Maria Jose Azurmendi. Soziolinguistikaria: Hizkuntzarekin eta kulturarekin erlazionatuta dagoena daukat nik “vasco”tzat

2012-10-12

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Maria Jose Azurmendi, EHU-ko Psikologia Fakultateko Katedradun emeritoa da. Psikosozilinguistikan aditua da eta hamaika lan publikatu ditu, han eta hemen, hizkuntzen eta, batez ere, euskararen ezaguera/erabilera binomioaz erlazionatuta. Beste kargu eta betebehar profesionalen artean, Soziolinguistikako Klusterreko Bat aldizkariaren zuzendaria ere izan da.

Soziolinguistikari zenbait alderditatik begira dakioke, beti ere gizarte-nolakotasunetan oinarrituta. Gure kasuan, alde batetik euskara-gaztelania eta bestetik euskara-frantsesa harremanak ikertzeko, gehien bat hizkuntzaren erabileran gizarte antolamenduak duen eraginetik egin behar da...

Halaxe da. Alde batetik kontuan hartu behar da, modu integratiboan, diziplina artekotasuna. Horrez gain, teoria eta aplikazio mailak bereiztu behar dira. Nolako mailak? Autoreen arabera, era desberdinak ditugu. Baina funtsezkoak honakoak dira: pertsona eta pertsonartea; taldea eta taldeartea; sare sozialak; geopolitikoa, eta gure kasuan Euskal Herria bere osotasunean bateratua ez dagoenez gero, azpi-lurraldeak edukiko genituzke (EAE, NFE, Iparralde); lurraldea, Euskal Herria, estatuak, Europa; posiziozkoa: artekotasuna gehienetan izaten da konparatiboa eta konparazioaren ondoren asimetrikoa gertatzen da, eta asimetria horren kariaz batzuk hobeto daude besteak baino; maila ideologikoa ere gero eta inportanteagoa da.

Soziologia gero eta gehiago erabiltzen da, esparru mikro eta makroa aztertuz. Psikologia soziala ere aintzat hartzen badugu, beste bereizketa batzuk egin behar ditugu, derrigorrez. Gertatzen dena, gure kasuari dagokionez azterketa asko egin direla, eta ziurrenik burutzeke daukaguna azterketa guzti horien artekotasuna da.

Horretan teoria desberdinak ditugu...

Teoriak baditugu, bai. Orokorrean, hizkuntzaren soziologiari dagokionez, eta gurean aplikatu direnez gero, honakoak aipatuko nituzke: hizkuntza-politika erakunde ofizialetako eta hizkuntza-plangintza gizarte erakundeetako mailatan. Eusko Jaurlaritzak egiten duena, adibidez, eta Kontseiluak edota Hizkuntzaren Klusterrak dagitena, beste aldetik.

Maria Jose Azurmendi, EHU-ko Psikologia Fakultateko Katedradun emeritoa da.

Hizkuntza-ukipen teoria, aplikazio maila desberdinetan egin da, esaterako politiko-lurralde mailan edo Euskal Herria bere osotasunean egindakoak kontuan izanda. Botereen arabera —gubernamentala, legala, judiziala...— nolako harremanak ematen diren eta horretatik zer ateratzen den, euskara eta beste hizkuntzentzat. Euskararentzat ezer gutxi erdiesten da lurralde desberdinek bat eginda; eta gugandik urrun dauden botereetatik zerbait bada ere, funtsezkoa azpi lurraldeetatik etortzen da, eta hizkuntza-ukipena nola ematen den ikusteko ezinbestekoa da lurraldeetako politikak aztertzea. Teoria hau, beste maila batzuetan ere ikertzen da, adibidez indibidualean zein mikro- eta makro-sozialetan. Eta horretatik ondorioztatu ahal izan da, euskararen erabilpena, gehien bat, maila mikro-sozialeko arrazoietan oinarritzen dela. Sarea da faktore nagusi bat.

Beste teoria bat, bizindarra edo bizitasun etnolinguistiko erlatiboari —alderagarriari— dagokiona da. Eta arrazoi objektiboak edo subjektiboak eman daitezke horretan. Artekotasuna funtsean hartzen du. Hiru faktore dira, bai nazioarte mailan zein gurean ere, presente ditugunak, eraginik handiena dutenak direlako: demografikoa, babesa eta kontrol instituzionala, eta estatus edo prestigioa. Bakoitzak modu ezberdinez eragiten du. Bigarrena da garrantzitsuena. Marko horretan, hizkuntzak menpeko eta dominatzaileak dira. Dominatzaileak pribilegiozko egoera dauka. Prestigioak modu arrakastatsuz eragin dezake hizkuntzaren erabileran. Bestalde, demografiari dagokionez, gurean ez gaude oso ongi. Baina oinarrizkoena babesa eta kontrola dira, boteretik hizkuntzari eskaintzen zaiona.

Baita ditugu ere zenbait ikerketa hizkuntzaren gizarte-psikologiari dagokiona, gehienbat euskararen erabilera azaltzeko: jarrera eta motibazioarekin lotutakoak, sentimendu eta emozioekin lotutakoak, identitatearekin ere, eta abar.

Eta akulturazio teoria?

Oso modan jarri dena da. Ukipen egoeretan bi hizkuntzen arteko, edo bi hiztun-talde arteko hobeto, harremanak asimetrikoak direnez gero, asimetria hori nola adierazten den da akulturazio teoriaren ardatza, biak soziologia eta gizarte-psikologia erabiliz. Bost dira asimetria funtzionatzeko moduak: 1) hiztun-talde dominatzailearena: lau talde mailan sortzen direnak, eta bosgarrena pertsona indibidualari dagokiona; indar gehien ohi dutenak talde mailakoak dira: integrazioa, asimilazioa, segregazioa eta esklusioa, beste hiztun-taldearekiko; 2) hiztun-talde menpekoarena, berriz: honako talde mailakoak: integrazioa, asimilazioa, separazioa, marjinalizazioa. Hala ere, eguneko indibidualismoaren joeran, badirudi pertsona mailako artekotasun joera hau indartzen ari dela. Esan genezake, gurenean, integrazioa izan dela ofizialki eta teorian behintzat gehien landu dena, baina ez da aski izan euskara geureganatzeko.

Gaur egun beste fenomeno bat ematen ari da, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri baitu plangintza bat 2012-2016 tarterako. “Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko Plan Estrategikoa” deitu dute, eta inklusioa ez da integrazioa. Horrek esan nahi du akulturazio teoria berritzen ari dela. Nik uste dut ez dugula nahiko ikertu alde honetatik.

Bestalde, eredu matematikoa dugu. Komunikazioko egoera bakoitzak bere eragina du euskara erabiliko ote den ala ez jakiteko, partaideen kopurua kontuan izanda. Gurenean, gainera, eredu matematikoak dioena baino okerragoa egiten dugu, izan ere hamar pertsonaren taldean bi bakarrik badira euskara ez dakitenak beste zortziek joera dute erdaraz mintzatzeko.

Maria Jose Azurmendi, Psikosozilinguistikan aditua da eta hamaika lan publikatu ditu.

Nola muga genezake egokitze linguistikoa?

Talde linguistiko batekoek beste talde linguistikoekin harremanetan jarrita, nolako hizkuntza-erabilera aukeratuko diren, nolako eta noraino egokitzapena emango den, aztertzen du teoria honek. Gehienetan, Konbergentzia nagusitzen bada, besteen hizkuntza aukeratuko da eta besteekiko enpatia positiboa adieraziko da. Dibergentzia, alderantzizko kasua da. Egokitzapena objektiboa (besteen hizkuntza aukeratu ala ez) eta subjektiboa (jarrera positiboa adierazi ala ez) izan daiteke. Gure kasuan oso gutxi landu da, baina interesgarria litzateke.

Nola lotu hizkuntzaren jakitea eta erabileraren artekotasuna, euskararen kasuan ere?

Honi buruz baditugu zenbait azterketa, eta ezagutza. Laburbilduz, pertsona helduetan, esan dezakegu euskararen jakitea, lortzen den konpetentzia, faktore hauekin lotzen dela gehienbat: bakoitzaren jaioterrian dagoen euskaldunen dentsitate handia, bakoitzaren sarean dagoen euskaldunen dentsitate handia, euskararekiko motibazioa (gehienbat motibazio integratzailea dena); euskararen erabilera, berriz, bakoitzaren bizi-herrian dagoen euskaldunen dentsitate handia, bakoitzaren sarean dagoen euskaldunen dentsitate handia, euskararen konpetentzi maila nahiko handia, euskararen aldeko identitate etnolinguistikoa. Baina azpimarratzekoa da euskararen konpetentzia eta erabilera artean badagoela artekotasuna, interdependentzia handia: konpetentzia handia erabileraren bitartez lortzen den bezala, erabilera aberatserako (anitza, egokitua,...) konpetentzia handia behar da ere; hau euskararekiko, baina beste edozein hizkuntzekiko ere, orokorrean gertatzen den zerbait delako.

Entzun izan dugu inoiz hizkuntza-ekologiaren kontzeptua...

Nahiko kontzeptua berria da gurenean. Ekologia hainbat sektoreri aplika dakiokeenez gero, gai izan gara hizkuntza arloan ere kontuan edukitzeko. Nola indartu eta garatu, modu jasangarrian, hizkuntza bakoitza bere lurraldetasunean, horri esaten diogu ekologia. Garapen iraunkorra eta jasangarriaren balioak hizkuntzari txertatzea du helburu. Iraunkorra eta jasangarria egitea hizkuntza, izan ere ez da nahikoa iraunaraztea (adibidez, latina irauten du egunean)... Modu kualitatiboan iraunarazi behar da hizkuntza, horretarako zenbait plangintza eta interbentzio bitartez..

Zertan lagun dezake soziolinguistikak hizkuntzaren erabilera gero eta hedatuagoan?

Nagusiki, esango nuke, teoriak eraikitzen, plangintzak asmatzen, plangintzak praktikan jartzen, plangintzaren ebaluaketak egiten, bir-teorizazioak lantzen eta abar, beti ere euskararekiko dakiguna aprobetxatuz hasiz, eta beste hizkuntzekiko dagoena ere eztabaidatuz. Diziplina-artekotasuna erabiltzen, guztirako, eta noski teorizazio eta aplikazio maila ezberdinak integratiboki erabiliz. Horretan modu zuzenean lagun dezake soziolinguistikak. Bestalde, teoria ezberdinak integratu egin ditzake. Eta nik oso garrantzi handia ematen diot sozializazioa eta eztabaida bultzatzeari. Euskararen kasuan ibili bagabiltza.

Hizkuntza eta nortasuna edo identitatea. Gai konplikatua. Bat ere zalantzarik gabe, hizkuntzak nortasunean eragina du, onerako edo txarrerako; esaten da ere euskarak nortasuna mugatzen duela gure kasuan. Egia hori onartuta al dago gizarte guztietan? Hau da, “vasco” askoren iritziz euskal dantzak ongi dantzatzen jakiteak sakonago markatzen du “vasco” izatezko zutabea...

Nik identitate kontzeptua erabiltzen dut gehiago nortasuna baino. Nortasuna psikologia sozialean gehiago pertsonalitatea definitzeko erabiltzen da, eta identitatearen eskema, berriz, konplexuagoa eta finagoa da, harremanen artekotasunarekin gehiago lotzen delako. Nahiz eta oso zaila den non hasten den bata eta non bestea.

“Garai bakoitzak izan du bere hizkuntza unibertsala, besteak baino hedatuagoa. Egun ingelesa da mundu osoan gehien funtzionatzen duena, XX. mendearen hasieran frantsesa zen bezalaxe”.

Prozesuak portaeren aurrekariak ditugu edo, beste modu batez adierazita, portaerak aurreko zenbait prozesu psikosozialen bitartez ulertzen ditugu. Protagonistak bi muturrekoak dira. Subjektuak —pertsona zein taldeak— eta objektuak —sozialak, guri interesatzen zaizkigunak—. Subjektuan ematen den prozesuen integrazioa da identitatea, eta horren arabera bideratzen eta lotzen dira prozesu psikosoziala guztiak, baita prozesuak eta portaerak ere. Prozesuak zeintzuk diren garbi dago: kognizioa, motibazioa, emozioa...

Baina pertsonak maila desberdinetako identitateak eduki ditzake...

Bai, noski. Maila eta kontsiderazio desberdinak eman daitezke. Identitate pertsonala eta soziala batez ere; soziala anitza dena: eremukoa -politikoa, kulturala, laborala, hizkuntzarekikoa ere, ...—, ideologikoa, edota nazionala —euskalduna, espainiarra, frantsesa...— Baina zein motatako identitatea da nagusiena, orokorrean? Eta komunikazio gertaera bakoitzean? Normalean, unearen araberako kontsiderazioa izaten da gehien azpimarratzen dena. Hizkuntza eta kultura desberdinetako adituen arteko bilera batean nazionalitatea izan daiteke identitatea; nire lagunekin mintzatzen ari naizenean, berriz, generokoa edo kulturala izan daiteke.

Baina “vasco” izateko nahikoa al da euskal dantzak ongi jakitea?

Ez, ez da nahiko, gutariko askorentzako; baina gehiengoentzako bai. Hizkuntzarekin eta kulturarekin —euskaldun izatearekin— erlazionatuta dagoena daukat nik “Vasco”tzat. - Ezaguna da Fishmanen taula: B doa Ara = A (datorrenak galtzen du bere hizkuntza) B doa Ara = B (dagoenak galtzen du bere hizkuntza) B doa Ara = B + A (bi hizkuntzek irauten dute. Gure kasua hirugarrena da, baina ez daukagu oso garbi zein den hizkuntza bakoitzaren INDAR-maila. Hau da, A ez da nagusi; beraz, Bk zanpatu egin dezake. Horrela al da?

Hizkuntzaren soziologoek bereizten dute elebitasun sozial simetrikoa eta asimetrikoa. Baina elebitasuna simetrikoa izatea ia-ia miraria da Hauxe da gure kasua, asimetrikoa izatea, zalantzarik gabe espainierak indar-joera hartu zuen, euskal esparrura heldu zenetik. Egoera asimetrikoa nolakoa den jakiteko garrantzitsua da historia pixka bat egitea. XX. mendeko lehen zortzi hamarkadetan gertatutakoa alde batetik, eta azken hogeita hamar urteotakoa, bestetik.

XX. mende hasieran EAEko biztanlegoaren %80 euskalduna zen, hauen erdiak euskaldun elebakarra, %40, beste %20 erdaldun elebakarra. Handik laurogei urtera, Autonomia sistemarekin hasterakoan, 1980 hamarkada hasieran, %23 zen elebiduna, euskaldun elebakarrak desagertuz, eta %77 erdaldun elebakarra. Horra iritsi zen, euskararen kontrako derrigorrezko jarrera eta ekite batek eraginda. Hogeita hamar urte geroago, 2010 hamarkada hasieran, egoera orokorra da: elebidunak (aktiboak eta pasiboak, adin gaztekoak batez ere) %50 garela eta beste %50 espainiera elebakarrak, neurri handian gizartearen hautazko hezkuntzarako erabakien ondorioz.

Beste modu batean esanda, azken berrogei urteotan, gutxi gora behera, euskalduntze prozesua neurri batean positiboa izan bada ere, beste neurri batean negatiboa ere bada. Zergatik? Prozesu positiboa modu iraunkorrean ematen ez delako, gorabeherak eman direlako: nola ulertu, bestela, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza sortu zenetik egunean horietako buruak espainiera-elebakarrak izan ahal izatea? Prozesua jasangarria denik ere esan ezin daitekeelako. Hizkuntza normalizatua izatea, arlo eta sektore desberdinetan, horixe litzateke helburua. Eta oraindik urruti gabiltza.

“2010 hamarkada hasieran, egoera orokorra da: elebidunak (aktiboak eta pasiboak, adin gaztekoak batez ere) %50 garela eta beste %50 espainiera elebakarrak, neurri handian gizartearen hautazko hezkuntzarako erabakien ondorioz”.

Euskal Herrian, azken hamar urteotako etorkin-uhin berriak direla eta, “espainiera-euskara” indar-korrelazioan zein galtzen ari da?

Ez du errealitate horrek euskararen egoera hobetzen, alderantziz baizik. Gure artean ere espainiera jakitea derrigorrezkoa denez gero, eta euskara ezagutzea, aldiz, aukerazkoa, etorkinek zer egiten dute? Helduek, behintzat, espainieraren alde jotzen dute gehiengok, logikoena, haurrekin berriz joera ez da argia. Gu galtzen egongo gara, gaurko egoera politiko-sozial-kulturala benetan sakonki aldatzen ez den bitartean.

Hizkuntza indartsuagoa —hedatuagoa— unibertsalagoa al da?

Bai, horrela da. Garai bakoitzak izan du bere hizkuntza unibertsala, besteak baino hedatuagoa. Egun ingelesa da mundu osoan gehien funtzionatzen duena, XX. mendearen hasieran frantsesa zen bezalaxe. Eta lehenago latina izan zen, gaur funtzio eta balio unibertsal sinbolikoak bakarrik mantentzen dituena, batez ere eliza katolikoan. Hizkuntza horiek inposatuz hedatu dira lehenbizi, garo prestigioz ere bai. Aurretik ere, Penintsula Iberikako hainbat hizkuntza desagertu egin ziren erromatar inperioaren eskutik, latina heldu zenean, adibidez, euskarako salbuespena kenduta.

Ekonomikoan porrot egiten ari den noraezeko Europa batean, eman al daiteke hizkuntza minoritarioekiko jarrera ezkorragorik?

Eman daiteke, bai. Gerora begira ziurgabetasuna handiagoa gerta daiteke. Nahiz eta 1990 hamarkadan indartze garaia hasi zen, orain arte esperantza murrizten joan da, nahiz eta teorikoki hizkuntza minoritario —erregionalak— bultzatzen dituen. Europa Batasunak 1992an estatuei deituriko hizkuntza “minoritario eta erregionala” horiek direla-eta, egin behar zutena horiek bizindartzeko emandako proposamenak hautazkoak ziren. Praktikan ezer gutxi egin du Europa Batasunak. Estatuek hizkuntza minoritarioekin zenbait kasutan buruturiko atentatuen aurrean Europa Batasunak ez du neurririk hartu: ezin du, ez du eskuduntzarik. Beraz, orain arteko martxa motela izan bada, atera kontua nolakoa izango den egoera ekonomiko txarrago batean. Hala ere, nola mantendu itxaropena?

Euskararen gisako kasuetan, hizkuntza etnizitatearen lehen erakuslea al da?

Jatorrizko eta berezko hizkuntza, edozein naziotan, nazioaren etnizitatearen ezaugarririk nagusienetakoa da. Hori egia unibertsala da. Bitxia da, hizkuntza dominatzaile (ez beti maioriatario, ordea) zirkuluetatik aldarrikatzen den etnizitatea —Espainia, Frantzia...—, minoritarioekiko erakusten duten gutxiespena. Fishmanek ongi erakusten du hori nazionalismoa zer den aipatzen duenean. Nazio baten jatorrizko eta berezko barneko ezaugarriek osatzen dute nazio bakoitzeko etnizitatea, eta horien artean hizkuntza dago, noski. Eta komunikaziorako ezaugarririk nagusiena dugu.

Nola esan beharko genuke gaur egungo gizarte-nolakotasunetan? Ama- hizkuntza? Aita-hizkuntza? Etxe-hizkuntza?

Galderari bi alderditatik erantzungo diot. Alde batetik, nik nahiago dut “jatorrizko berezko hizkuntza” deitzea, besteak beste teknizismoa delako soziolinguistikan, eta maila geo-politikoan kokatzeko egokiagoa ere delakoan bainago, ama-hizkuntza baino (aita-hizkuntza ez da ia erabiltzen).

“Uste dut azken berrogei urteotan euskararekiko ahalegina, edo hobeto emaitza, ez dela zuzena, nahikoa eta eten gabea izan, baizik gora-behera askokoa eta zalantzaz betetakoa”.

Uste dut Fishmanek idatzi zuela: “Euskal agintariek ez dute euskara-gaztelania diglosiaren alde hautatu, elebitasun unibertsalaren aukera baizik” Hori egia dela uste al duzu? Praktikak ez du hori erakutsi, bederen.

Nik uste dut Fishmanen baieztapen hori zuzena dela. Nik ere horrela idatzi nuen 2001ean, hark diglosiari buruz zuzendutako liburu batean. Fishmanen arabera, hizkuntzaren normalizaziorako proposatzen dituen zortzi maila edo etapetan, diglosia erdigunean ematen da, laugarren eta bosgarren mailen artean. Zortzigarren eta bosgarrenaren artekoek, gehien bat sendia, auzoa, gertuko komunitatea lantzen dute. Eta beste etapetan: eskola, unibertsitatea, erakunde harremanak eta abar, diglosiatik kanpoko giroan sartzea litzateke (hau orokorrean eta malgutasunez erabiliz). Gurenean maila guztiak hartu dira planifikazio eta normalizazio prozesuan, nahiz eta neurri eskasekin burutu diren. Egia da gure egoera ez dela diglosikoa, askok esaten duten bezala, esparru guztiak irekita daudelako normalizazio prozesuan.

Beste galdera bat da, ordea, noraino komenigarria edo beharrezkoa den diglosia euskararen eta antzeko beste hizkuntzen normalizaziorako, hau da iraunkorra izan dadin denboran eta jasangarria kalitatean. Nahiz gure artean batzuek pentsatzen duten beharrezkoa dela eta horretaz jabetzeko BAT aldizkariaren 79-80 alea irakur daiteke, ni erabat kontra nago (BATean ere adierazten dudan bezala), diglosia erabat ezina gertatuko zaigunez gain, kaltegarria ere izango delakoan.

Euskarak espazio eta prestigioa irabazi ditu; hori, ezin uka. Eta erosoago senti gaitezke bizitza arruntean, duela berrogei urte baino. Baina ez al da egia hamarkadetako ahalegin jarraikian ari dena etsita ere badagoela?

Badira erosoagoak senti daitezkeenak, baina beste asko ere badira etsita daudenak, bai euskara indartzea nekeza gertatzen ari dela ikusten baitute, baita ere euskarak indarra gal dezakeela pentsatzen baitute. Espainierari buruz ez litzateke inoiz horrelako galderarik egingo. Uste dut azken berrogei urteotan euskararekiko ahalegina, edo hobeto emaitza, ez dela zuzena, nahikoa eta eten gabea izan, baizik gora-behera askokoa eta zalantzaz betetakoa. Horrexegatik oraindik askok esaten dute lasai euskara ez dela Euskal Herrian beharrezkoa, eta horien artean erakunde eta instituzioko hainbat buru ditugu. Adibidez, Espainiako Legebiltzarrean euskarak bide normaletik joaterik balu gure arteko “euskararen kontrako”ek ez lukete hainbeste indar izango beren jarrera negatiboan jarraitzeko. Espainiar Konstituzioak espainiar hizkuntzei buruz hitz egiten du... baina praktikan antikonstituzionalki ari dira. Etsita? Neurri batean agian bai. Euskararen militante asko horrela gaude eta lanean segitzen badugu ez da, arrazoi guztiak kontuan izanda, euskararen egoera askoz hobeto, edo hobetzear bide argian, ikusten dugulako.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Antonio Aretxabala. Nafarroa Unibertsitateko Geologoa: 1903. urtean Iruñak jasandako lurrikarari buruzko datu historikoak aurkitzea ia ezinezkoa da

 

Irakurri

Jose Antonio Sainz Alfaro. Donostiako Orfeoiaren zuzendaria: Orfeoian diziplina azpimarratuko nuke, partaideak oso gazteak badira ere

 

Irakurri

Maialen Beloki. Donostiako Zinemaldia: Industriak euskal zinemaren inguruan geroz eta interes handiagoa du

 

Irakurri

Luis Mari Goikoetxea. Gasteizko Kontziliar-Apaizgaitegiko Errektorea: Zerbait ez da ongi egiten ari Elizan, ezta urrik ere!

 

Irakurri

Jokin Mitxelena. Ilustratzailea: Nire marrazkien liburuak, mesedez, supermerkatura!

 

Irakurri