Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historian Katedraduna: Zapaterok autodeterminazio eskubiderik ez dagoela esatea Espainian eskubide hori aitortzearen gaineko bere iritzia ematen duen politiko baten esaldia besterik ez da

2006-06-02

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Gregorio Monreal Zuzenbidearen Historian Katedraduna da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hainbat lan esparrutan ezaguna da nafar hau: besteak beste, EHUko errektore-ohia da, hainbat unibertsitatetan irakasle eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari izandakoa. Gaur egun Nevadako Unibertsitateko (Reno) Center for Basque Studiesen dago William A. Douglass izena daraman beka bati esker; gainera, lehenengo pertsona da laguntza hori jasotzen.

Zer da zuretzat lehen Distinguished Scholarship William A. Douglass izatea?

Poztasun handia da niretzat. Alde batetik Center for Basque Studiesentzat urtebetez lanean arituko naizelako, eta bestetik pertsonalki eta intelektualki asko miresten dudan pertsona baten izena daraman katedra betetzeko aukera dudalako.

Zuzenbidearen Historian Katedraduna zara. Eta gainera politikan ere jardun duzu –espainiar Goi Ganberan Senataria. Egin dezagun azken aldian maiz erabiltzen diren hainbat hitzen gaineko ibilbide bat. Zer da kosoberania? Eta nortasun partekatua? Zer ulertu behar dugu naziori buruz ari garenean? Estatu anitzarena, bete ahal daiteke?

Kosoberaniari buruz ari garenean soberania partekatuari buruz ari gara, hau da, maila berdin edo beretsuko bi alderdi politikok XIX eta XX. mendeetan Estatuaren eskuduntza esklusibotzat hartzen zirenetariko batzuk betetzen dituztela.

Pertsona batek bi toki desberdinetakoa izateko zentzua bateragarria dela uste duenean ematen da nortasun partekatua, eta beraz, sentimenduekin zerikusia du. Esate baterako, euskaldun eta espainiar sentitzea, edo euskaldun eta frantsesa, edo euskaldun eta europarra...

Bestalde, zientzia politikoan ez dago Estatuaren esanahi bateratu bat. Baina hala ere, erkidego batean bi elementu batera aurkitzen direla aintzakotzat hartzen denean badago nolabaiteko adostasun bat horren inguruan. Lehenengoa objektiboa da eta mota askotakoa izan daiteke (hizkuntza bat, erlijio bat, ohiturak, zehaztapen geografikoak, berezitasun ekonomikoak...). Bigarrena subjektiboa, berezko proiektu politiko bat edukitzean agertzen den kontzientzia nazional baten izatea. Praktikan, proiektu politiko desberdin baten adierazpen bezala komunitate batean alderdien sistema bereizi bat dagoenean ematen da nazioa.

Berez, posible da Estatu nazio anitz edo konposatu bat izatea. Europa bera gaur egungo Estatuen Konfederazio arina izatetik benetako Federazio bat izatera pasatuz gero, Estatu nazio anitz baten antzerako zerbait kontsidera liteke. Baina hori oso zaila da. Inperio nazio anitzak desagertu egin ziren: turkoa, errusiarra, austrohungariarra... Eta argi ikus dezakegu nolako zailtasunez egiten duen aurrera ideiak Espainian.

Orain dela gutxi Espainiko Presidente Rodriguez Zapaterok autodeterminazio eskubiderik ez dagoela esan zuen. Beraz?

Espainian eskubide hori aitortzearen gaineko bere iritzia ematen duen politiko baten esaldia besterik ez da. Hala ere, oso eskubide zaila da, nola subjektu titularrari dagokionez, hala gauzatze moduei dagokienez. Badirudi Europa zaharrean praktikoagoa dela norberaren estatus politikoari buruz negoziatzea.

“The Old Law of Bizkaia (1452)” zure liburuan Bizkaiko forua (euskalduna) antzinako ohitura bat, eskubide herrikoi baten seinale dela esaten duzu. Nola eraitsi daiteke beraz euskaldunok pribilegioak ditugunaren ustea?

Eskubide historikoak, foruak eta abar hitz polisemiko eta zehaztasunik gabekoak dira. Gure arbasoek batzuetan pribilegioei buruz hitz egiten zuten arren, eskubide historikoa denboran zehar landutako berezko eskubide bat zen, itun bidez alda zitekeena bakarrik, eta ez alde bakar batek nahi zuenean. Ez zuten alde batek debeka zezakeen pribilegio bezala ikusten.

Izan al daitezke euskal instituzio historikoak gure herriaren etorkizunaren baldintza? Hau da, badute beraien tokia gaurko Europan?

Instituzio historikoei buruz ari garenean erakunde konkretu batzuei egiten badiegu erreferentzia, ez derrigorrez. Asko eta asko horixe direla esan nahi dut, historikoak, eta gaur egun existitzen ez den euskal gizarte bati dagokie. Beste batzuek bizirik diraute bilakaera sakon bat jasan ostean, Kontzertu Ekonomikoa esaterako; eta ezinbestekoak dira. Hala ere nahiago dut gure asabek eskubide historikoari buruz zuten ideiatik beste kontzeptu bat erabiltzea. Ahalmen eratzaileari buruz ari naiz; zentzu horretan behar beharrezkoa da, Europarekin edo gabe.

Definizio argigarriekin jarraituz, zer ulertu behar dugu Europako Batasuneko entitate sub-estatalei buruz?

Estatu ez diren entitate guzti horiek –länder, herrialde, autonomia erkidego...- direla suposatzen dut eta beraz ez zituzten Europar Batasuna egiten joan diren Itunak sinatu. Kasu batzuetan benetako nazioak edo osatze prozesuan dauden nazioak dira-Eskozia, Gales, Flandes, Katalunia, Basconia.

Aipatu dugu Senatari izan zinela. Gainera Gernikako Estatutua eta orain gutxi bere lehen mende laurdena bete duen Kontzertu Ekonomikoaren negoziaketak gertutik bizi izan zenituen. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?

Euskal Estatutuaren egite prozesuan hartu nuen parte bakarrik, Euskal Parlamentarien Asanbladako erredaktore batzordeko kide bainitzen. Urruti geratu da hori, baina gogoratzen dut emaitza onargarri bat lortzeko jarritako gogoa, elkarrizketa giroa eta alderdien arteko adostasun borondatea. Horiek guztiek horren gozo ez diren beste oroitzapen batzuk eztitzen dituzte.

Orain gutxi zure ezagun eta lagun den Mikel Aramburuk “Provincias Exentas. Convenio-Concierto: identidad colectiva en la Vasconia peninsular (1969-2005)” kaleratu du eta hedabideei azaldu die Hitzarmen/Kontzertu eredua, mende eta erdiko bizi aldakorraren ondoren, euskaldun penintsularren nortasun kolektiboaren elementu bezala agertzen dela gaur egun. Ados al zaude? Hitzarmen ekonomiko horien esanahi eta garrantziak harrera ona izan al du orokorrean euskal gizertean?

Euskal gizartean, beste edozein gizartetan bezala, gauzak eta instituzioak ulertzeko maila ugari daude. Nire ustez herriaren zati esanguratsu bat konturatzen da Kontzertu eta Hitzarmen Ekonomikoak zer diren eta zenbat balio duten; ezin dela benetako autonomia bati buruz hitz egin fiskaltzaren tresna handia gabe. Kontzientzia hori 1977 eta 1978 urteetan ere bazegoen, herri manifestazio handietan Gipuzkoa eta Bizkaiko Kontzertu Ekonomikoak itzul zitzaten eskatzen zenean, esaterako. Baina gainera “Ogasun propioa” edukitzeak zerbitzu publiko ona izaterarekin zerikusia duela konturatzen da jendea, Osasungintza hobea, Hezkuntza, Komunikabideak... Eta gainera, gure bizitzen gaineko erantzunkizun sentimendua.

ETAren su-etenaren berri Amerikako Estatu Batuetan izan duzu. Zein izan da zure inpresioa? Zer uste duzu datorrela?

Poztasun handiz eta azken 40 urte hauetan horrenbeste min egin duen izurri hau atzean uzteko esperantzaz. Itxaropena bai baina, zalantzekin. Gaitza sakona da eta konponketa ez da erraza izango.

Nola ikusten duzu Euskal Herria Renotik?

Pertsonalki, burua Euskal Herrian dudala bizi naiz, neurri batean behintzat. Zenbait gauza garrantzitsu aldatuz gero, bizitzeko munduko tokirik hoberena izan daitekeen herri txiki bat bezala ikusten dut –hemendik oraindik txikiagoa. Euskaldunoi ez zaigu pasioa falta. Gure gizarteko elementurik xarmagarrienetako bat da baina gure burua aztertzeko eta munduan kokatzeko buru-argitasuna falta zaigu. Beste batzuk guk baino hobeto egin dute bake sozialari (horretan ia herrialde gehienek) eta garapen demokratikoari, eraberritzearri, hirigintzari eta naturaren zaintzari dagokionez. Ez gara munduaren zilborra egiazki. Xabier Lete handiak esaten zuenak balio du: Euskal Herri nerea, ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte?

Zein izango da Renoko Unibertsitateko zure egonaldiaren emaitza?

Suposatzen dut orain urte askotatik interesatzen zaidan gai bati buruzko orrialde pila bat eramango ditudala idatzita: Baskoniako lurraldeetako pentsamendu politiko tradizionalaren historia. Ikerketak dibertitzen nau eta badakit ikasten dudana nire herrikideentzako ere baliagarria izango dela. Zer gehiago eska dezaket?

Eta zer moduzko bizimodua daramazu hiri estatubatuar txiki horretan? Reno, batez ere eta beste hiri amerikar batzuk bezala lan egiteko toki aproposa da. Gainera Center for Basque Studies den euskal kolonia txikia aurkitzen da Renon eta badago baita ere Nevadako natura bikaina, berataz gozatzen duenarentzat poztasun iturri agortezina. Ez nau harritzen hemendik pasatu diren hainbat akademikori bertako denbora emankorra dela eta arima epeltzen dizula entzuteak. Gregorio Monreal Zia Gregorio Monreal Zia, Etayo (Nafarroan) jaio zen 1942an. Zuzenbidean doktorea Madrileko Complutense Unibertsitatetik. 1981ean Euskal Herriko Unibertsitateko errektore hautatu zuten eta 1985era arte aritu zen karguan. 1994an Zuzenbideko Historiaren katedradunaren aulkia irabazi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan . 1992-1996 bitartean Eusko Ikaskuntzaren Lehendakaria izan zen. Arlo politikoan, senatore izan zen Madrileko Goi Ganberan eta Gernikako Estatutuaren ponenteetako bat izan zen. Las Instituciones públicas del Señorío de Vizcaya (hasta el siglo XIII) lan mardularen egilea da eta euskal zuzenbidearen aditua da. Munduko Unibertsitate askotan aritu izan da eta 2005ean Estatu Batuetako Nevadako Unibertsitatean sortutako “Distinguished Scholarship William A. Douglass”-en lehen irakasle gonbidatua izan zen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Julio Ibarra. Metro Bilbao-ko komunikazio-burua: Bilboko Metroa arima bako garraioa da; hori da nire kritikarik handiena, eta neurri batean konpontzen saiatuko naizena

 

Irakurri

Marian Elorza. Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaria: Euskal enpresak atzerrian errotzeko oztopo nagusiak tamainaren aldetik datoz, baita atzerrian bizi eta lan egiteko prest dauden giza baliabideen eskasiatik ere

 

Irakurri

Antxon Aguirre Sorondo. Etnologoa, historialaria eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Lehen artisautza erabilgarria egiten zen, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da

 

Irakurri

Sonia Samaniego. Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrolerako zuzendaria: Euskal Autonomia Erkidegoan ahalegin serio eta irmoa egiten ari gara gure egoera inguruan dauzkagun herrialdeenarekin parekatzeko

 

Irakurri

Joan Martinez Alier. Ekologismoan eta ekonomian aditua: Jende askok egiten du protesta ondasun naturalen alde, ez ekologista petoak direlako, ondasunok bizirauteko behar dituztelako baizik. Hori da pobreen ekologismoa

 

Irakurri