Helena Pimenta: "Niretzat, saririk onena, jendeak antzezlana ondo ulertzea da"

2003-10-10

SALA, Teresa

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 225 > Elkarrizketa -->

2003/10/10-17 Helena Pimenta

Antzerki zuzendaria "Niretzat, saririk onena, jendeak antzezlana ondo ulertzea da" Teresa Sala

Traducción al español Antzerkiaren munduan hogei urte baino gehiago daramatzanean, Helena Pimentak, esaldi bakoitzean, agerian uzten du arte honekiko sentitzen duen pasioa. Naturala da oso, hitz egiteko erraztasuna duena. Nuria Espert, María Ruiz, Carme Pórtaceli eta Magüi Mirarekin batera, Estatuan antzezlanak zuzentzen aritzen den emakume gutxietako bat dugu. Salamancar honen aburuz, lanbide honen alderdirik gogorrenak, jasotzen duen babes eskasa eta zenbaitetan alde batetik bestera ibili beharra dira. Nolanahi ere, ez da, inolaz ere, irakasle bezala zeukan lanpostu finkoa antzerkiaren bidea hartzeko utzi izanaren damu. “Antzerkiaren munduan, sormena hainbeste landu behar den arlo honetan, arriskatzen ez baldin bazara, ezin duzu zer egiteko gauza zaren jakin”. Noiz eta nola jakin zenuen antzerkiaren munduan aritzea gustatuko litzaizukeela? Antzerkiaren munduarekin 1975 inguruan izan nuen lehenengo harremana, Salamancako Unibertsitatean ikasten ari nintzenean. Parte hartu bai, egiten nuen, baina lanean horretan aritzeko inolako asmorik gabe. Urte batzuk geroago, Errenteriako institutuan irakasle nintzenean, antzerki talde bat sortu nuen, ikasleek atzerriko hizkuntza bat ikasteko, frantsesa eta ingelesa irakasten nituen-eta. Orduan, antzerkiarekiko zaletasun berezi bat piztu zitzaidan. Baina, hainbestekoa, aukera bat egin behar izatera iritsi nintzela: edo irakasle gisa neukan postu finkoarekin jarraitu, edo hori guztia utzi eta antzerkiaren bide hartu. Eta bigarrena aukeratu nuen. Sormenarekin hain lotuta dauden lanbide hauetan, ez baldin bazara arriskatzen, ez duzu jakingo zer egiteko gauza zaren. Beraz, 1987an, irakasle izateari utzi, eta nire bizitza profesionala antzerkiaren mundura bideratzea erabaki nuen. Dena den, “Atelier” antzerki taldea 80ko hamarkada baino lehenagokoa zen. Bai. Antzerki tailerra 1978an sortu nuen Errenterian, eta, handik urte betera eratu zen antzerki taldea. Aldi hartan, bi lanak uztartzen nituen: irakaskuntza eta antzerkia. Nolabait esateko, “Atelier” zaletuen talde bat izatetik, hiperzaletuen talde izatera igaro zen. Hartara, antzerkia ez zen gure bizibidea, baina denbora asko eskaintzen genion. Profesionalen obrak eskaintzen zituzten lekuetan egiten genituen gure emankizunak. Antzerkiari buruz dakizuna zeure kabuz ikasi duzula esango al zenuke? Nik ez dut antzerkiari buruzko ikasketarik egin. Nire lana autodidakta izan da. Baina ez dut nire esperientzia praktikan bakarrik oinarritu. Beti saiatu naiz nire lan ildoa zehazten, nire hutsune eta beharrak osatzen, eta, garai bakoitzean, behar nituen irakasle edota erreferentziak bilatzen: errusiarrak, frantsesak, latinoamerikarrak, etab. Ikasketa plana neronek diseinatu nuen, une bakoitzean neuzkan beharrei begira. Ogibide honetan, praktikak sekulako garrantzia du, ikuskizun bati buruzko erabakiak hartzen ikasten delako gehien. Antzerki zuzendarien bizimodua uste duguna baino prekarioagoa al da? Nik uste dut niri, nire izaera dela-eta, ez zaidala antzerkitik bizitzea gehiegi kostatu. Hainbeste gustatzen zait, hainbesteko maitasun eta pasioa sentitzen dut, horrekin nahikoa izan dudala. Ez dut ezta oporren beharrik ere izan. Sekula ez zait sakrifizio modukoa iruditu. Baina, horretarako, bokazioa izan behar duzu, eta gauza askori uko egiten jakin behar duzu. Niri ez zait batere kostatu. Pozik ari naiz lanean. Baliteke irakaskuntzan emandako urteek eta filologiako ikasketek nolabaiteko oinarri sistematiko edo diziplinatu bat eman izatea. Oso ondo dakit beste bide bat aukeratu izan banu askoz ere erosoago biziko nintzatekeela eta ziurtasun handiagoa izango nukeela. Antzerkian, aldiro-aldiro, berriz ere hutsetik hasi behar izaten da. Ezegonkortasun horrek eragiten al dio lanaren dinamikari? Oso gogorra da datorren urtean lanik izango ote duzun jakin gabe bizitzea. Antzerkia ez dago beste lanbide batzuk bezain babestuta, oso lanbide prekarioa da. Batetik, bitarteko gutxi dauzkalako, eta, bestetik, lan tresna gizakia bera delako, oso material delikatua beraz. Birek asko nekatzen dute, oso esfortzu fisiko handia eskatzen dute. Zaila da ikuskizun baten arrakasta kalitatearekin lotzea. Eta, esfortzu horren ondorioz, bidean gauza asko utzi behar izaten dira. Ur Teatroan gauzak bukaerara arte egin nahi izaten ditugu, ondo landuta, eta horrek denbora asko kentzen du. Dinamikak, berriz, gauzak azkar egitea eskatzen du, berehala. Oraingoz ongi doakigu, jendeak oso ondo erantzuten dielako gure lanei, baina, batzuetan, ahalegin handiegiak egiten ditudala iruditzen zait, eta hori ez dago batere modan gaurko gizartean. Helena Pimenta "Sigue la tormenta" antzezlana prestatzen. Donostia. Argazkia Justy García Koch, 7-6-2001. AUÑAMENDI Bat etorri ohi al dira obra baten kalitatea eta ikusleen txaloak? Zein da, zuretzat, saririk preziatuena? Pozik handiena, jendeak obra ulertu egin duela ikustean hartzen dut, ulertu duenean zergatik aukeratu dudan obra hori, eta zergatik hartu dudan ikusmolde berezi hori. Niretzat hori da saririk onena. Eta, nire kasuan bederen, antzezlanek oso harrera ona izan dute. Zalantzak dauzkadanean, berriz, ez dudanean garbi ikustean jendeak ulertu ote duen, gaizki pasatzen dut. Hori, adibidez, "Sigue la tormenta” ikuskizunarekin gertatu zitzaidan: leku batzuetan sekulako arrakasta lortu genuen kritikaren eta ikusleen aldetik, eta beste batzuetan, berriz, ia inor ez zen obra ikustera joaten. Banekien ez zela masak biltzeko moduko ikuskizun bat, baina ez nintzen lasai gelditu. Niretzat, arrakasta lortzea, jendeak ulertzea da. Antzeztea ez da gauza literario edo erretoriko huts bat, baizik eta behar bat, etiko eta filosofikoa ere badena. Eta jendeak hori ulertzea gustatzen zait. Nola aukeratzen dituzu antzeztu beharreko obrak? Garai batean ekoiztetxe batzuentzako ikuskizunak zuzentzen aritu nintzen, eta bai enkargu partikular bat jasotzen nuenean (autore, garai edo testu jakin bati buruzkoa), bai lanaren inguruko xehetasun guztiak neronek erabaki behar izaten nituenean, beti nire ildoari jarraitzen nion gaia, estiloa eta taldearen filosofia lantzerakoan. Egitasmoa interesatu egin behar zait antzerkiaren, estetikaren, etikaren, teknikaren eta pertsonaren aldetik, bete-betean sartzeko, bestela ez dut egingo. Proposamen askori eman diet ezetza, nire beharretara egokitzen ez zirelako. Ur Teatroaren ekoizpenetan, hasieratik bukaerara arteko guztia geure moduan egiten dugu. Antzerkia, zuretzat, ihesbide moduko bat da, adierazpide bat? Bai. Gairen batek kezkatuta naukanean, antzezlan baten bitartez egiten dut gogoeta. “Sigue la tormenta”, adibidez, judutarren holokaustoari buruzkoa da. Nik, une horretan, indarkeriari buruz hausnartu nahi nuen, izugarrikeriari eta edertasunari buruz, indarkeriazko egoeretan izaten den nahasketa bitxi horri buruz. Testu hori oso aberatsa zen, Shakespeareren eragin handia zeukan, eta oso garaikidea zen. Oso argi daukat beti irakurketa pertsonal bat egin behar dudala. Nik ezin dut testu bat gogoeta pertsonalik erantsi gabe prestatu, gaiak iradokitzen didana azaldu gabe. Ziur aski, datorren urtean “Coriolano” egingo dut, Shakespearerena, inperioei, heroitasunari eta herriari buruz hitz egiteko. Arduratzen nauten gaiak aukeratzen ditut beti, eta ikuspegi pertsonal bat ematen diet. Autorearen ikuspegia ematera mugatu beharko banu, ez nuke obra prestatuko, ez nuke eszenaratzen ari naizenik ere sentituko. Ba al daukazu arrazoi bereziren batengatik besteak baino hobeto gogoratzen duzun obrarik? “Udako gau bateko ametsa” obra oso garrantzitsua izan zen, bai niretzat, eta bai Ur Teatroarentzat, arrakasta handia lortu genuelako. Oso jauzi handia eman genuen, eta beste herri askotako jendearen aurrean antzezteko aukera eman zigun. Poz handia ematen du halako harrera ona izateak, ikusleek beren eskerrona adierazten dizutenean. Dena den, ikaragarrizko ahaleginak egin behar izan genituen, bidean galdu gabe, behar bezalako maila ematen jarraitzeko. Horregatik, sekula ez dut "Udako gau bateko ametsa" ahaztuko. Gainerako obrei dagokienez, berriz, bakoitzarekin pauso berriak ematen joan gara. Beti aurrera joaten saiatu naiz, gauzak errepikatu gabe formula berriak bilatzen. Nire azken ikuskizuna, “Luces de Bohemia”, orain arte egin dudan konplikatuena da, bai aktoreen kopuruagatik, bai ekonomikoki inoiz baino arrisku handiagoak hartu ditugulako, eta, tira, hori delako eskuartean daukaguna. Hemendik hilabete gutxi barru, beste bat estreinatzerakoan, beste hori ibiliko dut buruan. Argazkia: Ur Teatro konpainiako agiritegia Oraindik betetzeke daukazun ametsik ba al daukazu, obra handiren bat-edo? Hori, ametsa baino gehiago, gurari bat da. Beti erne egon nahiko nuke, esna, aurrera jarraitzeko indarrekin. Lanbide hau hain da nekagarria, batzuetan zalantzan jartzen dudala gauza berriak egiteko indarrik eta gogorik izango ote dudan. Eskatzen dudana da lan bakoitzarekin aurrerapausoak ematen jarraitzeko indarra izatea, autore berriak ezagutzeko aukera izateko. Asko gustatuko litzaidake egunen batean Shakespeareren bizpahiru obra taularatzea, besteak beste “King Lear” (Lear erregea) eta “The Tempest" (Ekaitza), baina nik uste dut gutxienez hirurogei urte izan beharko ditudala horrelakoak prestatzeko. Esperientzia handia behar da, eta oraingoz behintzat ez dut nire burua prest ikusten. Kontua, aurrera egiten jarraitzea da. Beste alde batetik, asko gustatzen zait musikarekin jolastea. Izugarria izan zen Donostiako Orfeoiarekin izandako esperientzia, "Bachen Pasioa San Mateoren arabera" interpretatzean. Horrelako beste zerbait egin nahiko nuke. Gauza berriak egiteko argitasuna eta indarra izan nahi ditut. Shakespeare, Valle-Inclán... Zergatik aukeratzen dituzu klasikoak? Nire aitari asko gustatzen zitzaion txikiak ginenean testu klasikoak irakurtzea. Gainera, ni Salamancan jaio nintzen, han egin nituen ikasketak, eta Salamancak iraganeko denborak ekartzen ditu gogora, oroitzapenak. Eta, karreran Ingalaterrako eta Frantziako literatura eta historia ikasi nituen; beraz, nahiko ongi ezagutzen dut garai hori. Eta, azkenean, konturatu naiz gehien gustatzen zaizuna ondoen menperatzen duzun hori dela. Nik uste dut testu klasikoak, aspaldiko mendeetakoak izan arren, oraindik ere oso gaurkoak direla, eta oso aberatsak. Betidanik izan al duzu antzerki zuzendari izateko ametsa? Irakasle izateari utzi nionean, oso garbi neukan antzerki zuzendaria izan nahi nuela. Ordurako egiten nituen horrelako lanak, baina ez nekien hortik bizi ahal izango nuenik. Idatzi ere egiten dut, eta eskolak eman, baina beti antzerki zuzendaritzarekin lotuta. Inoiz edo behin sartu zait aktore lanak egiteko gogoa, zer sentitzen duten jakiteko, zer eska diezaiekedan jakiteko. Agian egunen batean igoko naiz taula gainera. Zuzendaritza eszenikoan, harro sentitzeko moduko lan eder bat egin nahiko nuke. Orain ere harro nago, baina nik uste dut zuzendariek, zenbat eta urte gehiago izan, eta zenbat eta esperientzia handiagoa izan, orduan eta irmotasun handiagoa lortzen dutela. Lan asko egin behar dut oraindik. Nazioartean osperik gehien duten euskal konpainietako bat da Ur Teatroa. Garesti ateratzen da merkatua konpainia mantendu ahal izateko behar bezain indartsua ez izatea. Gogorra da, gero, bizirauteko alde batetik bestera ibili behar izatea. Bartzelonako eta Madrileko konpainiek, adibidez, errazagoa daukate alde horretatik, hainbeste mugitu gabe errazago lortu ahal izaten dituztelako baliabide teknikoak eta antzokiak. Konponbide zaila du arazo honek, gakoa egituran dagoelako. Zoragarria izango litzateke Bilbo, Donostia eta Gasteiz bezalako hirietan antzezten hilabeteak eta hilabeteak ematea, baina hori hiri handietan bakarrik egin daiteke. Kanpoan ibili garenean, beti oso lan ona egin izan dugu. Nik uste dut artistikoki, gure taldeen kalitatea eta trebakuntza oso onak direla. Gure taldea, Euskadin sortu, eta nazioarteko edozein jaialditan ikus daitekeen mailara iritsi da. Herrialde batzuetan asko errespetatzen eta babesten da antzerkia, eta hori oso garrantzitsua da, bestela aktoreek antzerkia utzi eta telebistara edo zinera jo behar izaten dutelako. Baina antzerkia beste gauza bat da. Denbora asko eskatzen du. Artisautza lana da. "Sonámbulo" antzezlanaren kartela. Nortzuk osatzen duzue Ur Teatroa? Zer daukazue eskuartean uneotan? Alde batetik, talde egonkorra dago, Madrilen dagoena, eta, beste alde batetik, eskuartean daukagun obraren beharren arabera, jende ezberdina gonbidatzen dugu. Orain “Sonámbulo” antzezlana prestatzen ari gara, Juan Mayorgarena. Rafael Albertiren “Sobre los ángeles” lanean dago oinarrituta, eta urriaren 16an emango dugu lehenengo emankizuna, Cádizko Falla Antzokian, eta gero, 2004ko apirilera arte, toki batetik bestera ibiliko gara: Madrilgo Abadia Antzokian, Txileko Santiagon, New Yorken, Calaisen, Sevillan, Granadan, Barakaldon, Donostian eta abar. Emankizun honetarako, besteak beste, Pepe Viyuela, Jordi Dauder eta Guillermo Weickert gonbidatu ditugu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Txomin Peillen: "Euskal Herriaren ohorez eta desafioz hasi nintzen idazten, eta geroago atseginez idatzi dut"

 

Irakurri

Carlos Orue y Joseba Goikoetxea: "Euskal-australiarren belaunaldi galdua bizkortu behar dugu"

 

Irakurri

Jose Ignacio Zudaire: "Euskal Herrian, administrazioek, enpresek eta hiritarrek beren indarrak batzean garatuko da informazioaren gizartea"

 

Irakurri

Javier Etxebeste: "Hamabost bat urte beharko dira Internet normaltasun osoz eta bere potentzial guztiarekin aritu dadin"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri