Arantza Arruti. Ekin-it programaren koordinatzailea: Ekitea ez da enpresa bat sortzea soilik, bizitzarekiko jarrera bat baizik

2012-10-19

SILLERO ALFARO, Maider

ALFAGEME, Ainhoa

Ziur topatu duzula norbait ordu erdi eskasean asko transmititu dizuna, besteek urtetan egin ez dutena. Hauxe Arantzaren kasua da. Telefonoz, egiten duenarengatik sentitzen duen ilusio nahiz gogoa transmititzeko gaitasuna izan du. Zuetako norbait ekitean pentsatzen ari bada, ziur naiz Arantzaren hitzek helburu horretarantz bultzada suposatuko dutela.

Arantza, konta iezaguzu nola sortu zen ekintzaileei zuzenduriko programa bat sortzearen ideia.

Duela 5 urte, Deusto Unibertsitateko Bilboko kanpusean, ekintzailetasunari buruzko zerbait burutzearen ideia agertu zen. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso genuen eta hortaz, ekintzailetasunaren inguruko heziketa programa bati hasiera eman zitzaion. 2007. urtean, lehenengoz, Ingenieria eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza fakultate nahiz Psikologiako zenbait ikasleei zuzenduriko Ingenio Programa sortu zen.

Berrikuntza nahiz pertsona ekintzailearen zenbait gaitasun lantzen dituen ikasturtea da. Lehenengo ikasturte honetan aztertu, ikertu, hobetu eta itxura ematen saiatzen gara; eta bigarren urtea, ikasketen azken urteetako 30 ikasle bitarterainoko beste Fakultateetako ikasleei irekitzen da. Helburua, zuzenean enpresa batean sartzeari aukera ezberdin bat ematea da.

Eta nola pasa da Ingenio programa, egun Ekin-it programa izatera?

Ingenio Programa lehengo urtean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin Bizkailab hitzarmena sinatu bitartean mantendu genuen, orduan Ekin-it programarekin hasi ginen. Hiru hilabeteetako programa da, iraila-abendua bitarteko iraupenarekin, Ingenio Programaren oinarri nahiz filosofia jarraituz.

Nori zuzenduta dago Ekin-it?

Unibertsitateko azken ikasturtean dauden 35 ikasleei zuzendurikoa da. Interesgarriena, pertsona ekintzailea zer den asko azpimarratzen duen programa dela. Jokabide ekintzailearen garapena eta zenbait gaitasunen bultatzea azpimarratzen duelarik.

“Badira krisi garaian gehiago ekiten dela esaten dutenak, baina badira ere, beharrez ekitea irtenbiderik onena ez dela diotenak.”

Ekintzailea izatea jarrera bat dela esan al daiteke?

Halaxe da. Hasieratik ekitea zer den zehaztu beharko genuke, enpresa bat sortzeko eman beharreko pausoak baino, jarrera da. Aipatu ideia hori ere ez dugu baztertzen, ekintzailea baita enpresa sortzen duena. Hala ere, pertsona batek sorturik dagoen enpresa baten barruan ekin dezake: ideia berriak erakutsiz, ia zer eskatzen dioten zain egon ordez lanari jarraituz, ekimena erakutsiz... Hala ere, pertsona ekintzailea ez da superwoman.

Baina ekintzailea den pertsona hori ezaugarri batzuengatik bereizi al dezakegu?

Bai, oso pertsona saiatuak dira. Ausartak, bere gain konpromiso ugari hartzen dutenak, porrotaren beldur ez direnak, behatzaileak, kuriosoak , sortzaileak... direla esango nuke. Ezaugarri ugari dute, batzuk ikastetxean lehenengo eta unibertsitatean geroago lantzen dira, eta badira beste batzuk, gure ustetan, gehiago landu beharko liratekeenak. Ekin-it Programa, gaitasun horiek indartzean datza.

Ekintzaile izaten ikas daiteke?

Berezko izaera horrekin jaio dena egongo da, baina ikasi, ikasi daiteke. Nahi duenak, erraztasun handiagoz egingo du, baina erakargarria dela uste duten horiek ere ikas dezakete. Enpresa batean onartua ez izanagatik, ekitea, “beste aukera”-tzat ez hartzea, oso garrantzitsua da. Ekimena aukeren artean bat eta ez bestea izatearen ideia defendatzen dugu. Esfortzu bat da, jakina, baina egunero lanera joateak esfortzua suposatzen duen moduan. Irribarretsu, eta batez ere, betetzen zaituen zerbait delako, amestutakoa izanik bizitzako helburua delako eginez gero, are hobeago.

Gazteen arteko langabezia ikusirik, ekitea irtenbidea ote zen galdetzera nioan, baina ikusten dudanez, gelditzen den aukeratzat ikustea ez da egokiena

Ez da krisiari aurre egiteko irtenbidea... Badira krisi garaian gehiago ekiten dela esaten dutenak, baina badira ere, beharrez ekitea irtenbiderik onena ez dela diotenak. Langabezi maila oso altua dela jakina eta ekitea aukera ere bada. Erakargarria ez duenari ibilbide zaila irudituko zaio, baina norbaitek ideia kontutan hartu badu, programan parte hartzera animatuko nuke. Ekin-it unibertsitarioei zuzendurikoa da, baina bada ekin eta pertsona ekintzailea izatera iristeko beste zenbait programa ere.

Inguratzen gaituen giro aldrebestu honek asmamen gaitasuna bultza dezakeela, edo kontrakoa, lokarturik gaudela dirudizu?

Beti izan daiteke lagungarri, jokaera ireki eta behatzailea mantentzen dugun adinean behintzat.

Argitu iezadazu hori...

Ekintzaileak, esaten den bezala, “adi” egon behar duten pertsonak dira, gertatzen denari begira, naturari, bizitzari, beste pertsonen beharrei begira eta hasteko egokia den tartearen bila, beti enpresa sorkuntzaren ikuspuntutik, noski. Argitasuna garatu behar dela jakina da, sortzailea handia izan behar da, jada badugun sortzeko gaitasun hori ere martxan jarriz. Askok, sortzeko ahalmen falta dugula uste dugu, eta horixe da hain zuzen ere tailer baten bitartez lantzen saiatzen garena. Teknika ezberdinak erabiliz sormena landu daitekeela ikustarazten dugu, ideiak sortuz (oso eroak diren batzuk, hain eroak ez diren beste batzuekin batera). Edo eta, une zehatz batean, proiektu batekin aurrera jarraitu ahal izateko tekniken garapena. “Nik ezin dut ekin” ideia erabat baztertu nahi dugu.

Arantza, egungo gizarteak, enpresek, langileek ekin dezaten, sortzaile izan daitezen, iritzia eman dezaten, parte har dezaten , etab. nahikoa prestakuntza dutela uste duzu?

Denetarik egongo da, baina egia den gauza bat, geroz eta formakuntza gehiago dagoela da, ez alderdi teknikoari begira, pertsonei begira baizik. Arreta pertsonaren gainean jartzen den adinean, eta enpresa bere jokabidean koherentea den neurrian, langileei ideia berriak proposatu eta bideratzeko aukera eman beharko lieke. Izan ere, bizitzen ari garen krisi egoera honetan, irtenbideak ematen dituzten ahots berrien beharra dagoela ikusten da. Eta inor kritikatu nahi izan gabe, ekintzailea den pertsona bat, ausarta, ideia berriekin... lanera iritsi, orduak nahiz zereginak bete eta bere etxera alde egiten duen norbaitek baino “zerbait” gehiago eman dezakeela uste dut. Langileak bere aldetik asko ipini behar du, ideia horrek jarrai dezan testuinguru berezia sortuz.

www.ekinit.deusto.es

Duela egun gutxi, zenbait enpresari gipuzkoarrek Gobernuko Presidenteari, beste gauza batzuen artean, ekimenari eta berrikuntzari estimulua eskatzen zioten. Zer deritzozu?

Bikaina iruditzen zait. Nahiagoko nuke ekintzaile mordo batek beren iritzia emango balute, baina, nire ustetan, negozioak bultzatzeko laguntza gehiago beharrezkoak dira. Badaude, baina ez dut uste nahikoak direnik. Ez dut betirako laguntza bati buruz hitz egiten, horrek ekintzailetasunaren izaera hondatuko bait luke, baina bizi dugun egoera honetan hasten diren ekintzaileei eragingarri hori gehitzea egokia dela uste dut. Business Angels edo crowfunding dualakoez hitz egiten da ideiak finantzatu ahal izateko. Normala da berritu eta ekiteko finantzaketa eskatzea, kide batzuek dioten bezala guztia asmatua baitago; orain berrasmatzeari ekin behar diogu.

Ekin-it programarekin jarraituz, nola planteatzen da programa etorkizuneko gazte ekintzaileei lagundu ahal izateko?

Programa, tailer multzo batek osatzen du, hauek, pertsona ekintzaileek izan beharreko gaitasunen eta tailerra garatzeko denboraren arabera antolatzen direlarik. Azken hau oztopo bat izatera iritsi daiteke, astean behin izaten baita, asteazkenetan.

Aurkezpen saio ostean, ekintzaileentzat ezinbestekoa den automotibazio tailerra egiten da, askotan bakarrik egonik beraiek izango baitira motibatu beharrean aurkituko direnak. Gainera, ekite tailer bat ere badago, askok honetaz zerbait entzun arren oso urruti geratzen den zerbait dela uste baitute. Honetaz gain, kreatibitate nahiz ideia-sormen tailerra ere egiten da, taldeko lanaren tailerrarekin batera. Azken hau oso garrantzitsua dela uste dugu, ekintzaileak beste pertsona batzuekin lanean jardun beharko duelako, bere ideiari balioa eman diezaioten. Personal Branding tailerrean marka pertsonala, beldurren gainditzea edo frustrazioaren tolerantzia nahiz “porrota”-ri aurre nola egin ere lantzen dira, tailer hau luzeagoa delarik. Aurkezpenak ere nola egitearen gaia ere lantzen da, Elevator Pitch, eta negozio-egitasmoetan sartu aurretik ere, negozio-ereduak lantzen ditugu.

Nork ematen ditu tailer hauek?

Ekintzaileak diren eta gainera ekin duten pertsonek ematen dituzte. Hauetariko batzuk gurutzat joak dira beraien gaietan, José Ballesteros, Andrés Pérez, Diego Martos eta Di Towanda taldea, Itziar Segovia, Alex Rayón... besteak beste. Guztiek ematen diote oso garrantzitsua den balioa programari.

Ikasleentzat oso garrantzitsua izango da ekitearen esperientzia izan duten pertsonei aurpegia jartzea, ezta?

Hala da, egiazko pertsonak, hurbilak eta umilak dira. Nik beti esan izan dut, programa honetan parte hartzea oso aukera handia izan zela, eta egun oraindik dela. Jakina da ahalegin eta lan handia dela, baina partaideen aurpegiak edo hizlarien gogoa nahiz ilusioa da betetzen gaituena. Hilean behin kafe-hizketa bat antolatzen da non partaideek euren ekintzaile historia kontatzen duten, zergatik eta nola ekin duten, zer aurkitu duten bidean, eta urte beteko, 3 edota 5 urteetako errealitateak kontatzen dituzte.

Erabilitako lan-metodologia pertsonan oinarritutakoa da, bizipen nahiz esperientzian funtsatuz. Ez diegu sormena zer den azaldu nahi, saiakuntzak eginez dauden teknikak ezagutzea eta ikastea baizik. Horregatik beraien nahiz etortzen diren eta bertan lanean jardun diren ekintzaileen bizipenetan oinarritzen da.

Aipatu dituzun tailer guztiak beharrezkoak direla uste dut, norberaren enpresa sortu nahi duenarentzat ez ezik, edozein enpresaren eguneroko lanetan jarduteko ere.

Bai, eta jendea animatu nahiko nuke, ekitea, enpresa bat sortzea soilik ez dela jakinaraziz, bizitzarekiko jarrera bat baizik. Egun, krisi garai honetan norbaiti ekimena pertsonalki nahiz profesionalki garatu edo hedatzeko balio izango bazaio, aurrera jarrai dezan animatuko nuke. Esfortzuarekin zure ametsak enpresa baten sorreran amaitu dezakete, edo ta ekiten jarraitzen duen pertsona bat izaten, nahiz beste batzuei laguntzen duen ekintzailea izaten.

Jende guztiari programa ezagutzera gonbitea luzatuz (www.ekinit.deusto.es), programa honetan arrakasta, arrakastaz hitz egin baldin badaiteke, ikasleen iritziaren arabera neurtzen dudala esan behar dut; pasa den urtean oso iritzi positiboak izan genituen eta aurten ere inori huts ez egitea espero dut. Arantza Arruti (1973) 1996. urteaz geroz Deusto Unibertsitateko irakaslea da, eta 2010. urtetik Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko Hezkuntza alorrean, Nazioarteko Harremanen koordinatzailea. Gainera, unibertsitate berberan, ekimen eta berrikuntzaren inguruko Ingenio eta Ekin-it Programak ere koordinatzen ditu. Arantza, Aisiaren inguruko azterlanetan doktore, gaiari buruzko artikulu ugari argitaratu du.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Maria Jose Azurmendi. Soziolinguistikaria: Hizkuntzarekin eta kulturarekin erlazionatuta dagoena daukat nik “vasco”tzat

 

Irakurri

Antonio Aretxabala. Nafarroa Unibertsitateko Geologoa: 1903. urtean Iruñak jasandako lurrikarari buruzko datu historikoak aurkitzea ia ezinezkoa da

 

Irakurri

Jose Antonio Sainz Alfaro. Donostiako Orfeoiaren zuzendaria: Orfeoian diziplina azpimarratuko nuke, partaideak oso gazteak badira ere

 

Irakurri

Maialen Beloki. Donostiako Zinemaldia: Industriak euskal zinemaren inguruan geroz eta interes handiagoa du

 

Irakurri

Luis Mari Goikoetxea. Gasteizko Kontziliar-Apaizgaitegiko Errektorea: Zerbait ez da ongi egiten ari Elizan, ezta urrik ere!

 

Irakurri