Sonia Samaniego. Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrolerako zuzendaria: Euskal Autonomia Erkidegoan ahalegin serio eta irmoa egiten ari gara gure egoera inguruan dauzkagun herrialdeenarekin parekatzeko

2006-05-05

SILLERO ALFARO, Maider

GARMENDIA IARTZA, Koro

Euskal Autonomi Erkidegoaren egoera irisgarritasunaren aurrean, egin diren aurrerakuntzak, oraindik egiteko dagoen lana, pertsona guztien beharrak arazo honen aurrean... Horretaz hitz egin dugu Sonia Samaniegorekin, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrolerako zuzendaria.

Inguru fisikora eta komunikaziora iristeko eskubideaz mintzatuko gara, baina zertan datza eskubide hau zehazki?

Behar bereziak dituen edonork gizartea bere egoerara egokitzeko daukan eskubidea da, eta ez alderantziz.

Beraz, gizarte bat barneratzailea izango da hiritar guztiei bermatzen dienean irisgarritasun unibertsala, bakoitzaren gaitasun fisiko, mental edo sentsorialak edozein izanda ere.

Zeintzuk dira irisgarritasuna sustatzeko egiten diren ekarpen nagusiak?

Lehenik eta behin, Irisgarritasun Planen prestaketa finantzatu dugu, euskal udalerrien %42rako. Plan hauek, gure hiri eta herrietan oztopo arkitektonikoak kentzeko eta ekipamendu berriak ipintzeko beharrak zuzentzen dituzte. Hain zuzen ere plan hauetan jasotzen diren irizpideen arabera egiten dira obra eta hobekuntzak. Horretarako, laguntza berezi batzuk ematen dira, dagoeneko EAEko udalerrien %49 baino gehiagok jaso dituztenak. Udalez gain, 2001az geroztik irabazi asmorik gabeko erakundeek ere eska ditzakete diru-laguntza hauek. Urte horretatik aurrera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak 15 milioi eta erdi bideratu ditu Euskadiko irisgarritasuna hobetzera.

Irisgarritasuna hobetzeko ematen diren laguntzek onuradun zuzen batzuk dauzkate, baina zeharkakoak baita ere. Nortzuk?

Gutako edonork izan dezake bizitzan zehar, inoiz edo behin, aldi baterako ezgaitasunik, edo egokitzapen berezien beharra. Oztopo arkitektonikoak kentzeak erraztu egiten die bizimodua aldi baterako ezgaitasun fisikoak dauzkaten pertsonei -istripu baten ondorioz, lesio bat dela-eta...-, eta baita haur txikiak dauzkaten gurasoei ere, haurren kotxeak alde batetik bestera eramateko orduan, adibidez.

Irisgarritasun unibertsala gure inguru guztian bermatu nahi badugu (hiri eta herrietan, etxebizitzetan, eraikin publikoetan, komunikabideetan...), beharrezkoa da elementu horiek guztiak biztanle guztiek erabiltzeko moduan diseinatu eta eraikitzea.

Irisgarritasun handia duen gizarte batek guztioi egiten digu on.

Funtsean, zertan oinarritzen dira udalerrietako irisgarritasunaren hobekuntzak?

Nagusiki, eraikin publikoetan sartzeko hobekuntzak egitean, espaloiak jaistean, pasabide bereziak sortzean, semaforoak egokitzean, igogailuak ezartzean...

Azken batean, pertsona guztiei beren hiria baldintza berdinetan gozatzeko eskubidea bermatzea da kontua.

Zeintzuk dira irisgarritasunari dagokionez oztopo nagusiak?

Aldi baterako edo behin betiko ezgaitasuna daukaten pertsonentzat, eskailera eta koska handiak dira oztopo nagusia, zalantzarik gabe. Horrelakoak gainditzeko, arrapala eta igogailuak ipini behar dira, eta espaloiak jaitsi.

Konturatzen al dira euskal hiritarrak udalerrietan hobekuntza hauek egiteko beharraz, ala oraindik ere gizartea sentsibilizatzeko kanpainetara jo beharra dago?

Gure gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dago, baina oraindik behar-beharrezkoa da administrazio publikoak puntu honetan eragitea. Gizarte mugimenduekin batera elkarlanean aritu behar dugu, eta ekintza eraginkorrekin erantzun, modu eredugarrian, enpresa pribatuei eta erakundeei ere alderdi hau konpontzen jardutera bultzatzeko.

Zeri ematen diozue lehentasuna: dagoeneko egon badauden oztopoak kentzeari, ala berri gehiago ez sortzeari?

Oraindik oztopo asko daude, eta Eusko Jaurlaritzan horiek ezabatzen joateko asmo garbia daukagu. Eraikin berri guztiek irisgarritasunaren araudia bete behar dute, noski, eta etxebizitzen kopuru zehatz bat mugikortasuna murriztuta daukaten pertsonentzat erreserbatu behar da. Baina guk legeak eskatzen duena baino gehiago eskaintzen dugu gainera, berrikuntza domotikoak sartu ditugulako, elbarriek, urrutiko aginte xume baten bidez, etxeko elementu guztiak kontrolatzeko aukera izan dezaten: argiak, ateak, pertsianak, hozkailua, telebista...

Zein egoeratan dago Euskal Autonomia Erkidegoa irisgarritasunari dagokionez, Europar Batasuneko beste herrialdeekin alderatuta?

Ahalegin serio eta irmoa egiten ari gara gure egoera inguruan dauzkagun herrialdeenarekin parekatzeko. Estatu mailarekin alderatuz, esan dezakegu Irisgarritasunaren Euskal Legea oso aurrerakoi eta exigentea dela, eta punta-puntan kokatzen gaituela irisgarritasuna bultzatzeko neurriak bermatzeko orduan.

Ekipamenduaren aldetik, zein berezitasun eduki behar ditu minusbaliotasuna duen pertsona baten etxeak?

Ate zabalagoak, mailadirik ez, altzari baxuak, dimentsio egokietako igogailua eta pertsona bakoitzak duen mugikortasunari egokitutako komuna.

Horrez gain, trastelekura, garajera eta etxebizitzako gainerako elementu komunetara bere kasa joan ahal izateko aukera bermatu behar zaio. Garajean, dagokion partzelan, Irisgarritasunaren Legeak zehazten dituen dimentsioak izango ditu, bere ibilgailua ondo sar dadin.

Eraikitzen diren etxebizitza guztien artean, zenbat egoten dira elbarrientzat egokituta? Behar adina bai? Babes ofizialeko 25 etxetik bat, eta libre dauden 50etik bat, minusbaliotasun fisikoa daukaten pertsonentzat dira. Ehuneko hori, Etxebide-n (Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan) izena emanda dauden elbarrien eskaerari egokituta dago.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Joan Martinez Alier. Ekologismoan eta ekonomian aditua: Jende askok egiten du protesta ondasun naturalen alde, ez ekologista petoak direlako, ondasunok bizirauteko behar dituztelako baizik. Hori da pobreen ekologismoa

 

Irakurri

Valeriano Bozal Fernández. Filosofian lizentziaduna, Estetikan doktorea eta Arte Garaikidearen Historian katedraduna Madrilgo Complutense Unibertsitatean: Indarkeria estetizatzen ari zaigu

 

Irakurri

Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramón Agesta. 75 urte II Errepublika aldarrikatu zenetik: II Errepublika, zuzenean

 

Irakurri

Marina Bidasoro Arocena. Egailaneko Zuzendari Kudeatzailea: Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin

 

Irakurri

Hasier Etxeberria. Idazlea: Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela

 

Irakurri