Jesús Luna Agurrea. Lux Zinemaren sortzailea eta “La otra gran prueba”ren egilea: Zineak entretenitzeko elementua izan behar du, baina baita heztekoa ere

2006-03-10

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

Aita Arbuniés-ekin batera, Lux Zinema sortu zuen, Iruñean jada klasikoa den elkartea. Zapateria kale zaharreko 50. zenbakian dago kokatua, eta berrogeita hamar urte beteko ditu datorren urtean. Gazteei zinema ikusten erakustea zuen helburu. Jesús Luna ordurako hasia zen pianoan lehen pausoak ematen, denborarekin profesional eta aditu bihurtu arte. Baina bere benetako zaletasuna zazpigarren artea izan da; hainbesterainokoa, ezen “La otra gran prueba” liburua argitaratu berri duela, nostalgia eta aldarrikapenez betetako obra didaktiko bat, gaur egun hilzorian dagoen Lux Zinemak 50 eta 60ko hamarkadetan bizitu zuen protagonismoa berreskura dezan.

Zinema eta musika, zure bizitzako bi pasio handiak. Zeinen aldera egingo zenuke?

Ezin dira ez elkartu, ez banandu. Bata bizitzeko izan zait lagungarri; bestea, gozatzeko.

Ba al dago bizitza bi arte horiek gabe ulertzerik?

Gaur egun, ez. Musika, arteen artean zaharrenetakoa dugu; zinema, berriz, oso modernoa. Baina ezinbestekoak dira biak.

Musikari dagokionez, Casa Luna klasikoaren titular izan zinen, Iruñeko denda historikoetako batena, eta musikaren arloan ospetsuena. Zergatik utzi zenuen negozioa?

Familiaren tradizioari eusteagatik hasi nintzen bertan lanean, baina oso negozio konplexua zen. Musika tresna guztiak ezagutu beharra zegoen, oso gainean egon behar zen. Berrogeita hamar urte eman ditu han lanean. Nire seme-alabek beste bide batzuk hartu dituzte lanerako, eta niri ere beste noranzko bat hartzeko unea iritsi zitzaidan. Beti da tristea negozio bat ixtea, baina ongi irabazita daukat erretiroa. Gozatzeko unea iritsi zait, eta horretan ari naiz. Faltan botatzen ote dudan? Agian bai. Baina orain nahi dudana egiteko astia daukat, eta oso ondo aprobetxatzen ari naiz.

Zazpigarren arteari dagokionez, Iruñeko Lux Zinema enblematikoaren arima zaitugu, zinema erakutsi eta hedatzen zuen erakundearena. Zein arrazoirengatik egin zuen gainbehera?

Iruñean zinema ikusten eta ikasten erakutsi zuen lehen elkartea izan zen. Baina inguruabarrak aldatu egin dira: telebista, Internet... Aita Ciriano izan zen bertako zuzendari, 1964ra arte. Gero, gainbehera joan zen. Gaur egun, ez dago jakiterik existitzen den edo ez. Presidente bat egon, badago, baina... Espediente bete baizik ez du egiten. Urtean hiru saio eskaintzen ditu Lux Zinema izenarekin, baina dagoeneko ez dauka bere jatorriarekin zerikusirik, eta ez da funtzionala ere.

Lux Zinema Elizaren baitakoa izatea, Andre Mariaren Lagundiarena, eragozpen bat izan ote da XXI. mendean sendotasunez sartzeko?

Ez, ez dut uste. Kontuan izan behar da aldi hartan ez zegoela ezer martxan jartzerik, atzean sigla politiko batzuk edo Eliza ez bazegoen. Erakunde honek zuzendari ugari izan ditu, Andre Mariaren Lagundikoak guztiak, baina batzuk Lux Zinema bultzatzearen alde zeuden, eta beste batzuk ixtearen alde.

Eta nola moldatu zineten zentsuraren kontuekin?

Ba, egia esateko, oso ondo, inolako arazorik gabe. Guri pelikulak jada zentsuratuta iristen zitzaizkigun, beraz...

Argitara eman berri duzun “La otra gran prueba” obran, zinemak Nafarroako hiriburuan bizitu duen garai oparoaren laburpen nostalgiko bat egiten duzu. Ezer berezirik eman al dio Iruñeak arte honi?

Nostalgiaz oroitzen dut zinema hirian sartzen hasi zeneko garaia, eta Lux Zinemaren hasierako denborak. Iruñeak ezer eman ote dion... ezer gutxi, egia esan. Beti esan izan da hemen beste autonomia erkidegoetan baino zaletasun gutxiago izan dela. Ez daukagu ez filmotekarik, ez erakunde publikoen babesik... Eta hori, luzera, nabaritu egiten da.

Eta, alderantziz, zer eman dio zinemak Iruñeari?

Amateur zaletu bikainak. Antonio Ruiz, adibidez, 2003an hil zena. Legatu zinematografiko garrantzitsua utzi digu. Zinemak Iruñeko jai ospetsuak eta bere kaleak ere islatu ditu. Baina gutxi, oro har.

Hirian zinema-aretoak horrenbeste ugaritu izanak ez al du zeluloidezko munduari zerion atmosfera erromantikoa deuseztatu?

Inolako zalantzarik gabe. Alde batetik, txikitu egin da enpresen arteko lehia; bestetik, ikusleen kopuruari konponbidea eman nahian-edo,zinema areto handietan kontzentratu da, eta masifikatu egin da. Oso ondo dago areto ugari egotea, baina...

Genero ezberdinak eskainiz gero (akziozko pelikulak, konpromisozkoak, sozialak, etab.)... Zein duzu denen artean gustukoen?

Eduki bat daukana, zerbait esateko daukana, gizakiaz arduratzen dena. Niretzat, hori da zinema. Errealitatearen lekuko izan dadila. Arazoak plantea ditzala, baina konponbideak ere bai. Zinemak pertsonak hezi eta trebatu behar ditu.

Urtean zehar, pelikula ugari filmatu eta merkaturatzen dira, baina sektorea krisian dagoela entzuten dugu behin eta berriro. Kalitateari beharrean kantitateari gehiago erreparatzen zaiolako beharbada?

Ez dut uste horregatik denik, baizik eta, gaur egun, pelikula bat estreinatzen denetik hiru hilabetera, erosi edo alokatu egin dezakezulako. Orain pelikula gehiago ikusten dira etxean, eta, beraz, jende gutxiago ateratzen da etxetik arratsaldea igarotzera, zinemara adibidez. Pelikulak ikustea indibidualizatu egin da, pribatuagoa bihurtu da.

Telebistaren eta zinemaren artean, hamaika irudi jasotzen ditugu egunero. Halako kopuru itzelarekin, ez al du gizakiak fikzioa eta errealitatea nahasteko arriskurik?

Hain zuzen ere, liburuan landu dut gai hori. Ikusleak irudien zirrara jasotzeko prest egon behar du. Zinemak bizitzaren lekuko izan behar du, egiazkoa. Ez dugu bizitu behar; ez dugu fikzioa errealitatea bailitzan ulertu behar, ikusten duguna egiazkoa dela pentsatzeraino. Luxuzko etxe zein autoak ikusteak, bizimodu hori imitatzeko nahia pitz dezake, eta orduan sortzen dira kamusada zein nahigabeak. Horregatik, funtsezkoa da zinema hezitzailea izatea, trebatzailea. Zinemak entretenitzeko elementua izan behar du, baina, aldi berean, baita hezteko ere. Posible da entretenituz heztea.

Inoiz sentitu al zara zuzendari frustratu gisa?

Ez. Horretarako, lana utzi beharko nukeen, eta kameragileen lanbidea ikasi. Zer edo zer egin dut kamera txikiekin, baina familia giroan batez ere. Tira, zaletu naizen aldetik, bai pasa zaidala burutik metraje luzeko pelikula bat zuzentzea, baina errealitatea bestelakoa izan da. Gainera, nork bere lekua du; horregatik daude zuzendariak, kritikariak, kamerak... Batzuk kameraren alde batean daude, eta besteak bestean.

Bukatzeko, gomenda iezazkiezu irakurleei ezinbestekotzat jotzen dituzun bost pelikula, zaletu orok ikusi beharko lituzkeenak. Ez ditut pelikulak nire aktore/aktoresa gustukoenekin lotzen (Gary Cooper, Cary Grant, Henry Fonda, Katherine Hepburn, Ingrid Bergman). Antzezle hauek, nire iritzian, zinemaren urrezko garaia osatu zuten. Ezinbestekoak diren bost filmak, berriz... “Diálogo de Carmelitas”... “La Gran Prueba”... “Falso culpable”... “Historia de una monja”... eta, adibidez, “Doce hombres sin piedad”. Jesús Luna Agurrea Iruñean jaio zen, duela 70 urte (1935-VIII). Adin nagusitasuna lortu orduko, zinemari buruz mintzo zen Radio Requeté nafarraren Ondas Marianas irratsaioan. Gerora, zinema eta telebista kritikaria izan zen Diario de Navarra, La Gaceta del Norte eta Radio Popular-en. Erretiratuta dago gaur egun. Duela egun gutxi batzuk, “La otra gran prueba” liburua plazaratu zuen, zinemak Nafarroako hiriburuan bizitu dituen garai oparoak modu dibulgatibo eta nostalgikoan laburbiltzen dituena. Zazpigarren artea deiturikoaren teknika eta historiari ere gainbegirada bat botatzen die bertan. Ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba ditu. Merkataritzako irakaslea izan da, eta pianoen mekanika, mantenu zein eraikuntzako teknikaria, berrogeita hamar urtez. Eskarmentu zabal horren harian, “Pianos” liburua idatzi zuen, 2000. urtean argitaratua, non musika tresna dotore honen historia, eraikuntza, mantenua eta konponketei buruz mintzo den.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mikel Aranburu Urtasun. Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziatua: Kontzertu Ekonomikoari, Erkidegoko finantza sostengatzen duen eskubide historikoa izanik, egunero eskaini behar zaio arreta, etengabe

 

Irakurri

Clotilde Olaran. Bizkaiko Foru Liburutegiko arduraduna: Digitalizazioaren abantaila nagusia, hedabide bezala duen indarra da, munduko edozein txokora berehala iristeko aukera ematen baitu

 

Irakurri

Lourdes Fernández Fernández. ARCOko zuzendaria: Hiru anai-arreben artean, ni nintzen uzkurrena artearekiko

 

Irakurri

José Ángel Irigaray. Poeta: Linguae navarrorumek sozietatean bizirik jarraitzeak, euskaldunek bizirauteko daukaten gogoa eta gaitasuna erakusten dizkigu

 

Irakurri

José Luis de la Cuesta. Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkartearen Presidentea: Delinkuentzia gehiena gure artean ematen da

 

Irakurri