Hasier Etxeberria. Idazlea: Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela

2006-03-31

SALABERRIA, Urkiri

Arratsaldea dugu eta Hasierrek tokitxo bat egin digu, bai bere "ETBko Erresuman" bai bere agendako denboran. Bertan agertu gara eta ikustean konturatzen zara zein presenzia handia duen, nik esango nuke aurrez aurre bere magnetismoa handiagoa dela. Horrela, gonbidatu gela batean solasean aritu gara Hasier Etxeberriarekin, elkarrizketagilea elkarrizketatua.

Zein dugu Hasier Etxeberria?

Tipo normal bat, bere garaikoa eta bere garaiaren araberako galderak dituena. Bizitzeko ahalegina egiten duena, koherentzia bat bilatuz, zorion bat bilatuz eta ongizate bat bilatuz, beste guztiak bezala. Ez dut uste apartekoa naizenik. Esan dezagun, "un tipo con suerte".

"Match Point" pelikulan bezala, non tenis pilota sarean jotzen gure patuaren metafora bihurtzen den?

Bai, horixe. Niri alde onera erori zait pilota.

Zer egiten du, zu bezalako gizon batek halako toki batean?

Esango nuke patua dela, baina zorionez konturatu naiz zaletasunek irabazi diotela hasieran nire destinoa izango zela ematen zuen horri. Nire gaurko lanbideak eta jarduerak zerikusi handiagoa dute nire benetako gustuarekin eta ez prestatu nintzenarekin.

Artisten moduan....

Hori zuk esaten duzu (irribarrea).

Patuari irabazi dioten zaletasun horiek, zeintzuk dira?

Artea, sukaldaritza, natura... mila gauza.

Egia esanda, ipuingile batentzat, orain arte esandakoarekin nahikoa izango genuen elkarrizketa baterako... baina tira, garatuko dugu pixka bat? Hasier Etxeberria, pertsona, nolakoa da zure familia?

Gaur egun, familia burges "prototipiko"-aren aita naiz, berdintasunaren planetaren aldekoa eta alde hedonista ikutuarekin. Familia andre bat daukat eta bi seme-alaba ditut, nire gurasoak bizirik ditut, arrebak ditut... tipo arrunt bat naiz.

Euskaraz idatzitako Literatur zaletasuna, nondik jaso zenuen, nola iritsi zinen idazle izatera?

Umeetatik erakutsi dut euskara. Hamalau urte nituela ikastaro bat egin nuen Patxi Altunarekin, horretan ume prodigioa nintzen. Nire koadrilan guztiak erdaldunak ziren, baina etxeko giroarengatik edo... beti oso hurbil bizi izan dut euskara. Eta gero, idazlea izatearena ez nuen erabaki, beti izan naizelako idazlea, bederatzi urterekin plazaratutako lanak baditut...

Bederatzi urterekin?

Kontutan eduki, gure haurtzaro hartan euskara asunto politikoa zela, eta herri bakoitzean bazeuden bi edo hiru "ero" Euskara salbatzeko prest. Eta "ero" horien artean ba Elgoibarren nire aita zegoen, tipo heroikoa nire ikuspegitik, eta ni joaten nintzen ikastolara beste ume batekin, hau da, bi ginen. Horregatik, garai hartan ez genuen aukerarik euskaraz ezer irakurtzeko, eta gehiena oso elizkoia eta oso aspergarria zen, baina euskaraz zegoelako irakurri egin behar. Horrek perbertsioak sortzen ditu, eta perbertsio horretan jarraitzen dut. Bat egiten dut betebeharra eta plazerra eta estadio horretan gelditu naiz.

Idazteak, zer aportatzen dizu?

Nagoen fase ebolutiboan, idazteak plazerra sortzen dit eta idazle apal fase horretan gelditu naiz. Ez daukat halako misio dibinorik literaturarekiko, eta hori librazio eta perbertsio landua da.

Zer idazten ari zara une honetan?

Ba, agian zure harridurarako, ez nago deus euskaraz idazten. Eta datorren hilean espainolez publikatuko dut.

Nolakoa da zure idazteko prozedura?

Esertzen naizenerako idea gutxi gorabehera landuta daukat. Ofizioa da. Badakit irudimena izan behar duzula baina ofiziorik gabe ez zoaz inora.

Eta ofizio honetan nola sailkatzen duzu zeure burua?

Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela eta ez zait estatus hori usu errekonozitu Euskal Herrian, ez dakit zergatik. Adibidez, ipuin antologietan ez dute aintzat hartu nire ekarririk, eta horrek mina sortzen dit, min pribatua, azken finean, ipuin sariak irabazi eta ipuin liburuak argitaratu ditudalako.

Nire libururik onenetako bat ipuin-liburu bat dela uste dut, Karramarroen Aztarnak, eta apal, apal pasatutako liburua da... baina, horrelakoa da bizitza. Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela.

Baina nobelarik ere idatzi duzu...

Bai, baina nekagarriegia da. Birrindua amaitzen duzu. Gero gainera, obsesio eta ausentzia baten barnean denbora bat ematen duzu eta nire familiari baimena, edo konplizitatea eskatu beharko nioke.

Zure inspirazioa, non bilatzen duzu?

Errealitatearen eta fikzioaren artean dagoen eta ile baten adinako lodiera daukan zeredozerretan. Niri asko gustatzen zait neu galtzeraino gauzak kontatzea. Alegia, hainbeste nahastea errealitatea fikzioarekin eta fikzioa errealitatearekin, non azkenean neuk ere ez dakidan zein den egia eta zein irudimena...

Hainbat alditan konparatu duzu Idazletza Arkitekturarekin. Eraikitzeko zure material kuttuna...

Fisikoki eraikitzeko?

Nahi duzun moduan hartu...

Makilak eta sokak. Oso gustukoa dut hondartzan aurkitutako gauzekin trauskilak egitea. Batez ere materia organikoa, denboraren marka dutenak, perfekzio matematikorik bilatzen ez dutenak izaten dira nere kuttuneneak. Arte Povera, Land Art asko gustatzen zait...

Artea aipatzen duzula, zer da zure ustez Artea?

Pertsona batek, estreinakoz erakusten duen zerbait. Hau da, inork inoiz sekulan erakutsi beharreko zerbait erakusten duenean... Artea sortzen da. Artearen funtsa gizakiari aurrera eginaraztea da. Artea, normalki, intuiziotik oso gertu dabil eta normalean Filosofiaren aintzinetik... Atzetik etortzen dira hitzak, atzetik etortzen dira azalpenak. Artea, zentzu klasiko batean, astoaren azenarioa da, nere ikuspegitik, noski... dena den, gaur egun ez dakit zer den...

Eta gaur egun zure lana, zertan datza?

Momentu honetan, telebistan nagoelarik, nire jefeak esaten didana egitea. Zuen guztion lana bezalaxe... (barreak)

Bukatzeko, ongi iruditzen bazaizu, galdera motz batzuk egingo ditugu... Zein duzu aberria?

Debekatzen didaten bitartean, Euskal Herria.

Zertan sinistu?

Betikoan. Benetako giza harremanetan eta benetako aurkikuntzetan, benetako lagun bat, benetako ogi zati bat, benetako musu bat...

Jasaten ez duzuna?

Gero eta pazientzia gutxiago daukat, alferrik agoantatzeko. Ezin dut jasan beste batek nire denbora galdaraztea.

Nola konkistatzen da Hasier Etxeberria?

Gaur egun? Zaren zarenekoa, Naomi Campbell bazara eta solasaldi inteligentea baduzu... ba ez duzu arazorik (barreak). Bestela, gehien estimatzen dudana lagunekin aurkitzen dudan entretenimendua eduki ahal izatea da.

Zure umeei utziko zenieke altxorrik handiena? Altxorrik handiena, bizitza bera da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Áurea Díaz de Guereñu. Gerrako umea: Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oraindik ere sentitzen dut

 

Irakurri

Estefanía Reina Pancha eta Sandra Feng. Donostiako Peñaflorida Institutuko ikasleak: Ez dugu egokitzeko arazorik izan, haurrak ginela etorri ginen eta

 

Irakurri

Jesús Luna Agurrea. Lux Zinemaren sortzailea eta “La otra gran prueba”ren egilea: Zineak entretenitzeko elementua izan behar du, baina baita heztekoa ere

 

Irakurri

Mikel Aranburu Urtasun. Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziatua: Kontzertu Ekonomikoari, Erkidegoko finantza sostengatzen duen eskubide historikoa izanik, egunero eskaini behar zaio arreta, etengabe

 

Irakurri

Clotilde Olaran. Bizkaiko Foru Liburutegiko arduraduna: Digitalizazioaren abantaila nagusia, hedabide bezala duen indarra da, munduko edozein txokora berehala iristeko aukera ematen baitu

 

Irakurri