Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea: Irakasleek ikasten ikasteko, ikasitakoa desikasteko, eta aurrera egiten ikasteko aukera ematen duten agertoki didaktikoak bultzatu behar dituzte

2005-10-07

SALA, Teresa

Iñaki Mujika usurbildarra, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuorde berria dugu irailaren 27az geroztik. Lakuan daukan bulegoan, argi eta garbi mintzo zaigu Etengabeko Ikaskuntza jasotzearen beharraz eta gerora begira finkaturiko erronkei buruz. “Pertsonek, hiritar aktibo gisa jarduteko, etengabe eguneratu behar dituzte beren ezagutzak”.

Zeintzuk dira Eusko Jaurlaritzak Etengabeko Ikaskuntzaren arloan dituen erronka nagusiak?

Departamentu eta Instituzioen artean, Bizitza Osoan Zehar Egiten den Ikaskuntzaren Liburu Zurian jasota dauden helburuekin bat etorriko den Ekintza Plana garatu eta koordinatzea. Etengabeko ikaskuntzaren arloan diharduen erakunde bakoitzak zehaztu beharko luke zein programa, helburu eta neurri hartuko dituen bere eskuduntzapean dagoen lurraldean, eta, halaber, zein izango den neurri horietako bakoitza aplikatzeko aurreikusiko duen egutegia.

Euskal Autonomia Erkidego osoan barna jardungo duten bitartekarien sare bat kontsolidatzea. Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntza dinamizatzeko agente modura jardungo lukete, eskaintza koordinatzen eta prestakuntzarako eskaria bultzatzen, bereziki prestakuntza formala edo informala jasotzeko orduan interes gutxien eta zailtasun gehien agertzen dituzten elkarteetan eraginez.

Ikaskuntza edozein adin eta prestakuntza maila daukaten hiritar euskaldunen beharretara egokitzeko, malgutzeko eta eskuragarri izateko baliabideak handitzea. Horretarako, etengabeko ikaskuntzarako www.hiru.com ataria indartuko litzateke, eta baita prestakuntzara zuzendutako beste tresna batzuk ere, e-learning arlokoak batik bat. Honen guztiaren bidez, %5ean igo nahiko genuke prestakuntzarako jardueretan parte hartzen duten helduen kopurua.

Etengabeko Prestakuntza garatzeko marko autonomiko bat sortzeko konpromisoa berritzea, eta HOBETUZ Fundazioaren papera berdefinitzea. Fundazio hau funtsezko elementua da Etengabeko Prestakuntza Profesionala kudeatzeko, Kualifikazio eta Prestakuntza Profesionalerako Euskal Kontseiluaren baitan diseinatutako politika publikoa exekutatzen duen erakunde teknikoa izaki.

Harro egoteko moduko zer azpimarratuko luke Eusko Jaurlaritzak Etengabeko Ikaskuntzarako politikari dagokionez?

(OHARRA: Etengabeko Prestakuntza, bizitzan zehar ikasteko asmoz egiten den jarduera oro da; hau da, ezagutzak, ahalmenak eta gaitasunak hobetzearren, ikuspegi pertsonal, zibiko edo sozialarekin edota enpleguarekin lotuta –Definizio hauxe eman zuen Europar Batzordeak, bai Etengabeko Ikaskuntzari buruzko Memorandum-ean (2000), bai eta “Etengabeko prestakuntzaren errealitate europarra egia bihurtzea" (2001) Komunikazioan ere)

Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntza, oinarrizko elementua da Lisboan 2010erako finkaturiko helburuak betetzeko; alegia, Europar Batasuneko ekonomia, ezagutzan oinarritua, munduko guztien artean dinamiko eta lehiakorrena izan dadin, modu iraunkorrean hazteko gauza, enplegu gehiago eta hobeekin, eta gizarte kohesio handiagoarekin. 2000ko ekainean, Feirako Europar Kontseiluak etengabeko ikaskuntza jende guztiaren artean sustatzeko estrategia koherente eta neurri praktikoak hartzeko gonbita luzatu zien Estatu kideei, beren eskuduntzen arloan.

Inguruabar honetan, eta helburuak aipaturikoak izaki, 222/2001 Dekretuak, urriaren 16koak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura ezartzen duenak, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Prestakuntzarako Sailburuordetza sortzeko bidea zabaldu zuen. Sailburuordetza honen xedea, bizitza osoan zehar egiten den prestakuntza eta ikaskuntzak pertsonak prestatu eta hobetzeko betetzen duen funtzio estrategikoa irmotasunez bultzatzea da, eta, halaber, herrialdearen ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko.

Sailburuordetza honek aurreko legegintzaldian zehar abian jarri dituen ekintza eta neurrien artean, honakoak azpimarratuko nituzke:

- Bizitza Osoan Zehar egiten den Ikaskuntzaren Liburu Zuria, sail eta erakunde ezberdinek eremu honetan garatzen dituzten politikentzat marko bat ezartzen duena.

- Lanbide Heziketarako bigarren Euskal Plana 2004-2007, zeinaren helburua EAEn Lanbide Heziketaren arloan gauzatzen diren ekintza guztien ordenamendua zehaztea baiten, eta, lehiakortasuna handitzearren, enplegurako prestatzeko politiken oinarrizko habe izatea.

- Etengabeko Ikaskuntzarako www.hiru.com atariak euskal gizartearen erreferentzia bihurtu nahi du prestakuntzari dagokionez, eta hiritarrak aktibo eta parte-hartzaileago bihurtzen lagundu. Asmo horrekin, arlo ezberdinei buruzko eduki hezitzaileak jarri nahi ditu euskal hiritar guztien eskura, ezagutza berriak modu hurbil eta malguagoan jasotzeko, edota dagoeneko dauzkaten ezagueretan sakontzeko.

- Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroak, TKNIKAk, Lanbide Heziketaren arloa berritzea du helburu, eta, halaber, Lanbide Heziketan diharduten zentroak enpresa, zentro teknologiko eta ikerketa unibertsitarioko departamentuekin harremanetan jartzea. Baita Lanbide Heziketako irakasleak ekoizpen sektoreetan sortzen ari diren teknologia berrietan trebatzea, eta irakaskuntzako prozesu ezberdinak hobetuko dituzten arloetan aurrera egitea.

Zein alderditan hobetu beharko luke?

Egokia litzateke Eusko Jaurlaritzako Sailen eta lurralde edo udalerri mailan prestakuntzara bideratutako erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, batik bat edozein adin eta prestakuntza mailako jendeari zuzenduta dauden prestakuntza ez-formal eta informalarekin lotuta daudenen artean. Koordinazioa hobetuz gero, handitu egingo litzateke Autonomia Erkidegoan bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzara zuzentzen diren politiken eraginkortasuna, modu indibidualizatuagoan erantzungo bailieke elkarteek prestakuntzaren arloan dauzkaten interesei.

Era berean, indartu egin behar dira euskal gizartean bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntza errotzera bideratzen diren ekintzak. Egunetik egunera argiago ikusten da ikaskuntzaren garaia ez dagoela lan munduan sartzera bitarteko epealdiari lotuta; aitzitik, pertsonek, hiritar aktibo izateko, etengabe eguneratu behar dituzte beren ezagutzak, dauzkaten eskubide eta betebeharrak egikarituz.

Lakuan abian jarritako ekimenez gain, badira beste zenbait erakundek modu osagarrian prestatu dituztenak ere; Foru Aldundiek, adibidez. Zein da hauen inguruan daukazun iritzia?

Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren arloan diharduten beste departamentu edo erakundek sustatutako neurriei dagokienez, oso modu positiboan baloratzen ditut Eusko Jaurlaritzako beste Sailek abian jarri dituzten ekimenak (KZ-guneak, Enplegu Plana...), eta baita bestelako erakundeek, Foru Aldundiek, udalek zein erakunde pribatuek prestatutakoak ere. Azken batean, guztiak ari dira Euskadiko hiritarren prestakuntza maila handitzeko helburuarekin lanean, beren heziketako interes eta beharrei hurbiltasunez erantzuten. Edonola ere, aurreko galderan adierazi dudan bezala, beharrezkoa litzateke erakunde eta elkarte horien guztien arteko koordinazioa hobetzea, bai ekintza guztiak finantzatzeko baliabide publikoak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko, bai alferrikako bikoiztasunak ekiditeko, bai eta hartzaileen interes eta aukeretatik urruntzen diren ekimenak alboratzeko.

Zein punturaino estal dezakete Gobernuak eta erakunde publikoek etengabeko hezkuntzak suposatzen duen gastua?

Debate bat piztu da Europan eta ELGE/OCDE mailan, hiritar guztientzat zuzendutako bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren finantzaketaren inguruan. Eta, dirudienez, adituen artean nahiko adostasun handia dago baieztatzerakoan administrazio publikoek ezin izango diotela, bakarka, halako gastuari aurre egin. Bestalde, etengabeko ikaskuntzaren ekarpenak aztertzen ari dira; hau da, zer-nolako onura ekarriko dion gizarteari prestakuntzarako jarduerak finantzatzeko egiten den inbertsioak.

Gizarte justiziaren arloan ere hainbat galdera sortzen dira; besteak beste, zein punturaino finantzatu behar diren, zergen kontura, edozein moduko prestakuntzarako ekintzak, edozein pertsonarentzat, bere baliabide ekonomikoak edo hezkuntza maila edozein direla.

Zeintzuk dira finantziazio iturri alternatiboak?

Honi dagokionez, esperientzia batzuk landu dituzte Europako hainbat herrialde eta eskualdetan, langileen prestakuntzan inbertsioak egiten dituzten enpresek onura batzuk izan ditzaten zergen arloan, edota indibidualki, PFEZean (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan).

Horren harian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundia ELAP izeneko sareko europarreko partaide dira. Sare hau Erresuma Batuan, Herbeheretan, Suedian eta Suitzan ikaskuntzen kontu edo txekeen inguruan bultzatzen ari ziren esperientzien harian sortu zen. Esperientzia hauek, eta sareak berak, ELGE/OCDEko eta Europar Batzordeko adituen interesa piztu zuten, etengabeko ikaskuntza finantzatzeko bide alternatiboak izaki.

Esperientzia hauek guztiek ezaugarri hau partekatzen dute: prestakuntza prozesu batean murgilduta zegoen edo dagoen pertsona bakoitzak -zenbait kasutan, langabezian daudenak, birziklapen profesionaleko langileak, irakasleak, etab.- ikaskuntzarako diruzko kontu edo txeke bat izaten duela, bere prestakuntzarako erabili behar duena. Kasu bakoitzean zehaztuko da zein baldintzetan erabili behar duen. Bada, kontu edo txeke horren zati bat administrazio publikoak finantzatzen du, beste zati bat lanean ari den enpresak, eta beste bat norberak.

Zure ustez, konturatzen al da gizartea ikaskuntza lan arlotik haratago doan ekintza global bat dela?

Aurrerapen teknologikoen bilakaera azkar eta etengabearen eraginez, eta informazio zein komunikazioaren teknologiak lantokietan, etxean zein aisialdian sartu izanaren ondorioz, ezinbestekoa da etengabeko prestakuntza eguneratuta izatea. Horretarako, behar-beharrezkoa da bizitza osoan zehar ikasten jarraitzea, baldin eta etengabe aldatzen ari den gizartean, eta aldaketak gero eta azkarrago gertatzen ari direnean, hiritar aktibo izan nahi baldin badugu. “Lubaki digital” edo “lubaki teknologikoa” gizarte bazterkeria sortzeko moduko faktore bihur daiteke, baldin eta administrazio publikoak -eta, bereziki, administrazio hezitzaileek-, gazteenekin lanik egiten ez badute.

Berrikuntzaren aldeko apustu garbi horren baitan, zenbateraino ari gara EAEko gizartean berdintasun eta partaidetza sustatzen?

Nire ustez, euskal erakunde guztiak, eta bereziki Eusko Jaurlaritzako Sailak, arreta berezia eskaintzen ari dira beharrik handienak dauzkaten pertsonei, dela beren lan baldintzengatik, beren prestakuntzagatik, edota bestelako inguruabar pertsonalengatik. Eta pertsona horiei ematen diete lehentasuna hezkuntzarako ekintza formal, ez formal edo informaletara jotzeko orduan. Izan ere, gizarte ezberdintasunak murrizteko xedearekin antolatzen dira ekintza horiek, pertsona gisa gara daitezen, euren eskubide eta betebeharrak aktiboki egikarituz.

Zer irabazten eta galtzen dugu hezkuntzan teknologia berriak txertatuz?

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, IKT direlakoak, informazio andana eskuratzeko tresna indartsuak dira, komunikazioa eta sareko lana bultzatzen dutenak, dela hezkuntzaren eremuan, dela orokorrean. Baina IKT hauek, berez, ez dute bermatzen hezkuntza jende guztiarentzat izango denik. Ez da nahikoa baliabide teknologikoak eskura izatea; horiek guztiak erabilgarri izateko, giza baliabideak, materialak eta sozialak ere behar dira.

IKTen erabilerak, halaber, ez du bermatzen ikaskuntza hobea izango denik. IKTak, ikaskuntzaren euskarrietako bat baino ez dira. Ikasteko, ahaleginak egin behar dira, eta borondatea jarri. Ez dago metodorik, berria izanagatik ere, ezagutzak arretarik ipini gabe eta ikasi gabe eskuratzeko aukera ematen duenik.

IKTen bidez, ezagutzak ez dira automatikoki eskuratzen eta ikasten. Norberak landu behar ditu ezagutza praktiko eta teorikoak; ez dira hartzen, osatzen baizik. Ezagutza sortzen da informazioa kontrastatzen dugunean, aurrez geneuzkan ezagutzei gehitzen diegunean, eztabaidatzen dugunean, gogoeta egiten dugunean eta besterentzen dugunean. Beraz, IKTek ezagutzak eskuratzeko ematen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu. Irakasleek "ikasten ikasteko", "ikasitakoa desikaseko" eta "aurrera egiten ikasteko" agertoki didaktikoak bultzatu behar dituzte.

Gainera, IKTek sortzen duten motibazioa eta ikasleei oro har ematen dizkieten aukerak aprobetxatu behar dira, nagusiki hezkuntzako behar bereziei. Irakasleek euren ikasleengana hurbiltzeko aukera modura ikusi behar dituzte IKTak, eurengan interes ezberdinak pizteko bitarteko bezala.

Beste horrenbeste gertatzen da informazioari dagokionez. IKTak erabiltzeak ez du esan nahi informazio gehiago eta hobea daukagunik. Beharrezkoa da bilaketak egiteko orduan irizpideak jarraitzea, eta Sarean dagoen informazioa sailkatzen jakitea. IKTek eskura jartzen dizkiguten informaziorako baliabideez abusatzeak "intoxikazioa" sortzen du. Informazioa bilatu eta lokalizatzeko estrategiak bultzatu behar dira, eta baita Sarean aurkitzen dugun informazioaren egiazkotasun eta kalitatea kontrastatzeko metodoak ere.

Teknologia Berriek inguru global baterantz goazenaren ilusioa sortzen digute eta, aurrerapenak oraindik jende guztiaren esku ez dauden arren, gero eta ahalegin handiagoak egiten ari dira gizarte guztiaren eskueran jartzeko. Zer egin da orain arte, eta zer egin daiteke gai honi dagokionez?

Informazioaren Gizarterako Euskadi Planaren helburua, informazioaren teknologiak gizartearen maila guztietan bultzatzea da: hezkuntzan, hiritarren artean, enpresan, kulturan eta Administrazioan. Plan honetatik abiatuz, ekimen ugari sortu dira; besteak beste, KoneKta Zaitez delakoa, zeinari esker EAEko etxeen %36,4ak du Interneti konektatuko ordenagailu bat. Beste ekimenetako bat, KZguneen egitasmoa dugu, zeina 2001ean jarri baitzen abian; dohaineko zentro publikoen sare bat da, prestakuntza eman eta IKTak erabiltzeko.

Hezkuntzaren arloari dagokionez, Premia Planari esker, ikastetxe guztiek ekipo egokiak dauzkate gaur egun.

Bestalde, ahalegin handiak egiten ari gara ikaskuntza pertsona guztien eskura jartzeko, beren prestakuntzako behar eta interesei egokitutako bide malguak eskaintzearren. Asmo horrekin jarri zen abian Etengabeko Ikaskuntzen www.hiru.com ataria. Web orri horretako edukia, lau multzo handitan dago banatuta: GAIAK, HOBETO BIZI, AISIA eta HIZTEGIAK:

- GAIAK: ezagutzaren arlo ezberdinekin lotuta dauden gaiak biltzen dituen liburutegia (matematika, fisika, kimika, biologia, geologia, geografia, teknologia berriak, gizarte zientziak, historia, artea, filosofia, euskara, euskal literatura, literatura, gaztelania).

- HOBETO BIZI: guztion interesekoak diren eta eguneroko bizitzarekin lotuta dauden informazioa eta aholku praktikoak (administrazioaren zerbitzuak, aisialdirako jarduerak, gizarte partaidetza, ingurumena, kontsumoa, ohitura osasungarriak, haur eta adinduen zainketa).

- AISIA: aisialdiarekin eta denbora librearekin lotutako interes orokorreko gaiak (bidaiak, gastronomia, zinema eta musika).

- KONTSULTA: Hiztegiak

Halaber, atari honen bitartez aurrez egituratutako ikastaroak egiteko aukera aurreikusi da. Hori horrela, e-LEA programak atzerriko hizkuntzak ikasteko aukera ematen du (ingelesa, frantsesa, italiera eta alemana), dela ikastaroa on-line eginez, dela CDen bidez.

Beste alde batetik, www.jakinbai.com atarian, Euskal Autonomia Erkidegoan familia eta prestakuntza ziklo ezberdinetan ematen diren material didaktikoak euskaraz jarri ditugu, Lanbide Heziketako irakasleen eskura.

Etengabeko Ikaskuntzaren arloan, EAEn Europako beste gobernuen paretsu goazela esango zenuke? Norantz goaz?

Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzarako Sailburuordetza honetan etengabeko prestakuntzaren arloan bultzatzen ari garen politikak oso ondo ezkontzen dira Europar Batasuna arlo honetan ematen ari den mezuekin. Horrela, adierazgarria da aurrez aipatu dudan irakaskuntzako bitartekariaren figura ohitura gomendagarri modura jaso zuela Europar Batzordeak “Etengabe ikaskuntzaren espazio europarra errealitate bihurtzea – Praktikak eta adierazleak" (2001eko azaroa) Komunikazioarekin batera jasotako agirian.

Halaber, esan beharra dago Hezkuntza Sailak aktiboki hartzen duela parte Europako hainbat sare eta elkartetan. Lehen aipaturiko ELAPez gain, azpimarratzekoa da EARLALL delakoa ere (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning -Etengabeko Prestakuntzarako Eskualde eta Tokian Tokiko Agintaritzen Europar Elkartea). Sare eta elkarte europar hauen arteko kooperazio eta esperientzien trukaketak erakutsi dutenaren arabera, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Prestakuntzarako politikak bat datoz beste eskualde eta herrialdeetakoekin, eta goi mailakoak dira gainera. Horren guztiaren helburua da Euskadiko hiritarren prestakuntza maila Europako eskualde eta herrialdeen artean handienetarikoa izatea. Gu guztion ongizatean ez ezik, gure ekonomian ere izango du eraginik, lehiakorragoa bihurtuko baita. Iñaki Mujika Aizpurua (Usurbil 1958) 1980an, Iñaki Mujika Aizpurua bere jaioterriko Lanbide Heziketako Eskolan hasi zen lanean, eta 21 urte eman zituen bertan. 1986tik 1993ra bitartean, ikastetxeko zuzendariordea izan zen, eta 1993tik 2001era zuzendari. Urte horretan bertan, 2001ean alegia, Eusko Jaurlaritzan sartu zen, Hezkuntza eta Unibertsitate Saileko Lanbide Heziketako zuzendari moduan. 2005eko irailaren 27az geroztik, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordea da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jon Marcaide Osoro. Astrofisikaria: Politika zientifikoan adore politiko gutxi egon da beti

 

Irakurri

Fernando Hualde. Etnografoa: Euskara despolitizatu egin behar da, eta Nafarroako ondarearen oinarrizko pieza bat dela ikusarazi

 

Irakurri

Asier Altuna eta Telmo Esnal. Zinemagileak: Euskaraz lan egitea naturala da guretzat

 

Irakurri

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo “Gari”. Musikagilea eta Hertzainak taldearen abeslari ohia: Dena galtzear egon naiz

 

Irakurri

Bernhard Franz Hurch. Hizkuntzalaritza Orokor eta Aplikatuan katedraduna: Hizkuntzalari espainiarrek oso interes txikia agertu dute euskararen inguruan

 

Irakurri