Iñaki Irazabalbeitia: "Azken 20 urteetan izugarri garatu da euskal zientzia eta teknologia"

1999-04-23

AGIRRE, María

Elkarrizketa Iñaki Irazabalbeitia, Elhuyarreko gerentea "Azken 20 urteetan izugarri garatu da euskal zientzia eta teknologia" * Maria Agirre Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren dibulgazioan erreferente garrantzitsua den Elhuyar Kultur Elkarteko gerentea dugu Irazabalbeitia. Elkartea orain dela 27 urte sortu zen, eta jaio zen une ia beretik bertako partaide da Iñaki. Asko izan dira epe horretan zientziaren dibulgazioan ez ezik lan munduren euskalduntzean, informatikan eta lexikografia lanetan lortutako emaitzak. Izan ere, zientzia eta teknologiaz gain, beste esparru batzuk ere jorratzen ditu Elhuyarrek. Aurten, berriz, Irazabalbeitiaren ametsetariko bat bete da: telebistan zientziari eta teknologiari buruzko saio bat abian jarri da ondoko lerrootan hizpide izango dugun elkartearen ekimenez. Nor da Iñaki Irazabalbeitia? Orain dela 42 urte Donostian jaio nintzen eta Kimikan doktorea naiz. Donostiako Kimika fakultatean lehenengo promozioko ikaslea izan nintzen eta hori zorte handia izan zen, garai polita bizi izatea tokatu zitzaidalako, eta bestetik, zientzia eta euskara uztartzen zituen Elhuyar elkarteko kide izateko aukera izan nuelako gure irakaslea zen Luis Mari Bandresi esker. Gero, nire bizitza, euskara eta zientziaren inguruan bideratu dut. Ikasten hasi nintzenean, ikerlari eta zientzia dibulgatzaile izan nahi nuen. Tesia egiten hasi nintzenean, ostera, konturatu nintzen, nuen ideia eta errealitatea ez zetozela bat. Ikerkuntzak baditu lilurak baina era berean errutina da, eta ni errutinaren kontrakoa naiz. Beraz, ordutik, zientzia dibulgatzailearen alorrari heldu nion Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkaria abiaraziz, eta beste hainbat komunikabideetan zientzia gaietarako lankide izanik. Horrela, orain dela gutxi nire ametsetako bat bete da Euskal Telebistako bi kateetan zientziari eta teknologiari buruzko saioa abian jartzea lortu baitugu. Azken lauzpabost urteetan zientzia dibulgatzailea naiz denbora librean, baina nire zeregin nagusia Elhuyar kudeatueta aurrera eramatea da. Zehazki zer da dibulgatzaile alorrean egin duzuna? Zientzia dibulgazioan artikulu mordo bat idatzi ditut, 300 edo 400 inguru eta gai askori buruz. Hala ere, gehienbat espazioaren esplorazioa eta ingurugiro arazoak interesatzen zaizkit. Horrela, espazioaren esplorazioari buruz orain dela hamar urte liburua argitaratu nuen. Aurrera begira nire asmoa horren bigarren bertsioa egitea da, eta datozen bost urteetan liburu hori idaztea espero dut. Eleberri pare bat ere argitaratu ditut zientzia fikziozkoak biak, eta zientzia fikziozko Alexandro Magno sarietan sarituak izan diren hainbat ipuin ere bai. Elhuyar Kultur Elkartea zer da eta noiz sortu zen? Elhuyar euskalgintzako zerbitzu enpresa profesionala da. Elhuyarrek hainbat alor jorratzen ditu baina zeregin garrantzitsuena, eta hasieratik Elhuyar definitzen duena zera da: zientziaren dibulgazioa egiten dugu zientzia eta euskara uztartuz. Elkarteak garrantzia ematen dio munduan zehar gertatzen denari eta horrek isla du Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkarian, elkarteak egiten dituen irrati saioetan eta telebistan, baina gure helburua, euskal gizarteari Euskal Herrian egiten den zientzia eta teknologia ezagutzera ematea da. Ezaugarri horrek bereizten gaitu merkatuan dauden beste argitalpenetatik. Elhuyarrek sail desberdinak ditu. Zeintzuk dira sail horiek eta zer egiten du bakoitzak? Batetik ikas materialgintza eskaintzen dugu, hau da, testu liburuak argitaratzen ditugu bigarren mailako irakaskuntza eta unibertsitaterako. Bideoak, multimedia produktuak eta hiztegi berezitu nahiz orokorrak ere egiten ditugu. Bestetik, zientzia dibulgazioaren adarra dugu eta hemen honako produktuak ditugu: Elhuyar. Zientzia eta Teknika hilabetekaria, zientzia dibulgazioko aldizkari estandar bat; bestetik, hainbat irratirekin kolaboratzen dugu eta honi dagokionez, azken hiru urteetan Euskadi Irratian egiten ari garen zientziari buruzko magazina azpimarratuko nuke, Norteko Ferrokarrila izenekoa. Orain dela gutxi,berriz, Euskal Telebistan Teknopolis izeneko saioa egiten hasi gara. Horretaz gain, elkarte batzuren produktu zientifikoen zabalpena egiten dugu, komunikabideen bidez eurak egiten duten zientzia euskal gizarteari ezagutzera emanez. Alor horretan iruditzen zait badagoela zer eginik, izan ere, Euskal Herrian zientzia egiten ez denaren ustea dago gizartean. Hori orain dela 20 urte egia izan zitekeen, baina gaur egun ez da horrela. Euskal Herriko hainbat ikerketa talde munduan zehar euren jarduera zientifikoa plazaratzen ibiltzeko moduko azpiegitura zientifiko sendoa dago, eta zenbait lider ere badira. Egunkariei dagokienez, une honetan Gara egunkariak igandetan argitaratzen duen gehigarrian zientziari buruzko orri batzuk ditugu eta asmoa hori sendotzea da. Iruditzen zaigu funtsezkoa dela gizarteak ezagutzea, zein den zientziaren jarduera, zertan ari garen eta nora goazen. Zergatik? Eskubidea dugulako gure diruarekin zein zientzia mota egiten den ezagutzeko, eta gizarteak hezi beharra du gai horietan. Zientzia oso azkar aldatzen ari da eta gizarteak galdera askorik eman beharko die erantzuna. Hor ditugu une honetan pil pilean landare transgenikoen, energia nuklearraren edo klonazioaren gaiak. Gizarteak erabaki batzuk hartu beharko ditu, eta horretarako, informazio zehatza, argia eta zuzena ezinbestekoak dira. Elhuyarrek komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko zubi egingo luke. Horretaz gain, enpresei eskaintzen dizkiegun hizkuntz zerbitzuen alorra aipatu nahi nuke. Itzulpenak egiten ditugu, eta bestetik, enpresetan euskara erabiltzeko planak diseinatu eta ezarri. Alor hori oso garrantzitsua da, euskararen normalizazioren etorkizuna alor sozio ekonomikoan kokatzen ari baita. Hezkuntza euskalduntzen ari da, administrazioa euskalduntzeko pausoak eman dira, baina une honetan euskarak gabeziak ditu aisialdian eta alor sozioekonomikoan. Alperrik da pertsona batek euskaraz ikastea, ondoren lan mundura iritsi eta gaztelera edo frantsesa erabiltzen baditu bakarrik. Ziurtatuegin behar da lantokietan ere euskarak tokia izango duela. Bestela, jendeak galdetuko dio bere buruari ea merezi ote duen euskaraz ikasteak. Alor horretan aitzindari izan gara, eta burubelarri ari gara lanean. Komunikabideetan gero eta gehiago hitz egiten da zientziari buruz? Azken bost edo sei urteetan aldaketa nabarmena gertatu da. Komunikabideetan zientziari buruzko gero eta albiste gehiago agertzen dira. Interes bera ikusten da irratietan ere. Adibidez, Euskadi Irratian kolaborazioak egiten hasi ginenean, betelana egiten genuen magazinetan, baina orain, zientziak bere saioa du. Aurten, telebistara egin dugu jauzia eta ikusiko dugu horrek zelako oihartzuna duen. Hala ere, zientziaren komunikazioa dela eta arazo bat dago, zeren salbuespenak salbuespen, komunikabide orokorretan ez dago zientzia gaiak aztertuko dituen kazetari espezializaturik. Horrek jakina eragina du albisteak ematerako orduan, eta batzuetan zuzenak ez diren berriak irakurtzen dira. Gainera, zientziarekin zerikusia duten albisteak askotan espektakuluaren ikuspegitik jorratzen dira, hau aurkitu dutela edo besteak kalte egiten duela esanez. Lortu behar dena zera da: publikoari informazio zuzena, zehatza eta ulerterraza ematea. Hala ere, erraza egin nahian, askotan zuzenak ez diren albisteak zabaltzen dira. Zergatik ari da horrelako pisua hartzen zientzia komunikabideetan? Milurteko baten azkenetan egoteak areagotu egiten du zientziaren presentzia, ala? Ez dut uste hori denik. Gertatzen ari dena da, jendea konturatzen ari dela kultura, zinea edo literatura bezala, zientzia eta teknologia ere gure kulturaren osagarri garrantzitsuak direla. Nik uste dut, gainera, komunikabideetako arduradunek ikusi dutela gizarteak jakinahia duela horren inguruan. Komunitate zientifikoaren aldetik ere euren emaitza zientifikoak plazaratzeko gogoa dago. Alabaina, kazetariekiko mesfidantza dutela eta, orain arte zientzialariak ez dira, oro har, euren ikerketak publiko egiteko zale izan. Zeinen mesedetara dago zientzia?Gizartearen mesedetara. Beste kontu bat da, zientziaren zein erabilpena egiten den. Zientzia eta teknologia ezin ditugu gure kulturatik baztertu. Ezinezkoa da gaurko gizarte modernoa zientzia eta teknologia gabe ulertzea, eta oker daude horrela ulertzen saiatzen direnak. Zientzia eta teknologia gure bizimodua aldatzen ari dira. Zenbateraino eragiten digute? Izugarri. Gure bizimodua, eta gure aiton amonena erabat desberdinak dira. Orain dela berrogeita hamar urte jendea Europan tuberkulosiarekin edo malariarekin hiltzen zen, baina egun ez. Kontua bestelakoa da hirugarren munduan noski. Gaur egun edozein doa Tailandiara, eta hori zientzia eta teknikari esker da. Jakina horrek guztiak ondorio txarrak ere baditu: ingurugiroaren degradazioa, kutsadura.... Baina balantza batean jarriz gero, ondorio onek txarrak gainditzen dituzte. Ahalik eta ondorio txar gutxien sortzea lortu behar da, eta uste dut kontzientzia hori badagoela batez ere ekologisten lanari esker. Gizon eta emakumeok kritikoak gara zientziaren erabilpenarekin? Jarrera desberdinak daude: zuriak, beltzak eta baita grisak ere. Nire ustez, bi muturreko jarrerak negatiboak dira. Batzuek uste dute zientziak eta teknologiak arrisku guztietatik salbatuko gaituztela, eta gizakiak aurrera egitea ahalbidetzen duten bakarrak direla. Beste muturrekoek, ostera, ez dute zientzia eta teknologia onartzen, uste baitute eskaintzen duten guztia txarra dela. Azken jarrera hori nahikoa hedatzen ari da munduan zehar. Baina oro har, gizartea grisa da. Jendeak uste du zientziak eta teknologiak gauza onak dituztela, baina adi egon behar dela eragin ditzaketen ondorio txarrekin. Bestalde, ez al da zaila kritiko izatea? Aldaketa izan al zen zure beste lanekin konparatuz? Giza jarduera guztiei filtroak jarri behar dizkiegu jasotzen dugun informazioa baloratzeko, gure buruari galderak egiteko eta konparatzeko. Hala ere, askotan, zientziaren ondorio kaltegarriak baloratzeko denbora pasatu behar izaten da. Adibidez, orain dela 200 urtelurrin makina asmatu zenean, zaila zen makina horrek botatzen zituen gasek negutegi efektua ekarriko zutela pentsatzea. Hainbat urte pasatu behar izan dira ondorio txarrak ekartzen dituela eta aurre egiteko neurriak hartu behar direla jakiteko. Hori teknologia batzurekin gertatzen da, ez guztiekin. Lehen ezagutza zientifikoak publikoak ziren, eta gaur egun sekretupean gordetzen dira. Beraz, zientzia negozioa da. Patenteak beti egon dira eta zientzia beti izan da negozioa. Giza jarduera guztiek atzetik onura ekonomikoa dute helburutzat, eta zientzian ere hori gertatzen da. Agian hori ona ere bada, zeren zientzialaria ez da lanean hasten onura zientifikoarengatik bakarrik, ospea eta dirua bezalako arrazoiak ere izaten dira atzetik. Baina enpresen irabazi asmoek ez naute bereziki kezkatzen. Teknologien garapenean gehiago kezkatzen naute botere borrokek eta gobernuak hor sartzeak, zeren euren helburua arerioa suntsitzeko teknologiak garatzea izaten da. Gaur egun zientziaren esanahia zabaldu egin da. Zer eduki behar da kontuan gai bat zientifikoa dela esateko? Hemen eztabaida egon daiteke baina nire ustez, bere jardueran metodo zientifikoak aplikatzen dituen jakintzaren adarra da zientzia. Hau da, zientziaz ari gara, formula bat aplikatzen denean formula horrek ematen dituen emaitzak beti errepikatzeko modukoak direnean eta konprobatu daitezkeenean. Gizarte zientziak deitzen direnak nire iritziz ezin dira zientzian kokatu, ez baitira esperimentazio saioak egiteko hipotesiak, ez dira errepikagarriak, eta gainera, egoeraren arabera aldatzen dira. Hau da, Euskal Herrirako balio dezakeen teoria soziologikoak ez du zertan balio behar Burgosen. Gizarte zientziak jakintzak dira, baina ez zientzia. Badakit asko ez direla ikuspegi horrekin ados egongo, baina zientziaren esanahi horren inguruko ikuspegi unibertsala dago zientzialarion artean. Zein da Euskal Herriko jarduera zientifikoaz egiten duzun balorazioa? Nondik gatozen kontuan izanda, une honetan oso balorazio positiboaegiten dut. Euskal historia aztertzen badugu arlo zientifiko teknikotik, ikusiko dugu euskaldunok ekarpen gutxi egin dizkiogula zientziaren garapenari. Hemen ez dugu tradizio zientifikorik izan, Euskal Herriko Unibertsitateak ere hogeita hamar urte besterik ez ditu eta unibertsitatearen azpiegitura gabe zientziak oso zaila dauka aurrera egitea. Orain, berriz, nahiko azpiegitura sendoa daukagu. Bestalde, azken urteetan, Diputazioek eta Jaurlaritzak zientziaren garapena ahalbidetu duten inbertsio garrantzitsuak eta txalogarriak egin dituzte. Ondorioz, gauzak asko aldatu dira. Apustu bat egon da eta emaitzak lortzen ari gara. Esan daiteke alor askotan euskal zientzia lotsarik gabe ibil daitekeela munduan zehar. Gainera, Euskal Herrian ikasiz euren espezialitatean punta puntakoak diren zientzialariak ditugu bai kimikan, fisikan, biologian, matematikan... Hori guztia 20 urtetan lortu dugu. Etorkizunari begira ere baikor ager gaitezke, eta orain arte egin diren ahaleginak egiten jarraitzen baldin bada emaitza hobeak lortuko dira, adibidez, Nobel sariak. Ez agian hogei urte barru, baina bai epe luzeagoan. Horretaz gain, aipatzekoa da industrialariek izan duten ikuspegi aldaketa. Garai batean kopiatu egiten zen, patenteak kanpotik ekarri eta hemen aplikatu egiten ziren. Enpresek jarrera hori aldatu egin dute, eta inguruko zentro teknologikoekin lankidetzan ikerketak egiten ari dira. Euskal enpresa une honetan esportatzailea da hein handi batean, eta horretarako beharrezkoa da punta puntako teknologia erabiltzea. Beraz, Euskal Herriko ikerketa zentroak egiten ari diren lana ere azpimarratzekoa da, zeren hasieran kalitate kontroleko zentroak baziren, gaur egun ikerketa zentroak dira. Beraz etorkizun polita iragartzen diozu hemen egiten den zientziari. Bai, baina nahiz eta oinarriak eta jendea eduki, inbertsioak egiten jarraitu beharko dugu eta beharbada politika batzuk aldatu egin beharko dira, adibidez, zientziarekin lotutako lanpostuak sortuz Euskal Herrian. Nire kezketarikobat hori da. Une honetan, unibertsitatean ez dira ikerlari gazteendako lanpostuak sortzen, eta hor eten bat egon daiteke. Hau da, jende gaztea lan egiteko kanpora joan behar izatera behartuta egon daiteke. Nik uste, agintari politikoen erronka nagusienetariko bat, unibertsitateko irakaskuntzarekin loturarik izango ez duten zientzialariendako lanpostuak sortzea dela. Ikerlari gazteentzat lanpostuak sortzeko institutuak eta erakundeak sortu beharko dira. Bestetik, munduan zehar hainbat euskal matematikari, ingeniari, eta biologo ari dira lanean, eta programa eraginkorra prestatu beharko da horiek itzuli nahi izanez gero itzul daitezen. Jendea lanera kanpora joatea garrantzitsua da, baina ziurtatu egin behar zaie itzultzerakoan lana izango dutela. Une honetan badira atzerrian puntako euskal zientzialariak eta hona etorri nahiko luketenak, baina ez datoz lanposturik ez dutelako. Hemen egiten den jarduera zientifikoa ezaguna da atzerrian? Bai, eta horren erakusle da hemengo irakasle askok nazioarteko kongresu garrantzitsuen batzorde zientifikoetan parte hartzen dutela. Bestalde, Euskal Herrira ere gero eta ikerlari gehiago dator kanpotik ikastera edo tesia egitera. Euskarak zein pisu du Euskal Herrian egiten den jarduera zientifiko teknologikoan? Mailak desberdindu behar dira. Euskarak edo beste edozein hizkuntzak ziurtatu egin behar du eguneroko jarduera hizkuntza horretan egingo dela. Hau da, normalena litzateke ikerlari euskaldunek eguneroko lanean euren artean euskaraz egitea eta euren teoriak euskaraz garatzea. Euskarak hori lortu behar du, eta pixkanaka pixkanaka ari da lortzen, nahiz eta oraindik egoera minoritarioan dagoen. Beste kontu bat da jarduera zientifiko hori munduan ezagutzera ematea, eta hemen garbi dago horrek ingelesez beharko duela izan kasu gehienetan. Bestalde, taldean atzerritarrak badaude normala da ingelesa erabiltzea. ETBn Teknopolis izeneko saioa abian jartzea lortu duzue. Hori zen aurtengorako zenuten erronka nagusiena edo bada besterik?Bai, bada. Irailean Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariak 25 urte beteko ditu eta hori aprobetxatuz aldizkaria berritu nahi dugu diseinu eta eduki aldetik. Irakurle gazteei zuzendutako zerbait ere egin nahi dugu aldizkarian. Bukatzeko, esaguzu zein berrikuntza ekarriko dizkigun zientziak Ikerketa zientifiko garrantzitsuenak une honetan lau bidetatik doaz: bioteknologiaren aplikazio segurua (klonazioa edo landare transgenikoak); informazioaren teknologia, zeren horrek gure bizimodua aldatuko du etxe adimentsu edo robotikaren garapenarekin. Beste erronka bat da ingurugiroaren kudeaketa egokia lortzea, eta hori lotuta dago energia iturri alternatiboekin. Azkena litzateke biodibertsitateari eustea. Lurrean altxor bat daukagu, biziaren altxorra, eta horri heldu beharra dago ondoren datozenei ahalik eta txukunen uzteko. Argazkiak: Maria Agirre Copyright © Eusko Ikaskuntza
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mikel Laboa: "Gizakiak oso problematikoak gara"

 

Irakurri

Jaime Otamendi: "Ez nago liluraturik EEBBtan ikusten ari naizenaz, baina gauza batzuk kontuan hartzekoak dira"

 

Irakurri

Pantxoa Etchegoin: "Euskal Herriko kulturaren panorama baikorra da 2000. urteko atarian"

 

Irakurri

Xabier Mendiguren Bereziartu: "Euskal Herrian pauso asko eman behar dira, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko"

 

Irakurri

Leire Ortueta: "Publikoaren aurrean dantzatzea guztiz pozgarria da niretzat"

 

Irakurri