Anjel Lertxundi: "Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak".

2003-03-14

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Anjel Lertxundi Anjel Lertxundi, idazlea Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak * Teresa Sala Galipotaren mamuak aurpegia erakutsi berri zien euskal hondartzei ustekabezko arratsalde eguzkitsu hartan eta Donostiako kaleak jendez gainezka azaldu ziren. Anjel Lertxundi ozta ozta heldu zen hitzordura, liburua eskuan eta presak soinean. Alta, luze eta gustura mintzatu zen literaturaz, bere nahi eta desiotaz; bizitzaz, azken finean. 1970ean kaleratu zen "Hunik arrats artean" zure lehen liburua, baina noiz izan zenuen zure lehen harremana literaturarekin? Noiz jakin zenuen idazle izango zinela? Nik uste dut batek jakiten duela idazlea dela lehendabiziko liburua argitaratu baino askoz lehenago. Hamabost urte nituela bazen Espainian "Jóvenes" izeneko aldizkaria eta sari bat irabazi nuen bertan. Gaztetxo bat besterik ez nintzela nahiko idazten nuen, baina gaztelaniaz. Hamalau, hamabost edo hamasei urterekin neure burua idazten ikusten nuen, eta nire ikaslekideek idazle deitzen ninduten. Orion bizi ginenean gure etxean ez zegoen ia libururik, beranduago, Zarautzera joan ginenean bai, baina haurra nintzela ez nituen liburu asko etxean. Zazpi edo zortzi urte nituenenan liburuak soilik herriko apaizari ikusten nizkion eta nik inbidia nion apaizari. Niretzat liburua prestigio handiko zerbait zen eta liburuenganako lilura sentitzen nuen, ez dut inoiz galdu sentimentu hori. Zure burua narratzailetzat duzula behin baino gehiagotan aipatu duzu. Zein da literaturak idazleari eskaintzen dion poztasuna edo plazerra? Momentu asko daude eta oso ezberdinak. Batetik, lana da eta neke batzuk hartzen dituzu, bakardadeko lana da eta bakardadeko lan horretan egiten ari zarenaren sortzailea ez ezik, irakurlea ere bazara. Niri poztasuna testuarekin asmatzen dudanean sortzen zait. Testuarekiko momentu adeitsuak izaten ditut eta une horietan ez naiz oraindik irakurlearekin pentsatzen ari, ni bainaiz nire testuarenirakurle bakarra. Gero, beste mota bateko asebetetzea ere izaten da eta nik hizkuntzarekin sentitzen dut hori, maiz esaten diot neure buruari: "hau oraindik ez da inoiz euskaraz esan". Eta lortzen dudanean hori modu edo tamaina horretara ekartzea beste poztasun handi bat sentitzen dut. Beraz, euskaldunek abantaila handia daukagu hizkuntza oso eginen aurrean. Idazle espainiar edo ingeles bati oso zaila egingo zaio sentsazio hori, hizkuntzak oso eginak daudelako. Idazle euskaldunok, aldiz, askoz errazago sentitzen dugu hizkuntzaren plazer handia. Gaur egun arrunta egiten zaigu euskarazko testuak beste hizkuntza batzuetan ikustea eta baita literatura unibertsala euskaraz irakurtzeko aukera izatea ere... Egia da, eta duela hogei edo hogeita hamar urte guzti hau pentsaezina zen. Literatura unibertsala eta klasikoak euskaraz irakurri ahal izatea izugarrizko abantaila da euskal idazlearentzat, eta ondorioz, baita irakurlearentzat ere. Izan ere, bertatik aberasten baikara autoreak lehendabizi eta gero aberastasun hori eskaintzeko aukera daukagu. Nobelak eta eleberriak ez ezik, ipuinak eta artikuluak ere jorratu dituzu. Zein esparrutan sentitzen zara erosoago? Nobelan. Gehiago gustatzen zaizkit ibilbide luzeagoko kontuak. Garai batean orain baino ipuin gehiago idazten nituen; orain, aldiz, gehiago kostatzen zait. Ipuinak arnasaldi bat behar du, askoz ere elementu kontzentratuagoa da eta bertako elementu guztiak erabat lotuta daude. Pertsonaia batek ezin du huts egin. Nobela batean errazagoa da momentu konkretu batean pertsonaia batek huts egitea, baina ipuinean ezin da hori gertatu. Ipuinean dena perfektua ez bada ez du funtzionatzen. Zailagoa egiten zait niri ipuin on bat idaztea, nobela on bat idaztea baino. Haur eta gazte literaturan ere aritzen zara... Tartean ideiak etortzen zaizkit, eta beste batzuetan argitaletxeen desioei erantzuna eman behar zaie. Nobelak eta ipuinak idazten dituzu nolabait horiek idazteko premia sentitzen duzulako. Nik gutxitan sentitu dut haurliteraturan zerbait idaztearen premia. Idatzitako guztiaren artean, ba al duzu lan kuttunik? Bai. Maiz aipatu dut asko gustatzen zaidan liburua "Carla" (Erein, 1989) izan zela. Izugarrizko porrota izan zen, baina bertan nire obsesioak eta nire sentimenduak planteatzen nituen. Marrazkilari baten istorioa kontatzen dut, non marrazkilaria ni neu naizen. Beraz, nire zalantzak eta arazoak azaltzen dituen nobela da. Hala, nire momentu pertsonal jakin bat, oso garrantzitsua izan zena, planteatzen dut. Gainera, ordura arte nituen kontatzeko moduak eta beste hainbat gauza ere adierazten ditut. Orduan, nire bizitzan oso garrantzitsua izan da. "Carla" idatzi ez banu, ziur naiz ez nituela geroago egin nituen gauza asko egingo. Maitasun berezi bat diot nobela horri, nahiz eta konturatzen naizen porrota izan bazuen arrazoiak izango zirela horretarako. Ez da nobela borobila, ez da nik idatzi dudan lanik onena, baina bai nik asko eta bereziki maite dudan lana. Non aurkitzen du Anjel Lertxundik inspirazioa? Eguneroko lanean. Inspiraziorik ez dago, beno, inspirazioa badago, baina beti etortzen zaizu lanean ari zarenean, benetako inspirazioa folioaren aurrean edo ordenagailuaren aurrean zaudela heltzen da. Lanean zaudenean aurkitzen duzu. Eta, nola antolatzen zara lanean? Noiz idazten duzu? Egun, nola telebistarako gidoiak idazten bizi naizen, oso denbora gutxi gelditzen zait nire gauzak idazteko. Etxean egiten dut lana eta garrantzitsua iruditzen zait eguneroko diziplina. Goizero zazpi eta erdiak aldera jaikitzen naiz, egunkaria irakurri bezain laster lanari ekiten diot. Eguerdira arte lana egiten dut, nobelak, gidoiak edo artikuluak idazten ematen dut goiza. Ondoren pasiatzera ateratzen naiz eta arratsaldea artikuluak osatzen edo irakurtzen ematen dut. Horrelakoa da nire bizitza, bakarrik bizi banintz asteburuetan ere gauza bera egingo nuke. Zer ari zara irakurtzen orain? Momentuan John Berger idazlearen "Un pintor de hoy" nobela irakurtzen ari naiz, oso gustura. Ba al daukazuidazle faboritorik? Nik beti Stendhal aipatzen dut. Hamasei urte nituenean irakurri nuen "Rojo y negro" eta nobela horrek markatu egin ninduen. Badakit, adibidez, "La cartuja de Parma" hobeagoa dela baina ni "Rojo y negro" liburuak biziki hunkitu ninduen. Gaurko autoreen artean Villa Matas aipatuko nuke edo Italo Calvino... Baditut kuttunak, baina honetan ere garai ezberdinak izaten dira. Euskal literatura irakurtzen duzu? Bai, noski. Saizarbitoria, Atxaga, Lertxundi... Eskarmentu handiko idazleen belanauldi batez ari garela esan daiteke? Hogeita hamar urte baino gehiago daramagu idazten, eta hor dago gure eskarmentua. Euskal literaturan lehendabiziko profesionalak izan garela esango nuke, eta profesionala ez da literaturatik bizi dena, idaztea profesio gisa hartzen duena baizik. Nik beti esaten dut hortik bizi ez baldin bazara ere, lan egin behar duzula horretan bertatik biziko bazina bezala. Eta nik hori egin izan dugun lehendabizikoak izan garela uste dut. Idazle gazteen artean bokazio handiko batzuk ikusten dira eta horiek gu bezalako idazleak izango dira hogei urte barru. Zein puntutaraino dauka idazle euskaldunak euskaraz idaztearen konpromisoa? Gure belaunaldikoak gaztelaniaz trebeagoak ginen, besteak beste hamasei edo hamazazpi urte bete arte gaztelaniaz eskolatu ginelako. Gero, arrazoi politiko eta kultural batzuen ondorioz hartu genuen euskaraz idaztearen konpromisoa. Hogeita hamar urte igaro ondoren konpromiso hori zure bizitza bihurtzen duzu. Egoera aldatu egin da, guk hautamen bat egin genuen eta hautamen horrek idazlearen ikuspuntutik sakrifizioa handia eskatzen zuen, nonbaiten uko egiten baikenion mendaratzen genuen tresna bati, gaztelaniari, alegia. Nire kasuan, gainera, momentu hartan gehien menderatzen ez nuen hizkuntzaren alde egin nuen. Egun, euskaraz ikasi duenak ez dut uste dilema hori planteatzen duenik, ez guk planteatzen genuen modu berean. Alderdi literarioaz ari naiz, noski. Hogei bat urte igaro dira jada "Hamaseigarrenean aidanez"nobela kaleratu zenetik. Zer ikusten du Anjel Lertxundik atzera begiratzen duenean? Idatzi ez duen proiektu edo nobelarik ba al dago? Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak. Nik uste dut ez dagoela bere obra egina duela kontsideratzen duen idazlerik, agian zahartzaroan gerta daiteke hori baina gure adinean ez. Sortze lanerako adinik onena berrogei urtetik hirurogei urtera bitartean dela esango nuke, oraindik hirurogei ez ditugu harrapatu, beraz adin onenean gaude onena emateko. Onena emateko nago oraindik, horrela bizi naiz. Egindakoarekin pozik zaude? Gauza batzuekin bai, beste batzuekin ez eta beste batzuekin batere ez. 80ko hamarkadan didaktikarekin lotuta zeuden hainbat lan gaur ez nituzke egingo. Egun, adibidez, askoz ere hobeago ezberdintzen ditudalako eskola eta literatura. Urte horietan bizi nuen egoera ez da gaurkoa baina berriro ere egoera horretan bertan egokituko banintz? Ezezkoa esango al nioke hori egiteari?, ez dakit. Zein lan daukazu esku artean? Nobelarik ez daukat momentu honetan, ipuin liburu bat daukat mahai gainean, urgentzia ez duen lana da. Beste lanbide bat hautatu beharko bazenu, non ikusten duzu zeure burua? Beti gustatu izan zait irakaskuntza. Irakasle izan naizen urteetan oso gustura bizi izan naiz. Irakaskuntza garrantzitsua da niretzat, batez ere dakizun gutxia hitzez adierazten ikasi behar duzulako. Adierazpenaren zentzuan badauka idaztearekin zerikusirik, idazleak idatziz adierazten ditu gauzak eta paperean jartzen dituenean bihurtzen da idazle. Eta irakasle batek ere gai batetaz dakiena erakusten du hitzez adierazten dakienean eta hori ikasleei transmititzeko gai denean. Anjel Lertxundi (Orio, 1948) Ibilbide luzea eta oparoa da idazle oriotarrarena. Maisu eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Irakaskuntzan eta kazetaritzan aritu zen hainbat urtez eta egun, idazlea eta telebistako gidoigilea da. Hunik arrats artean. Lur, 1970 Goiko Kale.Gero, 1973 Aise eman zenidan eskua. Erein, 1980 Tristeak kontsolatzeko makina. Erein, 1980 Hamaseigarrenean aidanez. Erein, 1980 Tobacco days. Erein, 1987 Carla. Erein, 1989 Kapitain Frakasa. Erein, 1991 Otto Pette. Hilean bizian bezala. Alberdania, 1993 Piztiaren izena. Alberdania, 1995 Azkenaz beste. Alberdania, 1996 Letrak kalekantoitik. Alberdania, 1996 Las últimas sombras (Otto Pette). Seix Barral, 1996 Argizariaren egunak. Alberdania, 1998. 1999ko Euskadi Saria Un final para Nora. Alfaguara, 1999 Lehorreko koadernoa. Alberdania, 1999 Gogoa zubi. Alberdania, 1999 Nire kuleroak. Elkarlanean, 1999 Cuaderno de tierra firme. Alfaguara, 2000 Historias de tierra incierta. Anaya, 2000 Artisten erakusketen katalogoak egiten eta hainbat komunikabideetan ere parte hartu izan du (Egunkaria, El Diario Vasco, El Correo, El País...). Hitzaldiak eta eskolak eman ditu, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai kanpoan, estatuan zein atzerrian. Hamaseigarrenean, aidanez. Film ertaina Kaletik, por la borda. Film luzea Donostiako Nazioarteko Zinemaldian epai mahaiko Euskal Irrati Telebistak ematen dituen telesail batzuetan gidoiak idazten ditu. Haur Literatura: Espainiako Kultura Ministerioaren Kalitate Saria Udaberria (1982) lanagatik. Andersen Saria Lotara joateko ipuinak (1984) lanagatik Narraziogintza: Gipuzkoako Kazetarien Elkarteko Urrezko Luma Ajea du Urturik (1973) lanagatik Euskaltzaindia Saria Goiko Kale (1975) lanagatik Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Saria Argizariaren egunak (1999) lanagatik Kritika Saria Hamaseigarrenean aidanez (1983) lanagatik Kritika Saria Kapitain Frakasa (1991) lanagatik P.E. N. Club gallego taldearen Rosalía de Castro Saria (2000) Kazetaritza: Balorazio kazetaritzako Rikardo Arregi Saria Bagaren erdian (1995) lanagatik. Teresa Sala Argazkiak: Jesus Uriarte Euskonews & Media 203. zbk (2003 / 03 / 14 21) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Marta Cárdenas: "Pintatzea oso gauza naturala da niretzat. Gorputzak eskatzen didana eta behar duena pintatzen dut"

 

Irakurri

Patxi Goenaga Mendizabal: Gure helburua euskaldunari euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da.

 

Irakurri

María Elena Etcheverry de Irujo: "Elkarrekin hartu genuen argitaletxea Argentinan jarraitzeko konpromisoa, nahi izanez gero euskal gaiei buruz ikerlanak argitaratzeko aukera emateko".

 

Irakurri

Juanma Bajo Ulloa: "Zinea egin ez banu, orain gaixorik negoke edo gaizkile arrunta izango nintzateke".

 

Irakurri

Garbiñe Biurrun: "Epaileon independentzia arriskuan dago".

 

Irakurri