Itziar Eizagirre Irureta. Ingurumen aholkularia eta Mugikortasun Iraunkorreko Kudeatzailea: Gaur egungo garraio-ereduarentzako alternatibak gure pentsaera-aldaketatik datoz lehenik

2009-10-09

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Alde batetik ingurumena horrenbeste kutsatzen ez dituzten garraioak erabiltzera animatzen gaituzten bitartean, bestetik kotxeak erostera bultzatzen gaituzte. Hirietan bizi direnak kanpora ateratzen dira lanera, eta kanpokoek egunero hirira sartu behar dute. Errepideetan egiten diren desplazamendu guztietatik, zenbat saihestu zitezkeen? Zergatik iruditzen zaigu garestia garraio publikoa? Gaizki antolatuta al dago gaurko gizartea? Itziar Eizagirrek, ingurumen aholkularia eta Euskal Herriko Unibertsitateko mugikortasun iraunkorreko kudeatzaileak, galdera hauek eta beste batzuk ulertzen laguntzen gaitu.

Noiztik ari dira jardun eta jardun mugikortasun iraunkorraren kontzeptuaz?

Hirurogeiko hamarkadan hasi ziren entzuten lehen hitz kritikoak. Mugimendu ekologistetatik zetozen, eta garraio-eredua eta bide-azpiegituren hazkundea jartzen zituzten zalantzan. Petrolioaren krisiak handitu zuen alarma: naturaren karga-ahalmena jarri zen ezbaian, eta Herman E. Daily-k garatutako mugen diskurtsoa aipatu. Ba al du mugarik giza espezieak planetan hazteko daukan moduak?

Baina toki batean aitortu zen “argi eta garbi” mendebaldeko garapen-eredua zela ingurumen-eragin kaltegarrien erantzulea: Giza Ingurumenari buruzko Stockholmeko 1972ko Nazio Batuen Batzarrean. Baliabide ez berriztagarriez egin beharrekoaz Herman E. Dailyk egindako proposamenak Lurrari buruzko Rio de Janeiroko Gailurrera (1992) heldu ziren. Hor, Stockholmen ez bezala, baziren oinarri sendo batzuk ingurumen-arazoen kausez eta, beraz, konponbide egiazko eta eraginkorrez aritzeko. Gailur horretan hasi ziren berotze globalarekin lotutako nazioarteko akordioak (Kiotoko 1997ko akordioak deitu zitzaienak) onartzen, eta jabetu ziren berotegi-efektua zekarten gasen isurpena zela berotze horretan eragiten zuen funtsezko faktore bat, eta motordun ibilgailuek sortzen zutela hein handi batean problema. Horrela, poliki-poliki, ibilgailu pribatuan oinarritutako ordu arteko mugikortasun-eredu nagusia krisian sartu zen.

Zergatik da beharrezkoa aldaketa sakon bat garraio-ereduetan?

Oreka bat iritsi behar da, lehenbailehen, giza jardueren, garapenaren eta ingurumenaren babesaren artean. Horretarako, garapenaren beste ideia bat formulatu behar da, eta eredu berria ez dadila oinarri injustiziak eta desoreka sozialak dakartzaten baliabideen hazkunde ero batean, baizik eta ingurumenaren eta gizartearen errespetuan. Garapen-eredu berriak giza jardueraren arlo guztiak hartu behar ditu barnean, eta garraioarena, tartean.

Bistakoa denez, pertsonen eta salgaien joan-etorria da, neurri handi batean, kontsumitzen den energiaren erantzulea. Energia horren parte handi bat baliabide ez berriztagarrietatik dator, eta, bestalde, horrexek sortzen du hondakinen parte handi bat ere, CO2 bereziki. Hondakin horien kopuru handiegiagatik, degradazio metakor bat sortzen da ingurunean, bai eta bertan bizi garen pertsonengan ere.

Trenaren erabilera indartzea, autobus-sistema hobetzea, ibilgailu partekatuaren erabilera erraztea, metro bat eraikitzea, bidegorriak egitea… Zure iritzian, zein ekintza zehatz behar dira?

Lehen-lehenik, alde batera utzi behar dira berriketak. Onartu behar da oreka, eta ingurumenaren nahiz gizakien babesa bilatzen duen eredu batek erreferentzia-esparru bat egitea eskatzen duela, eta horrek beste ikuspegi batetik aztertu behar ditu garraioa eta mugikortasuna, gero garraio iraunkor bat formulatu ahal izateko. Sortzen den egoera berrian, tokiko erkidegoek eta hurbiltasunak garrantzitsuagoak izan behar dute, abiadurak eta distantzia luzeek baino, batik bat Euskadi bezalako lurralde txiki batean. Ikuspegi integral bat aplikatu behar litzateke hor, hau da, esku hartuko duten sektore guztiak eduki behar dira kontuan: ingurumena, lurraldea, hirigintza, ekonomia, etab. Ez da aski arlo bakar bat arautzea; gizartea antolatzeko ereduak integrala izan behar du; bestela, guk hutsune batzuk estali ahala, beste batzuk sortuko dira.

Aditu askoren iritzian, garraioa eta mugikortasuna parametro iraunkorragoetara ekartzeko, zenbait gai aztertu behar lirateke. Adibidez, ibili beharreko distantziak ahalik eta motzena izan behar du, energia eta denbora aurrezteko, eta, horrela, interakzio sozialak eta oinarri sozialeko jarduera ekonomikoak indartuko lirateke. Bestalde, garrantzitsua da gogoan izatea garraioa funtsezko osagaia dela jarduera ekonomikoetarako eta sozialetarako, baina garraioak jarduera horien beren zerbitzura egon behar du, ez dadila bera izan helburu. Diskriminazio positibo bat lortu behar da ingurumenean eta gizartean arazo gutxien sortzen duten garraiobideentzat (bizikleta, oinez ibiltzea…), eta, aldi berean, kontrolatu eta saihestu egin behar dira, lurralde-antolamendutik, lursail oso zabalak eskatzen dituzten jarduerak.

Ahalegin handiak egin badira ere, bidaiarien mugikortasunak sortutako CO2 isurpenak handitzen ari dira.

Esan dut lehen, planteamendu integrala behar da. Baldin eta hiri-eredu sakabanatuak sortzen baditugu, non joan-etorriak egiteko arrazoiak (lana, erosketak, ikasketak, aisia, etab.) ugaritzen diren, non lantegiak hirietatik kanpo dauden (iristea eta komunikazioak errazagoak direlako), non aisia-kultura berezi bat sustatzen den (zenbat eta toki turistiko urrunagora joan, orduan eta arrakasta handiagoa gizartean), non ekonomiaren sektore handi bat pertsonen eta salgaien garraioan oinarritzen den, etab... Bakarrik puntu batean esku-hartzea ez da eraginkorra. Beste parametro batzuekin aztertu behar da nola antolatzen dugun gizartea, eta beste irizpide batzuk aplikatu behar dira. Horiek ez dira batere jendearen gustukoak, zeren aldaketa sakona baitakarte gure pentsatzeko, jokatzeko eta, finean, bizitzeko eran. Izan ere, nor da oraingo bizimoduari uko egiteko prest?

Garraio-alternatibak ekimen pribatuak edo publikoak izan beharko lukete?

Gaur egungo garraio-ereduarentzako alternatibak gure pentsaera-aldaketatik datoz lehenik. Aztertu behar dugu zer ari garen egiten planetari eta geure buruari; horixe egin behar dugun aurrena, serioak izan nahi badugu. Hortik aurrera, mota askotakoak izan daitezke alternatibak. Administrazioak erantzukizunaren parte bat dauka noski, egiazko zerbitzuak eskaini behar baitizkie herritarrei, baina herritarrek ere, jarrera heldu batetik, jabetu behar dute administrazioa ez dela toki guztietara heltzen, eta guztiak garela irtenbidearen parte. Gaurko gizartean, denboraren kontzeptua zeharo neurritik kanpo eraman da: istantean nahi ditugu gauza guztiak. Horregatik, zaila da inori azaltzea garraiobide desberdin batzuk konbinatuta ordubetean helduko dela doan tokira, bere autoan joanda behar dituen hogei minutuen ordez; pertsona horri iruditzen zaio, gainera, bere autoan joatea merkeagoa dela, ez baititu gogoan hartzen beste gastu batzuk.

Nola sartu buruan, orain arte autoak askatasuna ematen duela esan zaion gizarte bati, askatasun horri “uko egiteko”? Nola bateratu garraio iraunkorra eta bizi-kalitatea?

Gizarte zeharo eskizofreniko batean bizi gara, mezu kontraesankorrak bidaltzen baititu une oro. Edozein auto berriren iragarkiaren ondoren, justu bestelako bat heltzen zaigu, ingurumena zaindu behar dugula esanez. Panorama horrekin, iruditzen zait oso eginkizun zaila daukagula. Berriro diot koherentzia behar dela mezuen eta politiken artean. Berriro diot ahalegin handia egin behar dela hezkuntzan, eta gizarteko kide bakoitzak bere erantzukizuna daukala. Tamalez, indibidualismoa goraka doa beti, hau da, bakoitzak bereari bakarrik begiratzen dio, eta, bestalde, konfiantza itsua dugu teknologiak konponduko duela gizakiak hondatutakoa. Bi fenomeno horiek ere azterketa sakona merezi dute. Beldur naiz esku-hartze fronteak ugari eta desberdinak direla, eta esku-hartze guztiek xede bera eduki behar dute: nola bizi garen ohartu behar dugu, eta horrek zer ondorio dakartzan berekin; batetik bestera nola ibiltzen garen sartzen da hor, eta ibiltzeko era horrek zer ondorio dakartzan. Azkenik, oraindik ere sinesten badugu autoa edukitzeagatik libreago garela, iruditzen zait arazo larria daukagula. Beste gauza bat da, noski, ekintza-gaitasun handiagoa edukitzea.

Batzuetan, garraio publikoa erabiltzeak garraio pribatua erabiltzeak baino gastu handiago dakar berekin...

Garraioaren kostuari dagokionez, normalean zuzeneko kostuak kalkulatzen dira, ekonomia klasikoaren arabera, baina bada kontabilitate ekologikoa deritzan termino bat. Horrek garraioarekin lotutako kostu guztiak hartzen ditu kontuan, bai erabiltzaileak berak ordaintzen dituenak, bai gizarte osoak ordaintzen dituenak, dirua kostatzen direnak, eta kostatzen ez direnak, alderdi sozialak eta ekonomikoak kontuan hartzen dituena. Zenbat kostatzen da zure haurra kalean jolasean ezin ibiltzea, auto batek harrapatuko duen beldurra dugulako? Zenbat kostatzen zaigu aldaketa klimatikoa? Den-dena ez da, eta ez dadila izan, zenbagarria. Horregatik, gutako bakoitzak auto bat kentzen dugunean bidetik, eta, haren ordez, autobusa edo bizikleta hartzen, gehiago edo gutxiago kostatzen zaio hari? Gehiago edo gutxiago kostatzen zaigu guztioi? Beste gauza bat da pertsonak, bere zirkunstantzia pertsonalengatik, edo bizia hain konplexua egin dugulako, ez edukitzea benetako aukerarik, eta autoa hartu behar izatea ia nahitaez.

Oraindik ere “Mugikortasun Iraunkorraren Aste” ugari beharko ote dira, gizartea kontzientziatzeko?

Egia esan, iruditzen zait mugikortasunaren asteak baino askoz gauza gehiago behar ditugula, gauzak bestela egiten hasteko. Ez dakit zenbateko eraginkortasuna duen ekimen horrek, ohituren benetako aldaketa ekartzeko. Itziar Eizagirre Irureta Zuzenbidean lizentziaduna, Nafarroako Unibertsitatean; Masterra dauka Ingurumen Zuzenbidean, eta Diploma, Zuzenbide Konstituzionaleko Ikasketa Aurreratuetan, EHUn. Egun, berrikuntza administratiboko eta demokratikoko funtsezko alderdi batzuetan zentratutako bere doktore-tesia bukatzen ari da, aipatu unibertsitatean. Oso esperientzia luzea dauka, ingurumen-aholkularitzaren arloan, administrazio publikoaren esparruan. Hor, aholkularitza-eginkizunak egiten ditu, zenbait arlotan: juridikoan, antolamenduan, garapen iraunkorrean, mugikortasun iraunkorrean eta parte-hartze publikoan. Era berean, oso lotuta dago unibertsitatearekin. EHUko “Garapen Iraunkorreko Graduondokoa, Tokiko Agenda 21en Udal Kudeatzaile” deritzanaren Batzorde Akademikoko kide da; eskolak ematen ditu bertan, eta, gainera, administrazio publikoa, herritarren partaidetza eta partaidetzazko demokrazia blokearen arduraduna da. Mugikortasuneko Kudeatzaile da Ibaetako campusean, Zazpigarren Europar Programaren eta CIVITAS-ARCHIMEDES programaren barruan, horiek mugikortasun iraunkorra sustatu nahi baitute Europa mailan. Gainera, lankidetzan ari da Europa mailako hainbat proiektutan, aipatu arloetan, eta txosten, mintegi, hitzaldi eta tailer ugari ditu eginak, bai esparru akademikoan, bai handik kanpo. Garapen iraunkorreko foro ospetsu askotako kide da, eta ingurumenarekin lotutako elkarte eta erakunde zibil askotan lagundu du; hiru arlo zehatz landu ditu horietan: gobernagarritasuna, gobernantza eta partaidetzazko demokrazia. Ohiko laguntzailea da komunikabide askotan, eta hainbat lan ditu argitaratuak.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Gimeno Ullastres. UNEDeko Errektorea: Ohartu nintzen justizia ekonomian zegoela zuzenbidean baino askoz gehiago

 

Irakurri

Asier Hilario. Geologoa: Flysch-etik ibiltzea denboran zehar bidaiatzea da. Ematen duzun pausu bakoitzeko 10.000 urte egiten duzu aurrera

 

Irakurri

Mikel Atxaga. Kazetaria: Seguruena, ni naiz lehenengo euskal kazetaria soldatarekin

 

Irakurri

Juan Miguel Gutierrez. Zinemagilea: Ikustezina den hori harrapatzeko gai zarela konturatzea zinearen alderdirik atseginena da

 

Irakurri

Óscar Candendo Zabala. Organista: Musikak berak egiten du bere buruaren azalpena. Musika definitu nahi izatea, oso arriskutsua izateaz gain, alferrikako lana ere bada

 

Irakurri