Joxe Garmendia Larrañaga. Euskal Herriko Hezkuntzaren Historiarako Dokumentazio Gunea: Dokumentazio gune honen helburua Euskal Herriko eskolaren ondare historikoa berreskuratzea eta kontserbatzea eta ikerketa maila erraztea da

2009-07-17

SILLERO ALFARO, Maider

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia departamentuan egiten dugu hitzordua Joxe Garmendiarekin. Bertan du bere bulegoa eta bertan ere Euskal Herriko Hezkuntzaren Historiaren Dokumentazio Gunea dago. Guk tokia fisikoki bisitatu dugu, baina zuek ere Internet bidez bisita dezakezue www.ehu.es/euskal-hezkuntza helbidean. Pauli Dávila, Luis Naya eta Joxe Garmendia aurrera atera duten proiektua da hau. Azken honekin web orria aztertu, dokumentazio zentroa ikusi eta euskal hezkuntzaz mintzatu gara: Euskarazko irakaskuntza, Ikastolen sorrera, Bolonia, teknologia berriak...

Nolakoa izan zen Euskal Herriko Hezkuntzaren Historiarako Dokumentazio Gunearen sorrera?

1980an Pauli Dávila, hezkuntzaren historian katedraduna dena, hasi zen materiala biltzen, tesiak zuzentzen... eta lan horrek eraman zuen material multzo bat pilatzea. Material multzo hori poliki-poliki taxutu, ordenatu eta hasierako dokumentazio zentroa sortu zen. Artxibategi horri “Euskodoc” deitu zion eta datu base horrek bildutako funtsak biltzea eta berreskuratzea errazten zuen. Arazo batzuengatik ez da posible izan “Euskodoc” izena mantentzea, baina gure artean oraindik horrela deitzen diogu.

Hortik abiatuta pentsatu genuen guzti hori sozializatu egin behar zela, informazio guzti hori kanpora komunikatu eta web orri baten bidez egitea pentsatu genuen. Hasiera batean batek esan zezakeen gela zahar bat zela eta materiala bata bestearen gainean pilatuta zegoela, baina gaur egun txukun ikus daiteke web orriaren bidez.

Eta zein da egin duzuen lanaren helburua?

Euskal Herriko eskolaren ondare historikoa berreskuratzea eta kontserbatzea alde batetik, eta ikerketa maila erraztea lehen mailako iturrien eta bestelako dokumentazio materialen bidez, bestetik.

Zer dokumentazio mota aurki daiteke www.ehu.es/euskal-hezkuntza web orrian?

Erakunde probintzialetako aktak, diputazioen arteko posta trukeak, ikuskapenen eta irakasleen inguruko espedienteak, institutu eta eskolen memoriak, eskola publiko eta pribatuen araudiak, alfabetizazioa, euskaldunizazioaren inguruko materiala, liburu pila bat... hori da hemen jaso duguna.

Eta nolako izan da prozedura?

Artxibategietara joan, adibidez Valladolidera, Euskal Herriko Hezkuntzarentzat eta gure ikerketarentzat baliagarria izan zitekeen informazioa ikusi, kopiak hartu eta hemengo dokumentazio gunean pilatu. Era berean egin dugu Madril eta beste lekuetako artxiboekin.

Pentsatu Euskal Hezkuntzari buruz zenbat material dagoen... guzti horren bilduma ez daukagu guk noski. Guk ez daukagu beka berezirik hau egiteko, lan altruista izan da, borondatezkoa eta gure eguneroko lanarekin lotuta antolatu egin diguna. Hortaz, hau ez da ez dakit zer institutu zentrala, hau gure asmo apalean egindako lana da, hau irakasle baten zuzendaritzapean beste bi irakaslek egin dugun lantxoa da besterik ez.

Beraz, hemen dituzuenak dokumentu orijinalen kopiak dira?

Bai, hemen kopiak ditugu. Material batzuk ere orijinalak dira noski, adibidez multimedia grabaketa batzuk, baina kopuru txiki batean. Asko errespetatu dugu material orijinala eta normalki leku publikoetan daude horiek. Guk errazten duguna da material publiko hori hemendik kontsultatu ahal izatea adibidez, Madrilera joan gabe. Gero, norberaren ikerketarako orijinala beharrezkoa balitz, orduan bai dokumentu orijinala bilatzera joan daiteke.

Eta zein artxiboetatik bildu dituzue dokumentuak?

Hainbat artxibotatik hartu ditugu. Estatuko Administrazioaren Agiritegi Orokorra, Valladolideko Unibertsitateko artxibategia, Artxibo historiko, nazionala, hainbat ikastetxetatik etorritako materiala, baita ere hemengo aldundietako artxiboak, Tolosako artxibategitik...

Argazkia: Eusko Ikaskuntzako Argazki Artxiboa.

Zeini zuzenduta dago dokumentazio gune hau? Ezagutzen al duzue zein den web orriaren erabiltzailearen perfila?

Herritar guztien eskura dago. Adibidez herritar xeha kuriositatea duena bere herriko eskolari buruzko zerbait jakiteko edo institutuetako ikasle eta irakasleak edo ikerlariak... kontsulta dezakete.

Hasieran, prentsan aurkezpena egin genuenean kuriositateagatik ziurrenik, leku guztietatik sartu ziren webera eta bisita asko eta asko izan genituen, bai Nueva Zelanda, bai kontinente guztietatik etorri zitzaizkigun.

Behin material guzti hori hemen zenutela, nola antolatu duzue?

Dokumentuak ordenatu egin ditugu eta gai nagusi baten arabera bilatu daitezke web orrian. Alfabetizazioa, haurtzaroa, hezkuntza instituzioa, hezkuntza politika, pentsamendu pedagogikoa. Eta gero azpigaiak daude. Adibidez alfabetizazioaren barnean, administrazioa, aldizkaria, asistentzia, bertsolaritza, egutegia... aurki ditzakegu.

Bilaketa egiten dugunean, emaitzetan azalduko zaizkigun dokumentu batzuk pdf artxiboa dute. Motzak badira dokumentu osoa dago eskaneatuta, dokumentu luzeak direnean zatitxo bat besterik ez dugu eskaneatu. Dokumentu osoa guk badaukagu eta batek kontsultatu nahi badu etorri besterik ez du egin behar, baina ez dugu web orrian jartzen sekulako pisua izango lukeelako. Gure asmoa pdf guztiak sartzea da; orain arte guztiak ez badaude, egiteko denborarik izan ez dugulako da.

Eta artikulu edo dokumentu horren erreferentzia ere azaltzen al da? Hau da, non aurki daiteke dokumentua?

Bai noski. Erreferentzia azaltzen da beti. Baina kontutan izan web orri honetan azaltzen diren artxibo guztiak guk hemen fisikoki ditugula, batzuetan kopiak, besteetan orijinalak, eta edonork kontsulta ditzake.

Zenbat dokumentu dituzue guztira?

1500

Zein datakoa da dokumenturik zaharrena?

Buruz ez dakit baina web orrian bertan konprobatu dezakegu oraintxe bertan, urteka ere egin daitekeelako bilaketa. Begira, 1800 eta 1900 artean bilatzen badugu 50 dokumentu azaltzen zaizkigu. Atzerago begiratzen badugu, 1700 eta 1800 artean, 4 dokumentu. Atzerago begiratuta ez digu emaitzarik ematen, beraz dokumentu zaharrena hauxe litzateke, 1772. urtekoa.

Bilaketa hau urteka egin dugu, baina honek ematen du aukera artxiboka ere bilatzea. Orain gauza erraza dela ematen du baina guri asko kostatu zaigu honaino iristea. Lan handia dago guzti honen atzetik eta jende gutxirekin egindako lana da.

Zenbat zabiltzate proiektu honetan lanean?

Berez, hasieratik gabiltza Pauli Davila, Luis Naya eta ni, baina Iñaki Zabaleta, Ana Eizagirre eta Irene López-Goñi ere izan ditugu lagun lan honetan.

Mediateka atalean bideoak eta argazkiak ere kontsulta daitezke. Oso interesgarria da hori.

Ahotsak.com web orritik eskolako gauzekin erlazionatutako dokumentuak hustua ditugu. Sarean hainbat material badago hezkuntzari lotutakoak eta baliabide guzti hori aprobetxatu daiteke, beraz gure asmoa bideo horiek eta baita propioak edukitzea izan da.

Ahotsak proiektuan hezkuntzaren historiarako oso garrantzitsuak diren gauzak aurki daitezke. Adibidez, bideo honetan (bat ipintzen digu) emakume honek 1918an sortu eta 23an garatutakoa proiektu batez ari da; “Escuelas rurales” delakoa. Guk horren probetxua atera dezakegu. Eta argazki hau adibidez (bat erakusten digu), maistra batek emandakoa da eta bertan Zizurkilen “maistra rural” izateko ikastaroa egiten ari dira emakume batzuk azaltzen dira.

Joxe Garmendia Larrañaga, Pauli Davila eta Luis Naya.

Baliabide atalean beste web orrietara loturak jarri dituzue.

Sarean dauden beste hainbat gauzetara hurbiltzeko balio digun tresna izan nahi du honek. Bai hemengo orriak, bai Estatukoak, bai nazioartekoak.

Hori aipatzen duzula, oso desberdina al da Euskal Herriko Hezkuntzaren historia eta Estatukoa?

Pentsatu 1900. urtea arte, nolabait, eskola ez zela egon Estatuaren menpe, oinarrizko irakaskuntza Udalen menpe zegoen. Euskal Herriko Unibertsitatea ere adibidez, nahiko gaztea da oraindik, Estatuko lau leku konkretutan bakarrik zeuden Unibertsitateak eta gure lurraldean Enseñanza Primaria delakoa besterik ez zen existitzen. Hemen bezala beste leku askotan gertatu zen horrela.

Estatua, orain ezagutzen dugun moduan 200 urte baino ez ditu, beraz Estatu Espainola orain arte hezkuntzaz ez da kezkatu. Zeintzuk kezkatzen ziren? Orden erlijiosoak etab. eta beste ikuspegi batetik gainera. Historikoki hezkuntza erlijio ordenen eskutan egon dela eta poliki-poliki laizismoaren bidean edo Estatuaren eskutara joan da. Hezkuntzan pautak markatu dituenak Frantzia izan da. Hezkuntzan eta baita Estatuaren osaketan ere, nik uste.

Eta euskaraz garatutako hezkuntza?

Euskaraz garatutako hezkuntza diferente izan da. Beste ikuspegi bat da; pentsamendu nazionalistaren inguruan sortzen dena, pentsamendu katolikoaren inguruan hasten dena.

Borroka politikoak ere bere isla eduki du eskolaren eraginean. Ari gera hitz egiten gerra karlistetan ere nolabait, Gipuzkoan saiatu ziren horrelako ikusmolde berezi bat ematen hezkuntzari, euskaraz garatuz etab. Pentsatu 1900. urtean Gipuzkoan % 90 edo gehiago euskaraz hitz egiten bazen, hemengo gaztelerazko eskola etorkizun asko ez zuen herri xehean. Baina herri xehean ere denak ez ziren joaten eskolara. Zein joaten zen eskolara, hortaz? Ikuspegi hori ere ikusi behar da. Hor irakurketa egiterakoan ez dugula gaurko ikuspuntutik egin behar baizik eta duela ehun edo berrehun urteko eskolaren ikuspuntutik: Estatuak ez ziren berdina, jendea ez zen berdinak, gazteak ez ziren berdinak eta ekonomia ez zen berdina, eta eskolara ez zen jende asko joaten, orain bai.

Zein izan da euskararen papera euskal hezkuntzaren historian?

Euskal hezkuntzan garbi dagoena ikastolen garrantzia da. Norbaitek esaten du, ni ez naiz atrebitzen hori esatera, Azkuek berak sortu zuela lehenengo ikastola, euskarazko klaseak ematen baitzituen jende batzuek euskara ikas zezaten Bilbon. Gero, Elvira Zipitria etab. azalduko zaizkigu baina horren aurretik ere Isaac López de Mendizabal, Ixaka, eta horiek antolatzen zituzten euskal eskolak ditugu. Baina gerra aurreko ikastolak ikuspegi euskalduna zuten, euskaraz erakutsi, euskal mentalitatea sartu eta liberalei aurre egiteko ikuspegitik ulertu behar da. Gerra ondoren ikastolak momentu honetan ulertzen ditugun bezalakoak ulertu behar dira.

Eta zein izan da ikastolen ekarpena?

Hauen ekarpena zein den argi dago, euskaraz irakaskuntza eman daitekeela azaltzea eta hori demostratzearen aurrean bestearekin lotsa gabe konparatu daitekeela ikustea. Hizkuntzaren berreskurapenean ikastolen sorrera mugarria da.

Eskolan ez bada euskara irakasten beste generazioek ez dute horren beharrik ikusten, ez dute praktikan jartzen eta hizkuntza galdu egiten da. Ez dadila izan bakarrik lehen hezkuntzan baizik eta hezkuntza sistema osoan, testuinguru horretan ipiniko nuke ikastolen garrantzia. Eta garrantzia handia gainera. Aldarrikatu behar da hor hasiera batean aritu zirenak arrisku pila batekin egon zirela eta borroka politikoa ere izan zela. Ez dugu ahaztu behar aldarrikapen politiko nazionalista izan zela. Nik horrela ikusiko nuke.

Boloniako prozesuak ere aldaketa nabarmen bat izango da hezkuntzaren historian.

Bai. Boloniak ikastetxeari zer eragin dio? Konpetentziatan lan egitea. Bai lehen hezkuntzan, bai DBHn eta bai Unibertsitatean konpetentziak dira inportanteak. Ikastoletako gure gazteek Boloniara begira daude eta gazteen aldetik eragozpen edo problema asko bilatzen dizkie. Nik uste Bolonia baino gehiago momentu honetan daukagun gizarte lehiakor eta liberala dena ari dela kutsatzen.

Nik uste dut Bolonia gaur egungo gizartearen isla bat dela. Boloniak dakarren historia hau da: Europako Unibertsitateak erantzuten al dio gaur egungo beharrari? Estatu Batuak erantzuten al dio? Nik uste, hor goiko jende horrek ikusi zutela jende pila bat Estatu Batuetara joaten zela ikastera, hango sistema gaur egungo eskakizunei egokituago zegoelako. Hortaz, anglosaxoi sistema hori europeizatu eta gizarte berriari egokitu dute.

Hortik esango nuke hezkuntzak balio asko aldarrikatzen dituela baina aldarrikatzen diren balio horiek gizarteak oso urruti ditu momentu honetan. Gizartean agintzen duten balioak ez dira hezkuntzan aldarrikatzen direnak, hori garbi. Esaten dugu gauza bat garela eta hori nahi dugula izan, baina eguneroko bizitzan dago horrelako lehiakortasun itzela. Eta elkartasuna? Poliki-poliki gauza batzuk aldatuko ditugu.

Euskal curriculuma.

Derrigorrezkoa eta beharrezkoa da baina ikusi behar zein neurritaraino lagatzen den euskal curriculuma garatzen. Nik uste dut euskal curriculum propio bat garatzeko beharra daukagu eta nire iritzian, sakondu ere bai. Hemen borondate politikoa azpimarratuko nuke baina ez bakarrik politikoa, soziala ere.

Kasu honetan ere hezkuntza politikaren menpe...

Hezkuntza beti egon da politikaren menpe. Ideologia garatzeko bidea da hezkuntza eta hezkuntza kontrolatzen zuenak eta teknologia berriak kontrolatzen dituenak jendearen mentalitatea kontrolatzen du neurri batean, ez erabat. Hori horrela izan da eta izango da beti.

Teknologia berriak eta hezkuntza aipatzen dituzu.

Pentsatu zein aldaketa egin den azken hamar urtetan. José Luis Rodriguez Zapaterok esan du Lehen Hezkuntza 5ean ordenagailuak emango direla ikasle guztiei. Baina zein da eskolaren benetako funtzioa? Teknologia berriak ordezkatuko dute eskolaren benetako funtzioa? Joxe Garmendia Larrañaga Bere lehen ikasketak herriko Floreaga ikastetxean egin ondoren, Azpeitiko Institutuan ikasi zuen batxilergoa. Urte batzuetan altzarigintzan aritu ondoren, eskolara itzuli eta Derioko Irakasle Eskolan (Ntra. Sra. de Begoña Bilbao) atera zuen maisu titulua (1982) eta Donostian Pedagogiako Lizentziatura (EHU, 1993). Eta Irakasle Aholkulari Diploma (EHU, Bilbo, 1994). Urte luzez irakasle izan da Azpeitiko Ikastolan. Egun Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzian Fakultatean ari da irakaskuntzan eta ikerketa lanetan Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean. Bere Doktorego tesia Gipuzkoako auzo-eskolei buruz egin zuen (EHU, 2003). Hainbat lan ditu argitaratuak. Liburuetan, La enseñanza rural en Gipuzkoa 1900-1950 (EHU, 2004) eta Azkoitiko bailaretako eskolak 1824.1977.2006 (Utriusque Vasconiae, 2006). Artikuluetan, besteak beste, hauek: . “El proyecto de las escuelas rurales provinciales (1930-1950)”, in Pauli Davila (koord.): Enseñanza y Educación en el País Vasco Contemporáneo, Erein, 2003). . “Gipuzkoako Aldundia eta landa-auzoetako haurren eskolatzea XX. mendean”, in P. Davila y L.M. Naya (koord.): La infancia en la historia: espacios y representaciones, Erein, 2005). Ikerlari bezala merezimenduak ere baditu, zehazki ondoko proiektu hauetan: Nazioarteko mailan: . “Accompagner les mineurs migrants précarisés” ocrates programa – Grundtvig, 2. urtea 2008-10. Zuzendari: Felix Etxeberria. . “Employabilité et formations des populations immigrantes”, Socrates programa – Grunditvig – 2. urtea, 2006-08. Zuzendari: Felix Etxeberria. . “L’insertion sociale par la prise en change des personnes en difficulté”, Socrates programa – Grundtvig, 2 urtea, 2004-06 Zuzendari: Felix Etxeberria. . “ Estudios Históricos y comparados en Educación”, Proyecto de Gobierno Vasco . 2007-2009. Zuz:. Pauli Dávila.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Luis Aranberri Amatiño. Kazetaria: Euskarriak baino askoz ere garrantzitsuagoak dira edukiak

 

Irakurri

Maria Silvestre. Emakundeko zuzendaria: Aurrera egin behar dugu genero-indarkeria jasan duten emakumeekin lan egiten dutenen profesionalizazioan

 

Irakurri

Roslyn May Frank. Ikertzailea: Kixoteko pertsonai bati esker hasi zitzaidan euskal kulturarekiko interesa

 

Irakurri

Sergio Recarte. Euskal kulturaren sustatzailea Argentinan: Gure etxean euskal izaera arnastu ere egiten da

 

Irakurri

Juan Luis Moraza. Eskultorea: Artea da dagoen jarduera demokratikoena, kulturaren gainetik edonor edozer izan baitaiteke

 

Irakurri