Carmen Gómez: "Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan"

2001-03-16

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Carmen Gómez Carmen Gómez, Sancho el Sabio Fundazioko zuzendaria "Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan" * Ismael Diaz de Mendibil Carmen Gómezek 16 urte daramatza Sancho el Sabio Fundazioa zuzentzen, euskal kulturaren inguruko agiri eta ikerketak biltzen dituen zentroan. Vicente Botella eta Jesús Olaizola gasteiztarren ekimenez sortu zen Fundazio hau, 50eko hamarkadan, euskal kulturak garai benetan latzak bizi zituenean. Hitz goxoak gordetzen ditu Carmen Gómezek bi gizon hauentzat: "haiengatik izan ez balitz, orain ez ginatekeen hemen egongo". Gaur egun aski ezaguna da Sancho el Sabio Fundazioa, euskal kulturaren esparruan egiten duen lanagatik. Nolakoak izan ziren 50 eta 60 urteetan Gasteizen emandako lehen urratsak? Hasiera batean kultur erakunde bat zen, baina 1964ean dokumentazio zentro bihurtu zen. Sortu zenez geroztik, beti argi eta garbi izan du bere helburua: euskal kulturaren inguruko bibliografia eta dokumentuak biltzea. 40 urteotan berdina izan da bere helburua; aldatu dena, ostera, informazioa biltzeko modua izan da, garapen teknologikoa izugarria izan delako. Hau guztia ez zatekeen egia bihurtuko bi gizonengatik izan ez balitz: Vicente Botella (Cajako orduko zuzendaria) eta Jesús Olaizola (hasierako bibliografiaren egilea, oinarrizkoa euskal ikasketetarako). Ni 1985ean hasi nintzen Fundazioan lanean, fondoa berrantolatzen. Zerikusi gutxi izango dute orduko liburutegiak eta oraingoak. Zerikusirik bat ere ez. Liburutegien informatizazioarekin, digitalizazioarekin, Internetekin eta abar, goitik behera aldatu dira gauzak. Gure web orrian sartuz gero (sabio.es), euskal kulturarekin lotutako 140.000 erregistro baino gehiagotara jo daiteke. Zein material mota biltzen du Fundazioak? Denetarik biltzen saiatzen gara: liburuak, egunkariak, aldizkariak, mapak, ikus entzunezko agiriak, kartelak, orrialde politikoak, egutegiak, festetako egitarauak... Eta, 1992az geroztik, familien artxiboak ere bai. Familiekin akordioakegiten ditugu: haiek dauzkaten agiriak ematen dizkigute, eta guk txukundu, sailkatu eta katalogatu egiten ditugu, gero informatizatu eta digitalizatzeko, eta hori guztia egindakoan familiari itzultzen dizkiegu berriz ere. Kasu berezi batzuetan bakarrik itzuli behar izaten dizkiete agiri horiek ikerlariei, bisualizazioa txarra denean edota originala behar beharrezkoa denean. Antza denez, gauza orok balio du: bai XVIII. mendeko liburu batek, bai kalean jasotako panfleto batek. Gauza guztiak dira garrantzitsuak. Hala ere, niri kalean jasotzen diren agiriak gustatzen zaizkit gehienbat. Liburutegiek lan gutxi egiten dute horrelakoekin, baina informazio iturri apartak dira, unean uneko aldarrikapen politiko, sozial edo laboralen berri ematen dute eta, inolako manipulaziorik jasan gabe. Aparteko bitxiak aurki daitezke horrelakoetan, bai mezuagatik, bai beren garrantzia ikonografiko eta artistikoagatik. Dokumentazio zentroetan derrigorrean egon behar dute nire ustez. Noizbait emango zaie benetan daukaten balioa. Egunean zenbat material sartzen da zentroan? Zaila da erantzun zehatz bat ematea. Orain bertan kartelen fondoan gabiltza lanean, eta hilabeteak eman ostean, 16.000 unitate dauzkagu. Beste adibide bat, fototekarena dugu. Fundazioan, laister, Caja Vital Kutxaren fototeka ipiniko da, Arabako lehengo mendeko historia ikonografikoa. Jende askok laguntzen digu egutegi, kartel edo panfletoak biltzen. Mugimendu handia izaten dugu zentro honetan; ez da, besterik gabe, agiriak biltzeko leku bat. Oso garrantzitsuak dira, bestetik, partikularrek egiten dizkiguten dohaintzak, oso zaila izaten delako horrelako materiala lortzea. Fundazioaren fondo guztia al dago jendearentzat ikusgai? Bai, noski. Lehen, originalak erabili behar izaten zirenez, zailtasun gehiago izaten genituen, aurreko mendeetako eskuizkribuekin lanean aritzeko batez ere. Horrelako agiriak altxorrak dira, oso garrantzitsuak, eta ale gutxi gelditzen dira gainera. Baina informatikari eta digitalizazioari esker,hobeto irakurri ahal izateko, moldatu eta inprimatu egin daitezke. Asko erraztu dira gauzak. Euskal Herrian ba al da gisa honetako beste liburutegirik? Ez, ez dago. Guretzat funtsezkoa izan da Caja Vital Kutxak emandako laguntza, bertako zuzendariek lehenagokoek zein oraingoek ikusten zutelako informazioak zenbateko garrantzia daukan. Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan, eta hezkuntza ere ez da ona izango. Baliabide ekonomikoei esker, teknologia berriak aplikatzen hasi ginen, eta, horrela, 1993an fondoak digitalizatu genituen. Gure liburutegia izan zen digitalizazio hori egin zuen lehenengoa. Jakingo al zenuke Fundazioan dauden agiriek zenbat metro hartzen dituzten esaten? Inoiz ez ditugu agiriak bata bestearen atzean jarri, baina bost kilometro lineal inguru hartzen dituztela esango nuke. Urte hauetan zehar, izan da eskuratzeko irrikia izan arren lortzerik izan ez duzuen obraren bat. Bai, Leizarragaren Biblia adibidez. Enkantea Londresen egin zen, 1995ean. Bertan izan ginen arren, ez genuen lortzerik izan, nahiz eta 30 milioi eskaintzera iritsi. Nazioarteko enkante hauetara, erakundeekin aurrez akordioak eginda joan behar da. Madrilgo Liburutegi Nazionalarekin eta guzti izan ginen harremanetan, guretzat oso garrantzitsua zelako obra hori Euskal Herrira ekartzea. Horregatik eskaini genuen hainbeste diru, ia urtebeteko aurrekontua. Baina ustekabe bat izan genuen. Príncipe de Viana erakundeak lekuko gisa joateko asmoa besterik ez zeukala pentsatzen genuen, baina oker genbiltzan. 12 milioira arte, lau ginen eskaintzaileak, eta, kopuru horretatik aurrera, bi. Hala ere, guk ez genekien nor zen beste eskaintzailea, enkante hauek telefonoz egiten dira eta. 30 milioietara iristean, planto egin genuen, eta Príncipe de Viana erakundeak eskuratu zuen alea. Ezusteko handia izan zen guretzat. Oso ale ona da, baina ez dut uste inor berriz ere halako prezioa ordaintzeko prest egongo litzatekeenik. Nahigabeak bai, baina ziur Fundazioak bakarrak direnaleak eduki ere badauzkala. Euskaraz idatzitako hainbat eskuizkribu dauzkagu: Mendibururenak, Axularrenak... Batez ere, literatura erlijiosoari buruzkoak. Mimo bereziarekin tratatu dugu fondo hori. Gainera, 70. hamarkadako ale batzuk ere ohiz kanpokoak bihurtu dira, orduko inguruabar politiko eta tirada urriekin asko desagertu egin direlako. Nola kuantifika daitezke fondoak ekonomikoki? Balio hori kalkulaezina da. Nik uste dut gaur egun ezinezkoa dela horrelako fondo bat sortzea, bai kalitatearen aldetik, bai kantitatearen aldetik. Azal iezaguzu zergatia. Euskaraz idatzitako bibliografia ez da batere ohikoa. XX. mendera bitartean, euskal literatura erlijiosoa zen batik bat, eta helburua praktikoa zeukan: ebanjelizatzea. Tiradak, gainera, ale gutxikoak izaten ziren, eta kalitate txarreko papera erabiltzen zen normalean. Ez zitzaien benetan zeukaten garrantzia ematen. Horregatik, aurreko mendeetako euskarazko edozein testu idatzik balio handia dauka merkatuan. Euskal kulturari gagozkionez, zer da zure ustez euskal kultura? Herrialde baten izaera islatzen duen edozein alderdi: artistikotik hasi eta politikoraino, hizkuntza ere tartean dela. Sancho el Sabio Fundazioaren fondoak mende hasierako Zulueta jauregian daude. Kuban aberastutako familia arabar batena al da etxea? Etxea Alfonso de Zuluetak eraiki zuen, Julian de Zulueta polemikoaren semeak. Julian de Zulueta Anucita herrian jaio zen, Araban. Laborarien semea zen. Bere osaba batek Kuban lur sail handiak zeuzkan, baina seme alabarik ez zeukanez, Julianen esku utzi zuen negozioa, eta orduan Zulueta hau munduko gizonik aberatsenetarikoa bihurtu zen. Kuban zehar trena ipini zuen, eta esklaboen tratanterik ezagunenetarikoa egin zen. Hiru aldiz ezkondu zen, bitan bera baino askoz gazteagoak ziren ilobekin, 12 seme alaba izan zituen... Egundoko personaia izan zen. Kuban hil zen, eta orduko egunkariek esaten dutenaren arabera, bere hileta Errege erregina askorena baino handiosoagoa izan zen. Bere sendia Gasteiza itzulizen, eta orduan eraiki zuen etxe hau. Ez dira etxearen jatorrizko planoak aurkitu, baina hall etik hasi eta lorategiraino, Hegoameriketako etxeen kutsu handia du. Zein etorkizun ikusten diozu Sancho el Sabio Fundazioari? Zentro hau euskal herria eta euskal kultura aztertu nahi dituen ikerlari ororen erreferentzia puntua izatea gustatuko litzaidake. Hein handi batean lortua dugu helburu hori. Historia objektibotasunez ezagutzeko, garai bakoitzeko iturrietara, karteletara, panfleto eta aldizkarietara jo behar da, material horietan ikusten delako herriaren nahia, eta gu horiek guztiak biltzen saiatzen ari gara. Informazioaren gizarte honetan, informazioa ez dago paperean bakarrik; ez dira Internet eta iturri elektronikoak ahaztu behar. Eta ez baldin badugu ezer egiten, galdu egingo dugu sarean dagoen informazioa. Duela bi urte, euskal gaien inguruko 30 aldizkari zeuden sarean, eta hain zuzen ere hori da uneotan bildu eta artxibatu nahiko genukeena. Zein da Carmen Gómezek Fundazioan eguneroko lana egiteko daukan motibazio iturria? Niri ikaragarri gustatzen zait egiten dudan lana. Ez da zertan gauza handirik egin behar. Eguneroko lana gustatzen zait, jendea Fundazioko fondoa erabiltzera datorrela ikustea. Bilatzen ari direna aurkitzen dutela ikustean hartzen dut pozik handiena. Azken batean, hori da gure benetako funtzioa. Horretarako gaude. Hori guztia, errentagarritasun ekonomikoaren inguruan biraka dabilen mundu batean bizi garela kontuan izanik. Jabetuko al dira enpresa pribatuak eta finantza erakundeak kulturak daukan garrantziaz? Gaur egun ez zatekeen, ziur aski, hau bezalako Fundazio bat sortuko, baina, dirudienez, finantza erakundeak zenbait kultur erakunderi laguntzen ari dira. Cervantes Liburutegi Birtualaren babeslea, adibidez, Banco Central da. 180 pertsona ari dira hor lanean. Honen inguruan irakurketa bikoitza egin daiteke hala ere: alde batetik gastu ekonomikoa dago, baina, beste alde batetik, irudiak sortzen duen errentagarritasuna dago. Alegia, kulturaksaldu egiten duela, modan dagoela. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 115.zbk (2001 / 3 / 16 23) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Xabier Diharce 'Iratzeder': "Euskal abesti asko ikasi nituen, eta anitz ikasi nuen haiei esker. Eredugarriak ziren niretzat"

 

Irakurri

Miguel Zugaza: "Museoen zeregin nagusia beren ondarea gizarteari erakustea da, baina errespetuarekin betiere"

 

Irakurri

José Ramón Zamanillo: "112 telefono zenbakia guztiz errotuta dago"

 

Irakurri

Pilar Aróstegui: "Gasteizko Udal Artxiboan dauzkagun agiriek, bata bestearen atzean jarrita, kilometro eta erdiko luzera hartzen dute"

 

Irakurri

Lucia Etxebarria: "Metaliteratura interesatzen ez zaidalako egiten dut literatura konprometitua"

 

Irakurri