Clotilde Olaran. Bizkaiko Foru Liburutegiko arduraduna: Digitalizazioaren abantaila nagusia, hedabide bezala duen indarra da, munduko edozein txokora berehala iristeko aukera ematen baitu

2006-02-24

BREA, Unai

GARMENDIA IARTZA, Koro

Ikertzaile, ikasle zein ikusmindunen jarduerari enbarazurik ez egin nahian, Clotilde Olaranen bulegoaren bila gabiltza korridore zabal isiletan barna. Liburu eta paperen artean aurkitu dugu Bizkaiko Foru Liburutegiako zuzendaria. Goxotasunez hartu gaitu. Baina baldintza bat jarri digu elkarrizketari hasiera eman baino lehen: ez diezaiogula argazkirik atera. Eskaerari baiezkoa eman, eta solasean hasi gara, digitalizazioaren inguruan eta liburuzain ogibidearekin lotuta dauden beste hainbat arlori buruz.

1988az geroztik zaitugu liburutegi honetako zuzendari. Epealdi honetan zehar gauza asko aldatuko ziren digitalizazioaren arloan...

Bai noski. Hona iritsi nintzenean, oraindik ez zegoen digitalizatzeko egitasmorik. Ezta Internet ere. Zurrumurru batzuk entzuten ziren, baina esamesak baino ez ziren. Gogoan dut 92an CD-ROMeko lehen euskarriak agertzen hasi zirela. Sekulako iraultza. Eta hori CD-ROMak zirenik, ez CD-RAMak! Ezin ziren birgrabatu, eta ez ziren akumulatiboak, baina, hala ere, sekulako iraultza suposatu zuten. Geroztik, izugarrizko jauzia eman dugu, ematen ari gara, eta emango dugu, sektore teknologiko hau oso azkar ari delako garatzen. Azken urteotan, gainera, nabarmen. Akats asko konpondu dira, eta lan handia egin da estandarren kontuarekin, oinarrizkoa delako ez bakarrik informazioa partekatzea, baizik eta baita gerora begira iraunkortasuna bermatzea. Liburuzainok oso arduratuta gaude iraunkortasunaren kontuarekin. Nik neuk, lanean, ikusten dut etorkizunera begira gabezia handiak ditugula kontserbazioari dagokionez. Eta serio aztertu beharreko gaiak dira euskarri digitalaren iraunkortasuna eta kontserbazioa. Liburutegietan -batez ere, kontserbatzeko eta erreserbatzeko lanak burutzen ditugunetan-, euskarriak eta materialak gordetzeko joera daukagu, baina ez ditugu gordetzen biharko egunean irakurgarriak izateko beharrezko diren azpiegiturak. Gaur egun, adibidez, ia ezin ditugu irakurri lehenagoko disketeak, sektoreak izan duen bilakaera teknologikoaren ondorioz.

Gezurra dirudi. Hasiera batean hain oinarrizko dirudi...

Bai, baina uste baino askoz ere konplexuagoa da. Ideia bat egiteko, 2000. urtera arte, nazioarte mailan oso hedatuta zegoen sistema batekin aritu gara liburutegia kudeatzen. Zaharkitu samarra zegoen arren, funtzionalki emaitza onak eman zituen. Bere garaian, 80ko hamarkadan, punta-puntako sistema zen, zeuden guztien artean onena. Baina sekulako hardware-a behar zuen. Eta hori nola gorde? Ekipo guztiak gorde behar ditugu? Alderdi hori konpontzeke dago. Eta digitalizazioaren sektorean gisa horretako arazo gehiago sortuko zaizkigulakoan nago.

Azal iezaguzu eskuartean duzuen egitasmoa zertan datzan.

2000. urtean jarri genuen abian digitalizatzeko egitasmoa. Sektore honetan berritzailea izan zen, baina ordurako oso ospetsua zen nazioartean. Nahiz eta inor ez den profeta bere herrian, guk bai esan dezakegula gure liburutegia nazioarte mailakoa izatera iritsi dela, neurri batean egitasmoari esker. Gainera, Interneten bidez erabil daitekeenez, leku guztietara iristen da... Estatistikek erakusten digutenaren arabera, gero eta kontsulta gehiago jasotzen ditu. Ia egunero jasotzen ditugu eskertza, animo eta goraipamenezko mezuak iradokizunen postontzian. Jendeak eskerrak ematen dizkigu, eta hori ez da oso ohikoa administrazio publikoaren arloan.

Egitasmoa 2.000 urtean jarri zenuten beraz abian...

Hala da, bai. Dagoeneko, eta 2006. urtean egingo dugun lana kontuan izan gabe, 4.221.192 irudi dauzkagu guztira, 8.923 monografiari dagozkienak. Antzinako monografiak dira guztiak, 1800 baino lehen inprimaturikoak. Fondoaren kalitatea zaintzearren hasi ginen haiekin. Fondo hau mikrofilmatuta zegoen. Izan ere, pauso batzuk ematen joan gara: lehenik eta behin, iraunkortasunari begira, fondo guztia mikrofilmatu genuen bere garaian, eta, orain, mikrofilmetan oinarrituz, digitalizatzen ari gara. Pauso guztietan, oso kontrol zorrotzak izan ditugu, kalitatea bermatzeko, baina emaitza oso ona izaten ari da, baita irudiari dagokionez ere. Ondo egindako lana da. Kontsulta egiteko aukera ez ezik, irudia ere oso kalitate garbian eskaintzen dugu.

Zeintzuk dira digitalizazioaren abantailak eta desabantailak? Ez da gauza bera izango agiriak Internet bidez etxetik ikustea, edota zuzenean liburutegian...

Ez noski. Abantailak? Denok ezagutzen duguna: bere zabalpena. Hedabide bezala, indar handiko tresna da; munduko edozein txokora iris daiteke, eta berehalakoan gainera. Berari esker izango ez balitz, erabiltzaileek ezin izango lituzkete kontsultak hain erraz egin, eta, kasu askotan, dagoena ezagutzeko aukerarik ere ez lukete izango. Desabantailak? Beno, nik, liburuzaina naizen aldetik, esango nizuke papera ukitzea bezalakorik ez dagoela...

...erromantizismoa sartzen da jokoan...

Objektua bera batez ere. Ukimena, inprimatzeko orduan artisauek erabilitako teknikak... Historia asko dago haien atzean. Baina zaila da oreka mantentzea: alde batetik zabalpena daukagu, eta bestetik kontserbazioa. Eta guk bi alderdiak landu behar ditugu, baina oreka bilatuz betiere. Zalantzarik gabe, askoz ere atseginagoa izango litzateke beti objektua ukitzeko aukera izatea, baina, kasu horretan, segur aski objektu hori honezkero existitu ere ez litzateke egingo. Hala eta guztiz ere, kasu batzuetan ematen dugu alea zuzenean kontsultatzeko aukera, baina justifikatu egin behar da beti. Justifikaziorik gabeko kontsultek galbidera eramaten dute.

Hainbeste hondatzen al dira liburuak erabileraren poderioz?

Fotokopiagailurik existitzen ez zenean, aleek birrinduta amaitzen zuten liburutegietan, horrenbeste kontsulta eta ikuturekin. Fotokopiagailua sortu zenean, arazo horiek guztiak konpondu egingo zirela pentsatu genuen, baina, bere ekarpen bakarra, hedapena erraztea izan da, zeren eta objektua birrinduta uzten du, erabat txikituta. Argi kolpeek hautsi egiten dituzte lotura molekularrak. Ez dago liburuak lehenagoko egoerara itzularazteko modurik. Konponbide bakarra, zaharberritzeko tratamendu bat ematea da, baina tratamendu hauek oso garesti eta zailak izaten dira, eta, batzuetan, ezinezkoak. Narriadura mailaren arabera. Gero, 90eko hamarkadaren hasieran, beste euskarri batzuk etorri zitzaizkigun, CDa adibidez, sekulako iraultza. Baina dagoeneko zaharkituta gelditu zaigu. Zenbait kasutan erabiltzen da, baina... CDan inprimatu ziren lehendabiziko bibliografia nazionalak sekulako aurrerapausoa izan ziren guretzat. NUC delakoak -liburutegi amerikarren katalogo kolektiboak-, adibidez, 860 liburuki baino gehiago zituen 1985-86 urteetan. Bada, material hori guztia CDetan sartzeak, espazio aldetik arazo asko konpontzen zizkien liburuzainei, eta, gainera, kontsulta bera ere asko errazten zuen, diskoak akumulatiboak ziren arren. Baina, sektorearen garapen bizkorraren ondorioz, handik gutxira Interneten sartu ginen, eta honek are gehiago bermatzen dizkigu zabalpena eta kontsulta.

Ziberespaziora igarotzen den paper mordo batez mintzo gara. Duela zenbait denbora, teknologia berriek Guttenberg galaxia desagerrarazi edo, behintzat, ahuldu egingo zutela iragarri zen. Dena den, paperak hortxe jarraitzen du...

Bai, azkenean filosofiak errotzen ari direla ematen du. 80ko hamarkadan, Internet izeneko tresna bati buruz hitz egiten hasi zirenean, falazia modukoa iruditzen zitzaigun, baina ez genekien bere xede eta prozedurak zeintzuk ziren. 90eko hamarkadan, lehendabiziko saioak hasi zirenean, paperaren Apokalipsia zetorkigula ematen zuen. Uste dut sektore guztietan genbiltzala nahastuta. Gauza bat da profesionalon ikuspuntua, guk bilakaerak nolakoak izango diren aurreikusteko trebezia handiagoa baitaukagu, eta beste bat hiritar arruntena. Eta, hauek, liburutegiak desagertu egingo zirela esaten zuten. Jendeak pentsatzen du erraza dela digitalizatzea. Baina garestia da gaur-gaurkoz. Eta, gainera, ondo kontrolatutako tratamendu digitala ez da egun batetik bestera egiten. Dena den, digitalizazioak ez ditu arazo guztiak konpontzen. Eta, konponduko balitu ere, segur aski ez lirateke behar adina baliabide ekonomiko egongo. Beste alde batetik, ikusi behar da gauza guztiak al diren digitalizagarri. Zabaldu nahi duguna digitalizatu behar da, zentzua duena...

Gogoeta etikoa ere egin behar da beraz, praktikoaz gainera?

Beno, hor daukagu Jabetza Intelektualaren Legea. Berpizten ari den kontua da, eta ondo zaindu beharrekoa. Fotokopiak ateratzean egile eskubideak urratzen diren bezala, digitalizatzean ere urratu egin daitezke, beharrezko diren eskubideak ez badauzkagu. Delitua da, noski. Hori alde batetik. Baina ez nuen bide horretatik jo nahi. Paperak iraungo duen edo ez: bada, denborak bi maila ezberdindu ditu. Paperak, zorionez, iraun egingo du. Kasu askotan, egin dugun gauza bakarra agiriak bikoiztea izan da, baina ez kontserbazioaren arloan, baizik eta ofimatikaren arloan. Askotan, agiriak automatikoki digitalizatu edo eskaneatu, eta, gero, inprimatu egiten ditugu. Ohitura hori daukagu. Eta, horrela, bi modutan gordetzen ditugu agiriak: paperean eta euskarri informatikoan.

“Ohitura”?

Kasu askotan, nik uste dut baietz. Dena den, egia da protokolo asko finkatzeko beharra dagoela. Informatikaren arloan, araudi baten beharrean gaude: zer gorde, nola... Horregatik, gauza asko paperean erreproduzitzen dira, artxibo tradizionala oraindik ere erabiltzen delako. Hori guztia, administrazioari edo kudeaketari dagokionez. Liburuari dagokionez, argi dago ez dela gauza bera eskutan hartuta edo pantailaren aurrean irakurtzea. Liburuak irakurtzen ohituta gaude, orrialdez orrialde, aurrera eta atzera joaten... Internetez, aldiz, edo beste edozein euskarri informatikorekin, hori aldatu egiten da. Elementu psikologiko bat ere badago tartean. Bada, liburuaren historiarekin ere gauza bera gertatu da: ez dira gauza bera papirozko biribilkiak eta kodexak. Egia esateko, papirora itzultzen ari gara, biribilkira, zeren eta horrela pasatzen dira irudiak ordenagailura. Horrek guztiak baditu bere alderdi psikologikoak.

Iraultza teknologikoek iritzi kontrajarriak pizten dituzte. Ba al da digitalizazioa begi onez ikusten ez duenik?

Bai noski. Jende asko dago Internet eta teknologia berriak onartzen ez dituena, aurreiritziak dituelako. Mikrofilma, esaterako, astuna egiten da kontsultatzeko orduan, baina garrantzi handia izan du kontserbazioaren historian. Jende asko egon da mikrofilmaren aurka, baina berari esker gorde dira liburutegietako fondoak. Nik adibide berdina jartzen dut beti: oraindik gordeta daude lehendabiziko mikrofilmak, franko-prusiar gerrari buruzkoak, XIX. mendekoak dira, eta irakurtzeko moduan daude. Beste euskarriekin ez da hori gertatzen. Behin eta berriro egokitu behar ditugu euskarriak irizpide berrietara, bestela ez daukagu zer eginik. Mikrofilmak hortxe jarraitzen du. Beste euskarri batek ere ez du bermatzen hainbesteko iraunkortasunik, ezta digitalizazioak ere. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Segur aski, hain azkar gertatuko dira gauzak, une jakin batean dena egonkortu eta bermatuko dela. Dena den, hor daude mikrofilmaren iraunkortasuna bermatzen duten urteak, ehundik gora. Hala ere, ez dugu ikusterik izango, ordurako ez baikara hemen egongo...

Ez, baina aurreikusi behintzat egin beharko da, ezta?

Hori bai. Eta egia da gaur egun ezegonkortasun handia dagoela, eta horrek kezka eragiten duela informazioaren sektorean.

Adituek diotenez, XV edo XVI. mendeetan erabiltzen zen paperaren kalitatea askoz ere hobea da gutxi gorabehera XIX. mendeaz geroztik erabiltzen denarena baino. Alegia, lehendabizikoak mendez mende iraungo duela -irauten ari dela-, baina bigarrenak ez horrenbeste... Digitalizazioaren bidez liburuaren desagerpen fisikoari ere egin nahi al zaio aurre? Egia da XVI. mendeko papera askoz ere kalitate hobekoa zela, bai XVII. mendekoa baino, eta, orokorrean, baita XX. mendekoa baino ere. Arrazoi tekniko, ekonomiko eta soziologikoengatik: XVI. mendea, ahalmen ekonomiko handiko garaia izan zen, eta hori hainbat alderditan islatzen da. Baina XVII. mendean atzerakada ekonomiko eta demografikoa izan zen, gerra amaiezinak, eta papera ere eskasagoa sortzen zen. Zer gertatu zen gero? Bada, XIX. mendean, paperaren lehengai bezala, zura beharrean, trapua hasi zirela erabiltzen, eta, orduan, askoz ere errazago hasi zela hondatzen. Bestalde, orduan hasi ziren ugaritzen aldizkariak, eta politikaren gora-beheren eraginez, komunikabide azkarrak sortu ziren: gazetak, astekariak, etab. Baina lehenbailehen komunikatzeko helburuarekin sortu den informazioak ez dauka kontserbatzeko asmorik. Inkunableak edo XVI. mendeko aleak, aldiz, kontserbatzeko asmoarekin sortu ziren. Egunkari batek, teorian, albiste batzuk emateko helburua du; gero zakarrontzira doa. Besterik da guk, historialari edo liburuzainok, etorkizunera begira informazioa kontserbatu nahi, eta egunkari hori gordetzea. Dena den, digitalizazioak zerikusi handiagoa du zabalpenarekin; hedatzeko modu berri bat da. Aldizkariak aurkezteko modu bat dela ere esan dezakegu, baina etengabe, ez epeka. Clotilde Olaran Múgica (Donostia, 1958) Clotilde Olaran, Geografia eta Historian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Genealogia, Heraldika eta Noblezia Zuzenbideko ikasketak ere egin ditu. Euskonews & Media aldizkarian gai hauei buruzko artikuluak argitaratu izan ditu. Oposizioen bidez hainbat liburuzain lanetan ibili ondoren -Liburutegi Nazionaleko Eskuizkribuen Zuzendaritza barne-, 1988ko apirilean eskuratu zuen gaur egungo kargua.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Lourdes Fernández Fernández. ARCOko zuzendaria: Hiru anai-arreben artean, ni nintzen uzkurrena artearekiko

 

Irakurri

José Ángel Irigaray. Poeta: Linguae navarrorumek sozietatean bizirik jarraitzeak, euskaldunek bizirauteko daukaten gogoa eta gaitasuna erakusten dizkigu

 

Irakurri

José Luis de la Cuesta. Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkartearen Presidentea: Delinkuentzia gehiena gure artean ematen da

 

Irakurri

Ana Oregi. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordea: Azpiegitura handiek kritikak jasotzen dituzte, jakina, oso eragin handia daukatelako lurraldean, baina ez dira egitearren egiten

 

Irakurri

Anari. Kantaria: Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen det

 

Irakurri