Arantxa Iurre. Antzerkigilea: Ez baduzu ikusten ez duzu errealitatea aldatuko

2011-07-22

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Arantxa Iurreri antzerkiak askatasuna ematen dio, zoriontsu egiten du, baina, era berean, kritikatu ere zorrotz kritikatzen du antzerkia, bihotzez maite duelako; eta hori Arantxaren hitzetan nabarmentzen da. Antzerkiari loturik dago antzerkiaren esparru guztietan: Getxoko Antzerki Eskola zuzendu du duela hilabete gutxi arte, hainbat antzezlan idatzi ditu eta antzerki-zuzendari eta antzezle ere bada. Emakume engaiatua, hitza eman nahi izan die hainbeste denbora “ezkutaturik” egon diren antzerki-munduko emakume guztiei. Ikerketaren emaitza Arantxaren liburu honetan dago: La mujer en las artes escénicas en Euskadi, siglo XX. Teatro.

Nola sortu zen emakumeak antzerkian gaiari buruz liburu bat idazteko asmoa? Liburua irakurtzerakoan, badirudi ia-ia premia pertsonala dela.

Batzuetan, nik edo beste norbaitek idatzi, liburuak derrigor atera behar zuela pentsatzen dut, egin beharra zegoela uste baitut. Ikertzen hasi eta emakumea antzerkian gaiari buruz lan bat egiten ari nintzela, argazki bat aurkitu nuen eta bertan bi antzezle agertzen ziren, gizonezko bat eta emakume bat. Argazkiaren oinean gizonaren izena ageri zen, Eguilor, baina ez zen esaten nor zen emakumea. Eta han zeuden biak! Orduan konturatu nintzen emakumeok ezkutaturik geundela. Bi antzezle horiek, gizona eta emakumea, elkarrekin bizi ziren, euskal antzerkia sortzen ari ziren XX. mendearen hasieran, baina emakumearen aipamenik ere ez da egiten. Emakume guztiak aipatu behar nituela iruditu zitzaidan, horixe zela bidezkoa, euskal antzerkia gizon eta emakume antzezleekin egin delako.

Jakin al duzu nor zen argazkiko emakume antzezle hura?

Rosario Artola zela uste dut, baina hori ez dakit ziur...

Arantxa Idurreren “La mujer en las artes escénicas en Euskadi: Siglo XX. Teatro” liburura. “Batzuetan, nik edo beste norbaitek idatzi, liburuak derrigor atera behar zuela pentsatzen dut, egin beharra zegoela uste baitut”.

Nolakoa izan da ikerketa-prozesua, liburua idazteko informazio-bilaketa?

Nahiko gogorra izan da, izan ere, Euskadin ez dago antzerkiko dokumentazio zentrorik eta leku batetik bestera ibili behar izan dugu datu bila: deiturak, izenak, datak...; ordu asko igaro dugu aztarnak emango zizkiguten gauza xumeen bila. Sherlock Holmesen ikerketen parekoa. Hura poza gurea daturen bat aurkitzen genuen bakoitzean edo bat-batean puzzlea osatzen zenean.

Oso zaila izan da, baina, aldi berean, garrantzi handiko barne-bidaia ere bai niretzat. Idazterakoan asko sufritu dut eta nire herria berriro aurkitzea bezala izan da. Ni 64an jaio nintzen, antzerkia demokrazia heldu zenez geroztik bizi izan dut eta aurreko guztiaz zipitzik ere entzun gabe nengoen. Ni Teatroaren Historian irakasle naiz eta ez nuen euskal antzerkiaren historia hasieratik ezagutzen! Ez nekien nola sortu zen gure herrian, ezta hemen izan zuen garrantzia ere. Hori guztia, eta nire herria, berriro aurkitzea, eta politikak aldi guztietan eragina izan duela ikustea, oso garrantzitsua izan da niretzat.

Liburuaren izenburuan emakumea aipatzen da XX. mendeko Euskadiko antzerkian, baina edukia askoz haratago doa: egoera politikoa eta soziala berrikusi eta, oro har, antzerkiaren historia aztertzen da, gizonezkoak eta emakumeak tartean direla.

Nire ikusmoldea horrelakoa delako; nire ustez, gizon edo emakume antzerkigilearen historia soziala edo politikoa ulertu gabe, ezin da antzerkia ulertu; hori ezinezkoa da. Nik ere idazten dut eta bizi naizen egoeraren eragina jasotzen dut. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan emakume antzezle edo antzerkigileen sentimenduen berri azaltzea, zer motatako gizartean bizi ziren eta gertakari politikoen aurrean zer jarrera hartu zuten argitzen ahalegindu gabe. Jakina, ni ez naiz Historia irakasle eta lan asko egin behar izan dut bila. Historia liburu bakoitza desberdina izaten da eta joera guztietakoak bilatzen ahalegindu naiz, historia objektibo bat bilatzen. Beno, ez dakit hori noraino esan daitekeen... Egia esan, ez nuen bidetik gehiegi aldendu nahi, baina, azken finean, bakoitza den bezalakoa da.

Liburua 3 alditan banatu duzu: 1900-1939; 1939-1975 eta 1975-2000. Zer dela-eta sailkapen hori?

Une oro burua politikaz beterik izan duen herria gara, gehixeago edo gutxiago etengabe gerran egon den herria. 1910ean edo 1920an jaiotako zenbait emakumek ez zuten bakealdirik ezagutu Euskadin. Estatuan ere, argi eta garbi aldi politikoetan banaturik geundela ohartu nintzen: gerra zibila, diktadura eta gero demokrazia. Nire ustez, aldi horiek oso argi iradokitzen zidaten, gero modu sortzailean hitz egin ahal izateko. Hain herrialde politikoan bizi ez bagina, agian beste bide batetik joko nukeen.

Politikaren eragina nabaria da antzerki-lanetan jorratzen diren gaietan eta antzerkian diharduten emakumeen kopuruan ere.

Bai, politikaren eragina handia da. Lehen aldian emakumea okerrago zegoela irudi dezakeen arren, nire ustez emakumea diktadura garaian egon zen egoerarik okerrenean, bai antzerki alorrean, baita beste alorretan ere. Hura erabateko atzera pausoa izan zen; antzerkian ere ez ziguten garatzen utzi, eta emakumeoi gizonezkoei baino are gutxiago. Lehen aldian, ordea, emakumeek EAJren babesa zuten, antzerkia ideologia abertzalea eta herrialde-ideia zabaltzeko egiten zelako. Alderdi politiko baten babesa izatean, gizarteak ere hobeto onartzen zituen, baina diktadura garaian emakume antzezle edo antzerkigile izatea izan zitekeen gauzarik txarrena zen.

“Gizonak eta emakumeak nik uste bezain parekaturik ez geundela ikusteak min handia egin zidan”.

Argazkia: Javier Liñera.

Demokraziaren garaian hobekuntza nabaria izango zen?

Aurrera egin dugu, baina zaila gertatu zaigu...; eta emakumeoi, berriz, are zailago, esparru liberala denez, antzerkian berdintasuna izango zela pentsatu izan dugulako, eta hori ez da egia. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun berberak daude antzerkian ere, bizitzako beste esparruetako jokabide berberak. Niri asko kosta zitzaidan horretaz konturatzea.

Antzerkiko emakumeen historiari buruzko liburua idatzi duzu eta, horrezaz gain, antzezle, zuzendari eta idazle ere bazara; beraz, gaia gertu-gertutik ezagutzen duzu. Hainbestekoak al dira desberdintasunak?

Aintza Uriartek eta nik egin genuen lehen ikerlanak Paridad / disparidad en los centros de poder y decisión de las artes escénicas del País Vasco izenburua zuen, eta gizonak eta emakumeak nik uste bezain parekaturik ez geundela ikusteak min handia egin zidan. Orain beste sektoreetan bezala gaude, aurrera goaz.

Emakumeok, ordea, sortzaile sentitzen gara, gure lana gustatzen zaigu eta ez zaigu interesatzen desberdintasuna ikustea, gizonen eta emakumeen artean bereizketarik egin nahi ez dugulako. Baina une honetan ikuspegi hori okerra delakoan nago; errealitatea ikusten ez baduzu, ez duzu errealitaterik aldatzen.

Baliteke egunerokotasunean ezberdintasun itxurarik ez izatea, baina egon badago. Botere-organoetan antzerki alorreko bileretara joanez gero, gizonezkoak emakumeak baino gehiago egoten dira, eta badira eragina duten beste gauza asko ere; baina guk sortu egin nahi dugunez eta urte askotan modurik izan ez dugulako sortzeko gogo bizia dugunez, ez dugu gelditu nahi, sortzen ari garenarekin batera, gure lan-esparruan desberdintasunak daudela eta berdinak izan behar dugula esateko. Hori dela-eta, aurrerapen txikia egin badugu, neurri batean emakumeon errua dela uste dut, ez baitugu arretarik galdu nahi horrelakoak esaten.

Antzerkia idazterakoan, esan al daiteke emakume-gaiak eta gizonezkoenak daudela?

Ez dut uste, baina hori subjektibo samarra da. Aldi batean, premiazkoa zen gu emakumeoi buruz hitz egitea, baina hori iragana da. Orain emakume antzerkigileok, gerratik hasi eta ekologiaraino, gai unibertsalak erabiltzen ditugu, gizonezkoek bezala. Aldi batean, bai, premiazkoa izan zen gu emakumeoi buruz hitz egitea, baina nire ustez orduan premiazkoa zen guri buruz inoiz hitz egin ez zelako eta nor ginen esan beharra genuelako.

“Euskaraz idatzi zuen lehen emakume antzerkigileak, Katalina Eleizegik, liluratu nau. Oso ausarta izan zela iruditzen zait”.

Esperientzia baduzu gai honetan, 80ko hamarkadaz geroztik antzerki-munduari loturik zaude, ibilbide luzea...

Luzea eta, neurri handi batean, basamortuan eginikoa, baina eutsi egin behar zaio. Nik beti pentsatu izan dut iraupen-lasterketa bat dela, baina ni zoriontsu naiz horrela. Egia da nire bizimodu honetan eskasia handia dagoela, baina askatasuna ere ematen dit. Biziki sinesten dut gizartea antzerkiaren bitartez alda daitekeela. “Zinemara edo antzerkira nire kontuetan ez pentsatzeko joaten naiz” esaldia, tentelkeria hutsa da. Nik ere tarteka pizten dut telebista denbora pasa egoteko, baina gauza guztiek bere garaia izaten dute. Guk, maitasunezkoa nahiz gerrari buruzkoa izan, antzerki engaiatua egiten dugu beti; pertsona bati moraltasunik gabe pentsarazteko konpromisoa erakusten badiozu, horrek funtzionatu egiten du. Guztioi gustatzen zaigu zer-nolako gizartea nahi dugun pentsatzea, beharbada zertan pentsaturik ez dugulako eta, itxuraz, tentelak garelako. Guk eszenatokira eramaten dugu gaia eta zailena era poetiko eta sortzailean adieraztea izaten da, egunkariko artikuluaren itxurarik eman gabe.

Paren el mundo lanean, esaterako, metafora bilatzen dugu; clown-sudurrak dituzten milaka urteko agureak gara eta hortik abiaturik garrantzi handiko gauzak kontatzen ditugu. Gaiak duen garrantziarekin modu transzendentalean hasiz gero, ikusleak joan egiten dira. Paren el mundo lanarekin, berriz, jendea oso pozik irteten da, “neuk pentsatu eta neure kabuz erabaki behar dut” esanez. Ez dut uste jendeari aisialdia aisia hutsagatik gustatzen zaionik.

Eta askotan gogoeta egitera eramango gaituen kanpoko bultzada hori behar izaten dugu...

Nik ere hori uste dut eta gainera gure eginkizuna delakoan nago. Medikuak sendatzen gaituen bezala, antzerkiak ere arima sendatzen digu. Eszenatokira gizarteaz eztabaidatzeko elementuak eramatea da gure helburua. Maitasun erromantikoaren kontu hori, printzesarena,... gezur hutsa da eta min handia egiten digu denoi. Horretaz ere eztabaida daiteke. Guk langile modura honako ekarpen hau egin behar diogu gizarteari: antzerkira doan jendeak eztabaida dezala eta denon artean egin dezagula gizarte hobe bat.

Liburua egiteko ikertzen aritu zaren garaian, aukera izango zenuen antzerki munduarekin zerikusia duten emakume askoren biografia ezagutzeko. Ba al dago bereziki atentzioa eman dizun emakumeren bat?

Euskaraz idatzi zuen lehen emakume antzerkigileak, Katalina Eleizegik, liluratu nau. Oso ausarta izan zela iruditzen zait. Egia da EAJren babesa izan zuela, baina berdin zait; hura izan zen ikerlan handiena egin zuena, idazteko eta gauzak egiteko beste era bat asmatu zuena. Toribio Alzagak ere esan zuen Katalina izan zela onena garai hartan, ez zuela tipismoetara jotzeko horrenbesteko joerarik izan. Ni oso harro nago, beste antzerkigile askoren modura, antzerki mota askoz errazagoa, ikusleei berehala barrea eragiten zien tipismoz eta kostunbrismoz betetakoa, egin zezakeelako. Hura, ordea, ohiko apaiza eta baserriko emakumea baino haratago joan zen, Erromara, hain zuzen, berak sinesten zituen eta errespetagarriak iruditzen zaizkidan balio kontserbadoreak defendatzera. Nire ustez, emakume horrek ekarpen handia egin zion euskal antzerkigintzari eta emakumea tratatzeko duen era zoragarria iruditzen zait. Garai hartako antzezlanen amaieran, emakumeak biktimak izaten ginen beti eta antzerkigileek dardarka eta damuturik ipintzen gintuzten. Katalinaren lanean, aldiz, emakumea hiltzen bazen ere, heroi modura hiltzen zen, kantatuz eta heriotza onartuz. Bere generotik, hark ere gure duintasuna eta gauzak egiteko gure era defenditu zituen. Nik begirune handia diot emakume horri.

Katalina Eleizegik euskaraz antzezlan bat idatzi zuen lehen emakumea izatearen titulua ere irabazi zuen.

Eta ez idatzi bakarrik, arrakasta eta goraipamen handiak izanez gainera. Lehen emakume zuzendaria izan zena, aldiz, Maria Dolores Agirre, bidegabekeria handiz tratatu zuten. Diktadura garaian, orduan zegoen zentsura zela-eta, oso-oso zaila zen antzezlan bat prestatzea, eta Maria Doloresek Toribio Alzagak hasieran moldatu zuen konpainia berrantolatu eta antzerkia egin zuen euskaraz. Kritika zorrotzak jaso zituen, bai, kontserbadorea zelako, baina diktadura garaian nor ausartzen zen antzerkia euskaraz egin, konpainia bat antolatu eta herriz herri ibiltzera? Hori egin zuen Maria Dolores Agirrek eta ez zaio batere eskertu. Argia aldizkarian, asko goraipatu zuten Toribio Alzaga haren heriotzaz hitz egin zutenean eta Maria Doloresi buruz maistra zela esan zuten; baina garrantzi handiko emakume zuzendaria izan zen, zenbait antzezlan euskaratu eta arrakasta handia izan zuena. Bai Katalina, bai Maria Dolores, oso garrantzitsuak eta ausartak izan ziren.

Antzerki-munduko jendeak liburua irakurtzen badu, erreferentzia-puntu diren emakumeak badaudela ikusiko du. Borroka egin duten eta nahi zutena lortu duten emakumeak badaudela. Nik ez nuen ezagutzen erreferentzia-puntutzat erabil nezakeen emakume antzerkigile edo zuzendaririk, baina orain badakit garai txarretan berak idatzi nahi zuenarekin koherente izatea lortu zuen emakume bat izan zela.

Bigarren aldian egile gehiago daude, Lourdes Iriondo edo Miren Diez esate baterako, baina, oro har, antzezlan gutxi agertzen dira.

Diktadurak den-dena ezabatu zuelako. Beharbada, poesian zerbait gehiago egin ahal izan zen... Lourdes Iriondo, Xabier Leterekin eta Ez Dok Amairu taldearekin ibili zen abesten. Hemen jaiotako beste emakume batzuk, Madrila joan eta han burutu zituzten beraien lanak. Diktadura garaia, ordea, okerrena izan zen antzerkigintzarako, suntsitu egin baitzuen, Euskadin eta leku guztietan.

Liburuaren atal honetan 60-70 urteetako antzerki independentea ere aipatzen duzu.

Bai. Antzerki hori gehiago bizi izan nuen nik. Estatu guztian nagusitu zen eta Francoren aurkako antzerkia zen, etsai argi baten aurkakoa. Talde independente oso ausartek egiten zuten eta oso garai polita izan zela iruditzen zait. Euskadin oso garrantzitsua izan zen, kanpoko jende asko ekarri zelako, eta egile guztiek Europara jotzen zuten azken joera artistikoak ikustera. Pena ematen dit antzerkigintza independenteak antzerkia sendo ezartzeko biderik eman ez zuelako. Diktaduraren aurkako ikusle politikoak sortu genituen, baina demokrazia iritsi zenean ikusle horiek alde egin ziguten eta desegin egin zen dena. Bere eginkizuna bete zuen aldi interesgarria izan zen hura, baina ez zuen ikuslerik sortu. Ikusle haiek joan egin ziren eta oraindik ez dira itzuli.

“Lourdes Iriondo, Xabier Leterekin eta Ez Dok Amairu taldearekin ibili zen abesten”.

Liburuan diozunez, 1900. urtean gutxi omen ziren emakume antzezleak, baina 75 urte geroago ere ez omen ziren askoz gehiago.

Demokrazia heldu zenez geroztik, emakume antzezleak ugaldu egin dira. Azken belaunaldiei ez zaie horrenbeste gertatu, baina oso lan gogorra izan da. Emakume antzezle izatea emagaldua izatea baitzen. Antzerkia “emagalduen eta maritxuen” kontua zela zioen esaldiak, ondorio larriak izaten zituen familiarengan eta egin behar zenuen lanean. Emakumeak jaio, ezkondu eta seme-alabak izan behar zituen, eta ez zegoen beste inolako etorkizunik, gaur egun ulertu ohi dugun bezala. Emakume modura zenuen gauza bakarra, ez zen zure adimena, zure zintzotasuna baizik, eta emakume antzezlea izanik ez zenuen zintzotasunik. Lanbidea maite zenuelako izaten zinen antzezle, eta gainerakoak ez zuen garrantzirik. Mariví Bilbaok dioenez, aitak ez omen zion begiratu ere egiten, ez omen zen alaba ikustera joaten. Antzezle izatea ia ekintza heroikoa izaten zen, zure ospea eta zintzotasuna zalantzan zeudelako. Hori zela-eta, emakume antzezle asko, Margarita Xirgu edo María Guerrero esaterako, ekoizleekin ezkondu ziren, era horretan haien ohorea babesturik gelditzen baitzen. 75. urteaz geroztik, emakume antzezleok ospe hobea izan dugu, baina gure lanbidea ez da inoiz ongi ikusia egon.

Hitz egin iezadazu liburuko hirugarren aldiaz, atsegina dirudi, edo emankorragoa behinik behin.

75. urteaz geroztik politena etorri zen, orduan hasi baitzen antzerki-azpiegitura guztiaren eraikuntza: antzokiak, sareak, dirulaguntzak,...; kontua da eraiki eta horrela gelditu dela, baina urte liluragarriak izan ziren guztiontzat.

Eta aldi horretan, zein izan dira gehien nabarmendu diren emakumeak?

Nire ustez, garrantzitsuenak honako hauek izan dira: Helena Pimenta, Antzerki Sari Nazionala lortu duen euskaldun bakarra (Salamancakoa da, baina Euskadin lan egiten zuen); Maite Aguirre, abangoardiako antzerkia eta emakumeena egiteko era bat ireki duelako; Garbi Losada enpresari eta zuzendaria; eta Virginia Imaz clown modura, gizonezkoena bakarrik zirudien esparru batean, lan handia egin baitu emakume pailazoaren alde. Bide asko eta era askotakoak ireki dituztelako dira garrantzitsuenak.

Garrantzi handiko emakumeak eta emakume antzezle ugari ere bai.

Bai, emakume antzezleak ugari izan dira aldi horretan. Liburuan ez dut aztertu, baina 2000-2011 bitartean, emakume antzezle asko antzerkigile eta zuzendari ere izan dira, izan ere, 2000. urtera arte, emakume antzezleon ustea baitzen zuzentzea edo idaztea ezinezkoa zela guretzat. Harik eta egun batean, bat-batean, ohartzen zaren arte zuk ere egin dezakezula, eta hori askorekin hitz egin dut. Gizonezkoekin partekatzen genituen zuzendaritzetan, gizonezkoek agintzen zuten, harik eta egun batean esaten duzun arte: nik ere egin dezaket hori.

Hitz egin dugu emakumeen egoeraz antzerkian, baina zein da euskal antzerkiaren gaur egungo egoera orokorra?

Nire ustez, oso egoera txarrean dago. Egia da ni oso kritikoa naizela nire sektorearekin, maite dudalako eta zoriontsu egiten nauelako. Egoera onean egotea nahi dut, baina gaizki dago zaindu ez delako. Guk ez dugu antzerki-tradiziorik; 1900. urtea baino lehenago, baziren pastoralak, baina gure herrian antzerkiak ez digu gure adierazpenak azaltzen lagundu, eta ez dago gure kulturan barneraturik ere, bertsolariak barneraturik dauden bezala, adibidez. Antzerkia gurekin dagoen artea da, maila politikoan erabili dena, baina ez du garapenik izan. Orain dirulaguntzak ematen badituzte ere, gobernuek ez dute uste garrantzitsua denik.

Zer gertatu da? Zein da arazoa?

Ez dugu babestu antzerki profesional sendoaren oinarria, antzerki amateurra. Demokrazia heldu zenean, antzerki-talde ugari zeuden, baina ez ziren ohartu hura aberastasun izugarria zela. Ez dugu hemen lan egiten duen jendea zaintzen, Katalunian zaintzen duten bezala, esate baterako; ez dugu sinesmenik jende horrengan; dirulaguntzak betikoentzat izaten dira; endogamia nagusitu da denean; antzerki-taldeok ez dugu elkarrekiko elkartasunik...; egoera penagarria da. Ahal dugun bezala egiten dugu aurrera geure buruak onik ateratzen ahaleginduz, baina gure helburuak lortzeko batasunik gabe; oso zaila eta gogorra da. Gazteek ez dute laguntzarik eta alde egiten dute. 90eko hamarkadan boom bat izan zen: eskoletan ikasle askok ikasten zuten antzerkia; gazte ugari zegoen Euskadin lan egin eta beren taldeak sortu nahi zituztenak; baina dirulaguntzak ez ziren heltzen eta alde egin behar izan dute; eta sormenerako gaitasun hori guztia joan egin da. Bestalde, antzerki independenteko jendea ere zahartu egin da eta ez dago haien ordezko belaunaldirik.

Gaur egun dramaturgia eta zuzendaritza emakumeen esku dago Euskadin, urte askotan halakorik egin ez dugulako eta adore handiz ekin diogulako, zuzendari- eta antzerkigile-lanak batera eginez. Emakumeok dugun praktikotasunagatik ere bada, ordea. Zuk ezin al duzu egin? Bada, neuk idatzi eta neuk egingo dut. Gizonak laguntza gehiago behar izaten du. Emakumeok, zerbait egiteagatik, denetik egiten dugu. Arantxa Iurre (Bilbo, 1964) Kazetaritzan lizentziaduna, Euskal Herriko Unibertsitatean. 1982an antzerkian murgildu zen eta gaur egun Simulacro Teatro taldeko kide da Aintza Uriarterekin, Carlos Baigesekin eta Javier Liñerarekin batera; horiekin batera zuzentzen du Getxoko Antzerki Eskola ere. Bere jarduera profesionalari dagokionez, alde batetik irakasle da eta Antzerkiaren Historia eta Teoria irakasten du, eta bestetik antzezle-, zuzendari- eta egile-lanak egiten ditu Simulacro Teatro taldean. Antzerkian aritutako hogeita zortzi urte horien barruan, azken zazpietan Emakumearen Agerpena Arte Eszenikoetan gaia ikertu du Aintza Uriarterekin batera, eta honako bi lan hauek gauzatu ditu: Paridad / Disparidad en los centros de poder y decisión de las Artes Escénicas del País Vasco eta Estudio de la Programación diaria y Festivales en el País Vasco. Bi ikerlan horiek, Emakumeen Agerpena Euskal Herriko Arte Eszenikoetan gaiari buruz beraiek antolatutako I. eta II. Topaketetan jorratu zituzten. Egiten dituen ikerketak, antzerkian emakumea ikusi ahal izateko eta parekotasuna programazioetako kultura-irizpide bilakatzeko baliabideak izaten dira beti. Iturria: La mujer en las artes escénicas en Euskadi, siglo XX. Teatro
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ignacio Barandiaran. Arkeologoa: Arkeologook zalantzez inguratuta gaude beti

 

Irakurri

Mari Jose Olaziregi. Etxepare Euskal Institutua. Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria: Memoria kolektiboa astindu behar da, aztertu behar da dolu kolektibo horrek lagun diezagun

 

Irakurri

Javier Ojuel eta Rosana Llavé. Marrazkilari animatzaileak: Urtebeteko lana eman dugu filmeko 2 minutu osatzeko

 

Irakurri

Martxelo Otamendi. Berria-ko zuzendaria: Gustatuko litzaidake kioskoetan euskarazko egunkari gehiago egotea

 

Irakurri

Pedro Zarrabeitia Miñaur. Estelas discoidales de Euskal Herria liburuaren egilea: Euskal Herrian 3.000 hilarri baino gehiagoren kokapenaren berri dugu, eta litekeena da beste horrenbeste galduta edo lurperatuta egotea

 

Irakurri