Sergio Recarte. Euskal kulturaren sustatzailea Argentinan: Gure etxean euskal izaera arnastu ere egiten da

2009-06-19

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Sergio Recarte euskal jatorria duen argentinarra da. Euskal kultura Argentinan zehar zabaltzen ematen du bere denboraren zati handi bat. General Villegaseko (Argentina) Euskal Etxearen bazkide eta sortzaileetako bat da, baita euskal kulturari buruzko Beti Aurrera buletinaren sortzailea eta Euskonewseko Kosmopolita ataleko ohiko kolaboratzailea ere. Gainera, “Síntesis de la historia del pueblo vasco” (Euskal Herriaren historiaren sintesia) eta “Atahualpa Yupanqui, el criollo vasco de la tierra argentina” (Atahualpa Yupanqui argentinar lurretako euskal kriolloa) lanen egilea da. Eusko Ikasgaietan Aditu titulua du eta hainbat gairi buruzko hitzaldiak eskaintzen ditu.

Euskonewsen badugu zure lanen berri, Kosmopolita saileko kolaboratzaile zarenez. Badakigu euskal herritarra eta argentinarra zarela eta euskal kulturaren sustatzaile handia. Zutaz zerbait gehiago jakin nahiko genuke, Sergio.

1955eko abuztuaren 8an jaio nintzen General Villegas herrian, Buenos Aires probintzian, Hiriburu Federaletik 470 kilometrora, La Pampa, Córdoba eta Santa Fe probintzien mugan. Bigarren hezkuntzako ikasketak jaioterrian burutu nituen, Merkataritza Peritu egin nintzen (1973) eta gero kanpora joan nintzen hirugarren hezkuntzari ekiteko. La Plata hirira jo nuen eta Albaitaritza fakultatean eman nuen izena, horretarako arrazoiak oso argi ez nituela. Dena den, nekazaritzaz inguratutako herrian jaio eta bizitzea erabakigarria izan zela ezin da ukatu. Albaitaritza-ikasketak hasi nituen, eta aldi berean, herrialde osoan eta batez ere unibertsitatean hedatuz zihoan giro politikoan parte hartzen hasi nintzen, hasieran nahi gabe. Hirurogeita hamarreko hamarkadako lehen urteak ziren, Argentina demokratikoa lehen urratsak ematen hasi zen urteetan diktaduren pean egon ondoren. Utopia eskura ikusten zuten askok, batez ere gazteek.

Zer gertatu zen orduan?

Gaua erori zitzaigula gainera eta nire herrialdea izugarrikerian murgildu zela. 1976an estatu-kolpea izan zen eta denak txarrera egin zuen. Amets gaiztozko bi urte igaro nituen handik ateratzeko aukera handirik gabe. Gero, hegazkinean sartu ninduten eta 22 urterekin iritsi nintzen Euskal Herrira, erbesteratu politiko modura. Denborak horitutako paper zaharrean idatzitako helbidea zen nire helmuga, ezagutzen ez nituen senideen etxea. Atzean gelditu ziren berriz ikusiko ez nituen lagunak eta baita familia ere, gerta zitekeenaren aurrean beldurtuta.

Euskal Herrian senideak zenituela diozu. Zein da zure euskal jatorria?

Gure familiako euskalduna aitaren aldeko aitona zen. 14 urterekin iritsi zen Argentinara, etorkin, beste anaia batzuekin batera. Euskaldun askoren bizimodu berbera izan zuen berak ere: lana, ahalegina, mugarik gabeko sakrifizioa eta ez gehiago. Denda txiki eta apala aurrera ateratzeko borrokatu zen hil arte, eta aitortzen ez bazuen ere, etengabeko herriminez bizi izan zen. Hitz egiteko gogoa zuen une apurretan bere jaioterriaz mintzatzen zen. Izan ere, euskalduna isila zen, bai horixe! Gainera, inoiz ez zuen gaztelaniaz ondo hitz egin. Euskara zuen ama-hizkuntza, noski.

Eta zein da zure aitona euskaldunaren jaioterria?

Aitona Nafarroa iparraldekoa zen, Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen Legasa herri txikikoa. Eta hara jo nuen 1978. urtean, toki horretaz ezer jakin gabe, gauza berrien aurrean pozik eta sustraiak ezagutzeko irrikaz. Baina zehatzago esanda, Legasatik pare bat kilometrora zegoen nire helmuga, Donezteben, han bizi baita aitaren lehengusina.

Gogoan al duzu ezagutzen ez zenituen senideen etxera iritsi zineneko unea?

Maiatzeko egun batean jo nuen etxe horretako txirrina, maleta bakarra eskuan nuela. Ezusteko handia izan zen egin ninduten harrera. Ez dago hitzik hura azaltzeko, oraindik ere hunkitu egiten naiz oroitzean. Han, haiekin, nire bigarren etxe aurkitu nuen. Bi urte beranduago atera nintzen etxe hartatik, Nekane Olazarrekin ezkontzeko. Lagun-koadrila berekoak ginen eta egia esateko ez nintzen aipatutako etxetik asko urrundu, kalea gurutzatu besterik ez nuen egin eta.

Gaur egun Argentinan bizi zara Nekane emaztearekin batera. Noiz eta zergatik erabaki zenuten Euskal Herria utzi eta Argentinara itzultzea?

Urteekin demokrazia itzuli zen nire herrialdera eta horrekin batera bueltatzeko gogoa ere. 1986. urtean emazteak eta biok Argentinara etortzea erabaki genuen, nire jaioterrira hain zuzen. Bertan bizi gara oraindik ere, eta hiru gara etxean, Maite alaba jaio baitzen.

Zein harreman duzu gaur egun Euskadirekin eta euskal kulturarekin?

Harreman afektiboaz gain, Euskal Herriko kulturarekiko dudan harremana oso estua da. Euskal kulturarekin eta herriarekin zerikusia duen guztiarekin maiteminduta nago. Etengabe ikasteko eta informatuta egoteko obsesioa dut. Gainera, nire komunitatean eta Argentina osoan euskal izaerak duen presentziaz gero eta gehiago jakin nahi dut.

Eta nola lortzen duzu hori guztia?

Zalantzarik gabe ekintza-eremu zabala da. Libre dudan denbora ematen dut horretan, eta ez daukat asko, nire denda aurrera atera behar baitut. Gure etxean euskal izaera arnastu ere egiten da. Emaztea hangoa da, eta gainera, bere euskal aberriarekiko lotura handia du. Ildo horretan alabak ere egiten du bere ekarpena. Rosario hiriko Zazpirak Bat euskal etxeko dantzaria da, iaz arte Villegaseko euskal etxeko dantza-taldeko kide izan da, eta txistua jotzen ikasten ari da. Baina aldi berean, agerikoa dirudien arren, azpimarratu nahi dut benetan argentinarrak sentitzen garela. Baten batek esan zuenez, “euskaldun ona izateko lehenik eta behin argentinar ona izan behar da”, eta asmatu zuela uste dut.

Euskal Etxeez eta egiten duten lanaz hitz egin dezagun. General Villegaseko etxeko bazkide zara zu?

Egia esan, Euskal Herriarekiko zaletasuna areagotu egin zen General Villegasen euskal zentroa sortzea erabaki zenean. Lehen egunetik, beste herritar batzuekin batera, egitasmoa zehaztu eta abian jartzeko buru-belarri aritu nintzen. Azkenean, 2001eko otsailean abiatu zen Euskal Etxea. Emaztea izan zen lehen lehendakaria, lau urtez. Kulturaren arlokoa da erakundeari egin nion eta oraindik egiten diodan ekarpena. Izan ere, kulturaren aldea funtsezkoa da edozein euskal etxek bilakaera egokia izan dezan. Nire ustez, zuzendaritza-batzordeetako arduradunek “euskal” prestakuntza egokia izan behar dute, bestela, euskal zentroek norabidea eta helburuak galtzen baitituzte. Txertatuta dagoen komunitatean euskal zentroak gune aktiboa izan behar duela uste dut, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu behar du, herriari dagozkion eskubideak errebindikatu. Baina horretarako prestakuntza eta ezagutza behar dira, bestela ezinezkoa da.

Era berean, euskal etxe bakoitzak, ordezkatzen duen kolektiboari buruzko historia komunitarioaren inguruko lana egin behar duela deritzot. Ezinbestekoa da inguruko oroimen historikoa berreskuratzea, izan ere, etorkinen jarioa aspaldi eten zen eta sortzez euskaldunak ziren haiek ez daude. Datuen altxorra dugu hor, berreskuratu eta ezagutzera eman behar duguna.

Ezin dugu ahaztu hilero osatu eta argitaratzen duzun Beti Aurrera buletina, euskal gaiei buruzko berriak eta kontuak ezagutzera ematen dituena.

Beti Aurrera buletinak esan dizudan guztitik apur bat du, eta agian zerbait gehiago ere bada, edo izan nahi du behintzat. Komunikabidea euskal zentroa sortu zen urte berean jarri genuen abian, hari buruzko informazioa eta azalpenak emateko. Zentroko zuzendaritzako bi kidek hartu genuen buletinaren ardura, baina azkenean, ia konturatu gabe, nire ardurapean gelditu zen.

Nola sortu zen buletina?

Hasieran, bazkideei euskal zentroko jardueren berri ematea zen Beti Aurrera buletinaren helburua, eta bide batez, euskal kulturari buruzko oinarrizko ezagutza eskaintzea. Baina denborarekin, buletina Interneten sartzean, bestelako betebeharrak gehitu zitzaizkion. Izan ere, irakurleak ez ziren bakarrik beste euskal zentroetako lagunak, Euskal Herriko jendeak eta euskal komunitatearekin zerikusirik ez zutenek ere irakurtzen baitzuten. Egoera horretan zaila zen buletina osatzea. Baina oreka lortzen saiatu ginen eta uste dut proba gainditu dugula. Horren adierazgarri da hilero Aurrera Beti jasotzeko askok erakusten duten interesa. Gaur egun 500 lagun inguruk jasotzen dute buletina Internet bidez, eta beste ehunen batek inprimatutako aleak dituzte eskura General Villegaseko zentroan.

92 aleetan hainbat kontu azaldu dizkiguzu. Nondik lortzen duzu informazioa? Informatzaileak al dituzu?

Beti Aurrera buletinaren edukia, oraingoz, nire ardura da. Han eta hemen bilatzen dut, oharrak, istorioak, eta ordu txikitan euskal egunkariak irakurtzen ditut; liburutegietan ere ibiltzen naiz. Gainera, hilabete bakoitzean saiatzen naiz guztientzat interesgarria izan daitekeen ikerketa-oharra lantzen. Denbora asko eman behar dut lan horretan, baina egindakoak gogobetetzen nau. Gaizki edo ondo, baina hor dago Beti Aurrera, hilabetez hilabete ehungarren alera hurbiltzen, eta hori ez da gutxi.

Nola ikusten da Euskal Herria Buenos Aireseko General Villegasetik?

Gure euskal zentroak eta gainontzekoek informazioa eskaintzeko duten arduraren eta betekizunaren araberakoa da hori. Jakin badakigu hedapen nazionala duten komunikabideek bideratutako informazioa ez dela osorik iristen eta eraldatuta ere jasotzen dugula. Estatu espainiarrean bertan, Ebro ibaitik hegoaldera ere ia gauza bera gertatzen bada, hemen ez da bestela izango, ezta? Baina errealitate horren aurrean euskal diasporak eta batez ere antolatuta dagoen komunitateak dinamikoki ekin behar dio panorama hori aldatzeko. Eta euskal zentroa garenez lan horretan ari gara lehen egunetik. Aldian behin hitzaldiak eskaintzen zaizkie irakasle eta ikasleei euskal kulturaren inguruko hainbat gairi buruz. Astean behin irratsaioa dugu eta batzuetan entzule guztiei irekitako hitzaldiak eta eztabaidak eskaintzen ditugu. Ahal dugun heinean Euskal Herria eta bertako biztanleak gure inguru komunitariora hurbiltzen saiatzen gara, hori da gure borroka. Ez da lan erraza, baina hainbat lagun ari da horretan egunero, Euskal Herrira bidaiatzeko aukerarik izan ez dutenak tartean. Eta horrek meritu bikoitza du, bere balioa onartu behar zaio. Sergio Recarte (General Villegas, Argentina, 1955) Argentinako General Villegas herriko “Villegas’ko Euskaldunak” euskal etxeko bazkide sortzailea da Sergio Recarte. Erakunde horretan Kultura saileko arduraduna izan da 2001eko otsailean sortu zenetik 2008aren amaierara arte. Hainbat aldiz izan da Euskal Herrian, eta bertan bizi izan zen 1978tik 1987ra. Era berean, Beti Aurrera buletinaren bertsio digitalaz eta grafikoaz arduratzen da. Villegas’ko Euskaldunak zentroaren kultur eta gizarte hedapenerako bitartekoa da eta 92. alera iritsi da. 2002. urtean, La Platako Unibertsitateko Historia irakasle den Cesar Arrondok antolatutako Taller sobre Nacionalismo Vasco (euskal abertzaletasunari buruzko lan-taldea) ekimenean hartu zuen parte. Eusko Ikaskuntzaren eskutik Eusko Ikasgaietan Aditu titulua eskuratu zuen. “Síntesis de la historia del Pueblo Vasco” (Euskal Herriaren historiaren sintesia) ikerlanaren egilea da. Lan horretarako Martin Ugalde historialariak antzeko tituluarekin idatzitako liburua hartu zuen oinarritzat. Ugalderen lana Beti Aurrera buletinaren hainbat aletan argitaratu zen. Euskonews gure aldizkariko kolaboratzailea da, eta Argentinako Chacabuco hirian argitaratzen duten Mundo Vasco aldizkarian ere idazten du. Gainera, euskal gaiei buruzko irratsaioetan ere zabaltzen dituzte bere idatziak. “Atahualpa Yupanqui, el criollo vasco de la tierra argentina” (Atahualpa Yupanqui argentinar lurretako euskal kriolloa) ikerlanaren egilea. Arturo Campion Eusko Ikaskuntzen Zentroko kide da, Buenos Aires probintziako Laprida hiriko euskal etxean egoitza duena. Hainbat hitzalditan hartu du parte, besteak beste, “Conociendo Euskal Herria (País Vasco), (Euskal Herria ezagutuz), “Recordando a Gernika” (Gernika oroituz),“Origen del Pueblo Vasco” (Euskal Herriaren jatorria), “La fiesta de San Fermín” (San Fermin jaia) eta “Gernika, el grito del horror” (Gernika, izuaren garrasia). Eusko Argentinar Bazkunak (FEVA) antolatutako lan-taldeetako partaide da eta epaimahaikide Villegas’ko Euskaldunak euskal etxeak antolatutako literatur lehiaketetan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Luis Moraza. Eskultorea: Artea da dagoen jarduera demokratikoena, kulturaren gainetik edonor edozer izan baitaiteke

 

Irakurri

Ángel Arbonies. Ezagutza eta berrikuntza kudeaketan aholkulari: Mundu guztiak bizia salbatuko dion flotagailutzat hartzen du berrikuntza, baina gutxi dira berrikuntzarako egiturak sortzen dituztenak, eta hori benetan zoritxarrekoa da

 

Irakurri

Arantza Tapia Otaegi. Hondarribi – San Sebastián aireportuaren sustapenerako sozietateko lehendakaria: Donostiako aireportuan krisia aisian nabaritu da gehien, ez horrenbeste lanerako bidaietan

 

Irakurri

Anuntxi Arana. Antropologoa: Sinestea zer den estimua baldin bada, hori badut, erruz

 

Irakurri

Balendin Lasuen Solozabal. Kultur eragilea: Errepublika garaiko sei urteetan izan ezik, ez dugu benetako demokraziarik bizi izan

 

Irakurri