Zer esan diezagukezu musika arloko zure hastapenei buruz?
Gipuzkoako herri txiki batean, Antzuolan, jaio nintzen (baina Gipuzkoako hainbat herritan gertatzen den bezala, Antzuolak ere badu ondo dagoen organo bat). Garai hartan oraindik ere bizi zen urte askotan herriko organista izan zena: Simon Artola. Nik ezagutu nuenean jadanik zaharturik zegoen –beste garai bateko gizona zen–, baina elizan organoa jotzen jarraitzen zuen eta herriko neska-mutikoei solfeoa ere irakasten zigun: musika arloan “itzal handieneko” gizona zen Antzuolan.
Neska-mutiko guztiak joaten al zineten solfeoa ikastera?
Bai, eta horretan ez zen inolako eztabaidarik izaten: adin batera iritsitakoan, neska-mutiko guztiok joaten ginen solfeoa ikastera. Beharbada beste garai bateko kontua dirudi, (barre egiten du) baina ez dira urte asko.
Zenbat urte zenituen?
Zazpi inguru. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera zen, eta laurogeiko hamarkadaren hasiera.
Nolakoak izaten ziren eskolak?
(Irribarre egiten du) Beharbada astun samarrak. Solfeoa ikasten genuen gelan mahai handi angeluzuzen bat zegoen, eta neska-mutiko guztiok zutik egoten ginen mahai haren inguruan. Erdi-erdian Simon jauna jartzen zen makila luze bat zuela –batuta!–, eta pianorik gabe eta beste ezer gabe solfeatzen hasten ginen. Gogoan dut garai hartan ikastetxean ere musika ikasten genuela.
Argazkia: Noticias de Gipuzkoa.
Zein ikastetxetara joaten zinen?
Bergaran La Enseñanza esaten zioten Mariaren Konpainiako ikastetxera. Gipuzkoako ikastetxe zaharrenetako bat izango dela uste dut, bere hasierako kokapena eta estilo neoklasikoko eraikina gordetzen baititu; duela gutxi, ikastetxearen bigarren mendeurrena ospatu da. Antzinatasun eta musika-tradizio handiko ikastetxea da, mojen ahots zurietako abesbatzak ospe handia zuelako.
Esan duzunez, oraindik gogoan dituzu ikastetxeko musika-eskolak.
Bai, solfeoa, pianoa eta beste musika-tresna batzuk ikasten ziren, eta garai hartarako oso sistema modernoa zen, tresnak jotzen aritzeko kabinak genituelako. Niri primeran etorri zitzaidan hori, OHOko hirugarren edo laugarren mailan nengoela eta familian aurretik musikaririk izan gabe, pianoa jotzen ikasi nahi nuela esan bainion amari. Nire lehen irakaslea Ama Amparo Navarro izan zen, duela urte gutxi ia ehun urte zituela hil den moja; oso irakasle trebea zen, nabaria baitzen musika arloan heziketa ona izan zuela. Eta ez dut uste salbuespen hutsa zenik; gogoan dut, bakoitza bere arloan, moja guztiak ondo trebatutako emakumeak zirela.
Noiz arte ikasi zenuen Bergarako ikastetxean?
Hamaika urte egin nituen arte. OHOko bosgarren maila (lehen hezkuntzako 5. mailari dagokiona) amaitu nuenean, Donostiara etorri ginen eta hemen, Mundaizen, Bihotz Santuen Misiolarien ikastetxean ikasi nuen.
Eta musika arloan?
Irakasle partikular batekin, Jose M. Arbonarekin, jarraitu nuen; oso gizon interesgarria, irakaskuntzan esperientzia handia eta musika alorrean ikasketa zabalak zituena. Arbonarekin pianoa eta solfeoa ikasi nituen hainbat urtez, eta, musika-eskola batetik igaro ondoren, azkenean kontserbatorioan hasi nintzen; han Juan Padrosarekin ikasi nuen, nire lehen irakasle ofizialarekin, nolabait esateko (Juan Padrosa, irakasle ona izateaz gain, pianista bikaina ere izan zen, eta duela gutxi hil da).
Egia esan, orain konturatu naiz nire irakasleak beren azken aldietan ezagutu ditudala; horretan zorte onekoa izan naiz, haien bitartez aurreko belaunaldien isla, musika egiteko antzinako moldeena, heldu baita niregana.
Zer esan nahi duzu “musika egiteko antzinako moldeak” diozunean?
Musika interpretatzeko estiloez eta ohiturez ari naiz, logikoa denez, musika arloko ikasketak finkatzen eta hedatzen joan diren heinean, aldatu egin baitira.
Nola izaten zen lehen?
Garai batean musikan aritzea bokazioari lotuagoa zegoen, musika-ezaguerak beste era batera irakasten ziren… Ez dakit, ez da azaltzen erraza; argi dago musikaren bizipena desberdina zela, mundua ere ezberdina zen.
Musikari buruz orokorrean hitz egiten ari gara; baina, nola hurbildu zinen zu organora?
Organoa betidanik gustatu izan zait. Aitortu beharrean nago, ordea, lehenaren eta geroaren arteko muga “nire lehen organo-kontzertuak” adierazten duela; Andre Mari elizako organista mitikoak, Jose Manuel Azkuek, eskaini zuen, Organo Erromantikoari buruzko ikastaroaren barruan (ikastaro hori oraindik ere egiten da Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan).
Noiz izan zen hori?
Hamalau edo hamabost urte nituenean. Egin ziren kontzertu guztietara joan nintzen. Egia esan, benetako musika zaletasuna genuen mutil talde bat elkartu eta urtero-urtero musikaldira joaten ginen. Gogoan ditut kontserbatorioko hainbat lagun eta ikaskide; hilabete lehenago urduritzen hasten ginen, (barre egiten du) eta bezperan gutako batzuek lo hartzerik ere ez genuen izaten!
Garai hartan, batxilergoan bete-betean egongo zinen?
Bai, une batean hainbat ikasketa aldi berean egin behar izan nituen: BBB eta UBI, letra mistoetan, 6. mailako piano-ikasketak eta hasi berriak nituen organoarenak.
Gaur egun ere piano-ikasketak egin behar al dira organora heldu ahal izateko?
Orain ezberdina da, LOGSE legearekin ikasketa-planak aldatu egin direlako. Lege horren aurretik, musikak ez zuen izaten orain duen akademia-aitorpenik; nire garaian, musika bakarrik ikasteak mesfidantza moduko zerbait eragin ohi zuen. Nire ustez ikasketak arautu gabe zeudelako izaten zen hori, izan ere, kontserbatorioko titulu ofizialak bagenituen arren, ez zegoen ikasketa horiek unibertsitatekoekin parekatzeko modurik.
Baina musikak unibertsitateko ikasgai izan gabe jarraitzen du.
Halaxe da, musika-ikasketek unibertsitateko ikasgai izan gabe jarraitzen dute, baina Goi Mailako Kontserbatorioko goi mailako titulua lizentziaturaren parekoa da ondorio guztietarako (nik neuk lizentziatura generiko bat eskatzen duen edozein oposiziotan izen emateko aukera izango nuke). Esan dudan bezala, lehen ez zen horrela izaten eta horregatik ulertzen ditut musika bakarrik ikasi nahi genuen gehienon gurasoek izaten zituzten kezkak eta zalantzak.
Eta zure kasuan, zer gertatu zen?
Unibertsitatean hasi nintzen zuzenbidea ikasten, baina ez zitzaidan batere gustatu. Eta etxean hitz egin ondoren, ez zidaten inolako oztoporik jarri musika arloan bakarrik jarduteko. Laguntza osoa eman zidaten.
Eta espezializatzen hasi zinen...
Une batean, organoa geroz eta gogokoago nuela ikusi nuen eta espezializatzeko Donostiako eta Baionako kontserbatorioetara, bietara, joaten hasi nintzen. Gero Pauen jarraitu eta handik Toulousera jo nuen. Azkenean, Stuttgartera joan nintzen Bernhard Haas-ekin eta Bartzelonara Espainian organisten irakasle handia izan den Montserrat Torrent-ekin. Emakume hori gabe, ulertezina da organoaren XX. mendeko historia eta irakaskuntza Espainian.
Organista-belaunaldi gazte batetaz ari gara; zein esparrutan burutzen duzue zuen lana?
Egia esan, organistok oso esparru berezian mugitzen gara. Ordu asko igarotzen ditugu elizetan. Horrek, agian, atentzioa eman dezake, baina neurri batean zoragarria ere bada. Kontuan izan organoa askotan artelan bat izaten dela eta beste artelan baten barruan egoten dela: elizaren barruan; eta eliza horrek, aldi berean, beste artelan batzuk ere izaten ditu.
Organoa zuzenean Elizarekin lotutako musika-tresna dela iruditzen al zaizu?
Bai; kontuan izan behar da gure inguruan organistak apaizak izaten zirela eta jendeak, normalean, liturgia garaian entzuten zuela organoa. Hala ere, badago kontzertuetarako beste errepertorio bat ere, batez ere XIX. mendetik aurrera garatu zena, eta harrezkero ez da errepertorio erlijioso soila izango. Badira organoak auditorioetan –musika-tresna zibil modura, garrantzi handikoa izan zen Ingalaterran–, zineman...
Soinu-bandak?
(Irribarre egiten du) Ez. Zinema mutua zen garaiaz ari naiz, musika zuzenean jotzen zenean. Kontuan izan auditorioetan jarduera ugari burutzen zirela: topaketak, zinema-emanaldiak, biltzarrak, etab.
Ingalaterra aipatu dugu; baina hemen, ba al dago organorik eremu zibiletan?
Bai. Normalean auditorioetan ipintzen dira. Euskaldunan, esaterako, organo handi bat dago. Kursaalean ez dago eta hori, egia esan, oztopo handi bat da; baina, auskalo, agian egunen batean eraiki ahal izango da. Izan ere, errepertorio sinfoniko handia dago organoarekin, eta orkestra on bat bai, baina auditorioan organorik ez badago, ordezko elektronikoetara jo behar izaten da. Eta hori onartezina da beste musika-tresna batzuetan!
Baina errepertorio sinfoniko hori ezaguna al da?
Bai noski. Liszten Dante sinfonia, Txaikovskiren Manfred sinfonia, Saint-Saëns-en hirugarrena, Straussen hainbat lan, eta abar, eta abar.
Hala ere, elizan sortutako musika-tresna al da?
Ez, zehazki, greziarrek eta erromatarrek jadanik erabiltzen zutelako, eta tenpluetan erabiltzen zuten, hain zuzen ere. Nolanahi ere, organoa, guk ezagutzen dugun bezala, elizan garatu zen, eta elizak liturgiako musika-tresna nagusi bihurtu zuen.
Lehenago aipatu dugunez, organistek gehigarri artistiko modukoren bat badute, izan ere, jotzen dituzten musika-tresnak benetako artelanak baitira batzuetan.
Egia da, bai, gutxitan bada ere, batzuetan, XVI. mendeko organoa jotzen aritzen baikara. XVII. mendeko organoak ere gordetzen dira, baina XVIII. eta XIX. mendekoak gehiago dira.
Beraz, musika jotzeaz gain, organoak zaintzeko lanak ere egin beharko dituzue batzuetan.
Organo-zainketa. Zoritxarrez, gu gehienok ez dugu trebakuntza berezirik, eta hori, nire ustez, bete beharreko hutsune handi bat da. Hala ere, harremanak izaten ditugu organogileekin, arte-zaintzaileekin, eta ia denok begirune handia diegu antzinako gauzei.
Zuk hainbat herrialdetan ikasi duzunez, zer-nolako ezberdintasunak ikusten dituzu sistema batzuen eta besteen artean?
Alemanian, esaterako, sistema ona dute, oso egituratua. Organista liturgikoa izan nahi duen ikasleak, adibidez, organoari lotutako hainbat ikasgai osagarri ditu, guk izan ez ditugunak: liturgia, gregoriarra...
Iruditzen bazaizu, hitz egin dezagun organoari buruz. Zer da gorputz osoarekin jotze hori?
(Irribarre egiten du) Deseroso samarra da eta anatomiaren aurkakoa ere bai nire ustez, oinetan oinarritzen ez garelako. Egia esan behar badut, ez dakit oso ondo non oinarritzen garen. Organoa, egia esan, musika-tresna liluragarria da, bitarteko ugari dituena: teklatuak, soinu-baliabideak, erregistroak, pedala... Puntu ikusgarria du. Koordinazioa oso garrantzitsua izaten da; gogoan izan hiru pentagrama batera irakurtzen ditugula, bi eskuei dagozkienak eta pedalarena, eta ahalegin fisiko handia burutzen dugula.
Zu kontzertista bakarlari izateaz gain, Kataluniako Escola Superior de Musica de Catalunya (ESMUC) musika-eskolako irakasle ere bazara.
Hala da; oposizioak deitu zituztenean, organo-irakasle lanposturako izena eman eta irabazi egin nuen; harrezkero –zazpi bat urte izango dira– han irakasten dut.
Nola ikusten dituzu zure eskolara joaten diren musikari gazteak?
Oro har, gaitasun eta gogo handiekin.
Eta organistei dagokienez?
Oso baikorra naiz. Badago gu baino bitarteko gehiago dituen belaunaldi bat, beste ikuspegi bat duena, eta oso urrun iristeko moduan daude.
Badago jakin-mina pizten didan gai bat: non ikasten dute organistek?
Beno, organista bakoitzaren arabera, aldeak izaten dira. Ni, zorionez, Artzain Ona parrokiako organista naiz, eta hemengo bikarioetako bat, Bartolome Auzmendi jauna, berebiziko gizona da, musikarako sentiberatasunaz gain, kudeaketarako gaitasun handia ere baduelako, eta Katedraleko organoa, neurri handi batean, hari esker zaharberritu zuten.
Nola definituko zenuke musika?
Ez nuke jakingo musika definitzen. Horrelakoetan, sentimenduez, emozioez baliatzen naiz beti, eta eremu horretan sartuz gero, hitzak motz gelditu ohi dira. Nolanahi ere, musikak berak egiten du bere buruaren azalpena; musika definitu nahi izatea alferrikako lana da.
Ba al dago intrusismorik musikan, organoan?
Bai, beste arlo guztietan bezala. Askotan, organoak gaizki erabiltzen dira, organoaz zerbait dakien edozein eliztar, “tekla-zanpatzaile” bilakatzen baita –Baztango lagun batek dioen bezala–. Aitortu beharrean nago, gaur egun, salbuespenak salbuespen, elizako musikaren egoera tamalgarria dela, penagarria.
Zer iruditzen zaizu liturgietan gitarra-taldeen musika jartzea?
Ez zait tutik ere interesatzen (gitarristak balira behinik behin). Elizetako akustikarako musika-tresna egokiena denik ere ez zait iruditzen. Musikari dagokionez, Vatikanoko II. Kontzilioak adierazten du lehenaren eta gerokoaren arteko muga, eta han musika oso ondo arautu bazen ere, araudiaren erabilera oso gorabeheratsua izan da, kaotikoa ez esatearren. Leku askotan, benetako astakeriak egin dira mendeetako ondarearekin.
Nola ikusten duzu organisten etorkizuna?
Oso ekimen interesgarriak ari dira sortzen: Gipuzkoako herri askotan organoak dituztela baliatuz, musika-eskoletan organoa ikasteko aukera izango da; Azpeitia eta Bergara izan dira aitzindari gai horretan. Gauza desiragarria da organista lanbidea berreskuratzea: gaur egun lan bikaina egin dezakeen pertsona baita. Óscar Candendo (Antzuola, 1971) Organo ikasketak egin zituen Frantzian, Baionako eta Paueko kontserbatorioetan, B. Carrau eta Jesus Martin Moro hurrenez hurren irakasle zituela, eta Goi Mailako ikasturtea nota gorenarekin amaitu zuen. Ikasketak Toulouseko Ecole d’Etudes Musicales Superieures musika-eskolan jarraitu zituen, eta bere prestakuntza Bartzelonan Montserrat Torrentekin eta Stuttgartko Staatliche Hochschule für Musik und Darstellende Kunst-en Bernhard Haasekin osatu zituen. 1992an, Sevillan burututako Concurso Permanente de Juventudes Musicales lehiaketako lehen saria irabazi zuen. Hurrengo urtean, Andrés Segovia y J. M. Ruiz Morales saria eman zioten Santiago Compostelako XXXVI. Nazioarteko Unibertsitate Ikastaroetan. Consejo Superior de Investigaciones Científicas erakundearen musikologia saileko graduatu ondoko eta espezializazio diploma ere eman zitzaion, Europako organo-musika barrokoaren interpretazio-ikastaroa egin zuelako. Europan zehar errezitaldi ugari eskaini ditu: Internationale Orgeltage Kevelaer, Bordeleko Orgues d’été à Bordeaux, Lisboako Festival Internacional de Orgao, Granadako Festival Internacional de Música y Danza, Donostiako Musika Hamabostaldia, Cicle d’Orgue al Palau, Leongo katedraleko Festival Internacional de Órgano, Auditorio Nazionalean (Madrilen), Capilla de Venerables elizan (Sevillan), Sevillako katedralean, Euskalduna jauregian, etab. Françoise Clastier-ekin batera, Órganos Franceses en el País Vasco y Navarra (1850-1925) ikerlana burutu zuen, Eusko Ikaskuntza elkarteak argitaratu zuena: Saileko Koadernoak (Musika) 7, 1994. Valladolideko Unibertsitatean Musikaren Historia eta Zientziak arloan ikasketa aurreratuen diploma bereganatu ostean, gaur egun Vicente Goicoechea (1854-1916) erlijio alorreko musikagile arabarrari buruzko doktore-tesia prestatzen dihardu. Kataluniako Escola Superior de Musica de Catalunya (ESMUC) musika-eskolako organo-irakaslea da, Donostiako Artzain Onako organista titularra eta hiri bereko Easo Abesbatzaren organista.