Javier Ojuel eta Rosana Llavé. Marrazkilari animatzaileak: Urtebeteko lana eman dugu filmeko 2 minutu osatzeko

2011-07-01

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Javier Ojuel eta Rosana Llavé Chico y Rita filmeko marrazkilariak dira, Fernando Trueba eta Javier Mariscalen amimazio- eta musika-film luzean, eta horregatik ezagutzen ditugu. Javier donostiarra eta Rosana barakaldarra 96tik ari dira elkarrekin freelance gisa. Dulantzin dute bizilekua eta lantokia, eta bertan egin dute proiektu zinematografiko handi horren zati bat.

Zalantza dut, marrazkilariak ala ilustratzaileak al zarete?

Bereziki marrazkilari animatzaileak.

Nola egiten duzue lan, zer teknika erabiltzen duzue?

Orain dena ordenagailu bidez egiten dugu. Marrazki-proiektu batean ari gara, baina paperean marraztu beharrean paletaren gainean egiten dugu, arkatz digitalarekin eta gero mugimendua ematen diogu ordenagailuan. Paperean ia ez da ezer marrazten, nahiz eta prozesua, azken finean, antzekoa den.

Zein da eskuz marraztearen eta ordenagailu bidez marraztearen arteko aldea?

Ordenagailuz gauza ezberdin asko egiten dira. 3Da esate baterako, Pixarrek egiten du, baina berez ez da marraztea, baizik eta 3Dan modelatzea. Eta gero flash estiloa dago: animatu daitezkeen marrazkiak dira.

Badirudi lanbide horretan oso bizkor doala dena. Zaila egiten zaizue teknika berrietara eta animazio-programa berrietara egokitzea?

Hala da, arin baino arinago doa dena, azken 10 urteetan asko aldatu da lanbide hau. Ondorioz, etengabe ikasi behar dira teknika berriak. Azken batean, bizia emateko, nahiz eta marrazkiaren oinarria izan, programak behar dira, eta horiek ezberdinak dira.

Bai Rosanak bai zuk zeuk urte asko daramatzazue lanean, pentsatzen dut lan egiteko moduan bilakaera bat ezagutu duzuela.

Hasieratik Chico y Rita filmera bitartean, ia dena berdina izan zen, marraztea alegia. Baina, azken aldian dena asko aldatu da, izugarri eboluzionatu du, batez ere 3Dn. Orain, mundu guztiak 3Dn edo ordenagailu bidez egiten du lan, apenas marrazten den paperean.

Rita, Chico y Rita film luzeko pertsonaia, Fernando Trueba eta Javier Mariscalekin egindako filma.

Chico Y Rita film luzea Fernando Trueba eta Javier Mariscalekin egin duzue. Zinema munduan hain pisu handia dutela kontuan hartuta, nolakoa izan da horiekin lan egitea?

Hasieran zaila, estilo berezi baten bila baitzebiltzan. Estilo errealista nahi zuten, kalkoa izan barik. Filma Kubako aktoreekin filmatzen zen aldez aurretik eta, ondoren, filmeko zati bat pasatzen ziguten marrazkira egokitzeko. Baina, jakina, ez zuen balio kalkatzeak. Egokitu egin behar genuen estilo errealista emateko, baina nolabaiteko marrazki kutsuarekin, hezur-haragizko pertsonaren itxurarik gabe. Horregatik diot hasiera zail samarra izan zela, berehala egokitu ginen arren.

Nola lortu duzue estilo berezi hori?

Normalean ordenagailu bidez egiten dugu lan, baina Chico y Rita filmean betiko estiloa erabili dugu: eskuz marraztea. Lehenengo paperean ematen zaio bizia eta gero ordenagailuan eskaneatzen da. Oraingo honetan, gure lana hortxe bukatzen da, izan ere Mariscal estudioa arduratzen da pintatzeaz. Filmean erabiltzen ari garen estiloa ia ez da erabiltzen, baina Mariscalek estilo tradizionalagoa nahi zuen, linearekin tintaz pasatutako marrazkia, kutsu berezi hori emateko.

Ba al dakizue zer dela eta jarri ziren zuekin harremanetan? Zuen lanen bat ikusi al zuten, zerbait bereziki gustatu al zitzaien?

Baietz pentsatzen dut... Mariscal estudiotik deitu ziguten, gure lana gustatzen zitzaiela eta proiektuan lan egin nahi genuen galdetzeko. Animazioko zuzendariari lagin bat bidali genion, eta baietz erantzun zigun. Lantxoren bat egin genuen proba gisa, baina ez zen arazorik izan, nahiz eta besteren batzuk ez ziren egokitu eta utzi egin behar izan zuten.

Beste marrazkilari batzuek ere egin dute lan proiektu horretan?

Bai, jakina, jende askok. Rosanak eta biok filmeko bizpahiru minutu egingo genituen, eta filmak 80-90 minutu irauten du. Atera kontuak. Guk Bartzelonako Sweatbox estudiorekin egiten dugu lan eta han 10 bat marrazkilari egongo ginen, baina beste estudio askorekin ere egiten zuten lan. Mariscal estudioa ez zen animazioaz arduratzen, hori zenbait estudioren artean antolatzen zuten. Mariscalek kudeaketa- eta zuzendaritza-lana egiten zuen.

Ikusten dudanez, proiektu izugarri handia izan da.

Bai, oso handia. Gainera, estilo tradizionalean lan eginez gero, dena luzatu egiten da, jende asko behar duzu marrazteko. Prozesu geldoa da, eta denbora eta jende asko behar dira. Filmaren prozesua, hasieratik amaiera arte, amaitzeko 6 urte inguru behar izan dira.

Eta zuek zenbat denbora eman duzue filmean?

Urtebete inguru, filmaren 2 edo 3 minutu egiteko.

Kleine Dodo (Warnes Bros, 2008)

Alajaina... sarritan gertatzen al da hori?

Ez horixe. Normalean proiektuak laburragoak izaten dira. 5 edo 6 hil irauten dute, filmaren arabera. Chico y Rita filmean beste denbora inoiz ere ez dugu eman, egin dugun luzeena da.

Zuon proiektua bukatuta, urtebetez horretan lan eginda, zer sentitzen da?

Beno, proiektua polita zen, izan ere bagenekien Mariscalek eta Truebak zerbait ezberdina egin behar zutela, eta gogoz heldu genion. Eta gero... filma zineman ikustea dator... guk egindako film asko ez ditugu zineman ikusi, beharbada telebistan urteak pasatu ondoren, edo ez dira estreinatu... Oso gustura aritu ginen eta zineman ikusten duzunean, poztu egiten zara, baina prozesua edozein filmarena izan da. Are gehiago, gogorragoa izan dela esango nizuke, exijentzia handiagoa izan delako, eta, batzuetan, prozesua neketsua eta gogorra izan da, emaitza ona izango zela jakin arren. Ildo horretan, beste proiektu batzuen antzekoa izan da, baina azken produktuak ilusioa egin digu, oso ondo dago filma.

Filmak Goya bat irabazi zuen. Zuontzat ere badela sentitzen al duzue?

Bai, jakina, pixka bat. Goya irabazi duten beste film batzuk ere egin ditugu, baina animazioan urtean 3 bat pelikula egiten dira eta, Goyarentzat 3 hautatzen direnez, irabazteko aukera dezente genuen. Animazio-film luzeetan, ez dago produkzio handirik.

Lehen esan duzuenez, Chico y Rita filmean marrazkilari askok egin dute lan. Igartzen al da hori azken emaitzan?

Animazioko zuzendariak igar dezake, baina filma ikusten duenak ez du ezberdintasunik ikusiko. Egia da bakoitzak bere kutsua ematen diola, baina guztiok eredura egokitu behar izan dugu. Gainera, zuzendu egiten zizuten.

Modelo zehatz baten arabera lan egiteak artistaren sormena eta adierazkortasuna murrizten al du?

Jakina, ez da zure proiektua, ez da zure marrazkia, ez da zure estudio. Estiloaren mende zaude. Alde horretatik begiratuta, bai, estilo zehatz baten arabera egiten duzu lan, baina animazioa horrelaxe da. Zeure gauza bat animatzen baduzu, nolabaiteko sormena dago, beste baterenean gutxiago. Mugimendua interpretatzen duzu, eta, zeure trebetasunaren arabera dagoen arren, ereduari jarraitu beharko diozu.

Gaur egun, ba al dago zeure proiektuak garatzeko aukerarik?

Ez gara asko mugitu zentzu horretan, inorentzako aritu gara beti, baina zaila dago. Norbere proiektu bat aurrera ateratzea oso zaila da, gorriak ikus zenitzake. Zaila da bentan. Agian, film labur bat egin daiteke eta jaialdiren batean sartu...

“Normalean ordenagailu bidez egiten dugu lan, baina Chico y Rita filmean betiko estiloa erabili dugu: eskuz marraztea”.

Lehiakide asko dituzue? Gure inguruan, zuek bezala lan egiten duten animatzaile asko daude?

Bai, badaude, baina uste dut gero eta gutxiago daudela. Jende askok utzi egin du edo beste zerbaitetan aritzen da, nire ingurukoek behintzat. Egungo egoerak ere eragina du, proiektu gutxiago egiten dira, geldiago dago dena.

Zein da zuon jarduera-esparrua, nongo estudioentzat egiten duzue lan?

Euskal Herrian, Madrilen... Alemanian ere urte askotan aritu gara. Noizean behin Ingalaterratik datozkigu proiektuak, baina hemengo estudioen bitartez datozkigu.

Eta aldea al dago exijentziari edo emaitzei dagokienez?

Hori proiektuak duen aurrekontuaren arabera dago. Adibidez, Alemaniakoek aurrekontu handiagoa dute, eta, ondorioz, exijentzia ere handiagoa da. Espektatiba handiko film luze sendoetan, exijentzia handiagoa da. Ideia bat egiteko, Alemanian 10 milioi eurorekin egin dezakete lan, eta hemen pelikula batzuek 2 milioitik beherako aurrekontua izaten dute. Orduan, aurrekontu handiago badute, hobeto ordaintzen dute, eta denbora gehiago eman dezakezu eszena bakoitzean. Azken finean, denbora kontua da, denbora gehiago eskaintzen badiozu, emaitza hobea izango da. Eta bizkorrago egin behar baduzu, ez dago astirik, apur bat aurrekontura egokitzen zara. Baina tira, hemen ere egiten dira kalitate oneko lanak.

Filma aurkeztu zenetik hil batzuk pasatu direla kontuan hartuta, igarri duzue proposamen gehiago heltzen zaizkizuela?

Bai zera. Publizitate aldetik guri ez digu ezer ekarri, agian krisialdiagatik... Gerta litekeena da gerora norbaitek deitzea filma ikusi duelako eta lana gustatu zaiolako... horrelako gauzak batzuetan epe ertainera gertatzen dira.

Zer da lanbidetik gehien gustatzen zaizuna? Zer duzu gustukoen?

Marraztea eta azken emaitza ikustea. Baina, prozesu nekeza denez eta ordu asko sartu behar ditugunez, erromantizismoa galdu egiten du lanbideak. Agian, eszena baten azken emaitza ikusi eta “zein polita” esaten duzu, baina nik, bi astetan buru-belarri zoratuta horretan aritu ondoren, esango dizut ez dudala ezer jakin nahi eszena horretaz. Baina normala da, hori bizitzako edozein alderditan gertatzen da. Azkenean, gustatzen zaizuna egitea da kontua, horrek ematen dizun poza. Rosana Llave (Barakaldo, 1974) y Javier Ojuel (Donostia, 1966) Rosana eta Javier elkarrekin ari dira 1996tik, freelance animatzaile gisa, zenbait ekoizpen-etxerentzat. Animazioa, flasha, multimedia, 3D Studioa eta abar ikasi dute, eta, horretan trebatzeaz gain, urteetako esperientzia dute. Egin dituzten proiektuak asko diren arren, batzuk aipatuko ditugu: Film luzeetan, Chico y Rita, Ahmed, príncipe de la Alhambra, La isla del Cangrejo, Las aventuras y desventuras de Don Quixot, Dodo Alemaniako estudio batentzat... eta TBrako serietan, Las tres mellizas, Fernando Amezketarra, Lazkao Txiki, Txirri Mirri eta Txiribiton eta abar.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Martxelo Otamendi. Berria-ko zuzendaria: Gustatuko litzaidake kioskoetan euskarazko egunkari gehiago egotea

 

Irakurri

Pedro Zarrabeitia Miñaur. Estelas discoidales de Euskal Herria liburuaren egilea: Euskal Herrian 3.000 hilarri baino gehiagoren kokapenaren berri dugu, eta litekeena da beste horrenbeste galduta edo lurperatuta egotea

 

Irakurri

Antton Valverde. Musikaria: Xabier Lete eta biok osagarriak ginen

 

Irakurri

José Guimón Ugartechea. Psikiatrian doktorea: Julián de Ajuriaguerra giza sufrimendu psikikoa ulertzen eta arintzen jardun zuen intelektuala izan zen

 

Irakurri

Sabin Salaberri. Musikaria: Jesus Guridi oso sentiberatasun bereziko gizona zen

 

Irakurri