Ixabel Charritton. Seaskako lehendakaria: Seaskak eredu orokor eta koherente bat eraiki du, orain gelditzen zaiona garatzea da

2005-03-18

ARBELBIDE, Nora

Gaur egun lehendakari bada Charritton, sei urte iraganak ditu jada Seaskaren bulegoan. Aspalditik hor dago, beraz. Ongi menperatzen du ikastolen bizia. Lehendakari kargua betetzen ez duelarik, aholkularitza bezala ari da lantegientzat, kalitate kudeaketan. Baina zorionez lan malgua du beregain ari da. « Batzutan zaila baldin bada ere biak koordinatzea, beharrezkoa » zaio, lehendakari gisa ez « baita ordaindua! » dio irriz. Filgi Claverie aitzineko lehendakariak bere lanagatik utzi behar izan zuelarik kargua zuen bere gain hartu Charrittonek. Betidanik haurrak ikastolara sartzea nahi izan du, « haurrak izan aitzin ere ». Betidanik sustengatu ere Seaska. Gaztea zelarik manifestaldietara joatek usaia bazuen. Beskoitzeko ikastolan laguntzaile izan zen baita garaian. Gaur egun Uztaritzen bizi da eta hango ikastolan ditu hiru alabak. Haren iduriko ikastola euskara transmititzeko eredu eraginkorrena da. Ikusiz bereziki zertan den euskararen egoera Iparraldean.

Lehendakari kargua irailean hartu zenuenetik nola doaz aferak ?

Betiko arazoetan murgildurik segitzen du Seaskak. Konkretuki, une honetan Frantses Estatuak ordainduko dizkigun postuen kopuruen beha gaude. Kolegioko irakasleei dohakionez, emaitzak ukan ditugu baina orai kalkuluak egin behar ditugu. Lehen mailakoen berri ez dugu haatik. Laster ukanen ditugu. Halere, momentukotz ikusi dugunarekin erran daiteke orokorki ordu kopuruak ttipitu dizkigutela. Funtsean, urtero oren batzu kentzen dizkigute. Postu erdi bat lehen mailan, beste oren pare batzu lizeoan, postu bat eskatu eta erdi bat eman, etabar… Etengabe borrokatu beharra gara guti hori lortzeko ere. Pixkanaka pixkanaka ari baitira, beti azpitik. Ez da begibistakoa, baina berdin salagarria da. Horregaitik ere sortu dugu Hiru Sareta : Ipar Euskal Herriko hezkuntzako sare publikoa, pribatua eta ikastolak elgarrekin sortu dugun egitura. Baitakigu beste ereduetan ere gauza bera dela. Azterketa orokor bat egin nahi dugu denek elgarrekin, denek politika hori salatzeko. Gisa berean, Eskolimen ere ari gara : Frantziako beste murgiltze ereduko beste eskolekin osatu egituran. Bressola Kataluniakoan, Calandreta okzitandarran edo alzaziarrekin, estrategia amankomunak eraikitzen ari gara. Gure eredua hobeki defenditzeko murgiltze eredua zuzen zer den definitzen ari gara. Funtzionatzeko baldintzak zein diren, zenbat oren behar diren, nola antolatu behar diren, etabar. Adibide bat emateko, murgiltze eredua ezin dela bakarrik klase bakar batean garatu erakutsi nahi dugu, inguruko komunikazio hizkuntza frantsesa bada. Gure eredua da euskaraz ikastea eta euskaraz komunikatzea eskola guzian. Hori defenditzea beharrezkoa da, batzuk hori ere zalantzan jarri nahi baitute.

Aurten ere beraz, « eskualdeetako hizkuntzen » aurka segitzeko asmoa duela erran daiteke…

Frantziak ez du hizkuntz politikarik harek « eskualdeetako hizkuntzak » deitzen dituenei begira. Frantziako Konstituzioa aldatu dutela berrikitan, gure hizkuntzak Konstituzioan sartzea berriz ezeztu dute. Erraten dute ez dutela ofizialdu nahi. Baina hori baino gehiago, ez dute ez eta errespetatu nahi. Egin proposamenak eskatzen zuen gauza bakarra hizkuntzak errespetatzea baitzen, eta ez ofizialtzea. Orohar, gauzak aitzinatzen badira, jendeen nahikeri esker da. Bai Euskal Herrian, zein Katalunian edo Okzitanian. Herritarrek berek dituzte berengain hartzen erabakiak eta araberan haiek berak dira antolatzen. 2004ko abenduaren 11an Baiona iragan manifa Hiru Saretak antolaturik. Argazkia: Seaska

Ikas-Bi ez da Hiru Saretan sartu, haiek bide judiziala hartzekoa dute. Zergaitik ez duzue zuek ere bide hori hautatzen?

Murgiltze eredua ez baita legalki ezagutua Frantzian. Ez da debekatua, baina ez da positiboki ezagutua. Ezin dugu beraz legearen arloan gure eredua defenditu. Haiek aldiz egin dezakete. Ikusiko zer emanen duen. Irabazten ahal dute, baina horrek ez du erran nahi Ministeritzaren politika aldatuko denik.

Manifestaldiak, okupazioak, Seaska sortu denetik etengabean borrokan ari dela dirudi, eta parean frantses politika beti bezain itsu, eta ez dirudi aldatzekotan denik… Kasik fatalitatea dela erran daiteke…

(irriak). Ez da fatalitaterik. Hasteko, aitzinamendu handi bat izan zen 1994ean elkarte kontratua lortu zuelarik Seaskak. Hau da, eskola pribatuen estatuto juridikoa. Seaskak Ministeritzarekin hitzarmen izenpetzearekin gure eredua salbatu zen. Epe luzerako aterabide bat izan zen. Horri esker Ministeritzak baititu ikastoletako irakasleak ordaintzen. 1994 aintzin zenbait kontratu lortzen bagenituen ere, kontratu prekarioak ziren. Hor bai, beti ginen karrikan. Lehen ofizialtasun bat izan zen beraz, Seaskak 25 urte bete eta… 11 urte lortua dugula, beste 20 urteren buruan pentsa daiteke gauzak aldatzen ahal direla (irriak). Hasteko, ez dela fatalitaterik erakusten du. Baliteke Europarekin gauzak aldatzea. Europa osoan Frantzia da modelo zentralizatua garatzen duen bakarra. Beste modeloak ondoan dituela, lagun dezake mentalitateak aldatzen Frantziaren baitan. Nork daki ? Gure haur edo bilobentzat gauzak alda daitezke. Edozein gisaz, historia ez da nehoiz bururatzen.

Geroan esperantza duzu, beraz ? Basoa erdi betea edo erdi hutsa ?

Printzipioz erdi betea, ez nuen kargu hori hartuko.

Uste duzu hemendik 50 urtera oraino euskaraz mintzatuko dela Iparraldean ?

Bai. Baina egia da horretarako Hegoaldearekin harremanak indartu beharko ditugula. Harreman horietan diogu ematen bere utilitate soziala euskarari. Euskara da gure lotura. Izan zedin hizkuntza mailan, sozialean zein ekonomian. Iparraldeko garapen orokorra harreman horiei lotua dela pentsatzen dut. Bordale eta Pariserentzat ttigiegiak gara. Ez dute interesik. Hergoaldeak bai, aldiz.

Lokalki zein dira hautetsiek Seaskari ematen dituen oihartzunak?

Giroa aldatzen ari da. Hautetsiak ohartu dira euskara salbatzeko, zerbait egitea beharrezkoa dela euskararen alde. Izan zitezen abertzaleak, eskuindarrak edo ezkertiarrak. Mentalitateak ideki dira. Praktikoki ere. Seaskari laguntza ekartzen dute bere proiektu eta helburuak gauzatzeko. Lokalki ahal dutena egiten dutela uste dut. Arazoa da erabakiak hartzeko ez dutela egiazko podererik.

Integrazio Batzordearen ekimenean ageri den bezala, orohar Ipar Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko biziaren aktore izan behar dela erran daiteke nolazpait? Gutienez, aktibo, alde baikorrak ere baditu horrek, ez?

Bi hitzez esplikatzeko, Integrazio Batzordea gurasoek sortu proiektu bat da, bai. Ahalmen urriko haurra beste haur “normalen” artean nahastea hobe zela zeritzoten, bere gaitasunak garatzeko. Bada orai zenbait urte proiektua hasia dutela. Gaur egun 11 haur badira. Eta egia da haurren gaitasunak gehiago garatzen direla agertzen da. Afektiboki gainera, garrantzitsua da sozialki integratuak izatea. Hain ongi funtzionatzen du, non frantses eskolan ere bide hori hartu duten. Hor ere, Seaska aitzindari izan da. Orohar egia da betidanik ikastolak aktore izan direla Iparraldeko bizi sozialean. Eta hori baikorra izan daiteke, konzientzia orokor bat sortzen laguntzen duelako, herritarrak beren biziaren aktoreak direla erakuts dezake. Horrek indar bat pitz dezake Euskal Herria garatzeko, ez bakarrik hizkuntzaren eremuan, baina baita ekonomiaren arloan edo kulturan. Ororen buru hizkuntzaren axola ikus daiteke Iparraldean bizitzeko motibazio bat bezala. Eta hemen bizitzeko, dirua irabazi behar da, aberastasuna eraiki, lantegiak sortu.... Hots, hizkuntza garapen orokorrarentzat motorre bat dela uste dut. Zure haurrak euskaraz nahi badituzu hezi, ikastolan ezarri, ezin duzu beste nonbait bizi eta beraz, hemen lan egin behar duzu. Lana atzeman, eta ez bada, zure lan proprioa sortu. Gisa berean, euskara ez zedin hil, badakizu gazteak hemen atxiki behar dituzula, hemen lana atzeman behar dutela.

Halere, euskaraz mintzo direnen kopuruei begiratzen badiegu, bada ezezkorra izatekoa. Baiona Angelu eta Miarritzeko gazteen %2ak bakarrik du erabiltzen euskara… Bide bera segitzen badugu, 2030ean biztanlego osoaren %5ak bakarrik luke menperatuko euskara... Garapen motorretik urrun, ez?

Motorra da, baina arazoa da trein guzia behar dela tiratu (irriak). Dena den, gauzak kezkagarriak dira, horretan ez da dudarik. Hizkuntza politika orokor bat sortzea eta garatzea ezinbestekoa da, eta medioak ere, motorra hil aitzin. Herri Urrats.

Murgiltze ereduaren baitan ere ikasleak frantsesera lerratzen dira biziki errazki…

Ingurumen frantsesdun batean bizi dira. Telebista, auzoa… Gurasoek ere askotan ez dakite euskaraz. Denetan frantsesa entzuten dute, lerratze normala da. Horri begira justuki hainbat proiektu martxan jartzen ditugu haurrak euskaraz mintzatzen motibatzeko. Balore sozial bat eman behar diogu euskarari. Hizkuntz afektibo bat ere izatera lortu behar dugu.

Zifre ezezkor horiei begiratu eta, ikastolaren lana euskara salbatzea baino, nolazpait probokatzeko, ez ote da gehiago bere hiltzearen kudeatzea?

Frantziako Estatuarentzat bai, hiltzearen kudeaketa bat dela pentsatzen dut, baina guk garapena eta bizia kudeatzeko politika baikor bat dugu behar. Eta ez guttiengo politika bat. Ez dugu bakarrik eskaera sozialari erantzun bat eman behar, baina eskaera aintzinatu behar dugu. Euskara denetan izan behar da, eskola guzietan, ama eskolatik lizeoraino.

Eskaera sozialaz mintzo zarela, gurasoen %56ak bere haurrek euskara ikastea nahi dute, zuk hori nola baloratzen duzu? Euskararen irudia aldatu dela dirudi, lehen arras ezekorki aipatzen zen euskara…

Kontradikzio asko badirela. Gurasoek haien haurrek euskara ikastea nahi dute. Askok aldiz, ez dute konzientzia aski azkarra ohartzeko ez dela aski lehen mailan ikastea. Euskara ontsa menperatzeko lizeoraino behar dute segitu, bereziki beren biloberi transmititzeko gai izateko. Lotura afektiboa badute, baina konzientzia azkartzeko intelektualizatu beharko lukete, eta gehienek ez dute hala. Eta funtsean, ez dute laguntzarik intelektualizatzeko. Horrez gain, beste arazo bati ere aurre egin behar dugu. Alabaina, inkestek erakutsi digutenez, gazteek euskara gauza zaharkitu bat bezala ikusten dute. Haien aitatxi eta amatxien hizkuntza bezala, laborantzari lotzen dute frangotan. Horiek horrela, irudia modernizatzea beharrezkoa zaigu. Jendeen bizian sarrarazi behar dugu euskara. Komunikazio kanpainak ez dira aski. Euskara ikasi eta euskara mintzatu behar dutela erraiten diegu jendeei. Baina haien ingurumenean ez badute paradarik euskaraz mintzatzeko, zer egiten duzu hizkuntzarekin ! Utilitate arazo bat bada. Angelun egiten dugun Glisseguna hortan sartzen dugu. Euskara gazteen eremuetan sarraraztea du helburua, lerra kirolak euskaraz ikasteko eta gozatzeko aukera eskainiz. Ekintza konkretuekin behar ditugu gauzak aldatu, ez bakarrik komunikazioaren bidez.

Iaz 35 urte bete zituela Seaskak, orohar nola baloratzen duzu orain arte egin duen bidea ? Seskak eredu orokor eta koherente bat eraiki duela pentsatzen dut. Ama ikastolatik lizeoraino garatu du bere eredua. Hizkuntza politika bat garatzeko eta definitzeko Seaska erreferentzia garrantzitsuena dela. Sistema orokor bat izateaz gain, urtero-urtero emaitzak neurtzen ditugu. Gure helburua delarik Iparraldea berreuskaratzea, badakigu lortzen dugula. Seaskatik ateratzen diren ikasleak egiazko euskaldunak direla. Orain gelditzen dena da gure eredua gehiago garatzea. Hori da gure erronka handiena.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Antonio Sistiaga. Margolaria eta zinemagilea: Artea ez da nire bizimodua bakarrik: nire bizitza da

 

Irakurri

Joseba Azkarraga. Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburua: Laneko ezbeharren arazoa larria da, baina egin dezakegun gauza bakarra lanean jarraitzea eta eragile sozio-ekonomiko guztiei ahaleginak egin ditzatela eskatzea da

 

Irakurri

Bingen Zupiria. ETBko zuzendaria: EAEn telebista publikoa gestionatzeko modu berri bat sortu dugu, gure inguru guztian parekorik ez daukana, eta libreagoa

 

Irakurri

Francisco Errasti. Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroko (CIMA) zuzendari orokorra: CIMA-n ez dugu enbrioi zelularik erabiltzen. Ez litzateke etikoa izango, zelula horiek gizakiak dira-eta

 

Irakurri

Ruper Ordorika. Musikaria: Euskaldunok lan bikoitza dugu

 

Irakurri