuten bertako zuzendari, eta mendeurrena aitzakia, aldizkariaren iraganaz, orainaz, eta geroaz mintzatu gara berarekin.

Urte bat daramazu RIEV zuzentzen.

Nik ohorez hartzen dut. Euskaldunok, eta euskal kultura maite dugunok, eta Eusko Ikaskuntzaren zale garenok, badakigu RIEV oso berezia dela. Nahiz eta gaur egun beste aldizkari bat den, baina ez da alferrik izango ehun urteak egitea eta nazioarteko deitzea. Horregatik, lehenengo eta behin, ohorez hartu nuen zuzendaria izateko proposamena.

Lanik ere ez zitzaizun faltako urtebete honetan...

Honelako lanek beti ematen dute zereginik. Orain plan bat egin behar da hurrengo 8-10 urteetan zer egingo dugun erabakitzeko. Ze, jakina, zuzendari moduan ez nago beti hurrengo zenbakiaz pentsatzen, baizik eta datozen urteez; ez banaiz orain hasten, datorren urtean ez da lanik egongo argitaratzeko. Alde horretatik ez dago gauza berririk, denok dakigu zelan egiten den honelako aldizkari bat. Badakigu zer den RIEV, zer arlo daukan, eta baldintza horiek betetzen, eta sasoiarekin bat egiten ahaleginak egiten gabiltza. Horrek badakar buruko minik, denok garelako berdinak, neu lehenengoa besteentzat idatzi behar dudanean: “Egingo didazu hau lau hilabete barrurako?”, “Bai, egingo dizut”, eta gero, lau hilabeteak bete direnean, ez zara heltzen, eta bosgarren hilean ateratzen duzu. Hori holan da, jakin egin behar da eta gainera egileari ere ulertu egin behar zaio.

“Badakigu zer den RIEV”, diozu. Zer da?

Hori esan dudanean, zer esan izan nahi dut? Bada, RIEVek karga sinboliko bat daukala. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria. Hola esanda, ulertu ahal da hau dela gure herriko aldizkaririk handiena. Bai edo ez. Bere sasoian besterik ez zegoen, baina orain unibertsitatea daukagu, eta ez bakarra, aldizkari pilo bat egiten da zientziaren arlo guztietaz... Orduan, gaurko RIEV ez da bere sasoiko RIEV izandakoa, baina sinbolikoki oraindik RIEV da. Horregatik diot badakigula zer den RIEV: Eusko Ikaskuntzen proiektu enblematiko bat, eta ikur bat, nire iritziz. Uste dut idazten duten gehienek, eta irakurtzen duten gehienek ere, onartu egiten dutela RIEV hori dela, herriko aldizkari sinboliko bat. Hara, eta hutsik ere ez dago, hutsik egongo balitz bere sinbolismo guztia galduta egongo litzateke aspaldi. Hau da, badauka mamia. Baina uste dut mamiak baino gehiagok bere balio sinbolikoak balio duela. Egileak, profesionalki, beste aldizkari batzutan dabiltza, oso aldizkari profesionaletan, baina horrek ez du esan nahi RIEVek ez daukala bere garrantzia eta bere zentzua.

Norentzat egiten da, baina?

Bada, uste dut jende multzo ezagun batentzat egiten dela, Eusko Ikaskuntzako bazkideentzat eta... Badakizu Eusko Ikaskuntzak sailak dauzkala eta sail bakoitzak bazkide batzuk dituela, eta bere aldizkari profesionala, arlo horri buruzko lanekin. RIEV bazkide guztientzat da. Baina nortzuk dira Eusko Ikaskuntzako bazkideak? Azkenean, gure gizartea. Hara, batzuek konpromiso bat hartzen dute bazkide moduan lanak egiteko, eta dirua ipintzeko, Eusko Ikaskuntza bizi dadin. Eta zertarako bizi behar da Eusko Ikaskuntza? Bada, behar dugulako, herri honek behar duelako. Eta herri moduan Eusko Ikasuntza behar badugu, RIEV ere behar dugu. Hala esan daiteke. Baina Eusko Ikaskuntza ez bada bakarrik bazkideentzat bizi, Euskal Herri osorako baizik. Beraz, RIEV ere bai.

Edonorentzat da orduan?

Bai, baina tira, jakin behar dugu aldez aurretik edonork ez daukala ez gogorik, ez heziketarik, mundu horretako gauza batzuk irakurtzeko. Esan dezagun RIEV, ikuspegi horretatik, euskaldun kontzientziatuarentzat dela -kontzientzia zientifikoa, soziala, politikoa... izan daiteke-, heziketaren bat daukanarentzat. Kontuan izan behar da beste gauza bat: RIEV agertu zenean, zenbat unibertsitario zegoen Euskal Herrian? Oso gutxi. Garai hartan, RIEV Europako unibertsitateetan zabaltzen zen, eta beharbada ale gutxiago saltzen ziren berton kanpoan baino. Baina gaur gauzak ez dira horrelakoak, gizartea aldatzen dabil. Beraz, norentzat? Bada, edonorentzat printzipioz, eta gero norberak jakingo du zer egin esku artean daukan RIEVen alearekin.

Zer jende motak irakurtzen duen badakizu?

Alde batetik, ikusten dut jende askok ez duela RIEV ezagutzen. Ezagutzen dutenetako batzuek, berriz, lehen esan dizudan moduan, sinbolikoki egiten dute. Baina horrek ez dauka zertan inor harritu. Badakigulako hori hola dela, RIEVeri eta edozeri gertatzen zaio. Ez da ahaztu behar zer mundutan bizi garen; lana da gabiltzan giro honetan aurrera jarraitzea. Edonork dauzkalako milaka kontsumo aukera. Ez gaude XIX. mendean. Pentsa, garai hartako abokatu batek, enpresario batek, edo politikari batek, zer zeukan egiteko? Musika entzun gramofonoetan -aberatsak zirenek-, lantzean behin kontzertu batera joan, eta irakurri. Gaur beste hamaika aukera daukagu, eta irakurtzea azkenengo aukera da denontzat, baita jende kultuarentzat eta ondo informatuarentzat ere. Askok irakurtzen duguna, gainera, gure lanekoa da, eta ez daukagu astirik beste gauza batzuk irakurtzeko.

RIEVen helburuetako bat, interneten irakur daitekeenez, eztabaida gunea izatea da. Lortu egiten da?

Eztabaidatzea ez da erraza, eta idatzita gutxiago. Beste gauza bat da gune aske bat izatea, eta RIEV askea denez gero, edonork idazten du nahi duena -zientifikoki ondo finkatuta badago-, eta hari ematen zaizkion erantzunak ere onartu egiten dira, ondo finkatuta badaude. Hau da, RIEV toki askea da. Ez dugu aurrez ezarritako planteamendu teoriko itxirik. Bereziki, ez da artikulu politikoak izateko tokirik egokiena, baina norbaitek horretaz idazten badu onartu egingo dugu. Ni, behintzat, ez naiz zentsuratzailea, eta sekula ez dut eduki izateko gogorik. Norberaren askatasuna errespetatu behar da, bideak eman behar zaizkio askatasun hori erabiltzeko, eta RIEVek horretarako balio badu, hobeto. Gainera, ez dugu ahaztu behar Eusko Ikaskuntza ez dela ideologia baten monopolioa, herri batena baizik, herri horren aberastasun guztia barne.

Orain dela ehun urte sortu zen aldizkaria, baina ez da egon ehun urtean bizirik. Etena egon zen 1936tik 1983ra arte.

Ehun urtean bizirik egon da haren arima, baina ez da inprimategietan egon beti. Francoren diktaduraren denboran arazoak izan ziren, eta azkeneko urtera arte ez zen berriro mahaigaineratu berreskuratu egin behar zela. Francoren azkeneko urteetan, batzuek bazuten RIEV gogoan. Imanol Olaizolak, esate baterako, zeozelan zaindu zuen titulua, eta erregistratu egin zuen berriz. Eta egin ziren lanak RIEV berpizteko. Orain dela 25 urte inguru lortu zen hori.

Filosofia aldatuta, lehengoari eutsiz zeharo...?

Hori ez dakit, ze askotan... gauza bat filosofia da, eta beste bat praxia. Zuk filosofia eduki ahal duzu baina artikulurik ez badago, egilerik ez badago, gauzak ez badira sortzen, filosofiak ez du balio. Orduan, zer filosofia ez da aldatu? Ez da aldatu nazioartekoa izatea, ez da aldatu Euskal Herrirako izatea, ez da aldatu Euskal Herriko egilerik ospetsuenak bertan kolaboratzeko atea irekita izatea. Gainerakoan, hara... mundua ez da berdina. Lehen esan dugunez, ez da berdina telebistarik ez egotea edo egotea, unibertsitaterik ez egotea edo egotea, aldizkaririk ez egotea edo aldizkari pilo bat egotea. Orduan, filosofia? Filosofia eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria izatea da, hau da, haren baliorik nagusiek aurrera jarraitzea. Bata balio sinboliko hori da, beste bat Eusko Ikaskuntzako ispilua izatea, eta beste bat lan interesgarriak argitaratzea.

Nazioarteko aldizkaria. Nazioartekotasun hori zertan da gaur egun?

Hara, ni ahaleginak egiten nabil, eta hori gauza birekin betetzen dugu. Bata egileak dira, beti egoten da artikulu pare bat -edo ahalegintzen gara behintzat-, kanpotarrek egindakoak. Kanpotarrak diodanean, estatutik kanpokoak esan nahi dut.

Baina Euskal Herriari buruzko artikuluak dira?

Edo Euskal Herriarekin bat etor daitezkeen gaiei buruzkoak. Esate baterako: elikadura bada gaia, sagardoaz hitz egitea, haren garrantziaz... Hori bat dator Euskal Herriarekin, baina italiar batek idatzi du. Eta gaur egungo Euskal Herriari zein gai egokitu ahal zaio? Edozein. Gizarte modernoa garelako, eta munduko ardatzean sartuta gaudelako, ez gaude periferia batean. Bestalde, gaiak aukeratzerakoan zabaltasunez jokatu behar da, eta ni ahalegintzen hala egiten. Baldintzatzat ezarrita daukat RIEV ez dela giza zientzia aldizkaria hutsa. Niretzat hori litzateke errazena. Badago horretaz lan pilo bat, Espainian egile asko, Euskal Herrian ere bai, denak profesionalak. Literatura, topologia, filosofia gai batzuk eta historia, eta horrekin egin aurrera. Baina ezin da hala egin. Aldizkarian teknologia agertzea gura dugu, eta biologia, eta ekonomia, eta matematika eta fisika, zergatik ez? RIEV gure herriaren ikur bat izan dadila, ez sinbolo abstraktua, konkretua baizik. Zer gara gu? Herri moderno bat, arazo modernoekin, hausnarketa sakonekin... RIEV-en hausnarketak agertzea da helburua. Ideiak.

Nazioartekotasunaz galdetuko dizut berriz ere: zabalkundeari dagokionez ere nazioartekoa da RIEV, banatu egiten da atzerrian?

Noski. RIEV sekula ez da izango aldizkari handia, ale kopuruari dagokionez esan gura dut. Baina iristen gara Euskal Herriz kanpoko hainbat helbidetara eta horien artean zenbait unibertsitatetara. Nik argi daukadana da RIEV ez dela aldizkari arrunta. Berezia da, eta haren kudeaketa berezia izan behar da. Hori kontuan izan behar dut nik zuzendari moduan, eta besteek ere kontuan izan behar dute nire lana ez dela aldizkari arrunt baten zuzendaritza, beste gauza bat baizik, beste baldintza batzuekin, beste planteamendu batzuekin. Eta ni orain, zazpi, zortzi edo hamar urterako proiekzioaz pentsatzen nabil.

Euskarak zer leku dauka, eta zer leku edukiko du aurrerantzean RIEVen?

Guk ahaleginak egiten ditugu euskara RIEVen egon dadin. Euskara garrantzitsua da RIEVen. Ez hainbeste gai modura, horretarako badago Euskara, Euskaltzaindiaren aldizkaria. RIEV hasi zenean ez zegoen besterik, eta hainbat artikulu zegoen euskara gora eta euskara behera. Gaur, halako artikulu guztiak Euskara aldizkarian daude. Ez datoz guregana, eta ez dira etorriko, salbuespenak salbuespen. Hori horrela izanda, RIEVen euskaraz ere idatzi behar da. Ez gai bezala hartuta, tresna gisa baizik. Gainera, guk diogu aldizkari honen bokazioa goi mailako hausnarketa orokorrak egitea dela. Oraintsu hartu dugu erabaki bat: RIEVen hizkuntzak lau izango dira: Euskal Herriko hirurak eta ingelesa. Horra hor gure erronka: helburua euskara gehiago agertzea da, eta horretarako gure gazteak erakarri behar ditugu, hausnarketa idatzi sendoak egiteko gai diren gazte euskaldunak.

RIEVeko artikuluak edonork ulertzeko moduko hizkuntzan idatzita daude, edo irakurlea espezializatuta egon behar da? Ez, oso espezializatuta ez, normalean. Gure irakurlea nolabaiteko heziketa daukana da. Baina ez du zertan heziketa jaso duen gaiari buruz irakurri, derrigorrez. Izan daiteke, esaterako, mediku bat, medikuntzari buruzko lanak irakurtzeaz nekatuta dagoena, eta historiari buruzko zer edo zer irakurtzeko gogoa daukana. Uste dut RIEV aldizkaria RIEVeko irakurlearentzat eginda dagoela, eta zuk pentsatuko duzu: hara zer esan duen honek! Ez, RIEVek badauzkalako bere konnotazioak dauzka, eta halako konotazioak dauzkan aldizkari batera pertsona batzuk baino ez dira hurbiltzen. Eta normalean, pertsona horiek ulertu egiten dute RIEVen esaten dena. Identifikazioa dagoelako balio sinbolikoaren eta balio materialaren artean. Aingeru Zabala Uriarte (Bilbo, 1949) “Izatez, ni historialaria naiz”, argitzen du Zabalak. 1974an amaitu zituen ikasketak Deustuko Unibertsitatean, eta urte hartan bertan hasi zen irakasle, Deustuan eta Historia Sailean ere bai. Museo, Artxibo eta Liburutegi Zuzendaria izan zen diktadura osteko lehenengo Eusko Jaurlaritzan; “gaur egun Kultur Ondare izango litzakeena, baina garai hartan izen hori zeukan”. 1984ra arte egon zen Jaurlaritzan, eta horren ostean hasi zen gaur egungo lanean, Bizkaiko Foru Aldundian. Bizkaiko Artxibozaina da, hau da, Bizkaiko Artxibo Historikoko zuzendaria. Hainbat elkartetako kidea da, zenbait aldizkaritako erredakzio-kontseiluetakoa besteak beste, eta lan bat baino gehiago argitaratu du Euskal Herriko historiari eta ondareari buruz.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Elena Odriozola. Ilustratzailea: Nahi dudana marrazten dut, baina batzuetan zentsura jasan behar da

 

Irakurri

Julio Valdeón Baruque. Valladolideko Unibertsitatean Erdi Aroko Historia Katedraduna: Gutizia izan zen kristautasunaren izenean hainbeste musulman eta judu hil zituena

 

Irakurri

Andoni Luis Aduriz. Mugaritz jatetxeko sukaldaria: Egia esan, hirugarren Michelin izarra ez ematea gustatuko litzaidake

 

Irakurri

Raúl Ibáñez. Espainiako Matematikako Erret Elkarteko bigarren presidenteordea: Matematika kulturaren barruan dago. Ez dago biak bereizterik

 

Irakurri

Juan José Ocón. Musikaria eta orkestra zuzendaria: Zuzentzea ez da notekin matematika hutsa egitea, partitura lurrintzea baizik

 

Irakurri