Antxon Aguirre Sorondo. In Memoriam: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

2014-02-05

PINTO, Félix, SILLERO ALFARO, Maider

SILLERO ALFARO, Maider



Pasa den urtarrilaren 30ean zendu zen Antxon Aguirre Sorondoren omenez, Euskonewsen argitaratutako bi elkarrizketa berreskuratzen ditugu.

Oraingo honetan Antxon Aguirre Sorondorekin egin nahi dugu elkarrizketa, ACEM elkarteko lehendakariarekin. Ateak atseginez ireki dizkigu eta hitz zintzoak erabiltzen ditu ondare arkitektoniko tradizionalaz, bereziki errota eta antzerako asmakuntzaz, hitz egiteko. Gorputz handi hori zuzen jartzen da ibilbide etnologikoan eta ondarearen kontserbazioan egindako lana bata bestearen atzetik aipatzeko asmoz.

MOLINUM aldizkaria 41. zenbakia.

Noiz hastan da etnologiarekiko duzun zaletasuna?

Nire genealogia sakonki aztertzen hasi nintzenean gai historikoetan murgildu nintzen, baita dokumentuak maneiatzen jakiten ere. 1970ean Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide egin nintzen eta 1978an, frankismoa eta gero Eusko Ikaskuntza berpiztu zenean, hor ere izena eman nuen. Horrek, kultur munduko pertsonekin harremanetan egoteko aukera eman zidan. Baina kasualitatez 1979an Azuelo (Nafarroa) herriko arotz bat ezagutu nuen, honek asto txiki batek eragiten zuen katalina baten bidez mugitzen zituen bere makinak. Horren inguruan ikerketa txikia egin eta 1980an Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetan argitaratu zen. Lan horren argitaratze azkarrak animatu ninduen eta urte horretan bertan, 1979an, interesgarria iruditu zitzaidan errota bat ere bisitatu nuenez, erroten inguruko nire ikerketak hasi nituen, lehen lana 1982an argitaratuz, oraindik jarraitzen dut gaiarekin.

Esparru honetan egin dituzun lanetatik, zein izan da asetasun gehien eman dizunak?

Egia esanda, gai berri batekin nagoen guztietan itsutu egiten naiz, nire bizitzako garrantzitsuena balitz disfrutatu eta tratatzen dut. Egia da, orokorrean, badirela eredua ezarri duten lanak bai informatzaileak hil direlako edo elementuak desagertu direlako, adibidez. Horrela gertatu da momentuan esku artean ditudan errota, baseliza, errementari, ferratzaile, hilarri edo ontzigintza inguruko lanekin, besteak beste.

Zer da ACEM eta zeintzuk dira lortu nahi dituen helburu nagusiak?

ACEM elkarte altruista bat da, lukurik gabekoa, kulturaren garrantzia ulertzen duten eta modu eskuzabalean horretarako lana egiten duten pertsonek osatzen duten elkartea. Energia tradizionalak (ura, airea, animaliak, atab.) eragiteko erabiltzen duten edo erabiltzen zuten elementuez arduratzen da, adibidez, errotak, burdinolak, dolare, pilak, etab. Elkartearen helburua siglek eurek definitzen dute, Erroten Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkartea, eta hori egiten dugu apaltasunez.

Nola eta noiz jaiotzen da elkartea?

1994. urteko uztailean izan zen, Arabako Zalduondo herri txikian Erroten inguruan antolatu ziren jardunaldi batzuetan, bazkal orduan Koldo Lizarralde, Carmelo Urdangarin, José Mari Izaga, García Rueda, Juanelo Turriano Fundazioaren ordezkari, eta ni mahai berean eseri ginenean. Urte horretako martxoan zendu zen José Antonio García-Diegotaz, Juanelo Turriano Fundazioaren sortzaileaz, hitz egin genuen. Aspaldi ezagutzen genuen denok eta berarekin Errotei buruzko Nazioarteko hainbat kongresutan ibilitakoak ginen. Erroten inguruan lanean jarduten dutenen ACEM elkartea fundatzearen ideia horrela sortu zen, urtebete beranduago errealitatean bilakatu zen.

1995. urteko azaroan, Begoña Bas-en lanari esker Errotei buruzko Nazioarteko I Jardunaldiak egin ziren La Coruñan, egun horietan ACEM elkartearen estatutuak aurkeztu eta onartu ziren, eta beranduago legeztatu.

1998ko urrian Terrasan eta 2001eko urrian Cartagenan, II eta III Errotei buruzko Nazioarteko Jardunaldiak burutu ziren, hurrenez hurren. Gerora, Errotei buruzko Nazioarteko Kongresuan bilakatzen da eta burutzen dira 2003an Palma de Mallorcan, 2005ean Alcazar de San Juanen, 2007an Cordoban, 2010ean Zamoran eta azkena 2012ko apirilean Tuin. Onartu egin da 9. Kongresuaren antolaketa Murtzian, 2014. urterako.

“Egia esanda, gai berri batekin nagoen guztietan itsutu egiten naiz, nire bizitzako garrantzitsuena balitz disfrutatu eta tratatzen dut”.

ACEM elkarteko lehendakari zarenez gero, ia sorkuntzatik denbora-tarte txiki bat kenduta, zer da harro sentiarazten zaituen hori?

Alde batetik, balio handia dauka ACEM elkarteari esker egin ditudan lagun on eta eskuzabalak. Kulturalki, elkartearen ekarpena: kongresuak, aldizkarietan argitaratutako lanak, etab. Zaila da jakiten zelako eragina izan dugun erroten konponbidean, errekuperazioan, musealizazioan, edota zein “erru” daukagun gizartean eragin dugun sentsibilizazioan, baina suposatu behar dugu 18 urte hauek gizartean arrastoa utziko zutela, nahiz eta ezin kuantifikatu nahi izango genukeen moduan.

Eta zerbaitez damutzerik?

Administrazioek, zentralek zein autonomikoek, oraindik nahikoa ez baloratzea elementu hauek suposatzen duten ondare kulturala da gehien mintzen nauena. Errolda osatuak, balorazio ikerketa historikoak, teknikoak eta etnografikoak falta dira; eta gabezia hauez gain, maiz gure iraganeko elementu hauen suntsiketa zigorgabearen testigu izaten gara. Guztiz tamalgarria da, lotsagarria gure agintariek kulturarekiko duten sentsibilitate eskasa. Espero dugu babeserako arau justuak diktatuko direla noizbait, nahiz eta ordurako elementu asko galduak izango diren.

Zure denboraren parte handi bat kulturari eskaintzen diozunez gero, zein da gehien transmititzea interesatzen zaizun ideia?

Jendeak elementu kulturalen alde egiten dituen ekintzen garrantziaz jabetzea garrantzitsua da. Kontziente izan behar dugu edozein hondamen edo ezabapen itzulezina dela, eta horrekin gure historiaren zati bat eta bere balio etnografikoa galtzen direla. Elementu kulturalen alde egiten dugun edozein gauza merezi duela, nahiz eta gaur egungo gizarte merkantilista errekonozitu ez. Eta azkenik, denok egin dezakegula, bakoitza bere neurrian.

Ondare arkitektoniko tradizionala nahikoa babestuta dagoela iruditzen al zaizu?

Lehen komentatu dugun moduan, ez. ACEM elkartetik bilera ugari egin ditugu ondare arduradunekin eta lortu dugun gauza bakarra hitz politak izan dira, hori bai bilera astunen ondoren. Elementu kulturalen defentsaren zentzua, ibaien presen kasuan, adibidez, ez doa eraginkortasunarekin bat. Hala ere, hauen salbazioaren alde borrokatuko dugu.

“Jendeak elementu kulturalen alde egiten dituen ekintzen garrantziaz jabetzea garrantzitsua da.”

Zeintzuk dira errota, noria, presa txiki eta antzerako elementuen kontserbazioan dauden mehatxurik handienak?

Mehatxurik handiena hauek gure iraganaren ondare-elementu eta elementu kultural moduan ez baloratzea da. Gaurkotasuna historiari eta etnografiari gailentzen zaio. Imajinatu erromatarren garaian Segoviako erregidoreak esan izan balu “ken dezagun balio ez duen akueduktu hau eta egin ditzagun etxeak bere harriekin”. Gaur egun zentzugabekeria esango genioke horri, bere garaian ez litzateke berdin kontsideratua izango. Gaur egoera berdintsuan gaude: “suntsitu ditzagun baliagarriak ez diren erroten presak eta pilak, utz ditzagun erabiltzen ez diren errotak erortzen”. Baina akaso ezin dira arrapalak egin presen alboetan ibaien birsorkuntza errazteko, presak suntsitu gabe? Ezin al dira errotak, olio-errotak, pilak, edo antzerako elementuak mantendu eta kultur etxe, interpretazio zentro edo museo txikitzat erabili? Berriz ere esaten dut, suntsiketa guztiak atzeraezinak dira.

Zein baliabide ditu ACEM elkarteak elementu arkitektoniko hauek merezi duten errespetua eta babesaren beharraz gizartea kontzientziatzeko?

Elkarte batek izan dezakeen hoberenetarikoa, bazkideak eta kulturarekiko hauek duten amorea eta pasioa. Horixe!

Jende nahikoa al dabil ondare mota hau eta inguratzen duen kultura ikasten? Zein modutan bideratuko edo animatuko zenituzke haien ikerketa lanetan?

Inoiz ez da nahikoa, horregatik animatzen ditugu ikertzaileak, teknikariak, historialariak eta antzeko interes kulturala duen edonor gure lanera elkartzera. Egin ahal dugun guztia datozen belaunaldientzat positiboa izango da, eta horretarako altruista eta eskuzabala izan behar da.

Esan diezagukezu zeintzuk diren ACEM elkarteak aurreikusita dituen berehalako ekintzak?

Hiru dira ACEM elkartean ditugun fronteak: alde batetik, datorren urtean Murtzian egingo den Kongresua, HUERMURk antolatzen du eta denok zaudete gonbidatuak; bestetik, MOLINUM aldizkaria Félix Pinto oso egoki zuzentzen duena Erredakzioa Batzorde bikain baten laguntzarekin, bertan lan ugari, ekitaldiak, bibliografia eta abar ematen da aditzera; eta azkenik, ondare arduradunekin jarraituko dugu harremanetan aipatutako elementuen defentsarako araudiak egin ditzaten. Gainera, urtero bezala, ibilaldi kulturalen bat ere antolatzea pentsatu dugu, aldizkariaren bitartez emango dugu horren berri. Antxon Aguirrerekin elkarrizketa bukatzen dugu lortu nahi dituen helburuak heltzeko indarrak emanez, ezbehar eta oztopoak ez ditzatela makina hauengana duen gogoa itzali, hainbeste borrokatu eta gogor defenditu dituen makinak. Bere kudeaketaren arrakastak anitzak izan daitezela.

MOLINUM aldizkariaren 41. alean argitaratutako elkarrizketa. ACEM, Erroten kontserbaziorako eta ikerketarako Elkarteak, argitaratzen duen aldizkari zientifiko, kultural eta dibulgatzailea.

........................................................................................................................................................

Antxon Aguirre Sorondo.

Argazkia: José Manuel BIELSA“Lehen artisautza erabilgarria egiten zen, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da”

Euskonews aldizkariaren ale honetan, 100. fitxara iritsi da Artisautzari eskainitako atala. Antxon Aguirre Sorondo aritzen zaigu artisauen lana ezagutzera ematen; horregatik, nor bera baino egokiagorik artisautzari eta Euskonews-en egiten duen lanari buruz hitz egiteko?

Antxon Aguirre Sorondo etnologo eta historialaria da, eta Eusko Ikaskuntzako Antropologia Saileko kidea.

Zer iruditzen artisautza zer den azalduz hasiko bagina? Izan ere, zeri buruz mintzo gara artisautzaz aritzean?

Artisautza, artisauaren eskuetatik ateratzen den produktua da, eta artisaua, arte edo lanbide mekaniko bat lantzen duen pertsona da, edo, bestela esanda, bere eskuen bidez seriatuak ez diren produktuak egiten dituena. Dena den, niri gehiago interesatzen zait gizakia, egiten dituen produktuak baino. Eta interes hori fitxetan argi islatzea itxaro dut. Horregatik, gizakiaz eta bere familiaz hitz egiten dugu, zer egiten duen eta nola, zein ibilbide izan duen... Funtsean, bere munduaz.

Berdinak al dira artisau guztiak?

Artisauak hiru taldetan sailka daitezke. Lehenik “benetako artisauak” genituzke, hau da, autonomo gisa alta emanda daudenak eta produktu jakin bat egiteaz bizi direnak. Beste talde batean, lanorduetatik kanpo artisautzako produktuak egiten dituztenak leudeke. Artisautza azoketara joaten dira, eta irabazi ekonomiko gehigarri bat lortzen dute. Orokorrean, ez dira artisautzan diru gehiago irabazteagatik aritzen, baizik eta gozatu egiten dutelako. Eta, azkenik, hirugarren adineko artisauak ditugu, erretiroa hartu ondoren artisautzara itzultzen direnak. Irabazten dute apurra ez dute Ogasunean deklaratzen, eta horrek urduritasun puntu bat sortzen die batzuetan.

Zenbateko garrantzia du artisautzak gaur egun?

Artisautzak daukan garrantzia ulertzeko, hiru parametro aztertu beharko genituzke nire ustez: pertsonala, ekonomikoa eta kulturala. Artisaua, hasteko, lan zehatz bat egiten duen pertsona da, artisau produktuak egiten dituena. Konnotazio batzuk ditu, bizimodu bat. Produktu ororen atzean gizaki bat dago, gizon edo emakume bat, bizitzeko bere beharrak dituena.

Beste alde batetik, faktore ekonomikoa dago. Horretarako, artisaua zein baldintzetan ari den ikusi behar da: autonomoa ote den, gizarte segurantzarik ba ote duen, enpresa batean ari denak dituen abantaila eta bizimodu berbera izateko adina irabazten ote duen, oporrik izaten ote duen...

Eta, azkenik, faktore kulturala daukagu. Artisauak aurreko bi faktoreei baino garrantzi gutxiago ematen dio alderdi honi. Eta gizartea ere, tamalez, ez da konturatzen artisau baten eskuetatik ateratzen den produktua kulturala denik. Besterik gabe, gauza polita bezala ikusten du, baina ez dio elementu kulturalaren balio erantsirik ematen. Gizarteak ez ditu produktuok horrela baloratzen, eta politikariek ere ez behar bezainbeste. Bestela, artisaua babestuagoa legoke.

Faktore hauek kontuan izanez gero, artisau produktuak erostearen alde egingo dugu, eta gehiago gozatuko dugu erositakoarekin, dagokion moduan baloratzen jakingo dugulako.

Argazkia: José Manuel BIELSA

Zein paper betetzen du emakumeak artisautzaren munduan?

Gaur egun, ia gehiago dira emakumezko artisauak, gizonezkoak baino. Izugarria da emakumeak artisautzaren munduan egin duen sarrera, baita hasiera batean gizonezkoei mugatuta zeudela ziruditen arloetan ere. Gainera, emakumeek sortzen dituzten produktuak ezberdinak izaten dira. Beste sentiberatasun bat daukate.

Gora ala behera egiten ari da artisautza?

Oso zaila da galdera horri erantzutea. Gizartearen gaiarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: zaharrek esaten dute orain lehen baino lizunkeria gehiago dagoela, ez dagoela moralik, gazteria inoiz baino okerrago dabilela... Atzo bertan, iruzkin hori bera egiten zuen XVII. mendeko egile ingeles baten testua irakurri nuen. Baina hemendik 200 urtera ere gauza berberak entzungo dira. Beno, ba artisautzarekin beste hainbeste gertatzen da. Gaur egungo egoera inoiz baino okerragoa dela diote artisauek, baina hori matizatu egin behar da. Artisauek inoiz ez dituzte orain bezainbeste laguntza ofizial jaso —hala ere, nire ustez ez dira nahikoak—; inoiz ez dira horrenbeste artisautza azoka antolatu, eta inoiz ez da hainbeste artisau egon. Gaur egun, produktu, teknika eta behar berriak dauzkagu. Dena den, artisauak inoiz ez du bere bizimodua hobetzeko hainbesteko grinarik sentitu —ulertzekoa eta bidezkoa erabat—, eta, horregatik, lehen baino askoz ere errendimendu handiagoa eskatzen zaio.

Zein aldaketa eman dira artisautzan? Zein ezberdintasun dago lehenagoko eta oraingo artisautzaren artean?

Artisautza tradizionala azkar batean hiltzen ari da. Dagoeneko ez da ganaduarentzat larruzko uztarririk egiten, ia ez direlako erabiltzen; abarkak ere ez dira egunero erabiltzen... Garai batean oso maiz erabiltzen ziren tresnak zaharkituta gelditzen ari dira. Eta beste artisautza mota bat ari da sortzen, pitxiena adibidez —lepokoak dira gehien saltzen direnak—, koadernaketak... Asko aldatu dira gauzak. Orokorrean esanda, lehen artisautza erabilgarria egiten zen, egunero erabiltzeko tresnak egiten ziren, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da, gorputza edo etxea apaintzeko produktuak egiten direlako batik bat.

Eta zer gertatu da elikaduraren artisautzarekin? Oso modan dago gaur egun...

Sektore hori erabilgarria izan da, erabilgarria izaten jarraitzen du, eta in crescendo doa gainera. Gaztak, pantxinetak, txakolinak, sagardoak eta abarrek ez dute inoiz hainbesteko garrantzirik izan. Segur aski, gutxien aldatu den sektorea dugu hori.

Nahikoa laguntza jasotzen al dute artisauek erakundeen aldetik?

Gaur egun jasotzen duten laguntza handiagoa da lehen jasotzen dutena baino, zalantzarik gabe, baina nire ustez ez da nahikoa. Beste herrialdeetan, Gobernuak lagundutako artisautza dendak egoten dira hiri handi guztietan, herriko artisautza bultzatzeko. Hemen, zoritxarrez, ez daukagu horrelakorik; ezta hiriburuetan ere ez dago Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako artisautza dendarik, gure artisauen produktuak erakusgai jarri eta saltzeko. Ahalegin batzuk egin dira, baina partikularren aldetik batez ere.

Beste alde batetik, erakunde publiko guztiak behartuta daude —Dekretu Legez, esango nuke nik— beren konpromisoetan artisautzako produktuak erabiltzera. Enpresa ofizial zein pribatu guztiek horrela egingo balute, bultzada eder bat emango litzaioke artisautzari, eta harro egon ahal izango lukete horrela jokatuko lukeenek, kultur maila ona eta bere herriarekiko maitasuna agertuko lituzkeelako.

Zein ezberdintasun dago artisauaren eta artistaren artean?

Zaila da hori. Eztabaida asko sortzen dira gai horren inguruan. Nik esan ohi dut artista gauza dekoratiboak egiten dituena dela, eta artisaua gauza erabilgarriak egiten dituena, baina oso modu orokorrean esanda. Dena den, Euskonews-erako fitxak prestatzeko elkarrizketak egitean, bi gauza gertatu zaizkit. Benetako artistak ezagutu ditut, artista deitzerik nahi ez dutenak, artisau gisa definitzen dutelako beren burua. Eta ezagutu dut Euskonews-en agertu nahi izan ez duen artisaurik ere, bere burua artistatzat jotzen duelako. Dena den, benetako artelanak egiten dituzten artisau asko daude.

Argazkia: José Manuel BIELSA

Artisautza belaunaldi batetik bestera igarotzen den lanbide bat denaren irudia daukagu, baina hala gertatzen al da?

Nik ezetz esango nuke. Gure belaunaldira arte, agian bai, baina gaur egun zaila da oso artisau baten seme edo alabak aitaren bizimodua hartu nahi izatea. Gainera, artisaua bera izaten da bere seme-alabak beste bide batetik eramaten saiatzen dena, bere ustez hobea dena. Bestelakoa izaten da langile batzuekin enpresa txiki bat sortzen duen artisauaren kasua. Hauek enpresari artisau bihurtzen dira.

Ikusten al da sortzen duen produktuari esker bizi den artisau gazterik?

Egiten dutenarekin erabat gogotsu agertzen diren artisauak bai, ikusten dira. Ez dira asko, baina indarra daukate, fedea, eta ideiak oso garbi. Ikusi egin behar erritmo hori jasateko gauza izango diren, eta beren eskuek lanean jarraitu ahal izango duten. Euskonews-en aurkeztu genuen artisauetako bati lan bat eskaini zioten, eta artisautza utzi eta atezain lanetan hasi zen. Errespetu osoa merezi duen ogibide bat da, beste edozein bezalakoa, baina artisau horrek baliabide ekonomikorik izan balu, erantzun ekonomiko handiagoa jaso izan balu, segur aski ez zuen artisautza utziko.

Alderik izaten al da leku bateko eta besteko artisauen artean?

Ez daude produktu berberak egiten dituzten bi artisau. Batek Gipuzkoan eta beste batek Bizkaian egiten dituen abarkak ezberdinak izango dira. Eta ezberdinak izango dira Gipuzkoako bi artisauk egindako abarkak ere. Are gehiago: artisau batek berak egindako bi abarka ere ezberdinak izango dira. Hori da, hain zuzen ere, artisau produktuen ezaugarria. Gainera, materia aldatu egiten da leku batetik bestera, eta, beraz, emaitza ere ezberdina izaten da. Hemen egindako zintzarri bat ez da Grezian edo Indian egindako beste baten berdina izango, nahiz eta biak izan zintzarri. Gaztak ere sekula ez dira elkarren berdinak izaten, faktore askok eragiten dutelako.

Zer hartu duzu kontuan Euskonews-erako fitxa hauek egiteko orduan?

Artisautzaren mundua ia mugagabea da. Kontzeptualki, artisaua bere eskuen bidez seriatua ez den elementu bat egiten duena da. Horregatik, nik hiru elementu izan ditut kontuan:

Batetik, emakumeen artisautza sustatzen saiatu naiz. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Bestetik, artisautza tradizionalera ez mugatzen saiatu naiz, artisauak lehenagokoak ez ezik (uztarriak, kaikuak eta abar egiten dituztenak), gaur egungoak ere badirelako (bitxiak, tailu modernoak eta abar egiten dituztenak). Dena den, gehienbat tradizionaletara jotzen saiatzen naiz, gero eta gutxiago gelditzen direlako. Kaikuak, pilotak gordetzeko saskiak, koilarak eta abar egiten dituztenak desagertzen ari dira. Gure artean izan ditugun ehun artisauetako batzuk hil egin dira, eta beste batzuek utzi egin dute lanbidea.

Bukatzeko, esan beharra daukat hemengo artisau gisa hartu ditudanak lana hemen egiten dutenak direla, nahiz eta hemen jaioak ez izan. Zentzu honetan, bada gaztelaniaz esaera bat: “la vaca no es de donde nace, sino de donde pace”.

Argazkia: José Manuel BIELSA

Ezagutu dituzun ehun artisauen artean, zein da deigarrien iruditu zaizun produktu edo lanbidea?

Batzuek beren harrera goxoagatik hunkitu naute, beren adeitasunagatik, edo beste faktore batzuengatik, baina perfumista —fitxa honetan bertan agertzen dena— izan da, beharbada, arreta gehien deitu didana. Agian, perfumista gutxi daudelako. Beste batzuetan, lanaren berezitasunak deitu dit arreta; esaterako, egurrezko itsasontziak egiten jarraitzen duen ontziola baten kasuak. Baina, egia esateko, denek piztu dute nire jakin-mina, argitaratu ditugun ehunek. Denekin gozatu dut, eta, hobeto edo okerrago, baina sentipen hori irakurleari helarazten saiatu naiz.

Azalduko al zeniguke zein metodo erabiltzen duzun artisauen fitxak osatzeko?

Hasteko, artisautza azoketara joaten naiz, artisauek fisikoki ezagut nazaten, eta gure ideia zein den azaltzen diet: funtsean, artisautza bultzatzea. Gero, telefonoz hitz egin, eta elkarrekin gelditzeko eguna eta ordua finkatzen ditugu. Lanean aritzen diren tailerretara joaten naiz, eta elkarrizketa egiten diet. Grabagailua eta argazki kamera eramaten ditut nirekin. Fitxa prestatu, eta artisauei pasatzen diet, nik idatzitako testuan ezer aldatu, kendu edo gehitzeko aukera izan dezaten.

Elkarrizketa hauetan, beste gertakizun bitxi bat ere izan nuen, artisau batek galdetu baitzidan: “baina, hau guztia interesatzen al zaio inori?”. Beste batek, berriz, zera esan zidan, inoiz inork ez zizkiola horrelako galderak egin.

Artisauren batek esan al dizu inoiz Euskonews-en agertu izanaren ondorioz bisitari gehiago jaso dituela?

Bai, bai, esan izan didate. Euskonews oso lan ona egiten ari da nire ustez. Alde batetik, artisauak bultzatzen dituelako. Ez gehiago saltzeko, baizik eta beren garrantzi eta balioa azpimarratzeko. Produktu bakoitzaren atzean artisau bat dago, pertsona bat, eta gure interesatu egiten zaigu. Beste alde batetik, datu bilketa garrantzitsua egiten ari gara, dagoeneko mordo polit bat osatu baitugu.

Antxon Aguirre Sorondori 2006an egindako elkarrizketa, 100. Artisautza atala bete genuenekoa, bera gerturatzen zen artisauengana eta osatzen zituen fitxak. Antxon Aguirre Sorondo (Donostia)Donostian jaioa (Gipuzkoa). “Marqués de Lozoya” Ikerketa II Sari Nazionala 1987an. 1992an José Miguel de Barandiaran beka jaso zuen “Las ermitas de Gipuzkoa” lana egiteko. Antropologia, historia eta teknikari buruzko hirurehun bat monografia eta artikuluen egilea eta Euskal Telebistako “Oficios Tradicionales” saioaren zuzendaria (1996-1999 bitartean emititutako 26 saio).Etnografiari buruzko liburu askoren egilea, besteak beste “Tratado de Molinología (Los Molinos de Guipuzcoa)”, baita eduki historikoa duten beste lan ugariren egilea ere. Aldizkari eta komunikabideetan ohiko kolaboratzailea.Beste batzuen artean elkarte hauen kide da. Aranzadi Zientzia Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, Grupo Etniker, ACEM (Asociación para la Conservación y Estudio de los Molinos). [+] Informazio gehiago
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Laura Gómez Urizar. Telebistako ekoizle eta idazlea Kaliforniako Los Angelesen: Zure ametsak jarraitu, besteengandik bereizten zaituena zer den bilatu eta ez etsi

 

Irakurri

Jexux Aizpurua. Jose Migel Barandiaran Fundazioko Patronato kidea: Barandiaranen ustez irakaskuntza zen bide bakarra euskara suspertuko bazen

 

Irakurri

Izaskun Artetxe García. Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomia Sailburua: Gure jarduera ekintzailearen tasak gora egin du krisia bada ere

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko Lehendakaria: Eskaintza zabala daukagula aurten ere. Etorri Durangora!

 

Irakurri

Soledad de Silva y Verástegui. Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria 2012: Erdi Aroko arteak ikuslegoa ikusezina den mundura eramaten saiatzen zen

 

Irakurri