Anje Duhalde. Euskal musikaren berritzaile: Errobiren musika zen tripako minen ateratzea eta orduko mundu hortarik jalgitzea

2005-04-29

ETXEZAHARRETA, Luzien

Anje Duhalde uztaritzen sortua eta Arrangoitzen bizi da, 55 urte dituela. Musika munduan toki nagusi bat hartu zuen Errobi taldea Mixel Ducau-rekin sortu zuelarik eta ereman 1974.etik 1979.eraino. Talde honetan Euskal Herri osoan omen handia ukan zuen. Gero, Akelarre taldearekin 81tik 86ra arte aritu zen, honen musikaren eragile. Geroztik gehienbat bere baitarik ari da, disko ezberdinak plazaratuz, gai eta melodia berri eta ezberdinak landuz. Lan ohargarrietan Mixel Ducau-rekilako topaketa berri batetarik jalgi ? Agur?terdi ?, Xabier Amurizarekin bertsoen inguruan ereman lana edo azkena ? Brassens-en kantari ?, kanta autore frantses aipatuaren lanen euskarazko egokitze batzuekin. Konpositore eta abeslari lanetatik aparte, irratilari lanean aritu zen Baionako Gure Irratian, 90.eko hamarkadan eta, ondoren, lan berdintsuan jarraitzen du Bilbo Hiri Irratian, bertako Kafe Antzokian. Elkarrizketa honetan bere musikagintzaren iturri eta norabideetaz aritzen gara eta, aldi berean, euskal musikaren azken lau hamarkadetako bilakaeraz.

Zure lana sailkatu nahi delarik, Errobi talde famatua gogora dator, markatu baitzuen Euskal Herriko musikaren historia, gero izan dituzun Akelarre taldearen denborako urteei eta, azkenik, izan duzun garai doi bat pertsonala itxura hartzen duenari. Zatiketa hori egoki zaizu?

Egia erran ez dut ene denbora sailkatze horretaz pentsatzen iragaiten : uste dut naturalki egin zen gauza bat izan zela, baina piska bat bilduma baten egiten hasten naizenean, argi da badirela egoera, une konkretu batzu, bereziak direnak eta nonbait ene ibilbidea moldatu dutenak. Aipatu ditutzu hiru. Akelarre-rena ezberdina izan zen, beste sail batean zen, ludikoagoa, baina bere garrantzia izan zuen ere. Gero, neri doakidan tarte horretan, fase ainitz izan dira, ezberdinak, baina beti gustatu izan zait horrela funtzionatzea : hau egina da, orain goazen beste gauza baten egitera eta ez egin behar delako baina horrela senditzen dudalako. Ez bada beti erraza izan, tartean beste lan batzu egin ditut ere, interesgarriak, adibidez irrati lana eta beti uste dut horrek aberasten duela. Orain naizen momentuan, gibelera begirada bat emanez, erran dizudana da: fase konkretu batzu, gogoko ditudanak eta ez ditut tarte txarrak gogoratu nahi sobera !

Askorengandik, zure gaztetxo denborak guti ezagunak dira. Uztaritze aldean iragan dituzu lehendabiziko urteak eta etxekoen eraginez, herri kulturan murgiltze bat izan zinuela...

Estimatzen ditut oraindik ! Kantariak aipatzen delarik, baziren hemen eta edozein herrietan. Aita eta etziren batere profesionaletarik. Naturalki egin ziren gauzak, beti etxean ezagutu izan dudan gauza da herri kultura eta behar bada nonbait hori izan da sortzaile izpi edo tirria. Hortik aparte, Uztaritze garaiko hura, beste zerbait zen gaurkoarekin alderatuz.

Hirurogeikada hori neretzat biziki nahasia izan zen. Alde batetik, ikasketak eta beste Baionan egin behar, bi kultura horien hikamika frango gordinki bizi izan dut. Ikaslego normala egin nuen, baxoa arte. Segida batean utzi nuen zeren eta hamasei urterekin hasi bainintzen musika egiten publikoki taula gainean. Mixel Ducau, ezkerretara eta Anje Duhalde Errobiko taldekideak, 1975 urtea aldera.

Nola izan zen hasiera hori, gitarrarekin, garaiko musika tresnarekin?

Ez, bateriarekin ! Familian, nere osabak atabala jotzen zuen. Naturalki, haurra izanik, « Fredetan », delako « Frères » delakoen eskolan, pribatua zen, bistan dena, gaizki ikusia baitzen eskola publikora joaitea garai hartan, baterian hasi nintzen. Uztaritzeko musikari handi bat izan dut maisu : bazen talde bat El Fuego izena zuena eta suerte izugarria izan nuen, hastapenean berean hor sartu bainintzen. Beste mundu bat zen hori, neretzat, musika mundu baten ezagutzaren egitea. Horrek ekarri zituen ere ondorioak, diru piska bat eta publikoarekin harremana. Hola hasi zen.

Euskal kulturaren lotura, beti naturalki izan nuen, ez dut etxen beste kulturarik ezagutu. Hirurogeikada horretan izan zen halako gudu bat bi kulturen, bi influentzien artean. Oroitzen naiz Baionako Lizeora sartu nintzanean, gu euskaldunak, « bascoura » deitzen gintuztela, ez dut erran nahi arrazismorik bazenik, bazen holako trufatze sinpatiko bat erran ginezake, etzena beti sinpatikoa. Nik uste horrek ondorio bezala ekarri zidala kontzientzi gehiagoren hartzea momentu batean, diferenta nintzela ! Hortik hasi zen, El Fuego lehenik eta gero Errobi.

Orduko gaztek musika entzuten zuten asko, lehen diskoen denbora zen, kanpoko musika ere zetorren, amerikarra bereziki : ordukoen artean jainko bat edo beste bazinukeen ez?

Bai, bai, bistan dena, denek bezala ! Rockaren hastapena orduan zen, nik uste kultur aldaera nagusi bat gertatu zela. Ez dut erran nahi amerikar kultura sartu zenik gure artean, baina musikaren kultura horri, dudarik gabe. Izen batzu aipatzekotan Elvis Presley bat eta gehienik markatu nauena, Bob Dylan. Hura ezagutarazi zidana, frantses kantari bat zen, Hugues Auffray, oraindik ari dena. Hortik dator protest song horren gustua.

Zure lehen kantuetan bada argiki kolore sozial, politiko hori : Errobiren lehen kantuekin rock batek dakarren bortizkeria hori senditzen ahal zen, baina ez zineten argiki rock munduko bezala deklaratzen…

Garai hartan erran daiteke bazela funtsezko aldaketa bat. Ordu arte nehor etzen ausartu horren egitera. Kudeaketa bat izan zen hor, Mixel Ducau eta ni, alde batetik, bestaldetik kantuen hitzak idazten zituena, Daniel Landart. Nik uste honen ezagutza azpimarratzekoa den : Uztaritzen, etxen, elgar ezagutu ginuen, ni soldaduzkara joan aitzin. Hortik hasi zen holako elgar hizketa eta lagun handiak bihurtu ginen. Gero, laneko tenorean, Errobi sortu baino piska bat lehenago, ideia hor zen, Danielek ezinbesteko lan bat egin zuen. Gure tripako minak ateratzen ginituen ahal ginuen bezala. Hirurogeiko hamarkada zen, 68ko maiatza iragan zen, bazen momentuko su artifizial bat bezala, ideiak toki guzietatik ateratzen zirela eta beste, gero, hirurogeita hamarreko hamarkadan izan zen desilusio piska bat.

Azpimarratzekoa da, hala ere, alde sozial gogorra zenutela, nagusi eta botereen aurkako kantekin besteak beste.

Gure inguruko egoera zelako eta Danielena ere, bera langile zen eta ni ere hortaratua ninduten. Tripako min horren ateratzea zen eta ere mundu hortarik jalgitzea gisa batean.

Publikoarekin, orduko harremana, ilusio eta atsegin handia izango zen ere.

Bistan dena, orain ere bai : publikoaren atentzio horren eskuratzea. Gehienik izan zena garai haietan da ikusten zela oinarrizko eraldaketa bat zetorrela, mundu osoan eta batez ere Euskal Herrian, gero deitu zen « transizio » garai hura. Nik bizi izan dut barnetik 68ko maiatza Europan eta hemen ere bizi izan baitzen nahaste ongarri hori. Orduan, Hegoaldean izan ginuen berehala, Iparraldean baino gehiago, horrelako ikusmen handiagoa : publikoa zinez ezberdina zen, kantaldiak etziren kantaldi huts izaten, mitin batzu ziren. Guk hor aldaketa esentziala bat ekarri ginuen : hor proposatzen ginuen jadanik 78-79an kontzertu bat besterik gabe. Egia da pario bat zela garai hartan. Hor izan zen preziatu nuena gehienbat, publiko baten izaitea eta honek jarraipena.

Lehendabizi protesta lanak eta gero melodien denbora, musika landuagoekin, nabaritzen da. Nola egiten zen lan hori?

Nik uste, profesionalki hartu ginuela afera hastapenetik. Mixel Ducau ere musika munduan zebilen. Horrek uzten zigun eremu bat nun ez ginuen preokupatzerik ohizko kanpoko lan arazoetaz. Horrela planifikatu ginuen gure afera eta zinez landu, hortara dedikatuz orokorki. Batez ere Errobiren bigarren fasean, talde bihurtu zelarik. Lanak beti ekartzen du bere fruitua, serioski eta profesionalki planteatu ginuen hori.

Errobiren azken diskoa, « Amentsaren bidea » eta beste kantu landuekin agertzen da. Nola ausartu zinezten horrelako lanen egitera ?

Modaz kanpoko lanak… Naturalki izan zen. Nere gogoa zen halako disko kontzeptu baten egitea, bi edo hiru gai hartuz eta horren ingurua musika eta hitzez apaintzea. Askatasunaren inguruan diren hainbat faktore sartu ginituen eta ez ginuen pentsatu disko hori komertziala izan behar zenik ala ez, ez dut sekulan horrela funtzionatu. Hor zinez ausartak izan ginen baina, behar bada, egoerak ere hori errexten zuela. Ez dut uste orain holakorik egingo ginuen.

Geroxago dator disko bat « Errobiaren hegitik », halako gogoetez betea, zure argazki batekin, ur hegian gogoetatsu, kezkati. Errobi taldeari azken opari bat?

Hori zen Errobi gelditu zelarik. Aitzinetik prestatuak, banituen kantu batzu, nik eginak. Nahi nuen geroko denboraldia hor finkatu, erran nahi baita, erakutsi hau hor zela, bukatua zela eta beste fase bat hasten nuela. Hori izan zen disko hori.

Musika taldeak aipatzen direlarik, ezin da « krisia » hitza ez aipatu, barreiatzeak, bakoitza bere alde doala, familia kontu edo beste. Errobiren desegite horrek samindu zintuen ala heriotz « naturala » izan zen bost urte intentsitate handizkoen jarraiean?

Nahiz eta min egin momentu batez, ez bazaude zure buruarekin eta ingurukoekin ados edo gustura, hobe da gelditzea. Hori da nere filosofia, nik onartzen dut.

Ondoko etapari juntatzea zen zure asmoa beraz?

Uste dut hori izan zela. Krisialdi handiena hor izan zen, urte batez, biez, edo gehiago ere. Azken finean, dibortzio guzietan bezala, ondorioak izaten dira. Psikoanalisia baten egitea bezala izan zen, kantuarekin eta musikaren segitzea. Ondoko Akelarreren pasaia hori onuragarria izan zait : banuen beste zerik pentsatzeko eta horrek eman zidan beste zerbaiten hasteko gogoa. Transizio gauza bat, transizio ona gainera.

Hor ere, talde profesional baten bizia ukan zinuen.

Hastapen batean esperientzia biziki polita izan da, zeren utzi baitzidaten errepertorio baten hautuaren egitea. Azken finean, beste gauza berri bat zen. Etzen publiko berdina, nahiz, publiko berdinarekin kontaktua ginuen. Garaia ere bere berezitasunarekin zen. Rock radikalaren sortze prozesua zen, hasi ziren Kortatu, Hertzainak... Oroitzen naiz, adibidez, Hertzainak taldearekin kontzertu bat eman ginuela 83an Iruñako Anaitasunean eta harriturik gelditu nintzela talde hori ikusi nuelarik, beren indarra, beren hitzak eta beste.

Pentsatu nuen hor beste fase batetara pasatuak ginela. Konturatu nintzen nere burua, ez kanpo bezala, bainan beste onda batean zela. Horrek pentsarazi ninduen zer zitekeen geroa nerekiko eta beste ainitzekiko. Hor krisi handi bat izan zen talde askotan. Nik uste salbatu ziren bakarretarik Itoiz izan zela, bera ere laister geldituko zelarik.

Fase hori neretzat erabakikorra izan zen, beste zerbaiten hasteko. Akelarreko lehen hiru urteak azpimarragarrienak gertatu ziren. Gero, hor sartzen zara kasik funtzionario lan batean, zeren ehun ta larogeita hamartik gora emanaldi eginez urtean, egia da etzirela pertsona bat, tresna bihurtzen zarela.

Jendeak, orokorki ez du uste musikaren jotzea lan bat denik, bere neke eta guztiekin…

Gertatzen dena da, nahiz alde ez hain gustukoak ukan, musika berez ez dela lan bat neretzat batez ere publikoarekiko lanean : da nik beti amestu dudan zerbait, egiten dudana eta hortarako baliabideak noizbait ukan ditut edo lortu. Nere aitak erraiten zuen etzela lan bat ! Adin bateko jende batek beti gauza bera pentsatzen du. Musika, produktu bukatu bezala entzuten delarik irratiaren bidez, hain erraza da, hain errazki pasatzen da, non uste duzun horrek ez lukeela beste munduko gauzarik, baina azpian bada lan bat jendeak maiz ez dakiena.

Aipatu duzun hirugarren fase horretan doi bat bakarti agertu zara, sorkuntzak lantzen, lan gehienak monografia itxura batekin moldatu dituzu ere, nola Txomin Iturberen omenezko lan bat «Aurrera bolie»…

Hori manuz egindako gauza bat izan zen, bera hil zelarik, eskatu zidaten kantu bat egiten ahal nuenez… Beste okasione batzuetan ere egin ditut horrelako gauzak. Horiek gauza puntualak dira.

Bobby Sands irlandesaren testuak ere badira, senditzen da kantari konprometitua beti hor dela.

Naizen pertsona naiz, hori ez dut sekulan gorde nahi izan. Maiz erran dut kantari inplikatu bat nintzela eta nere ideien kontra ez nuela deus eginen. Beti inporta izan zait nerekiko koherente izatea. Hala baldin bazara, publikoarekin ere hala zara.

Baina horrek traba arazoak ekarri dizkizu ere, gomitarik ez, bazterketak, ez da beti goxo izan ziur aski.

Hori hastapenetik banekien, bide hori abiatzean, baina bide naturala zen neretzat, gaurregun ere. Traba horiek ez dira beste mundukoak izan !

Kantari batzuek diote ez direla kantari « engaiatuak » baina « beren artearekin direla konprometituak »… Tentaldi horrelakorik ba al duzu?

Ni engaiatua naiz, pertsonalki eta artearekin ere, nik uste hori dela diferentzia guzia. Zer den konprometitua izatea ? Bada non hitz egiterik. Aipatu bezala, egin ahala koherente izateak badu bere engaiamendua, ideiekin, egiten duzun lanarekin. Ez eskaintzea sinesten ez duzuna edo gogoko ez duzuna, hortik pasatu behar delako zerbaiten egiteko edo beste.

Euskaraz egin duzu zure lan guzia, hor ere bada koherentzia bat. Zalantzarik izan al duzu?

Ez, sekulan ez. Gertatu zait azken denboraldi honetan, Brassens-en egokipenak egin ondoan, kanpoan haren kantu bat edo besteren kantatzea frantsesez...

Musikaz orain duzun esperientziarekin, konposaketen egiteko ahalarekin, duzun ikuspegiarekin, nahiz beti zaila den sorkuntza, senditzen al duzu proiektu batean kokatzen zarela, ala bapateko sailean jarraitzen duzu?

Bi alde horiek baditut. Bapatekoa beti gustatu zait gehiago, baina gero, bapateko hori entzungarria izan dadin, bestea ere behar da. Proiektuei dagokienez, egia da aspaldi honetan galdatzen didatela noizko dudan diska berria eta beste. Horretan sartzen bazara, beharko ginuke urtean behin edo bi urteetarik disko bat atera. Ez naiz batere horretan sartzen, ez dut sartu nahi ere. Gertatu zait bi urtez bi diskoren egitea, baina hori horrela zelako eta gibelean bazelako zerbait ere. Oinarrizko gauza ez baduzu gibelean, gauza berri baten egiteko ateratuz deskongelatu den gauza bat, lehenago eginaren berritzea etzait hainbat interesatzen, nahiz eta nahigabe hori ere gerta diteken. Orduan, ez dut kalkulu berezirik egiten eta gauza frango erabakia denean eta mahai gainean ontsa jarria denean, orduan ateratzen da. Dena den, ezin manatuzko gauza da.

Prudentzia handiz ari zarela, baina hala ere besazpian dituzun xedeetan bazenituzke gauzak. Brassens bihotzaldi bat izan zen, Amurizarekilakoa gogo handiz egin zenuen ere, idazleen hainbat testu badira, zuhaurek idatzi duzu testurik ere...

Gogoa badut, bai, pasatzen dena da biziki dudakorra naizela alde horretatik, berdin ez dudalako aski praktikatzen idaztea. Gero, pentsatzen dudalako funtsez badirela hainbat ongi idazten dutenak herri honetan, kantu bihurtu ditezken testuak, orduan beti maitatu izan dut ene lanetan nahasketa hori izan zadien. Musikan gauza berdina gertatzen zait. Errepikatzeak panikoa sortzen zait, arrisku handia da. Beti on da kontseilari edo zurekin gogoz lan egiten duen beste norbaitekin elkartzea. Ondoko lanak horrela izanen dira.

Behako bat ematen badiogu euskal musikari, ezkorra izanez, badirudi garai batean baino gauza berri gutxiago dela azken denbora hauetan. Zer senditzen duzu horretaz, belaunaldi zaharra nekatzen dela eta deus guti miragarririk ez dela ateratzen?

Azken denboraldi honetan egia da : kreazio mailan, literaturan, diskagintzan baino gauza askoz gehiago eta hobeak atera direla eta bide horrek jarraitzen duela, nere ustez. Musikaren krisia diogularik, gizartearena ere bada. Krisi ekonomikoa, politikoa eta soziala berez. Hau guzia konduan hartu behar da. Gero egia da azken hamabost urte horietan, 90a arte, zurrunbiloa izan zela hemen, taldeak egunero sortzen ziren eta publiko bat bazuten. Sendi zen ezin zuela iraun horrek. Orduan gauzak piska bat normalizatu dira. Krisia aipatzen dugularik, hala ere, hitzak neurtuko nituzke. Berriz diot gauza normal batetara heltzen ari garela, gure herriak emaiten ahal duen hartara, bistan da. Diska baten egitea erraza da gaurregun, sekulan baino errazago, baina horrek zer zabalkuntza du ? Komertzialki zer balio du ? Horretan da krisi nagusia.

Kantu Txapeleketa eta beste batzuetan epaimahaikide izan zara, itxaropen, talendu eta nahikeririk ikusten duzu?

Talendua badela ez da dudarik, bakoitza bere heinean. Pasatzen dena da, behar bada, hastapen batean, emaitzak ez direla pentsatuak ziren haiek izan. Egia da ez dela jende ainitzik atera hortik. Gauza bakoitzak bere funtzioa du. Kantu Txapelketarena ez da baitezpada artisten ateratzea publiko baten aurrean. Gauza horiek naturalki egin behar dira.

Artisten munduan, beti behar da norbait eragile, eredu denik. Horrelakorik ikusten duzu kantagintzan gaur Euskal Herrian?

Batzuetan, gibelera begiratzen dudanean, konturatzen zara hala ere artista konfirmatuak hor direla oraindik, publiko bat badutela. Nik erran dezakedana hemen, atzoko euria bezala da. Nork egiten du artista azkenean ? Publikoa da. Publikorik ez denean, nekez iraun dezake bere artearen aitzinatzen. Deus ez gara publikorik gabe.

Azken urte hauetan gertatzen den kanta zaharrei buruzko itzultze bat bezala nola senditzen duzu : mendeetan zehar sortu gauzen gustu eta iraunkortasunaz zer diozu, gaur ikusten da Niko Etxart bat bere aitarekin kantuz…

Konstante bat izan diteke, publikoarena gehienbat. Badakit nere entzutera datorren publikoa horretarako ere etortzen dela. Lertxundirekin horretaz ari nintzen, publikoak galdatzen ziola zergatik ondarrera ematen zituen bere kanta zaharrenak… Zer pentsa ? Jendea aspertzen dela kanta horiek entzun arte ? Zer egin behar da ? Dosis baten egitea ez da erraza.

Horiek hola, euskal kantagintza bizi dela erran dezakezu, etorkizun ezberdinarekin?

Baikor naiz geroari buruz. Ez da, berdin, jendek pentsatzen zuten zama hura etorriko, baina bidea eginen du. Izen batzu atera dira azken urte hauetan, nola Mikel Markez, hor dugu ere Mikel Urdangarin lan interesantea egiten duena eta beste hainbat esperientzia. Erran nezake gu hasi ginen une hura interesgarriagoa zela : bazen sormen gose bat, entzulegoaren gose kultural orokor bat, beharbada gutitu dena, edo ez dena.

Gaurko musikari gazte bati zer esango zenioke? Erran nioke : « lana egin zak, ez pentsa trukez zerbait ukanen dukanik ! » Ez dut sekulan pentsatu horrekin aberastuko nintzenik, eta hola gertatu da. Gainera, helburua ez da hori. Plazerra atxiki, piztu eta probokatu behar da, bestela ez da segitzen ahal.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Luis Miguel Macias. Arrantza sailburuordea: Espainiak ez ditu euskal arrantzaleen interesak defendatzen

 

Irakurri

Txema Blasco. Aktorea: Pribilegiatua naiz, hiru aktoretik bat besterik ez baita bizi lanbide honekin

 

Irakurri

Joseba Agirreazkuenaga. Historiagilea eta EHUko irakasle katedraduna: Herri guztiok gara historiadunak, eta hori XX mendearen bigarren erdian irabazi den zerbait da

 

Irakurri

Marieli Díaz de Mendibil. Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendaria: Oraindik asko dago egiteke gizarteak kontsumo arduradunaren kultura barnera dezan

 

Irakurri

Ixabel Charritton. Seaskako lehendakaria: Seaskak eredu orokor eta koherente bat eraiki du, orain gelditzen zaiona garatzea da

 

Irakurri