Mikel Aranburu Urtasun. Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziatua: Kontzertu Ekonomikoari, Erkidegoko finantza sostengatzen duen eskubide historikoa izanik, egunero eskaini behar zaio arreta, etengabe

2006-03-03

SILLERO ALFARO, Maider

GARMENDIA IARTZA, Koro

Arlo fiskaletan aditua den iruindarrak, Euskal herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioak (FEDHAV) argitaratu berri duen “Provincias exentas. Convenio-Concierto: Identidad colectiva en la Vasconia peninsular (1969-2005)” liburua prestatu du, adituen artean harrera bikaina izan duena. Abagunea ezin egokiagoa da gisa honetako liburua plazaratzeko, hain zuzen ere mende laurdena betetzen duelako aurten Euskal Kontzertu Ekonomikoak.

Euskal Kontzertu Ekonomikoak bere 25. urteurrena bete du. Aukera egokia izan daiteke bere indarreangotasunari buruz gogoeta egiteko?

Bai, zalantzarik gabe. Dena den, Erkidegoko finantza sostengatzen duen eskubide historikoa izanik, egunero eskaini behar zaio arreta, etengabe. Hiritarren gehiengo handia ohartu ere ez da egiten erakunde juridiko-politiko honetaz, baina bai bere tributu ondorioez. Horregatik, aipaturiko urteurrena dela-eta, komenigarria da berau aztertzeari ekitea.

Urte hauetan zehar ikusi ahal izan dugunez, ondo funtzionatzen du Hitzarmen/Kontzertu ereduak. Baina nolatan da hain berezia? Zeintzuk dira bere gakoak?

Eredu honek funtzionatzen du horretarako borondatea dagoelako, eta beharrezko diren bitartekoak ipintzen direlako. Zailtasunak era badaude, ordea. Kontzertu edo Hitzarmen Ekonomikoaren lege juridiko formalen atzean, bi borondate politikoren arteko itun edo akordio bat dago: foru erkidegoena batetik, eta Estatuarena bestetik. Bi alderdiek itundutakoaren arabera jokatu behar dute, eta hitzarmena bide onetik eramateko ardura hartu. Organo bakoitzak bere funtzioen gaineko erantzukizun eta ardura bere gain hartzen baditu -funtzio legegile, administratibo zein judizialak izan-, ereduak aurreikusitako emaitzak eman beharko lituzke. Eta hala gertatu da, nahiz eta, gauza guztietan bezala, asko dagoen hobetzeke.

Beste 25 urte irauteko gauza izango al da indarrean dagoen eredua?

Liburuan diodan bezala, Hitzarmen/Kontzertu eredua, mende eta erdiz bizitza aldakorra izan ostean, Hego Euskal Herriko euskaldunen nortasun kolektiboaren elementuetako bat da gaur egun. Beraz, zaila dirudi garai honetako inguruabar politikoan euskal gizarteak uko egingo dionik; eta, aldi berean, ez dirudi kanpotik ere kenduko dutenik. Horrek ez du esan nahi forma eta izaera juridiko-politikoa gordez egokitzapen zein erreforma berriak egingo ez zaizkionik, Estatuko eta Europako testuingurua nabarmen ari baitira aldatzen. Negoziaketa horietan ere, foru erakundeen ordezkariek adi egon beharko dute, bizkor ibili. Ibilbide historikoak bermatzen du jokabide hori.

Parekatu egiten ditugu Hitzarmena eta Kontzertua, baina zertan oinarritzen da beren arteko antzekotasuna?

Eredu berdinari jarraitzen diote biek ala biek. Bi testuen arteko desberdintasunak hutsalak dira gaur egun, garrantzirik gabeak. Historian zehar, diktadura frankistaren ostean zehazki, Hitzarmen/Kontzertu sistemak aurrera egin zuen bi tresnek babes emankorra ematen ziotelako elkarri. Horregatik, 1969ko Hitzarmena 1976ko Kontzertu arabarraren euskarri izan zen, eta, zeharka, 1981eko Kontzertu modernoa berrezartzen lagundu zuen. Eta Kontzertu hau, era berean, Nafarroako Hitzarmenaren eredu izan da. Horregatik, bi testuak berdin-berdinak dira ia.

Eta zeintzuk dira euren arteko ezberdintasunik azpimarragarrienak?

Ezberdintasunik nagusiek zerikusi handiagoa daukate Euskal Herriko foru lurraldeen antolaketa politiko eta lurraldetarrarekin, Hitzarmen/Kontzertuarekin baino. Euskal Herria bi autonomia erkidegotan artikulatuta egotean -probintzia bakarrekoa bata (Nafarroako Foru Erkidegoa), eta hiru probintziatakoa bestea (Euskal Autonomia Erkidegoa)-, Hitzarmena eta Kontzertua aplikatzearen ondorioak ez dira berberak.

Zehaz al dezakezu puntu hori apur bat gehiago?

Bai, hobeto azalduko dut. Nafarroan Foru Erkidegoa da eskubideen titular, baina EAEn bertako Lurralde Historikoek daukate tributu ahalmena. Gernikako Estatutuak ez zituen Batzar Nagusiak ganbera legegile gisa konfiguratu -zentzu hertsian-; eskuduntza hori Eusko Legebiltzarrak baino ez du. Horregatik, Batzar Nagusiek emaniko arauek erregelamendu maila daukate, baina Nafarroako Parlamentuak emanikoek lege formal lerruna daukate ordea. Ezberdintasun honen ondorioek ez daukate eragin errealik subjektu pasiboentzat; batez ere, helegite kasuak ebatzi behar dituzten organo jurisdikzionalen eskumenari eragiten diote. Administrazioarekiko auzien bidera jo behar da Lurralde Historikoen foru arauen kasuan, eta Konstituzio Auzitegira foru legeekin. Azkenaldiko esperientziak erakutsi digu ahula dela sistema; izan ere, laurogei foru arau baino gehiago helegin dira EAEn, eta lau lege baino ez Nafarroan. Arazo honi konponbide bat ematear dabiltza EAEn.

Liburuko atal batek, eredu honen "inperfekzioa" du mintzagai...

Hala da, bai. Ataletako bat lege testuaren hutsunerik garrantzitsuenak aztertzeari eskaini diot, printzipio orokorrak eta harmonizazio fiskalerako irizpideak besteak beste. Badira, nire aburuz, zehaztu gabeko kontzeptu juridiko batzuk (esaterako, presio fiskal eraginkor globala), arautzeko ahalari jarritako mugak, organo ez-eraginkorrak, etab. Era berean, ereduak behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak diren harmoniazio arauak edo lotura puntuak ere aztertu ditut. Lotura putnu horiek ez dira berdin-berdinak Hitzarmenaren eta Kontzertuaren kasuan; materialki, ezin dute jarduera ekonomikoaren eguneroko kasuistika zabal eta konplexua aurreikusi, frogatzeko oso zailak edo ezinezkoak diren kontzeptuetan oinarritzen dira, eta, zenbaitetan, ez dituzte etekinak doikuntza finantzieroak nahi bezala banatzen. Horregatik, kasu batzuetan arazoak ematen dituzte, nahikoak edo egokiak ez direlako.

Zer esan daiteke ereduaren "zuzentasunaren" inguruan?

Behin eta berriro leporatzen dioten pribilegio izaera egiazkoa ote den ikusi nahiko nuke. Eredua, finantza ikuspuntutik, bidezkoa ote den aztertu nahi dut. Espainiar ugarik, subkontzientean, zentsuratu egiten du, nahiz eta behin eta berriro ukatu. Aldebakarreko arriskuaren argudioak eta elkartasuna bermatzeak ez ditu mesfidantza horiek uxatzen. Beste alde batetik, Hitzarmena/Kontzertua hor dauden arren, Estatuak espoliazioa leporatzen die behin eta berriro foru lurraldeei. Pribilegioa eta espoliazioa egoztea elkarren osagarri dira, eta funtsik gabeak zientifikoki.

Azterketa honen harian, hainbat akats sumatzen ditut ekarpen ekonomiko edo kupoaren arloan, zenbaitetan hirugarrenen ikerketetan oinarrituz. Eta informazio publikorik ez dagoela salatzen dut, batez ere parametroak, aurrekontuko magnitudeak, doikuntzak eta konpentsazioak kalkulatzeko oinarritzat hartzen diren datuei dagokienez. Hainbestekoa da hutsunea, ez dirudiela ereduaren egokitasun eta ekitatea ziurtatu edo ezeztatu ahal izateko irizpide zientifiko bat aplikatzeko modurik badagoenik ere. Hitzarmen/Kontzertuaren biziraupen eta edukia, negoziazioaren, konpromisoaren eta transakzioaren menpe daude praktikan, gardentasunean oinarritzen den ideal demokratikoarekin talka egiten duen giro politiko opaku batean. Prozedura osoan zehar, ez da behar adina informazio publikorik ematen, eta inplikatuta dagoen administrazioetako batek ere ez du aztertu eta kontrastatu ahal izateko datu zein zifra esanguratsurik eskaintzen.

Liburua berez juridiko-ekonomikoa den arren, badu alderdi soziologiko eta filosofikorik ere...

Beno, bai, baina ez da horrenbesterako. Liburuaren zati batean, ordezkari politikoek dagokien ganberan eta beste foro batzuetan eman dituzten iritziak jaso ditut. Oso adierazgarriak dira. Ondo jasotzen dute eredua nondik ikusten den -"Madrildik", "Gasteiztik" edo "Iruñatik"-, alderdiek agertzen duten jarreraren konplexutasun eta inkoherentzia, ezberdina izaten dena Nafar Hitzarmenaren eta Euskal Kontzertuaren kasuan. Bitxia da oso. Eta are gehiago beste autonomia erkidegoetako ordezkarien esanak entzuten baditugu. Oro har, klase politikoak ezer gutxi daki gai honetaz. Autonomia erkidegoren bateko Ekonomia sailburuaren adierazpenak irakurtzean, beldurra ematen du hiritar arruntaren jarrera zein izango den pentsatzeak ere.

Beraz, eta bukatzeko, zein ondorio atera genezake? Ondorio gisa, esango nuke, jatorri historikoa urrun daukanez, egitura korapilatsua, eta genesi nahasia, Hitzarmen/Kontzertua, ikuspuntu juridiko-politikotik, espazio sinboliko batean nortasuna sostengatzen duen mekanismo moduko bat dela, jarrera politiko guztiek aldarrikatzen dutena -edo ia guztiek; ezker abertzaleko zati bat salbuetsi egin behar da, marko independiente bat defendatzen duelako-. Antropologia kulturalaren ikuspuntutik, intuiziozko fenomeno bat da, oso lausoa, elementu sinbolikoak biltzen dituena, baina zertan dautzan azaldu gabe. Bere esanahia jakintza kriptikoan jasota dago; adituek bakarrik ulertzen dute, baina hiritar guztiek berea bezala sentitzen dutela. Indar sinboliko handiko lehergailu bat da, kontuan hartzeko moduko baliabide materialak eskaintzen dituena. Mikel Aranburu Urtasun Mikel Aranburu Urtasun Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta, 1980az geroztik, oposaketak gainditu ostean, Nafarroako Foru Ogasuneko Tributu Ikuskatzailea. Bete dituen kargu ezberdinak direla-eta, aktiboki hartu du parte tributu sistema eta bere kudeaketa osatzen duten alderdietan. Argitalpen ugari prestatu ditu, eta eskarmentu zabala du irakasle gisa. Eusko Ikaskuntzako presidenteordea izan da Nafarroan. Gaur egun J. M. Barandiaran Fundazioko idazkaria da. Mikel Aranburuk kultura tradizional eta etnomusikologiaren ikerketa eta zabalpena uztartzen ditu. Provincias exentas. Convenio-Concierto: Identidad colectiva en la Vasconia peninsular (1969-2005)
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Clotilde Olaran. Bizkaiko Foru Liburutegiko arduraduna: Digitalizazioaren abantaila nagusia, hedabide bezala duen indarra da, munduko edozein txokora berehala iristeko aukera ematen baitu

 

Irakurri

Lourdes Fernández Fernández. ARCOko zuzendaria: Hiru anai-arreben artean, ni nintzen uzkurrena artearekiko

 

Irakurri

José Ángel Irigaray. Poeta: Linguae navarrorumek sozietatean bizirik jarraitzeak, euskaldunek bizirauteko daukaten gogoa eta gaitasuna erakusten dizkigu

 

Irakurri

José Luis de la Cuesta. Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkartearen Presidentea: Delinkuentzia gehiena gure artean ematen da

 

Irakurri

Ana Oregi. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordea: Azpiegitura handiek kritikak jasotzen dituzte, jakina, oso eragin handia daukatelako lurraldean, baina ez dira egitearren egiten

 

Irakurri