Francisco Mangado: "Erantzunik ematen ez duen hirigintza burokratikoa egiten ari gara"

2000-02-25

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Francisco Mangado Francisco Mangado, arkitektoa "Erantzunik ematen ez duen hirigintza burokratikoa egiten ari gara" * Maria Agirre Proiektu garrantzitsu ugari dauzka eskuartean arkitekto nafar honek; gehiegi, bere esanetan. Hasiak dira jada Nafarroako Auditorioa eta Kongresuen Jauregia eraikitzeko lanak, eta Palentzian ere gauza bera egin behar du Francisco Mangadok. Ez hori bakarrik; bere estudioa beste proiektu batzuren planoez gainezka baitago: Madrileko Salamanca auzoan egin beharreko plazakoak eta Indian egiten ari diren monasterio katolikoari dagozkionak. Eraikin horiei buruz mintza gintezkeen arren, nahiago izan dugu etorkizuneko euskal hiriez esatekoa daukana entzun. Azken hamarkadotan asko handitu dira hiriak. Norantz doaz etorkizuneko euskal hiriak? Bai galdera zaila. Ezinezkoa da hiriaren bilakaera aurreikustea, mundu honetan aldaketak berehala gertatzen direlako; hala ere, nik uste dut nolabaiteko kontrol edo aurreikuspenen bat dagoela euskal hirietan. Egia da funtsezko aldaketak izan direla, baina ez zait iruditzen hirien eredua aldatu egin denik, hiriak berez baitauka inertzia. Alegia, asko hitz egin genezake hiriari buruz, baina baita ere gune publikoari eta honen kalitateari buruz. Bada nolabaiteko kontrolik; gehiegizkoa batzuetan. Kudeatzaile askok hiri bakoitzari eredu bat eman nahi diote, eta hori ez dago egiterik. Nire ustez oinarrizko estrategia edo ildo batzuk zehaztu beharko lirateke azpiegitura eta komunikazioaren inguruan, lurraldea errespetatuko duten irizpide batzuk ezarri, eta horietan oinarrituz eredu batzuk iradoki ahal izango dira, betiere kontuan izanik kalitatezko gune publikoa diseinatu behar dutela, eta kontrolaren bermearekin gainera. Nahiko eredu malgua da defendatzen dudana. Azken aldian asko ugaritu dira hirigintza planak, eta hain dira zehatzak, hain daude udal edo gobernuko burokraziaren kontrolpean, oso azkar agortzen direla, errealitateak berehala jaten baititu. Hirigintza mota hori oso motela da, oso burokratikoa,eta batzuetan baldintzatu besterik ez dute egiten. Tresna arinagoak bilatu beharko lirateke. Orain dauzkagun planek hiria globalizatu nahi dute, baina hori ezin da egin, azkenean ez baitute ezer egiten uzten. Hirigintza burokratiko hori ez dator hiriaren mugimendu bizkorrarekin bat, eta gainera ez dio gune publikoaren kalitateari erantzuten, eta hauxe da nire ustez hiriaren oinarria. Dena den, aitortu behar da Donostia, Gasteiz eta Iruña eredugarriak direla hirigintzaren aldetik. Normaltasun osoz garatu dute hiriaren egitura, gune publiko askorekin. Hirigintzaren kalitatearen aldetik inbidia asko zaie. Bilboren kasuan, industrializazio garaian izandako hazkundeak gune kaskar batzuk utzi dizkio. Ez al dira hiriak asko garestitzen ari? Bai noski. Eta, neurri batean hirigintzaren kudeaketa burokratiko horrekin lotuta dagoela esango nuke. Plan horiek lurzorua kalifikatzeko daukaten modua oso mugatu eta lineala da. Askoz ere azkarrago doazen lurjabe batzuren alde ari dira, merkatu pribatua hirigintza burokratikoa baino azkarrago mugitzen delako, eta horrek guztiak lurzoruaren garestitzea dakar, ezohikoa gainera. Arazo nagusia lurzoruaren salneurria da, lurzorua hiritartzea, baina funtzionatzen ez duten hirigintza planak egiten dira oraindik. Definizio zehatzak eman nahi dituzten arau pila bat dira azkenean, baina ez dute gidalerro orokorrik ezartzen. Eta horri nolabaiteko kultur baldintza batzuk ere gehituko nizkioke. Errealitate fisikoarekin ia zerikusirik ez daukan kultura sortu da espekulazioaren inguruan, baina errealitate ekonomikoarekin oso lotuta dagoena. Azken batean, errealitate fisikoari inposatu zaion eredua da. Informazioaren gizartearekin aldatu egingo al dira hiriak? Oso eszeptikoa naiz horren inguruan. Hirigile asko globalizazioa goraipatzen dabiltza, baina nik uste dut gizakiak harreman fisiko eta pertsonalak behar dituela, eta horretarako funtsezkoa da hirian gune publikoak edukitzea. Alderdi fisikoak berebiziko garrantzia izaten jarraituko du, komunikazioakbaino gehiago. Egia da komunikazioen esparruan erraztasun handiak dauzkagula, eta horri esker hirien artean harreman hobeak ezar daitezkeela eta azpiegitura batzuk aldatu, baina dena den kontaktu fisikoa eta gune publikoak dira funtsezkoenak, eta gune pribatua publikoari menekotuta egongo da. Ez dut globalizazioan gehiegi sinesten; kontzeptu sinplista iruditzen zait. Gauza bat da globalizazio horrek eredu ekonomiko zehatz batzuk inposatu nahi izatea, eta beste bat kultura desberdin batzuk elkarbizitzea. Kulturak eredu ekonomikoak baino askoz ere indar handiagoa dauka. Ezin da globalizazio ekonomiko bat dagoenik ukatu, baina hala ere nik xehetasunetan, norbanakotasunean eta kultura zehatzetan sinesten dut, eta globalizazio horrek arrakasta izango du baldin eta kultura zehatz horiek txikitzen ez baldin baditu. Onartzen dut hirietan globalizazioa gertatzen ari dela, merkataritzaren arloan hasiak gara hori ikusten, baina aldi berean ziur nago globalizazioaren kultura horrek norbanakotasunaren kultura aldarrikatuko duela berriz ere. Eta bi ereduak elkarbizitzeko gai dira. Horregatik, alderdi fisikoaren menpe egoten jarraituko dute hiriek. Arkitekturari dagokionez, ba al dago estilo euskaldunik? Nik ezetz uste dut. Herriko arkitektura bai, baina gaur egun bitarteko teknikoen menpe dagoen arkitektura daukagu, globala alegia. Hala ere badauzkagu zenbait bereizgarri: gure herrietan ongi eraikitzeko eta eraikinetan inbertitzeko ohitura handia dago adibidez, eta eraikuntzari dagokionez jarrera berezi batzuk dauzkagu. Eta gauza bera materialen kalitateari dagokionez. Gainera, oso gauza bitxia gertatzen ari da: duela zenbait urte arkitektura mailan gune garrantzitsua Madril zen bezala, eta oraindik ere hala izaten darrai, uneotan espainiar estatuak eta Europak Euskal Herriko arkitekto batzuetan ipini dituzte euren begiak. Euskal Herrian arkitekto multzo interesgarri bat omen dago, kanpoaldean erreferentzia gisa hartu dena. Baina horrek ez du esan nahi nortasun bat daukagunik; ezdugu arkitektura mota bera egiten. Hala ere, badirudi azken urteotan arkitektura ona egiten duen euskal talde bat aipatzen dela atzerrian, baina ez talde unitario gisa. Hirien protagonismoak gora egingo duela dirudi. Ez ote dira herriak bazterrean utziko? Euskal Herriak nolabaiteko kalitateari eutsi dio nekazaritza arloan, industrializazioa azkarregi garatu den lekuetan izan ezik. Orain bertan herriak ez daude arrisku egoeran, nahiko kontzientzia handia dagoelako beren balioaren inguruan, eta globalizazioaren aurrean desberdintasuna gordetzen ere saiatzen dira. Ba al da lehiakortasunik euskal hirien artean? Badagoela esango nuke, baina oso ona ostera. Bitxia da: kanpokoek ez dute lehiakortasuna bailitzan ikusten, baizik eta birsortze prozesu bat bezala. Elkarren arteko alderaketa motaren batekin lotuta dagoela esango nuke, eta hori oso sanoa da. Hiriaren irudia berritzeko obra enblematikoren bat egin behar da, dirudienez. Kultur azpiegiturak berritzeko beharra sortu da. Nik historia ziklikoan sinesten dut, eta birsortze bat egon dela esango nuke. Eraikinak, birsortzeko grina moduko hori adierazten duten imanak bezalakoak dira, beren gaitasun fisikoagatik eta beren baloreagatik. Garai baten ikur bihurtzen dira. Horixe gertatu da Guggenheimekin, Kursaalarekin, eta horixe ari da gertatzen Nafarroako Auditorio eta Kongresuen Jauregiarekin ere. Jende guztiak birsortze baten ikurtzat jotzen du eraikin hau; hori zikloekin dago lotuta, eta baita ere arkitekturak errealitate historiko horren ikur bihurtzeko daukan gaitasunarekin. Horregatik da arkitektura hain boteretsua. Ba al dago elkarrekiko loturarik Donostia, Bilbo, Iruña, Gasteiz eta Baionaren artean? Fisikoki, nahiko ona da oraingo azpiegituren sarea. Oso garestiak dira hala ere, eta publikoak izan beharko lukete. Baina kultur errealitatea hor dago, noski; herriak elkarri lotuta daude kultur mailan errealitate politikoen gainetik, artifizialki inposatutako eredu horien gainetik. Eta oso garrantzitsua da ardatz atlantikoa,bai kultur mailan eta bai ekonomikoki. Zeu izan zinen Nafarroako Auditorio eta Kongresuen Jauregia eraikitzeko lehiaketaren irabazlea, eta, ziur aski, bi proiektu horietan murgilduta ibiliko zara. Zein ekarpen egingo diote Iruñari? Nik uste dut hirigintza mailan oso onuragarria izango dela hiriaren ardatzarentzat; hiriaren eta kulturaren ikuspegitik, ia ia sinbolo bat izango dela esango nuke, nahiz eta ez den hori nire asmoa. Baina hori gertatuko da ziurrenik, Guggenheim eta Kursaalarekin bezala. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 68.zbk (2000/ 2 25 / 3 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Francisco Javier Zubiaur: "Nafarroako Museoa izebergaren muturra da"

 

Irakurri

Pello Zabala: "Arantzazu ezagutzera emateko hasi nintzen iragarpena egiten"

 

Irakurri

Ramón Zallo: "Oparotasun komunikatiborantz goaz, baina baita gero eta handiagoa den desberdintasun komunikatiborantz ere"

 

Irakurri

Adolfo Ribeiro Lima: "Atun Atlantiarra Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen helburu nagusia arrantzu arduratsua mantentzea da"

 

Irakurri

Adrián Celaya: "Beldur naiz Europa zentralistegia izango ote den, eta agian hurrengo ika-mikak hortik etorriko dira"

 

Irakurri