Imanol Olaizola Etxeberria. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehenengo lehendakaria: Egiaz, zerk du balio handiagoa, dirua aurrezteak ala herritar guztiei zerbitzu kultural garrantzitsua eskaintzeak?

2006-10-13

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Aurten Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) sortu zeneko 25. urteurrena da; hori dela eta, lehen lehendakari eta proiektuaren “arima sortzaileetariko” bat izan zena elkarrizketatzera inguratu gara. Hasiera batean azaleko elkarrizketa izan behar zena, xehetasunez beteriko solasaldi bilakatu zen, eta bere biografiari errepaso interesgarria eta zoragarria eman genion. “Aurrealdea eta atzealdea dituen domina bat” bezala definitzen du Imanol Olaizolak bere bizitza. Imanolek bere denbora baino zerbait gehiago oparitu digu, izan ere, bere bizipenak, oroitzapenak eta gogoetak gurekin partekatu ditu.

Aipatu duzu zure bizitza “aurrealdea eta atzealdea dituen domina bat” bezalakoa dela. Zein da aurrealdea eta zein atzealdea?

Aurrealdea nire bizitza profesionala da, ikasketen ondorio dena, eta atzealdea nire zaletasunak. Azken horiek ere garrantzi handia izan dute nire bizitzan, eta batzuetan bigarren mailan egotetik lehen planora igaro dira. Ondoren nire bizitzako bi alderdi horiei buruz hitz egiteko aipatu dut hori.

Hasi gaitezen aurrealdearekin. Zer ikasketa egin dituzu? Zein izan da zure bizitza profesionala?

Txikitan Marianistetan ikasi nuen, eta egia esan ikasle ona nintzen. Gaztetan musikari izateko ilusioa nuen, biolontxelo-jolea izan nahi nuen, baina aitak azkar kendu zidan ideia hori burutik.

Baina, zure aita ez al zen musikaria?

Bai, nire aita José de Olaizola Gabarain zen, musikaria eta euskaltzalea; eta bi alderdi hauek izan ziren bere bizitzaren ardatz: artea eta Euskal Herria. Aitak oso eragin handia izan du nire bizitzan zehar (berari buruzko liburu bat idatzi nuen, “José de Olaizola- Oroitzapenak 1883/1969”); eta beharbada, horregatik, musikarien bizitza ezagutzen zuelako, nire ikasketak aprobetxatzeko eta beste karrera bat egiteko aholkatu zidan. Azken finean musika etxean nuen eta... (barreak).

Orduan, ikasketak aukeratzeko momentua heldu zenean, zer aukeratu zenuen?

Kimika aukeratu nuen. Kimika Zientzietako lizentziatura ikasi nuen Salamancan eta ondoren doktoregoa egin nuen Madrileko Unibertsitate Zentralean. Bertan, doktoregoa egiten ari nintzen bitartean, hasi nuen nire ibilera profesionala, eta CSICen (Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusian) aritu nintzen lanean. Espektrografian espezializatu nintzen. Egia esan, oraindik gogoan ditut CSICen nuen haritzezko egundoko bulegoa eta espektrografo handia. Espektrografoak ez zuen ezertarako balio, norbait aparatu hori ukitzen ibili baitzen eta gaizki kalibraturik baitzegoen. Pazientziaz, denbora asko eman nuen hori, berriz ere, kalibratzen.

Baina, Madriletik itzuli zinen eta, oker ez banago, industri kimikoaren alorrean enpresa bat sortu zenuen. Non?

Legorretan, Prodema SA. Hasieran pare bat langile baino ez nituen lortu, eta makina-erremintako metalezko hainbat pieza ordezkatzeko material berriak garatzen hasi ginen. Horietako batean, amaren aldeko nire osaba batek lagin batzuk ekarri zizkidan Parisko erakustazoka batetik. A zer nolako ustekabea hartu nuen, garatzen ari ginen material baten antzekoa zela ikusterakoan! Egia esan, hortik aurrera dena oso ondo joan zen. Egindakoa lagun batzuekin probatu nuen, eta arrakasta izan zuen. Denborarekin, 1958an, hitzarmen bat lortu nuen Permalitekin, eta enpresa horren jabeekin harreman komertzial gisa hasi zena, Frantziarekiko, Parisekiko eta hango kulturarekiko harreman estua, adiskidetasun-harremana, bihurtu zen.

Uste dut, orain honako galdera hau egitea dagokigula: nola da posible kimiko batek kultur gaietan horrenbeste proiektu garatzea?

Hasierako galderan aipaturikora itzuliz, bizitzan zehar hainbat alderdi garatu ditut. Batetik, aitak niregan izan duen eragina; kontu egizu nire egoera ez zela haur normal batena, txikia nintzela hil baitzitzaidan ama eta aitak berarekin eraman baininduen leku guztietara. Horregatik, ingurune kultural oso interesgarria izan nuen, artistez, intelektualez eta euskaltzalez inguraturik. Geroago, besteak beste, Guridiren, Sorozabalen, Glez. Bastidaren eta Garbizuren lagun egin nintzen. Bestalde, nire lanbidea dela-eta asko bidaiatzeko aukera izan dut, eta bisitaturiko lekuetako kultura-bizitza neureganatu dut, batez ere Parisekoa.

Hitz egin dezagun Euskadiko Orkestra Sinfonikoari buruz, nola izan ziren lehen urratsak?

Hasieratik argi izan genuen orkestra guztiz berria izan behar zela; musikariak bertakoak eta Estatukoak izatea zen hasierako gure ideia. Aukeraketa egiteko orduan, bagenekien apalak izan behar ginela, baina ez oso toleranteak; horregatik, hasieran aurreikusita genuen kupoa ezin izan genuen bete. Ondoren, beste proba bat egin genuen; horrela ere ezin izan genuen taldea osatu. Hori dela eta, Ramón Labayenekin hitz egin nuen eta egoera hori jasangaitza zela azaldu nion, proiektua aurrera ez zihoala ikustean hasieran “fitxaturiko” musikari on asko taldea uzten ari baitziren. Azkenean, aldizkari espezializatu guztietan iragarkiak jarri genituen, eta herrialde guztietako musikariak etorri zitzaizkigun. Hala eta guztiz ere, gai horri buruzko artikulu bat idatzi nuen, eta bertan informazio gehiago aurkitu dezakezue.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa izanik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eratzeko bezain besteko eskaria zegoen Euskadin?

Uff! Hasieran BOSekoek (Bilboko Orkestra Sinfonikokoek) ez zuten bat ere ondo ikusi hori; baina gerora, EOS sortzerakoan, ez zen BOS desagertu, baizik eta ustekabeko horri erantzuteko kemena izan zuten eta ordura arte ez bezalako laguntza instituzionalak lortu zituzten. Benetan oso orkestra ona da BOS. Gainera, nire ustez, bi orkestrak dira beharrezkoak, izan ere, zerk du benetan balio handiagoa, dirua aurrezteak ala herritar guztiei zerbitzu kultural garrantzitsua eskaintzeak? Hori bai, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea, eta ez lehian, eta programa osagarriak egitea.

Nola ikusten duzu orkestraren bilakaera?

Orkestraren alde aktiboki lan egiteari utzi nionetik (“ikusle” gisa oso harreman ona izaten jarraitzen dut), nire ustez, Orkestra oso ondo kudeatu dute; horren erakusle duzu Europako Zirkuituetan oso ondo funtzionatzen duela. Gainera, Euskaditik kanpo irteten denean, oso jende gutxik daki hiru izen dituela erregistraturik (Orquesta Nacional Vasca, Euskadiko Orkestra Nazionala eta Orquesta Sinfónica de Euskadi) eta publikoaren arabera bata edo bestea erabiltzen dela.

Nahiz eta orain dela 25 urte Euskadin ez zegoen Musikene gisako zentrorik, gaur egun musikari kantera oso ona dugu, eta batzuk musikari apartak dira, esaterako: Ane Matxain eta Inma Shara. Zergatik ez daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoari atxikita?

Aipatu didazun bi kasu horiek ez ditut pertsonalki ezagutzen, baina esan diezazuket kasu askotan musikarien interesa ez dela orkestran aulki bat lortzea eta kito. Batzuk kanpora joaten dira hobetzeko, eta nahiago izaten dute zirkuitu komertzialetan bakarlari gisa aritzea, edo orkestra batetik bestera aldatuz joatea. Izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak ez dira funtzionarioak, artistak ezin dira funtzionarioak izan, beraien izatearen aurkakoa da. Halere, orain dela 25 urte baino bertoko titular gehiago daude gaur egun, eta kalitate hobeagokoak. Nola ez, EOSeko edozein bururen ametsa da Orkestrako titularren % 90 gure kontserbatorioetan ikasitako musikariekin osatzea!, zalantzarik gabe hori da nire nahia, baina zail da lortzen.

Gehiago jakin nahi duten gure irakurleentzat...

Gure aldizkariko elkarrizketaz gain, gure elkarrizketatuaren esaldi, gogoeta eta oroitzapenik garrantzitsuenak eskaintzen dizkizuegu.

Bakea irabazi

“Nire ustez ezinbestekoa da André Malraux-en L’espoir liburua irakurtzea. Bertan, asko hunkitu ninduen esaldi bat zegoen (testuinguru laburbildu digu): Zein zaila den gerra irabaztea, baina are zailagoa bakea lortzea!”.

Jazzaldia eta Bach Jaialdia

“Bidaia guztietan Parisen geldialdia egiten saiatzen nintzen. Handik ekarri nituen 60. hamarkadan Bach Jaialdia edo Jazzaldia egiteko ideiak”.

Urrezko Araua

“Behin, euriagatik kezkaturik, Jazz kontzertua suspenditzekotan egon ginen. Orduan kontzertua San Telmon egin genezakeela bururatu zitzaidan; hasieran ideiak asaldura handia sortu zuen, baina, ondoren kontzertuak arrakasta handia izan zuen. Irtenbideak bilatu behar dira beti, eta hainbat aukera izan behar dira prest, izan ere, honako hau baita antolatzaile on baten Urrezko Araua: inoiz ez suspenditzea, amore ematea”.

Dames-Moore txostena

“Deban zentral nuklear bat eraikitzea proposatu zen nire diputatu-garaian. Momentu hartan proposamenak gizartean alarma handia sortu zuen eta guk (Aldundiak), lehiaketa bidez, txosten bat eskatu genuen. Txostena Dames-Moore-k egin zuen, eta zentrala egiteko proiektuaren aurkakoa zen, azterketa geologikoetan eta hozte-zirkuituetan akatsak aurkitu baitzituzten. Energia nuklearra ez dugu baztertu behar, baina behar-beharrezkoa da ondo aztertzea eta arduratsuak izatea”.

Erraustegia

“Ezinbestekoa da erraustegia hondakinak tratatzeko ziklo barruan. Jakina, birziklatzea eta kontsumo arduratsua sustatu eta bultzatu behar ditugu, baita zabor gutxiago sortzea ere, baina azken hondakinak erraustu egin behar dira”.

Eusko Ikaskuntzaren- RIEV aldizkariaren sendotzea:

“Garai txarrak ziren euskal kulturarentzat. 1936tik Eusko Ikaskuntzaren jarduerak suspenditu egin ziren, eta D. J.M. Barandiaranek honako hau esaten zuen euskal gizarteari buruz hitz egiterakoan: “lotan gelditu da, baina ez da desagertu: bi gauza ezberdinak dira. Orduan, berpiztu egin behar dugu”.

1974ean hasi zen EI/SEV berriz indarra hartzen, hain justu, ni Gipuzkoako Aldundian sartu nintzenean (beste arrazoi batzuengatik). Aldundiko bilera batean nengoela, gogoratzen dut honako hau aipatu zela: argitaletxe pribatu bat RIEV (Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria) goiburua aldarrikatzen ari zela. Momentu horretan, aukera ezin hobea jarri zidatela eskura esan nion neure buruari, eta historian zehar aldizkari hori Gipuzkoako Aldundiari (baita Araba, Bizkaia eta Nafarroako Aldundiei ere) loturik egon zela aipatu nuen. Hori dela eta, erabaki genuen RIEV goiburua enpresa pribatu horri ez ematea eta Aldundientzat aldarrikatzea.

Urte batzuen ostean, gainerako hiru Aldundiekin batera, goiburu horren jabetza-eskubidea aitortu ziguten. Ondoren, berriz ere gai hori mahaira atera genuenean, gure lorpenagatik benetan pozik egoteko arrazoia genuela esan nuen, baina ardura handia hartzen ari ginela. Horregatik, gogorarazi nien D. Julio Urquijo-k sortu zuenetik itzal handia izan zuela RIEV aldizkariak eta, garai hartan sortzaileak eskubide guztiak EI/SEVeri utzi zionez, aldizkariak Eusko Ikaskuntzarekin oso lotura handia izan zuela. Argi zegoen Aldunditik ezin genuela gai hori kutxa batean sartu eta ezin ginela aldizkariaz ahaztu, baina hori kudeatzea oso erantzukizun handia zen. Horrela, hainbat azalpen eman eta izapideak egin ostean, RIEV Eusko Ikaskuntzan geratu zen”. Imanol Olaizola Etxeberria (Donostia, 1920) Besteak beste, kimikaria eta euskal musikologoa. · 1939-45 artean, Salamancako Unibertsitatean kimikako ikasketak egin zituen eta, 1943-44 artean, Madrilgo Unibertsitatean doktoregoa, espektrografian espezializatuta. · PRODEMA SA sortu eta zuzendu zuen · Gipuzkoako Kimikarien Elkarteko lehendakari, eta Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko talde-sustatzaileko partaide izan zen (Petrokimiken espezialitatea) (1960-74). · Probintziako Diputatua izan zen, eta Foru Diputatu (1974-1979) gisa amaitzeko aukera, poztasuna, izan zuen. · Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko zerbitzu-zuzendari gisa lan egin zuen, Ramón Labayen sailburu eta Garaikoetxea lehendakari zirela. · Oso gaztetatik abeslari, aktore eta eszena-zuzendari amateur gisa aritu da antzerkian, irratian eta zinean. · 1945ean Euskal Musikaren eta Dantzen Jaialdia antolatu zuen. · «Coro Maitea» abesbatzako ohorezko kidea. Coro Maitea abesbatzako lehendakaria (1974). · Coro Easo abesbatzako lehendakaria (1977-82). · KTEko Musika Saileko lehendakaria. RSBAPeko kidea (1964). · 1966tik 78ra bitartean, honako ikastaro eta jaialdi hauek jarri zituen abian: «Cursos sobre Temas Musicales», «Cursos de Pedagogía Musical Infantil», «Festival Inter-Escolar de Grupos de Danzas Vascas», «Cursos para Monitores de Danzas Vascas», «Festival Inter-Escolar de Coros Infantiles», «Semana Internacional de Organo», «Festival de Organo de Guipúzcoa», «Festival de Danzas de Guipúzcoa» eta «Antzezaro». · «Ed. Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones» argitaletxeko bazkide sortzailea · Euskal Dantzarien Biltzarraren sortzailea eta lehendakaria (1969-75). · 1972an Kordoban egin zen Kultur Erakundeen II Biltzarrean txostengile. · Kultura Batzordeko Musika Saileko lehendakaria (1972-74); Gipuzkoako Kultura Batzordeko zuzendaria (1977-79). · Euskadiko Orkestra Sinfonikoko lehendakaria (1982). · «Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos» elkarteko Gipuzkoako lehendakariordea (1980-85).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Heziketako Sailburuordea: Guk daukagun eredua industriala da, eta ikasleek eta familiek jakin behar dute lanpostuak non dauden

 

Irakurri

Jose Maria Muñoa. Lehendakariaren Ordezkaria Kanpo-Harremenetarako eta Euskadiren Ordezkaria PLEn: Europa, gaurko egunean, ezin da izan herrialde, kultura, proiektu... desberdinek osatutako patchwork bat, denak elkarren ondoan baina elkar ulertu gabe

 

Irakurri

Félix Linares. Kazetaria eta zinema-kritikaria: Zein da zinema-jaialdien benetako ekarpena: filmak ala xarma?

 

Irakurri

Maite Erro. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defendatzailea: Emakumeok ez daukagu batere erreza, eta horren kontzientzia eskasa dugu

 

Irakurri

Rafael Hueso Vicent. Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusia: Arazoak konponduz EB barruko mugak egiazki gainditzea, hori da PLEren helburua

 

Irakurri