Carmelo Ortiz de Elgea. Margolaria: 60. hamarkadako gure arte mugimendu hark ez zuen Europan parekorik izan

2012-03-30

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtuaGazte-gaztetatik ekin zion pintura munduari eta hamazazpi urterekin egin zuen banakako lehen erakusketa. Orain Taldea arte mugimenduaren sortzaile eta bultzatzailea izan zen XX. mendeko hirurogeietan, euskal artearen bilakaera sakonean eragin zuzena izan zuena. Euskal Herriko artistarik bikainenetakoa da Ortiz de Elgea. Gasteiztarra paisajistatzat har daiteke, baserri nahiz hiri-bazterrak margotu dituelarik aparteko maisutasunez. Bere azken lana Gernikako bonbardaketa oroitarazteko burutu du.

Pinturara edozein ume iristen den bezala ailegatu zen. Lau urterekin ekin zion barne kuriositatea paperean plasmatzeari eta aurreneko zuhaitz, zubi, etxe eta gizaki haiek bilakaera izan badute ere Carmelo Ortiz de Elgea artistaren baitan bizirik segitzen dute, lehen bezain indartsu.

Carmelo Gasteizen jaio zen, 1944an, eta artean ume zela jakin izan zuen —agian konturatu gabe— pintore izan nahi zuela. Ekin, ekin eta ekin. Horixe izan zen bere goiburua lehen unetik eta ia-ia hirurogei urte geroago bide bertsutik jarraitzen du, gorputz eta gogoari aukera zabala emanez. Orain ere, Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga delarik, gertaera lazgarri haren inguruko sail bat prestatu du, foru hirian aurkezteko. Eta gero... lana. Horixe baita Ortiz de Elgeak dakiena.

Bere lehen arte-agerpen haiek —hirurogeietako hastapenetan— Euskal Herri osoko goi mailako artistak ezagutzera eta beraiekin lankidetza burutzera eraman zuen. Gizon eragilea denez gero, Orain taldea sortu zuen Mieg, Schomer, Etxebarria eta Frailerekin, Araban. Eta sintonia berberarekin Gipuzkoako Gaur, Bizkaiko Emen eta Nafarroako Danokeko Oteiza, Chillida, Basterretxea, Zumeta, Ruiz Balerdi, Larrea, Ramos Uranga, Morras eta antzerako sortzaileekin murgildu zen euskal espresibitate artistikoa sendotzen eta mundu guztira hedatzen.

“Europa osoan ez zen halako mugimendu artistikorik izan. Kalitate handia genuen eta euskal errealitatea artearen bitartez erakutsi nahi genuen. Ausartak ginen gure planteamenduetan.Eta taldeek gutxi iraun bazuten ere, banako artistak bezala egundoko ibilbidea burutu dugu denok” dio Carmelok, aipatutako artista-multzo horren eraginak erdietsiriko espazioak zeintzuk diren gogoratuz. Nekez errepikatuko da —ez, behintzat, epe laburrean— haien indarra eta helmen artistikoa.

Ortiz de Elgearentzat pintura jai alaia izan da. Bere estilo eta joeraren bila etengabe aritu delarik aurkikuntzaz bete du bere karrera, eta gogozko ahalegina asebete animikoa bilakarazten jakin izan du. Oihal baten aurrean jartzen denean zer aterako zaion, eskua nondik joango zaion ideiarik eduki gabe askatasun osoa eskaintzen dio bere sormenari eta pintura jaia bihurtzen da Carmeloren baitan. Horren ondorioz, oihalean aurrera egiten duen neurrian harriduraz betetzen du bere izpiritua eta burututako aurkikuntzak zorion-leherpena eragiten dio. Horrexegatik pintatzen duela aitortzen du Carmelok, artearen abenturak ekartzen dion abenturarako ahalmenarengatik, alegia. Eta horretan segitzen du. Emozioak sorrarazten dio pintura. Emozioarengatik margotzen du.

“Eguneko pinturaren kontzepzioan nabil baina italiar zein espainiar errenazimentuko pinturaz blai nago. Nire belakiak asko xurgatu du.”

Autodidakta dela berresten duen arren, irakasle mordoa izan duela utzi nahi du garbi. Uccello, Velázquez, Piero de la Francesca, Goya, eta beste hamaika goi artistaren iturrietatik edan du Ortiz de Elgeak. Ziur dago bere pinturak askoz gehiago hartu duela XV.ko artistengandik XX.koengandik baino, nahiz eta artista garaikide askorenganako mirespena sentitzen duen. “Eguneko pinturaren kontzepzioan nabil baina italiar zein espainiar errenazimentuko pinturaz blai nago. Nire belakiak asko xurgatu du” adierazten du.

Bere bilaketa jarraikian sariak jaso ditu Ortiz de Elgeak eta horietako bat Gernikako bonbardaketaren urtemuga esanguratsua gogoratzearren eskatu zioten saila da. Erronka handia izan zen berarentzat baina birritan pentsatu gabe onartu zuen, sinbolismoz jositako lantegi horretan bere barne emozionala husten gai izango zelakoan. Eta behin saila amaituta, satisfaziotik hitz egiten du, helburua lortu duela oihuka dezakeelarik.

“Europa osoan ez zen halako mugimendu artistikorik izan. Kalitate handia genuen eta euskal errealitatea artearen bitartez erakutsi nahi genuen.”

Hala ere, azken obra horretan bakarka aritu bada ere, ez ditu abenturako antzinako artista lagun haiek ahanzten. Kidetasun artistiko zein izpiritualak eramaten du sarritan lankidetzara eta pozik gogoratzen ditu berriki Basterretxea eta Zumetarekin izan dituen erakusketa magistralak. Badira, ordea, hain plasmaketa konkreturik izan gabe bestelako kolaborazio sendo dutenak, eta alde horretatik Carmelok aparteko sentimendu berezia agertzen du Juan Mieg bere lagunarenganako.

Carmelo Ortiz de Elgeak lanean aurkitzen du plazerra eta bere bidea egitasmoz beterik dago. Burutuz joango den heinean pintore gasteiztarraren irudiak hazten segituko du, ohiko bere jarduera zintzoaren kariaz. Euskal zeru-mugako artistarik bikainenetakoa dugularik, egunekoak ez ezik baita geroko belaunaldi jantziek ere jakin beharko dute Ortiz de Elgearen izen eta izanaz. Carmelo Ortiz de Elgea (Gasteiz, 1944) Gasteizen jaio zen 1944an baina 3 urterekin Aretxabaletara Joan zen bizitzera. Gaztetik ekin zion pinturari eta 16 urterekin bakarkako lehenengo erakusketa egiten du. Paisaiaren zale amorratua da; toki konkretuen transkripzioa baino gehiago diren paisaiak, nahiz eta horietan ingurune gertukoen enkoadraketa errealak jaso.1963. urtean ikasketa artistikoak garatzeko Vidal eta Fernando Amárica Fundazioaren beka jasotzen du. Madrilera joaten da lehen aldiz; Arte Ederren Zirkuluan osatzen du formazioa Prado Museora bisita ugari egiten dituelarik. Luis García Ochoa margolari eta grabatzaileak Pinto Coelhorekin partekatzen duen estudioa eskaintzen dio denboraldi batez. Etxetik kanpo bizi duen esperientzia honek berrespena du bueltan Amárica etxe zaharrean (Dato kalean) egiten duen erakusketan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mónica Míguez. medicusmundi gipuzkoa erakundeko komunikazio arduraduna: Eskubide bat unibertsala izatea lortzen baduzu, ezin izango dizute ez zuri ez beste inori kendu

 

Irakurri

Thierry Truffaut. Antropologoa: Neguko jai ugari iragaite ohiturak dira: urte zaharra ‘hil’ behar da berria etorrarazteko

 

Irakurri

Idoya Otegui. Topic zentroko zuzendaria: Haserretu egiten naiz txotxongiloak tradizionalak ez direla esaten dutenean

 

Irakurri

Emilio Majuelo. Historialaria: Arturo Campioni historialari estatusa ukatu izanak bere obra ezagutzera eraman ninduen

 

Irakurri

Pilar López. Teatro Paraiso konpainiako zuzendaria: Kultura ezinbestekoa da, beragatik apustu egiten duen gizartearentzako garapen eta berrikuntza motor bat da

 

Irakurri