José Ángel Irigaray. Poeta: Linguae navarrorumek sozietatean bizirik jarraitzeak, euskaldunek bizirauteko daukaten gogoa eta gaitasuna erakusten dizkigu

2006-02-10

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

D uela zenbait urte, Irigarayren poesia “ nafartasuna adierazteko eginahal handi bat" zela esan zuen Koldo Izagirre k. Eta ez zebilen oker. Poeta iruindarraren hitzek zein pentsaerak, bere inguruarekiko, bere zibilizazioarekiko eta bere sustraiekiko kezka islatzen dute, baita munduarekiko ere. Sentikortasuna puri-purian agertzen duela, kritika garratza zuzentzen die nafar sorterriaren gidaritza beren esku daukaten agintariei.

Ba al du zentzurik XXI. mendean poeta izateak?

Gizakiak bizirik dirauen bitartean, ez dut uste inguruan izaten dituen galderak sekula desagertuko direnik (bizitza, heriotza, maitasuna, gorrotoa, askatasuna, justizia, elkartasuna, bakardadea, bakea, gerra...). Poesia, eta artea oro har, osatuagoko bizi-borondatearen adierazpena dira, egoera horiek gainditzeko beharra, existentziako beste maila oparo eta osasungarriago batzuetara igarotzeko nahia. Testuinguru horretan kokatzen da poesia, oro har adierazpen artistiko guztiak bezala. Jendartea ez da sekula poesiaren balioetan edo poesian bertan erabat bizitzera iritsiko. Baina bilaketa hori, mentura hori, da helburua.

Gizakia presak, materialismoak, irudiek, telebistak zein ordenagailuak erabat harrapatuta daukaten garaiotan, zein leku gelditzen zaie letrei?

Beste garaietan bezain handia edo handiagoa. Galdera honi aurrekoaren bidez erantzun diodala iruditzen zait.

Merezi al du poeta izatea edo sentitzeak?

Kontua ez da merezi duen edo ez duen. “ Ego” -aren eraginez -artearen etxeaz jabeturik dabilena, beste etxe askotan bezalaxe-, pertsona batzuek poesia idazten, bide berriak irekitzen eta ezkutuan dauden errealitateak aurkitzen eta/edo sortzen, haiek adierazteko eta komunikatzeko beharra sentitzen dute; hori gauzatzeko gaitasuna daukatelarik. Eta lortzen duten emaitza ez da maila pertsonalean gelditzen, sozietatearengana iristen da. Besterik da ongi egiten duten edo ez, eta egindakoak oihartzunik baduen edo ez duen...

Euskaraz egiten duzu beti, hizkuntza gutxitu batean, eta ez gaztelaniaz, azken hau gehiengoaren hizkuntza den arren eta, beraz, irakurle gehiagorengana iristeko aukera emango lizukeen. Zergatik? Ez al zaitu aukera horrek ezezagunagoa egiten?

Pertsona bati bere hizkuntzan zergatik idazten duen galdetzea -maiz jasan beharrekoa-, barkatu, baina onartezina eta mingarria iruditzen zait. Hori giza hizkuntzaren kontrako erasoa da, haren aniztasun eta aberastasunaren aurkakoa; literatur ekoizpena politiko interes eta nahikarie men egitea, merkantilismora mugatzea, sormenezko jarduera besterentzea. Horrek ez du erran nahi ez dakidanik literatur ekoizpenek merkatu baten beharra daukatela; alderantziz. Baina uko egiten diot faktoreen ordena aldatzen eta besterentzen duten alderdietan sartzeari.

Euskara batua erabaki egokia izan al zen euskararen geroarentzat, ala, aitzitik, hizkuntza bat latineratzeko modua izan zen?

Gizarte moderno teknifikatu guztietan, funtsezkoa da hizkuntzaren egitura gramatikalak estandarizatzea. Eta are gehiago egoera diglosikoa denean. Gure kasuan, neurri bateratzaileek kontuan izan behar dute hizkuntza menpekotasun egoeran dagoela, eta, beraz, batasunak bidaide bat izan behar duela beti alboan: hizkuntzaren bizitasuna. Hizkuntza biziaren alde egin behar du beti batasunak. Hobeki edo okerrago egitea, hiztunen kontzientziaren, sentiberatasunaren, kultura mailaren eta maila estrategikoaren arabera egonen da. Hiztunak izanen dira erantzuleak. Guri dagokigunez, labur azaltzeko erranen nuke dagoeneko gaindituta daudela hasierako garaietako jarrera eta arau zurrunak. Hizkuntzaren estandarizazioaren inguruko irizpideek gaur egun osasun hobea daukatela iruditzen zait.

Egunen batean hil egingo al da erromatarrek “ linguae navarrorum” izendatu zuten hizkuntza?

Euskararen inguruan dabiltzan dominazio guztiek -etxean bereganatutako guztiak barne-, helburu hori barreiatzen dute, eta horretan ari dira, buru belarri, bitarteko guztiak erabiliz. Dirudienez Antso Jakituna erregeak erabili zuen lingua navarrorum adiera hori; sozietatean bizirik jarraitzeak, euskaldunek bizirauteko daukaten gogoa eta gaitasuna erakusten dizkigu. Eta ez dirudi etsiko dutenik. Nik ez behintzat.

Nola dakusazu euskarak Nafarroan bizi duen egoera?

Egoera kritikoan (eta gainerakoan ere ez anitzez hobeki). Hala eta guztiz ere, hiritarrek euskara mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko borondatea agertzen dute. Eta hori nafar guztiek euskaraz egiteko daukaten eskubide unibertsal ukaezinaren adierazpena da. Deus izatekotan, hori da etorkizunerako itxaropen eta berme bakarra.

Eta zure sorterriaren egoera, Nafarroarena?

Nire ustez, elkarri lotuta daude politikaren maila eta jarduera arloak. Eremu guztiak mekanikoki berdintzerik ez badago ere, politika orokorra (lurra eta baliabide naturalak ustiatzen diren eratik ekonomia eta kulturaraino, status juridiko-administratiboan barna) bat dator aipatu dudan hizkuntzarenarekin.

Zer egin daiteke edo zer egin beharko litzateke Nafarroak bere ama hizkuntza berreskura dezan, etorkizunean biztanleen hein handi batek euskaraz egin eta idatz dezan?

Hor funtsezkoak dira jendearen kontzientzia eta borondatea. Baina kualitate horiek ez dira egonkorrak; moldakor eta aldakorrak dira. Baina hizkuntza bizirik mantentzeko ikusten den borondate eta nahiak, eta hizkuntza ororentzat beharrezko diren oinarrizko legalak bermatzeaz gain sortzaile eta erakargarria litzatekeen hizkuntza politika garatzeak, euskara berreskuratu eta normalizatzeko dauden aukerak sinesgarri bilakatzen dituzte. Horrekin batera, noski, arrazoia, justizia eta demokrazia nagusitu beharra dira, balio horiek larriki eta sistematikoki urratzen dituen sistema gaindituz. Baina horrela, hasierara itzultzen gara berriro ere: jendearen kontzientzia, borondatea eta koherentzia oinarrian dira.

Argitalpen arloan aditua zaitugu. Nola ekidin daiteke etxeetan liburuak desagertzea, eta hauen lekua bideo-jolasek, DVDak eta gaur egungo bestelako asmakuntzek hartzea?

Sektoreak krisi latza bizi duen arren, eta euskarri tekniko berrien erronka handia bada ere, nik uste dut liburuak oraindik ere baduela indarra, eta izango duela. Krisi latz hau gainditzeko, orekatzeko eta/edo osatzeko irudimena landu beharra dagoen arren -ez dezagun ahantzi neurri administratiboek, hemengo liburu zein argitaletxeak babestu beharrean, gutxietsi baino ez dituztela egiten-, orokorrean, ez zait iruditzen euskarri tekniko modernoek liburuaren kultura erabat desagerraraziko dutenik.

Funtsean, ez al zaizu iruditzen pertsonaren gizatasun eta adimena narriatzen ari dela?

Alde batetik, hobera egin dute bizitzeko, antolatzeko eta harremanetan jartzeko baldintzek, baina, bestetik, aldarrikapenak etengabe egiten diren arren, harrokeriaz eta ezarpenez, asko falta da askatasun, duintasun eta justizia maila nahikoak diratekeen mailak lortzeko. Aro honetan fundamentalismo eta bunkerizazioa nagusi dira munduan. Dena den, gizakiaren botere egarria eta krudelkeria, tirania eta "narriadura", gizateria bera bezain zaharrak direla iruditzen zait. Hala ere, hori horrela izateak ez du erran nahi salatu eta, egoera osatze aldera, ahal bezain sendo erantzun eta borrokatu behar ez denik; alderantziz.

Poesia, eskultura, pintura, marrazkia... Artea, funtsean. Artea muturtuta al dago politikarekin?

Politikarekin bainoago boterearekin bai; beharko luke behintzat. Eta are gehiago agintzen duena totalitarioa denean, besterenagarria... eta horren maila etiko zein kultural eskasekoa.

Amaitzeko, pentsa ezazu une batez ahalguztiduna zarela. Zein hiru gauza ezabatuko zenituzke planetatik, eta beste zein hiru hobetuko? Alferrik da zer ezabatuko nukeen erratea. Gizakia egoera gaitzesgarrietara eramaten duten arrazoiak ezabatzeko modu bakarra, eguneroko lana da, lan kontsekuente eta koherentea: mundu askeago, zuzenago eta solidarioagoari uko ez egitea, bai arlo pertsonalean, bai unibertso mailan, kontzientzia hori bizitzako maila estrategikoan islatzeko ahaleginak egitea... Eta hori, sinesgarria izateko, beti eta nonahi “ orain eta hemen” horretatik hasten eta abiatzen da. Egoera larria izanagatik ere, baldintza horiek guztiak Nafarroan, eta Euskal Herri osoan, oraindik nahikotasunezko mailan daudela iruditzen zait. José Ángel Irigaray Sendia berez Auritzekoa duen arren, Iruñean jaio zen José Ángel Irigaray Imaz. Medikuntza ikasketak egin eta sendagile lanetan aritu den arren, energia asko eskaini -eta eskaintzen- die gizartearekin zein kulturarekin lotutako gaiei. Azken jarduera honen harian, hainbat liburu kaleratu ditu, poetikoak batez ere, eta kultur elkarte ugaritako kidea da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Luis de la Cuesta. Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkartearen Presidentea: Delinkuentzia gehiena gure artean ematen da

 

Irakurri

Ana Oregi. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordea: Azpiegitura handiek kritikak jasotzen dituzte, jakina, oso eragin handia daukatelako lurraldean, baina ez dira egitearren egiten

 

Irakurri

Anari. Kantaria: Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen det

 

Irakurri

Tontxu Campos. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua: Oraingo Espainiako gobernuarekin, “talantea” dela-eta, aurrekoarekin baino hobeto konpontzen gara, baina Hezkuntzarako Lege Organikoaren bidez gure ahalmenak urratzen dituzte

 

Irakurri

Maddi Irigoyen. Zientzilari eta euskaltzalea Parisen: Gernika taldera, 68 urteetarik landa, hego Euskal Herriko gazte asko etorri ziren ; garai batean, hegoaldekoak iparraldekoak bezainbat ziren, ongi ginen Euskal Etxean

 

Irakurri